Jose Maria Arizmendiarrieta
Jose Maria Arizmendiarrieta Madariaga (Markina-Xemein, Bizkaia, 1915eko apirilaren 22a- Arrasate, Gipuzkoa, 1976ko azaroaren 29a) euskal apaiz katolikoa izan zen, eta Mondragon Korporazioko enpresa kooperatiboen ideologoa zein sustatzailea.[1] Hasieran Euskal Herrian kokatuak zeuden, eta gaur egun mundu osora hedatu dira. Gizarte ekonomiako bigarren enpresa taldea da estatuan. Guztira 98 kooperatibak, 8 fundaziok, mutua batek, 10 estaldura-erakundek eta nazioarteko 7 delegaziok osatzen dute, lau arlotan banatuta: finantzak, industria, banaketa eta ezagutza.[2]
Jose Maria Arizmendiarrieta | |
---|---|
(2013) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Markina-Xemein, 1915eko apirilaren 22a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Arrasate, 1976ko azaroaren 29a (61 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiza eta kazetaria |
Santutegia | |
Azaroaren 29 | |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Arizmendiarrieta apaizgai zen Gasteizen Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, eta ondorioz Eusko Jaurlaritzak mobilizatu egin zuen. Euskara zekienez, Eguna egunkari berrian idaztera bidali zuten. Bertan, tropa frankistak Bilbon sartu arte aritu zen. Hauek, atxilotu ondoren berriro mobilizatu zuten, Burgosko artilleriaren erregimentura bidaliz gerra amaitu bitartean.[3] Ikasketak amaitu ondoren eta apaiz bilakatu ondoren, 1941ean parrokiako laguntzailekide Gipuzkoako Deba Goiena Haraneko Arrasate herri industrialera bidali zuten, eta han jarraitu zuela hil arte. Apaiz pragmatiko eta langilea, justizia sozialaren eta giza duintasunaren zentzu handia zuena, erakunde eta enpresa ugari sustatu zituen langileen eta komunitatearen onerako[4], “Arrasateko esperientzia kooperatiboa” deitu zuen arlo horretan. Urtero milaka lagun joaten dira Arrasatera, enplegua sortu eta mantentzeko Arizmendiarrietak auto-kudeatutako kooperatiben eredua aztertzera.[5]
Biografia
aldatuHaurtzaroa eta gaztaroa: 1915-1931
aldatuJose Maria Arizmendiarrieta 1915eko apirilaren 22an jaio zen Iturbe izeneko baserri apalean, Bizkaia probintziako Markina-Xemein herriko Barinaga elizatean. Gurasoak Jose Luis eta Tomasa izan zituen. Aitak bake-gizon fama izan zuen bere bizilagunen artean. Itxuraz lasaia, alaia eta irmoa, gizarte-bizitza maite zuen azoka eta kofradietara sarri joanaz.[6] Ama emakume biblikoaren tenpleko etxekoandrea zen: azkarra, ordenatua, arduratsua eta sakrifikatua. Seme-alaben heziketa eta estiloa bere gain hartu zituen, eta baita baserriaren administrazioa.[7]
Jose Maria lau anaia-arreben seme zaharrena zen, eta beste hirurak Maria, Frantzisko eta Jesus ziren. Hiru urte zituela, baserriaren parean erori eta garezurreko traumatismo handia jasan zuen. Markina-Xemeingo sendailearenana eraman zutenean, ikusmenaren kalte fisikoa konponezina zela eta ezkerreko begia galdu zuen, haren ordez begi artifiziala jarriz. Lau urte zituela hasi zen baserriek eta auzoko bizilagunek ordaintzen zuten parrokiaren ondoko landa-eskolara joaten. Istripuaren ondorioek eragina izan zuten Jose Mariaren etorkizuneko izaeran, baita amak harrez gero eskaini zion gehiegizko babesean ere.[6]
Ikusmen-ezgaitasuna zein familiako hezkuntza zirela eta, beste haur batzuk bezala jolastu eta bihurrikeriak egin beharrean, bere izaera desberdin moldatzen joan zen, lotsatia, lasaia eta behatzailea bilakatuz. Jose Maria indar fisikorako gaitasun gutxiko haur adimentsua zen. Mutikotan nortasun austeroa, apala eta praktikoa hartzen joan zen, bere ama pragmatikotik hurbil. Tomasa alfabetatu gabea izan arren, Arizmendiarrietari letrekiko eta literaturarekiko zaletasuna nabaritzen zion, eta hamabi urte bete zituenean Arteagako Seminario Txikira joateko adorea eman zion. Han jarri zituen lehen aldiz bere minusbaliotasuna ezkutatzen zuten betaurrekoak, eta laster suspertu zen bere apaiz-bokazioa.[6]
Seminarioan mundu berri bat aurkitu arren, jatorriarekiko eta hazi zen laborantza-lurrarekiko leiala izaten jarraitu zuen. Eta baita amarengandik han ikasi zuen lan praktikoaren balioa, baserri apal baten bizitzeko oinarri bezala. Gaztetako gizarte esparru guztietako ingurune euskaldun elebakarretik, gaztelaniaz eta latinez ikastera pasatu zen, hain zuzen seminarioan kultura orokorra ikasteko bi hizkuntza baimenduetan. Lau urte geroago, Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioan sartu zen.[7]
Gasteizko Seminarioa: 1931-1936
aldatuArizmendiarrieta Seminarioan Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian egon zen, hain zuzen gizarte-gaiak berpiztu zirenean. Apaizgaiak, Filosofia eta Teologia ikasteaz gain, Pio XI. Quadragessimo Anno entziklika soziala ere aztertzen zuen. Ondorioz, Gasteizko apaiz mugimenduaren espiritualtasunean sakondu zuen, tutore bereziki Joakin Goikoetxeandia eta Juan Thalamas izan zituela. Eta lehenaren lema hartu zuen: "Apaiz izatea, beti eta guztian apaiz". Gerora zintzoki jarraitu zituen garrantzi handia ematen zitzaien hainbat baliori, hala nola gorputzaren laztasunari, puntualtasunari, isiltasunari, lanerako gogoari, higieneari eta aurkezpenari, bai fisikoa zein material didaktikoena.[8]
Seminarioan bi talde zeuden, bata gazteena eta buruarinena, futbolean eta pilotan jolasten zutena. Eta bestea helduena, serioak eta arduratsuak, munduko arazoetan pentsatuz paseatzen zutenak, bakea eta gerra, gosea eta misioak bezalako gizarte-kontuak erabiliz. Arizmendiarrita bigarren talde horretakoa zen. Braientzat apaiz garrantzitsuenetako bat Manuel Lekuona izan zen, hizkuntzen eta artearen irakaslea. Euskara lantzearen alde lan egitea elizbarrutiko apaizen eginbeharra zela defendatzen zuen, katixima herriko hizkuntzan irakasteko. Hain zuzen, 1933an Filosofiako 2. mailako zenbait ikaslek “Kardaberaz Elkartearen hirugarren maila” sortzea erabaki zuten, eta “Aurrera beti” leloa jarri zioten. Denek erabaki zuten bere estatutuak idazteko egokiena Arizmendiarrieta zela, eta sorrerako agiria ere berak egin zuen, non gizartearen lana ideario errenazentistarekin lotzen zuen. Halaber, elkartearen zuzendariorde izendatu zuten, hots, faktuz arduraduna, Lekuona zuzendariak gainbegiratze lana besterik ez baitzuen egiten. Hilean batez beste hiru bilera egiten zituzten, eta horiei batzar arruntak eta bereziak gehitzen zitzaizkien.[9]
Lekuonak eta Jose Migel Barandiaranek behaketa kritikoaren balioa helarazi zieten apaizgaiei, ikaste soilari uko eginez. Izan ere, Seminarioko erromantizismo monastikoak apaiz-bokazioa goraipatzen zuen, eta Arizmendiarrietaren arabera, “munduaren tentazioez hainbeste hitz egitetik, ez ziren agertzen eta ez ziren ezagutzen benetako tentazioak: boterea eta erosotasuna”.[6]
Gerra Zibila eta apaiz ordenazioa: 1936-1941
aldatu1936ko uztailean Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Arizmendiarrieta Barinagako familia-baserrian zegoen, Seminarioko urteroko oporrak disfrutatzen, eta han egon zen Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritza berriak mobilizatu zuen arte. Baina auzitegkoi mediko militarrak armen zerbitzu aktiborako bere ikusmenaren ezgaitasuna ziurtatu zuen, destino osagarrietara bidaliz, hain zuzen Eguna egunkariko erredakziora. Bertan soldata bat kobratzen zuen hilero, soldadu gisa. Euskarazko egunkaria 1937ko urtarrilean sortu zen, gobernu berria euskal biztanleriarekin eta bereziki fronteko soldaduekin komunikatzeko. Bilboko Prentsa Elkarteko kide egin zen, eta maiatzean zein ekainean bereziki euskal milizianoen batailoiei zuzenduta zegoen Gudari egunkari elebidunean ere idatzi zuen. Bertako artikuluetan Egunako ideario antifaxista, nazionalista eta kristau-demokrata mantentzen zen. Arizmendiarrietarekin Gasteizko “Beti aurrera” elkarteko hainbat kidek ere bertan egiten zuten lan, hala nola Eusebio Erkiagak eta Alejandro Mendizabaek. Informazioaren trataerak euskal aberriaren eta haren osagai garrantzitsuenen defentsa bilatzen zuen: hizkuntza eta erlijioa. Hori guztia norabide politiko kristau-demokrata batetik, giza-justiziari behin eta berriz erreferentzia eginez.[6]
1937ko ekainean, tropa matxinatuek Bilbo inbaditu zuten, eta Arizmendiarrieta Frantziara ihes egiten saiatu zen. Baina familiaren aurka errepresaliak hartuko ote zituzten beldur, Barinagara itzuli zen, salaketa baten ondorioz atxilotua izan arte. Eguna eta Gudari egunkarietan idatzi izana leporatuta kartzelan hilabete bat igaro ondoren, 17 atxiloturen aurkako gerra kontseilu sumarisimo batetik 4 bakarrik salbatu ziren fusilatuak izatetik, besteak beste Arizmendiarrieta, soldadua zela eta ez kazetaria deklaratu zuelako. Azkenik aske utzi zuten kargurik gabe, eta armada frankistak mobilizatu egin zuen, Burgosko artilleriaren erregimentura bidaliz. Hiri horretako apaizgaitegian teologia ikasten jarraitzeko baimena lortu zuen, beste ikasturte bat gainditzeko.[7]
1939ko irailean, berriro itzuli zen Gasteizko Seminariora, Rufino Aldabalde irakaslearen babespean. Lan-talde batzuk sortuak zituen, eta bertan gerra zibilaren konbultsioaren ondoren, gizartearen auzia apaizen belaunaldi berriek aurre egin beharreko zeregin nabarmena zela uste zuen. “Kardaberaz” eta Egunako lanaren etapak bukatuta zeuden, eta Aldabaldek abenduan Pax izena zuen taldearen orriko zuzendari izendatu zuen Arizmendiarrieta. 1940ko martxoan, orriak Sortu izena hartu zuen, eta Gasteizko Apaiz Mugimendua abiatu zen. Bertan, gizartearen apostolutza, batez ere gazteena eta langileena, izan ziren Arizmendiarrietak apaiztu aurreko hilabete horietan parte hartu zuen bi lan eremuak.[6]
1941ko urtarrilaren 1ean lehen meza eman zuen Barinagako San Pedro elizan, bere guraso eta senideen aurrean. Zeremonian Lorenzo Perosiren meza abestu zen, eta baita Euskaltzaindiaren buru zen Resurreccion Maria Azkue miretsiaren Nun duzu amandrea. Horren ondoren, eta berak Belgikako Lovainako unibertsitatera Soziologia ikastera joan nahi zuen arren, Arrasatera bidali zuten koadjutore laguntzaile bezala, ohiz kanpoko langabezia eta tentsio sozialak baitzituen gerra zibilaren ondorioz.[7]
Arrasatera bidalia: 1941-1954
aldatu1941eko otsailean, bere jaioterriko Barinagatik Arrasateko gerraosteko herri deprimitura bidali zuen gotzainak. Han, Erdi Arotik burdina lantzen zen bere ola eta artisau-lantegietan. Eta XX. mendearen hasieran industria-jarduera eraginkorra zuen, eta hainbat enpresak laminatuak, profilak eta txapa, torlojuak, sarrailagintza, burdindegia, altzari metalikoak, galdaketa xaflakorra, etxeko aparatuak, burdinazko hodietarako osagarriak, eta bulegoko altzariak egiten zituzten. Arizmendiarrieta iristean, enpresa horietan 1.500 langile aritzen ziren, herriak guztira 8.800 biztanle zituela.[6]
Enpresarik garrantzitsuena 800 langileko Union Zerrajera zen. Burtsan kotizatzeaz gain, bere enplegatuentzat ekonomatua eta Aprendizen Eskola zituen.[10] Bertan, Arizmendiarrieta gizarte prestakuntzako astean eskola-ordu bat ematen hasi zen, San Juan Bautista parrokiako kontsiliario bezala. Ikasle gazteekin zuen harreman horren ondorioz, Ekintza Katolikoa dinamizatu zuen, aisialdi sozial, kultural eta erlijiosoko zentro gisa. Gainera, 1942an, beste atal batzuk sortu zituen, hala nola Kirol Gazteria, eta Soziologia Akademia. Halaber Aleluya aldizkaria argitaratzen zuen, kanpora ateratzen ziren soldadugaientzat. Baina Arizmendiarrietak jakintza sozializatu nahi zuen, eta langileen seme-alaba guztiei trebatzeko aukera zabaldu. Gasteizen Pedro Anituak sortutako Lanbide Eskola ikusten izan zen, eta gauza bera egitea erabaki zuen, 1943an baldintza eskasetan Eskola Profesional berri bat sortuz, Ekintza Katolikoaren izenean.[3] Eskola, izatez pribatua zen, ez kooperatiba, eta hasiera batean enpresaburuen, langileen eta Udalaren ordezkarien patronatu batek gobernatua. Lehenengo urtean hogei gazte hasi ziren, eta ikasturteko hamaika hilabeteetan lau orduko lan ordaindua zuten enpresetan, arratsaldean sei orduz klasera joaten zirela.[6]
1945ean, Arizmendiarrietaren ekimenez eta Kirol Gazteriaren bidez, Iturripeko estadioa eraiki zen, enpresen eta tokiko komunitatearen ekarpenekin finantzatuta, hala nola kiniela, zozketa, ikuskizunetarako sarrerak eta abarren bidez. Eta gizarte-lanak instituzionalizatzeko bere jardunarekin jarraituz, estatutuak berak idatzi zituen Arrasateko agintari publiko, elizgizon eta enpresari nagusiak biltzen zituen Batzorde Delegatu bat osatzeko, udal kirol-elkarte bilakatzeko asmoz.
1946an, Arizmendiarrietak jauzi kualitatibo handia eman zuen prestakuntzan, Maestria Industrialeko ikasketak amaitu zituzten hamaika gazte onenak hautatu baitzituen Zaragozako Ingeniaritza Industrialeko goi-mailako ikasketak matrikula librean egiteko. Egunez, lanean 55 ordu ematen zituzten astero Union Zerrajeran, eta gauez irakasleen gidaritzapean Eskola Profesionalean ikasten zuten. Uztailean Zaragozara joaten ziren aurrez aurreko azterketak egitera, eta guztiek errepikatu gabe bost ikasturteak gainditu zituzten. Horien artean zeuden 1956an ULGOR lehen kooperatibako bost sustatzaileak. Bestalde, urte berean eta “errealitatearen teologia”-ren pentsamenduarekin jarraituz, Arizmendiarrietak Arrasateko Osasun Zentro txikian tuberkulosiaren aurkako kontsultategi bat zabaltzea lortu zuen.[11]
1947. urtea eta hurrengoak sozialki nahasiak izan ziren, hainbat enpresetako langileen soldaten erreklamazioekin, Arizmendiarrietak idatziak egiten lagundu eta parte hartu zuen, gizarte-zabalkundetzako ekintza bezala. Hori guztia enpresaburuekin zuen harreman onari eutsiz, guztien ongia sustatzeko Hezkuntza eta Kultura Liga sortzeko laguntza eman baitzioten. Baina denborarekin liskarrak izan ziren Union Cerrajerako zuzendaritza paternalistaren eta ingeniaritzako ikasleen artean.[6]
1952an Arizmendiarrietak sustatutako Zaldispe Eskola Profesional berria inauguratu zen. Bera apal mantendu zen publikoaren artean, Hezkuntza Ministroa, Gobernadore Zibila, Apezpikua, Foru Aldundiko lehendakaria eta beste agintari batzuk tribunan zeuden bitartean. Ekitaldi berean, Ingeniari Industrialen lehen promozioak Joaquín Ruiz Jiménez Ministroaren eskutik tituluak jaso zituen.[3]
Bere gizarte-proiektuen barnean, 1953ko abuztuan langileentzat ziren Makatzenako etxebizitza gune berriaren lehen harria jarri zen, “Etxearen Elkarte Arrasatearra” ongintzazko eraikuntza erakundea sortu ondoren. Arizmendiarrietak bere ideologia sozial kristaua, bizitza pertsonal soil baten bidez gauzatzen zuen praktikan.[6]
Gaixotasuna eta heriotza: 1976
aldatu1963an bihotzeko kolapso txikiak nozitzen hasi zen, seguruenik aurreko urteetan izandako jarduera betearen ondorioz: apaiz-bizitza, eskolak, hitzaldiak, konferentziak, bilerak, lantokietara egindako bisitak, Eskola Profesionaleko bulegora joaten zitzaizkion pertsonen arreta, Madrileko ministerioetara eta Euskal Herriko erakunde ofizialetara egindako bidaiak, atzerrirako bidaiak, eta hainbat irakurketen bidez prestakuntzan egindako lan neketsua. Ez zen osorik sendatu, eta 1967ko otsailean bihotz-enbolia bat izan zuen. Hori dela eta, Madrilen operatu zuten, protesi artifizial bat jarriz bihotzean.[6] Hainbat urtez bizitza normala egin ondoren, 1973ko urtarrilean berriro bihotz arazoengatik ospitaleratu zuten Bilbon, eta bertan errekuperazio erregimen zorrotza ezarri ondoren, ahul itzuli zen Arrasatera. Gaixotasun itzulezina zenez ez zuen hobera egiten, eta 1974ko otsailean ospitalera itzuli behar izan zuen berriz, lehenago jarritako balbula artifiziala desnaturalizatuz joan baitzen denborarekin, eta hura ordezkatzea premiazkoa zelako. Ebakuntza konplexua ondo amaitu zen, baina hurrengo egunetan Arizmendiarrietak sufritzen jarraitzen zuen, “kirofanoko gaitza”rekin kutsatu ziren zauriak orbaintzen ez zirelako. Apirilean Arrasatera itzultzeko alta eman zioten, eta zauriak egunero sendatzen zizkioten Arrasateko Osasun Zentroan. Soilik apaiz aszetikak azaltzen du jasandako isiltasuna, ebakuntzaren ondoren izandako sufrimendu fisikoa eramatean. Sendaketak eta medikazioak, batez ere antibiotikoak, martirio mingarria ziren beretzat, eta etsipenez eraman zituen. Hala ere, ahulduta egon arren, bizimodu normala egiten saiatzen zen. Hainbat ospitaleratze eta altaren ondoren, 1976ko azaroaren hasieran Osasun Zentroan ospitaleratu zuten, eta medikuek zauriak sendatu ordez gehiago ez sufriaraztea erabaki zuten, azaroaren 29an hil zen arte.[6][12]
Gorpua bi egunez egon zen parrokian, eta milaka pertsona joan ziren omenaldia egitera. Abenduaren 1ean egin zen hileta, Lan Ministroa buru zela eta elizkizuna 60 apaizek emanda.[6]
Enpresa kooperatiboak: 1955-1976
aldatu1955 arte, Arizmendiarrietak lau eremu ezberdinetan egin zuen lan, eta kasu guztietan gizarte-klaseen arteko lankidetza irizpideak erabili zituen:
- San Juan Bautista parrokiakoa, non Ekintza Katolikoaren zentroa eta Ariketa Espiritualen Lana biltzen ziren,
- Gizarte-laguntza, tuberkulosiaren aurkako eta haurren kontsultategien bidez osasun-laguntza soziala emanez, edo Mondragonesa Elkartearen bidtartez etxebizitzak eraikiz,
- Formakuntzakoa, Eskola Profesionala garatuta, eta
- Aisialdi-jarduera, Kirol Gazteriarekin batera kirola eta zinea helburu zituena.[6]
Enpresen eremua geratzen zitzaion jorratu gabe, langileek kapitalean eta enpresen kudeaketan parte hartzeko. Hamahiru urteko sormen lana egin ondoren laguntza eta formakuntza sektoreetan, ekintzan oinarrituta hausnarketan baino, eta Elizaren doktrina sozialak elikatuta, Arizmendiarrietak gizarte-enpresak sortzera bideratu zuen bere ardura, “esperientzia kooperatiboa” deitzen zuena.[5][13]
Antolakuntza eredua
aldatuArizmendiarrietak antolakuntza-eredu irekia sustatu zuen, arrazak, sinesmenak, klaseak eta generoa bereizi gabe, eta aldi berean parte-hartzailea eta inter-dependientea zena. Elementu komun batzuk zituen, eta horiez gain sektoreen araberakoak.[7]
Elementu amankomunen artean bazkideen Batzar Orokorra zegoen, non pertsona/boto baten demokrazia zen nagusi, bazkideek zuten antzinatasuna edo kapitala baloratu gabe. Batzarrak Kontseilu Errektoreko kideak hautatzen zituen, enpresa kapitalisten Administrazio Kontseilukoaren parekoak, eta edozein bazkidek aurkez zezaken bete burua hautagai, kide izateko. Kontseilu Errektoreak Zuzendari Nagusia aukeratzen zuen, eta honek bere zuzendaritza taldea. Bestalde, langileek Kontseilu Sozialeko kideak aukeratzen zituzten, sindikatuek bezala, hogei bazkideko ordezkari baten proportzioan. Bai Kontseilu Errektoreak eta bai Kontseilu Sozialak, beren lehendakaria aukeratzen zuten.[7]
Sektorearen arabera, bazkideen osaera aldatu egiten zen. Hala, kooperatiba industrialetan langileak baino ez ziren bazkideak. Kreditu- eta ikerketa-kooperatibetan, bazkideak langileak eta enpresak ziren. Eta kontsumo kooperatibetan berriz, bazkideak langileak eta enpresak ziren, eta bazkide erabiltzaileak bezeroak. Formakuntza kooperatibetan berriz, bazkideak langileak, enpresak eta ikasleak ziren.[14]
Kooperatiba guztiak pribatuak ziren, auto-kudeatuak eta beraien zerbitzuak merkatu osoko publikoari eskainiak. Baina ikerketako zein formakuntza kooperatibak, irabazi asmorik gabeak ziren.[14]
Kontsumo kooperatibak
aldatu1955eko uztailean amaitu ziren “Etxearen Elkarte Arrasatearra”k sutatutako etxebizitzak, eta Arizmendiarrietak bizilagunen artean San Jose Kontsumo Kooperatiba sortzea proposatu zuen bazkideen batzarrean. Kontua zen Union Zerrajerako enpresako ekonomatu baztertzailearen alternatiba komunitario bat sortzea. Dena pertsonalki antolatu zuen: bazkide sortzaileen zerrendan parte hartu zuen, estatutuak formalizatzeko beharrezko dokumentazioa bildu zuen, kooperatibismoari buruzko erreferentzia teorikoak bilatu zituen bazkideak enpresa-eredu horrekin ohitzeko, denda gisa erabiliko zuen lokala eskuratzeko kudeaketez arduratu zen, eta sozietatearen estatutuak idatzi zituen. Zuzendaritza Batzordean ere sartu zuten kontsiliario bezala, eta erosketa finantzatzeko Arizmendiarrietak interesik gabeko kredituak negoziatu zituen hainbat enpresekin, beraie langileak ere kooperatiba berria ekonomatu bezala erabiltzearen truke.[6]
San Jose Kooperatibak lan-oreka bilatzea ere ekarri zuen, lanean batez ere emakumeak hartzen zituelako. Arizmendiarrietak arreta berezia eskaintzen zion emakumeen sustapenari. Horretarako, irakaskuntzan atal bat zabaldu zuen Eskola Profesionalean, Arrasaten zeuden 400 emakume ezkongabeei begira. Urteen poderioz, kontsumo kooperatiba gehiago sortu ziren, eta 1969ko irailean, Arrasateko San Jose Kooperatibak Eroski Taldea sortu zuen Aretxabaleta, Amorebieta, Markina, Gernika, Eibar, Ermua, Matiena eta Rekaldeberrin (Bilbo) finkaturiko hainbat kooperatibekin bat egin ondoren.[7]
Kooperatiba industrialak
aldatu1955aren hasieran, Arizmendiarrietak ez zuen ahalegin gehiago egin Union Zerrajerako zuzendaritzak bertako langileak kapitalean eta kudeaketan parte har zezaten. Eta enpresa berri bat sortzera animatu zituen gertuko bost kolaboratzaile 1956ko apirilean Arizmendiarrietak, "ULGOR Tailerrrak", Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Javier Ortubay fundatzaileen abizenen inizialekin osatutako izena, gerora Fagor Etxetresnak bilakatu zena.[15] Izaera juridikoa lortzeko baimena Madrilgo Gobernuak eman behar zuen, eta jaso zuen ezetzaren ondoren, urrian zailtasunak zituen Gasteizko enpresa bat erostea erabaki zuten, “etxean erabiltzeko gailuak” ekoizteko lizentzia industrialarekin, hain zuzen, sukalderako petrolio-labetxoak.[16]
Arrasaten kokatu zen enpresa berriaren pabiloia bedeinkatu zuen, eta aurreko labetxoak egiten jarraitzeaz gain, beste produktu bat merkaturatu zuten: Espainian ezezaguna zen eredu ingeles batetik milimetrora kopiatutako petrolio-berogailua. Halaber, udan bertara joan ondodoren Alemaniako enpresa baten patentearekin selenio-plakak fabrikatzeko lizentzia lortu zuten udan.[17]
Arizmendiarrietak Eskola Profesionaletik ezagutzen zituen talentudun gazteak zituen oinarri, premisa honekin: “kooperatibak sortzeko, aurreneko kooperatibistak trebatu behar dira”. Bestalde, logika bikoitzeko negozio berriak sustatu ziren: Deba Garaia Haranean lehendik zeuden enpresekin lehian ez sartzea, eta Union Zerrajerako zein Eskola Profesionaleko ikasketei lotuta egotea. Horrela, Usatorre eta Larrañaga etxetresna elektrikoez arduratu ziren, Ormaetxea galdategiaz, eta Gorroñogoitia elektronikaz. Abuztuan udako oporrak aprobetxatu zituzten Gasteizko instalazioko makinak eta trokelak Arrasatera eramateko, eta azaroan inauguratu zen ofizialki lantegia.[16]
Ulgorren hasiera onaren ondoren, 1957an Arizmendiarrietak Eskola Profesionaleko ikasle ohien parte-hartzearekin, "Arrasate Tailerrak" (gerora Fagor Arrasate izenarekin ezaguna) bigarren kooperatiba industriala sortu zuen, aurrekoan Gasteizen egindako proposamen berdinarekin: porrotean zegoen herriko Aranzabal Tailerra erosi, eta berriz martxan jarri. Estatutuak berak prestatu zituen Madrilgo bi abokaturekin elkarlanean, horietako bat Industria Kooperatiben Batasun Nazionaleko arduraduna zela. Enpresa kooperatibo berriaren helburua “makinak, erremintak, trokelajea eta tresnak fabrikatzea eta saltzea” zen.[1]
Kreditu-kooperatibak
aldatu1958ko abuztuan, Arizmendiarrieta Eskola Profesionaleko ikasle eta irakasleen ibilaldi batekin joan zen Bruselako Mundu Erakusketara, eta atzerrirako bere lehen bidaia honetan Frantzia, Herbehereak, Belgika eta Alemanian hainbat enpresa bisitatzeko aprobetxatu zuen, automobilgintza, etxetresna elektriko eta makina-erremintako sektoreetakoak.[3] Bidaiaren ondoren, azken urteetako ideia bati ekitea erabaki zuen: kreditu-erakunde kooperatibo bak sortzea. Horrela, 1959an bi aurreproiektu idatzi zituen, finantza entitate bat eta laguntza entitate bat sortzeko.[17]
Finantza erakundea
aldatuLaboral Kutxa erakundearen helburua, industria- eta zerbitzu-kooperatibei inbertsioetan eta hazkundean estaldura ematea zen, eta era berean, bazkideen irabaziak eta aurrezkiak bideratzea. Lehen bulegoa 1959ko urrian ireki zen, eta bere finantza funtzioaz gain, Ulgor eta Talleres Arrasateko 314 bazkideei erantzuteko Gizarte Horniduraren zerbitzua aktibatu zuen.[1]
Arizmendiarrietak onarpenerako aurkeztu zituen estatutuetan, elkarrenganako lankidetza indartu zuen, jadanik abian zeuden kooperatiba industrialak kreditu erakunde kooperatiboko bazkide bihurtzeko asmoz. Eta kooperatiba berriei bazkide izateko proposamena egin zien. Horrela, denen kaudimena sendotu egiten zen.[1]
Laboral Kutxaren berezko ezaugarrietako bat, hasieratik bi Dibisio zituela izan zen, harik eta 1991n Mondragon Korporazioa sortu zen arte: Finantzakoa eta Enpresakoa. Lehenengoak aurrezki-kutxa baten ohiko funtzioak betetzen zituen bitartean, Enpresa Dibisioaren funtzioak autonomoak ziren. Alde batetik, zeuden kooperatibei nazioartekotze, kudeaketa edo aholkularitza juridikoko gaietan laguntza ematen zien, eta bestetik kooperatiba berrien sorrera sustatzen zuen, bai lehendik zeuden sektoreetan, bai sektore berrietan hala nola ikerkuntzan, lehen sektorean edo hezkuntzan.[1]
Enplegatuak eta kooperatiba industrialak bazkide bezala uztartzeaz gain, Arizmendiarrietak gainerako herritarren parte-hartzea nahi zuen, eta horretarako mezu errazak eta herrikoiak erabiltzen zituen. Hala, 1960an Laboral Kutxaren bulego berri bat inauguratu zenean erabili zuen leloa honakoa izan zen, “Edo libreta edo maleta”, hau da, aurreztea eta inbertitzea enplegua sortzeko, edo emigratzea.[4]
Laguntza mutualitatea
aldatuLaboral Kutxa bezala, 1959ko ekainean Lagun Aro izeneko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea sortu zen, kooperatibisten gizarte-babez premiei erantzuteko. Bere kontura lan egiten zutelako, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokor Publikotik kanpo geratzen ziren, eta jabe izaera aipatzen zuten besteren kontura lan egiten zutenen aldean.[1]
Bere eginkizuna, alde batetik Gizarte Segurantzako Sistema Publikoaren prestazioak barne hartuko zituen estaldura mistoko sistema bat eskaintzea zen, kooperatibistak afiliatuta zeuden Autonomoen Erregimenaren bidez. Eta bestetik Lagun Aroren berezko prestazioak, hala nola gaixotasun estaldurak, kooperatibak enplegu arazoak izanez gero langabezia estaldurak, eta baita erretiro, alarguntza eta osasun-sistema osagarriko estaldurak. Laboral Kutxan bezala, kooperatibak Lagun Aroko bazkide ziren.[18]
Nekazaritza kooperatiba
aldatuArizmendiarrieta Barinagako nekazari familia batekoa zen, eta ez zuen ulertzen gizarte garapena lehen sektorerik gabe. Hasierako kooperatiba industrialen ondoren, LANA kooperatiba sustatu zuen, Debagoienako nekazaritza eta basogintza sektoreak integratuz. Kooperatiba mistoa izango zen, bi bazkide motarekin: baserrietako ekoizleak eta eraldatze kooperatibako langileak.[18]
Hainbait urtetan hazkunde dinamikoa izan ondoren, espezializazio bat bilakatu zen hiru dibisio sortuz: esnetegia, abeltzaintza eta basogintza. Urteen poderioz, lehenengo biak Erkop nekazaritzako elikagaien taldean sartu ziren, eta basogintza Eraikuntza Dibisioan.[2]
Unibertsitate kooperatiba
aldatu1961en hasieran, Arizmendiarrieta maila akademiko altuagoko Eskola Profesional berri baten ideia egituratzen hasi zen, Deba Garaia Ibarrean guztira 50.000 biztanle zituzten Arrasate, Bergara eta Oñatiko hiru herri nagusietan zentroak irekiz. Kooperatiba industrialak garatzeko ezinbesteko baldintza bezala, ondo prestatutako ikasleak ezinbestekotzat jotzen zuen. Eta irakasle onenekin hezita, Europako puntako herrialdeetako ikerketa eta garapen mailetara hurbiltzen ziren tailer eta laborategietan praktikak eginaz. Ziur zegoen horrek enpresekiko harremanak erraztuko egingo zituela.[3]
1963an Iturripeko Eskola Profesional berriaren lanak hasi ziren. Pixkanaka Ofizialia, Maestria eta Ingeniaritza Tekniko Industrialeko maila lortuko zuten 1.500 ikasle hartzeko asmoa zegoen, eta 1967an inauguratu zen ofizialki. Berezitasun garrantzitsu bat zuen Arizmendiarrietaren egitasmoak: Eskola Profesionalak hiru motatako bazkide izango zituen: enpresak, kooperatibak zein ez-kooperatibak, irakasleak eta ikasleak. Eta hiru aldeek Batzarrean eta Kontseilu Errektorean ordezkaritza parekidea izango zuten.[3]
Garai horretan, MEDUO - Oñatiko Unibertsitateko Eskola Mankomunitate Proiektua garatu zuen. 1965ean eman zuen argitara, Sancti Spiritus Unibertsitatea, 1545ean sortua eta 1902 arte martxan egon zena, abal akademiko historiko bezala hartuz. Proposamen deszentralizatu eta erkidetua aurreikusten zuen, Arrasaten mekanikarekin, elektronikarekin eta makina-erremintarekin lotutako ingeniaritzak kokatuz, Oñatin enpresen merkataritza eta administrazio lizentziaturak, eta Bergaran ehungintzarekin lotutako ingeniaritza kimiko industrialak. Era berean, unibertsitate “herrikoia eta soziala” proposatzen zuen, arreta jarri behar ziona hezkuntza-aukera berdintasunaren printzipioaren aplikazio praktikoari, prestakuntza iraunkorra instituzionalizatuz gune eragile izan zedin.[1] Proiektua ausartegia suertatu zen garai hartarako, eta 1997 arte itxaron behar izan zen egungo Mondragon Unibertsitatea eratzeko.[19]
Eskualdeko kooperatiba taldea
aldatuLaboral Kutxaren 1961. urteko memorian, Arizmendiarrietak kooperatiba barruko eta kooperatiben arteko lankidetzari buruzko ideiak azaltzen zituen, sustapen pertsonala eta kolektiboa lortzeko elkartasun elementu bezala. Zeharkako baliabideen bidezko kapitalizazio prozesu egokia proposatzen zuen, eta aldi berean, industria kontzentrazioaren bidezko ezinbesteko garapen formula.[20]
ULGOReko zuzendariek ideia gidatu eta garatu egin zuten, Deba Garaia Haraneko kooperatiba industrialak biltzen zituen Ularco izeneko eskualde talde baten eraketan islatu zena. Hasiera batean, Ulgor, Arrasate, Copreci eta Ederlan enpresa industrialak osatzen zuten, kooperatiben batasun federala osatuz, enpresa kapitalisten taldeen antzekoa.[16] Baina enpresa horietan boterea bertikala zen, kapitalaren gehiengo aritmetikoak osatzen zuena. Ularco Taldean berriz, boterea subiranotasuna lagatzeko itun batean zegoen.[21] Arizmendiarrietak, 1964an Taldea sortzearekin lortu zuen elkartasun kolektiboaren lorpen handienetako bat: “Emaitzen birmoldaketa” ezartzea enpresetako bazkide guztien artean, kontutan izanda ULGORen salmenten gaineko irabaziak % 30ekoak zirela, eta Ederlanen % 3koak.[22] Enpresen elkarte berriak bere arautegiko bigarren artikuluan honako helburu soziala adierazten zuen: “enpresa modernoaren aurrekontuak bermatzea, behar bezalako hedapen tekniko, finantzario eta merkataritzakoekin”.[7]
Ikasleen kooperatiba industriala
aldatuArizmendiarretak Eskola Pofesionaleko ikasleentzat kooperatiba industrial bat sortzeko proiektua bi helbururekin garatu zuen. Alde batetik, baliabide ekonomiko urriak zituzten ikasleei Maestria Industrialeko ikasketak ordaintzeko aukera ematea. Eta bestetik, formakuntza duala sustatzea, Eskolako klase teoriko eta praktikoen bidez eta benetako enpresa batean lan egiteko esperientziarekin.[3]
1965eko azaroan hasi zituen Alecop (Eskola eta Lan Jarduera Kooperatiboa) enpresa berriaren onarpenerako Administrazioak eskatzen zituen izapideak betetzen, eta 1966ko apirilean eskaera onartua izan zen ofizialki. Enpresaren zeregin industriala honakoa zen: inguruko enpresa mekanikoentzako, elektrikoentzako eta instalazio zein muntaketa industrialentzako, tresna lagungarriak ekoiztu eta saldu. Beraien enkarguz, edo azterketa proiektu propioen arabera. Ikasleek ohiko kooperatiben baldintzetan lan egingo zuten egun erdian, batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez, eta araubide hori bateragarria izan beharko zen Eskolako eskakizunekin.[17]
Emakumeen kooperatiba industriala
aldatuKooperatiba guztietan, emakumeen partehartzea gizonen eskubide parekidea zen. Baina 1960ko hamarkadaren erdialdera, Arizmendiarrietak emakumeen lan emantzipazioarekiko zuen kezka nabarmenagoa bilakatu zen, garai hartan emakumeak lanean jarraitzeko muga ezkontza baitzen. Kooperatibetan, elkartearekin lotura instituzionala “gizarte kontratua” zen, eta ez ohiko lan kontratua. Beraz, emakume bazkide ezkongabeek hura deseginda ikusten zuten ezkondu ondoren. Arizmendiarrietaren aburuz, ezkontza zentzugabeko epaia zen emakumeentzat, bizitza ekonomikotik eta sozialetik aldentzera behartzen ziona, horrek sarritan bikoteetan arazoak sortuz edo areagotuz.[1]
Egoera hobetzeko, Arizmendiarrietak alde batetik Eskola Politeknikoan emakumezkoen ikasgela eta laborategien pabiloi berri bat eraikitzea eraman zuen, ikasle gazteek kimika eta elektronika ikasteko aukera izan zezaten.[3] Aldi berean, emakumeen kooperatiba industrial bat sortzea bultzatu zuen, 1967ko azaroan Auzo Lagun enpresa sortuz. Bere zeregina eskolei, enpresei, egoitzei eta ospitalei sukaldaritza zerbitzuak ematea zen, zuzenean Auzo Lagunetik eramanda edo bertan prestatuta,.[18]
Ikerketarako zentro kooperatiboa
aldatuArizmendiarrietak, ULGOR eta Fagor Elektronikako esperintziagatik, ondo zekien atzerrian patenteak eskuratzeak zuen mendekotasun teknologikoa, eta zehazki Alemaniako erdieroale elektronikoena eta Italiako etxetresna elektrikoen kasuetan. Horregatik, atzerrirako bidaietan enpresen, unibertsitateen eta ikerketa zentroen arteko lankidetza sareak aztertzen zituen, garapen ekonomiko eta sozialerako oinarri bezala. 1965. urtean, Eskola Profesionaleko asteroko hitzaldietan ikerketa eta garapen teknologikoaren garrantziari buruzko ideiak azaltzen hasi zen.[3] Uste zuen nazioen arteko lehia laborategiekin lan egiten zuten enpresen artean ematen zela, eta beraz, giza kapitalean eta teknologian inbertitu behar zela. Bere ohiko pragmatismoarekin,1968an Eskola Politeknikoko bost irakasle konbentzitu zituen denboraren zati bat ikerketa teknologiko aplikatura bideratzeko. Eta urteetan probatu ondoren, 1970tik aurrera autonomia partziala eta bere proiektuak zituen talde bat sortu zen.[7]
Ondoren, Arizmendiarrietak Deba Garaia Haraneko kooperatibak ikerketa taldeari proiektu aplikatuak kontratatzera bultzatu zituen, eta Laboral Kutxa berriz, Eskola Profesionaletik bereizitako pabiloi baten eraikuntzaren buru izatera. Helburu bikoitza zuen: epe ertain eta luzera bere ikerketa ahalmena garatzea Alemaniako Fraunhofer sareko institutuen estilora. Horrela, Ikerlan zentro teknologiko berria Eskola Politeknikoaren babes juridikoaren pean hasiko zen, denborarekin ikerketa aplikatuko lehen enpresa kooperatiboa izatera ailegatuz. 1973an Laboral Kutxak egitasmoa onartu egin zuen, eta 1974ko urrian hasi ziren eraikin berriko lanak. Eskola Profesionalaren tutoretzak 1982raino iraun zuen, Ikerlanek nortasun juridiko propioa lortu arte kooperatiba bezala, bi bazkide mota zituela: Haraneko hainbat enpresa, eta ikertzaile enplegatuak.[17] Era berean, Arizmendiarrietak Administrazio publikoa inplikatu zuen proiektu generikoak finantzatzeko, eta EAEko ikerketaren esparruan lankidetza publiko-pribatuaren inspirazio iturri bilakatu zen.[23]
Korporazio kooperatiboa
aldatu1966ko otsailean, Arizmendarrietak Frantzian eman zuen astebetean, Parisko, Dijongo eta Grenobleko laborategiak eta fabrikak bisitatu zituen. Eta irailean beste bidaia bat egin zuen Alemanian zehar, Bonn, Frankfurt, Stuttgart, Munich, Hanburgo eta Berlinen merkataritza, kreditu, kontsumo eta industria kooperatibak bisitatuz. Bi kasuetan, Arrasatera itzuli zenean, pentsatzen zuen ikusitako garapen harmonikoaren maila lor zitekeela, eta horretarako beharrezkoa zela gero eta eremu zabalagoetan lehiakor izatea. Horrek, lankidetzaren bere diskurtso iraunkorra indartu zuen.[24][18]
Baina Arizmendiarrietak ez zuen ezagutu ideia horien eraketa errealitatean. Urteak igaro ziren gauzatu arte. Kooperatibak Ularco bezalako eskualdeko taldetan sartzen ari ziren, hurbiltasun geografikoaren arabera, eta 1984ko abendura arte ez zen sortu berrantolaketaren aurre-kongresua. Gertutasunaren ikuspegi soziologikotik, lankidetza enpresarialera igaro zen, Mondragon Kooperatiba Taldea sortuz. 1987ko eta 1989ko lehen bi Biltzarretan amaitu zen prozesua, eta gaur egun Mondragon Korporazioa denaren oinarrizko printzipioak onartu ziren.[24][25]
Pentsamendua eta printzipio praktikoak
aldatuAurrekariak
aldatuArizmendiarrietak, justizia soziala eta pertsonen giza duintasuna lortzeko ahaleginean, ez zuen enpresa ereduak intuizioz sortu. Urte askotan behaketan eta irakurketan oinarritutako ezagutza historiko, enpresarial eta ideologiko zabalak zituen. Eta bere jarduerak berezitasun bat izan zuen: pragmatismo handiz, bere ideia teorikoak sortze-lan zehatzekin ezartzen jakin zuela.[1][26]
Historikoak
aldatuArizmendiarrietak Euskal Herriko kooperatiben aurrekariak oso ondo ezagutzen zituen. Izan ere, lankidetza espiritua antzinatik oso errotuta zegoen nekazarien artean, “Auzolan” edo komunitatearen aldeko lan bezala ezaguna zenarekin: auzotarrek doako lan bat egiten dute, denen onurarako.[27] Auzo batzar baten bidez erabakitzen da non, nola eta ze pertsonak (kide bat baserri bakoitzeko) egingo duten lan hori, batez ere auzoko bideak, elizak, edo eraikin publikoak irekitzeko eta mantentzeko, edo ezbeharren bat izan duen auzokideari laguntzeko.[28]
Bestalde, XX. mendean ELA - Eusko Langileen Alkartasuna sindikatu nazionalistak sustatutako lehenengo kontsumo kooperatiba 1919an sortu zen Bilbon, eta antzeko beste kooperatiba batzuk jarraitu zioten Bizkaian. Kooperatiba horiek bazkide ez zirenentzat ere irekita zeuden. 1844an Ingalaterran sortutako Rochdaleko Aitzindarien Bidezko Elkartearen kooperatiba printzipioen arabera funtzionatzen zuten, gaur egun ACI - Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak mantentzen dituenak.[29] 1933ko Gasteizko Kongresuan, kooperatiben mugimendua indartzea erabaki zuten, eta lehen ekoizpen- eta kreditu-kooperatibak sortuz.[30]
Era berean, UGT sindikatu sozialistak 1920an lagundu egin zien krisian zeuden enpresetako hainbat langile afiliatuei autoenplegua lortzen, Eibarko ALFA kooperatiba sortuz. Hasieran armak ekoizten zituzten, eta 1925etik aurrera josteko makinak ere bai. Garai hartako kooperatiba industrialik handiena bilakatu zen, bere zuzendari nagusia Toribio Echevarria izanik,[31] Arizmendiarrietak bere profesionaltasunagatik eta zintzotasunagatik miretsi eta adiskidetzat zuena.[32]
Enpresarialak
aldatuDeba Garaia Harana eta bertako zazpi herriek XIII. mendetik burdinolei eta metalurgiari lotuta egon ziren. Hala, XV. mendean Arrasateko 1900 biztanleren multzo handi baten lana altzairuzko totxoak ekoiztea zen. Alde batetik armak egiteko saltzen eta esportatzen zituzten Toledo zein Flandriara, eta bestetik artisau eran iltze eta burdineria egiteko bertan. Burdinolak instalazio konplexuak ziren, eta uraren energiak beharrezko makineriari eragiten zion burdina eta altzairua ekoizteko, XIX. mendeko Industria Iraultzarekin labe garaiak ezarri ziren arte.[33][34]
Arizmendiarrita 1941ean gerraondoko Arrasate deprimitura iritsi zenean, enpresa handiena “Unión Zerrajera S.A.” zen, 1869an fundatutako “Vergarajauregui, Resusta y Cia” eta 1901eko “La Cerrajera Guipuzcoana” enpresen bategitetik, 1906an sortua. 850 langile zituen Arrasateko eta Bergarako galdaketa eta mekanizazio lantegietan, burtsan kotizatzen zuen, eta beste sarraila enpresa txiki batzuen motorra zen. 1948. urtearen erdialdera 2.000 langile izatera iritsi zen.[11][15] Bestalde, Arrasateko bigarren enpresa garrantzitsuena “Cerrajera Moderna ELMA, S.A.” zen, 300 langile baino gehiagorekin.[35] Deba Garaia Haraneko herri guztietan enpresa industrial txiki asko zeuden, eta horietako bi tamaina ertainekoak ziren. Bergaran “La Algodonera San Antonio, S.A.” zegoen, 1846an sortua, 500 langile izatera iritsi zen, ehunen eskala handiko ekoizpenean arituz. Eta Oñatin 1864an sortutako “Hijos de Juan de Garay, S.A.”, 400 langile zituena altzairu soldatuzko tutuak ekoizteko.[36]
Ideologikoak
aldatuArizmendiarrietak beti izan zuen bulego txiki eta soil bat Eskola Profesionalean, eta apaiz apal batentzat oso ohikoak ez ziren gaiak irakurtzen zituen, hala nola laboristen liburuak, Pildain eta Tarancón bezalako“gotzain gorrien” liburuak, Iribarren eta Rodríguez de Yrre Ecclesiako intelektual katoliko berrienak, edo Marx eta Engelsen manifestu komunista. Lantzen hasi zen “pentsamendu propioa”, Seminarioko iturri klasiko eta sozial-katolikoen eta teoria sozialista eta pertsonalista berrien arteko elkartzea zen, gizarte-auziari erlijioaren bidez konponbidea bilatzeko. Errealitatean eragiteko gaitasuna zuten pentsalarien liburuak erosten zituen, hala nola Hans Küng bera bezalako apaiz katoliko aktiboa, Jacques Maritain, Emmanuel Mounier, Ortega y Gasset, Jacques Leclerq zein lider laboristenak, eta ikasleei kopiak oparitzen zizkien.[8]
Beretzat irakurketa ezinbesteko inspirazio iturria zen, eta bere liburutegi partikularreko ehunka liburuetan, interesgarriak iruditzen zitzaizkion ideiak azpimarratu egiten zituen. Eta “Oinezkoen humanismoari” buruzko gogoetak zehatz mehatz idatzi zituen 10.495 fitxa, ohar, idazlan eta sermoietan.[7] Halabeharrez, gerra zibilean atxilotua izan ondoren gaztelaniaz soilik idatzi zuen, eta 1968ko abuztuan hasi zen berriro euskara erabiltzen, TU Lankide aldizkarian 57 artikulu idatziz, azken hirurak 1976koak.[37]
Eredu austeritatean
aldatuArizmendiarrietak bizitza osoa austeritatean eman zuen, gaztetan derrigortasunagatik eta heldutasunean uste osoagatik. Parrokiako laguntzailekidearen soldata apalarekin bizi zen, inoiz ez zuen ezer kobratu kooperatibetatik edo sortu zituen erakundeetatik, eta Eskola Profesionaleko bulego xume baten egiten zuen lan. Abstemioa, gutxienekoa eta apal jaten zuen. Arrasaten langileen antzera mugitzen zen bizikletaz, harik eta sustatzaileek “lapurtu” eta belosolex bat (motor txiki bat zuen bizikleta) oparitu zioten arte. Eta bidaietarako, mesedeak eskatzen zizkien lagunei edo trenetan hirugarren klaseko txartelik merkeenak erosten zituen.[38]
Kooperatiba askoren sustatzailea izan arren, eta sarritan Administrazioen aurrean pertsonalki defendatzen zituen proiektuen eta estatutuen idazlea, uko egin zion edozein goi-karguri.[1] Gutxitan onartu zituen bakarkako goraipamen edo dominak, eta beti partehartzaile egiten zituen hura gauzatzen lagundu zioteneei, pabiloi eta enpresa berrien inaugurazioetan egiten zuen bezala, taldea goraipatuz.[8]
Inoiz ez zen interes pertsonalengatik aritu komunitarioengatik baizik. Nahiz eta Arrasateko enpresaburu klasista batzuk “apaiz” ezagunaren aurkakoak izan, langileek enpresa eredu berriaren kapitalean eta kudeaketan parte hartzea deitoratzen zutelako, Arizmendiarrietak gizarte justiziaren ideiarekin irmo jarraitu zuen. 1956an, salaketa batzuk egon zirelako Gipuzkoako Gobernadore Zibilak lekualdaketarekin mehatxatu zuen, eta hark erantzun zion elizbarrutiko bere nagusiaren erabakia betetzeko prest zegoela, baina ez zela inolaz ere apaiz moldaerraza bilakatuko.[1]
Hurbiltasun pertsonala
aldatuArizmendiarretak bere ideiak gauzatzeko jende asko inplikatuz egiten zuen lan: politikariak, enpresaburuak, irakasleak, ikasleak, langileak eta gazteak. Beti enpatiaz eta denekiko begirunez. Bere eguneroko lanean uko egiten zien besteen lausenguei edo sumisioari, eta urrun kokatzen zuen bere burua boterearen xarmarengandik.[3]
Madrileko karguren bat Arrasatera joaten zenean ekitaldiren baterako, Arizmendiarrietak Eskola Profesionaleko Egoitza Nagusiko mojei abisatzen zien, bisitariak ailegatutakoan salda bero batekin ongi etorria emateko.[3]
1958an Guillermo Reyna Espainiako Irakaskuntza Profesionaleko Zuzendariak Arrasate bisitatu zuen. Harritu egin zen ikasleek Arizmendiarrietarekin izan zuten tratu atsegina, eta honela idatzi zion: “Txarto iruditu zitzaidan ikasleek ez zirelako altxatu ez agurtu, eta ez zizutelako eskaini zuzendarienganako izan behar den errespeturik txikiena ere. Aretotik pasatu ginenean eserita zeudenak horrela jarraitu zuten, eta baita oinetakoz aldatzen ari zirenak”. Erantzunean Arizmendiarrietak barkamena eskatu zion, eta ondoren, “Ez diet onartzen ni zuzendari bezala tratatzea, Eskolan beste bat bezala aurkitzen naizelako. Orain artekoan emaitza onak eman dizkidan portaera izan da”. Dena den, Arizmendiarretak ez zuen inoiz zuzendari kargurik izan.[15]
1965ean Laneko Merituari Urrezko Domina ematera iritsi zen Madriletik Romeo Gorria Lan Ministroa, eta hitzaldietan, Arrasateko Hezkuntza Ligako lehendakariak nabarmendu egin zuen koadjutoreak bere lana interes pertsonaletatik bereizteko zuen grina, esanaz “Duela 25 urte iritsi zenean bezain txiroa izaten jarraitzen du, eta orduan bezala, bere amak baserritik babarrunak eta patatak bidaltzen dizkio.” Amaitzeko, gehitu zuen: “Pentsaera bat sortu du, gauzak egiteko modu bat. Denetarako berarengana jotzen dute, eta beti izan du une libre bat edozeinentzat, hitz egoki bat, arazoak konpontzeko ideiaren bat.” Omendutakoaren erantzunak ez zuen inor harritu. Ez zuen merezimendurik, pluralean hitz egin zuen beti, eta saritutako jardueretan berarekin lan egin zuten ehunka pertsonen lan anonimoan diluitu zen: “Apaltasunik gabe diot nire laukitxoan ondorio ofizialetarako kontabilizatu diren meritu horiek, aurreko urteetan lan egindako guztiei zor zaizkiela”.[8]
Ereite urteak
aldatuArizmendiarrieta 1941ean Arrasatera zurezko maletarekin iritsi zenetik, eta ULGOR lehen kooperatiba martxan jarri arte 15 urte eman zituen prestatzen. Zikloa 1943an sortu zuen, Eskola Profesional kaskar batekin hasi zenean, non langile guztien seme-alabak ikasi ahal izan gozuten, Unión Zerrajerako Eskolan ez bezala. Arizmendiarrietak oraindik ez zuen eredu kooperatibo finkaturik, baina bai ideia argi bat: langilea hezkuntzaren eta bere lanaren bidez soilik emantzipatuko zela. Horregatik, erantzukizunaren eta lankidetzaren espiritua bultzatzen zuen.[39]
Eskola sortzeaz gain, Arizmendiarrietaren beste ekintza batzuk honakoak izan ziren: gazteentzako liburutegi bat antolatzea, adinekoentzako ikasketa zirkuluak sortzea, eta 1943ko ekainean berak zuzentzen zuen Gizarte edo Soziologia Akademia bat abian jartzea, Ekintza Katolikoaren babespean. Bere zirkulu edo topaketen helburua “etorkizuneko langileen buruzagiak prestatzea” zen. Eskola Profesionalean irakasteaz gain, Arizmendiarrietak bi mila ikasketa zirkulu baino gehiago eman zituen, batzuk erlijio eta gizarte heziketarako, eta beste batzuk prestakuntzarako.[40] Horrek esan nahi du gutxienez hitzaldi bat eman zuela 2,7 egunetik behin, elkarren segidako hamabost urtetan zehar, jaiak eta oporrak deskontatu gabe.[18]
Dena den, Eskola Profesionala zen zabalkunde katoliko eta sozialaren bere lekurik gogokoena. Egunero 20 minutuko hitzaldia ematen zien irakasleei eta Maestriako 2.mailako eta Ingeniaritza Teknikoko ikasleei, ekitaldi aretoan. Gaiak askotarikoak eta sarri ezezagunak izaten ziren entzuleentzat, hala nola errusiar nekazari kooperatiba koljoak, Jugoslaviako autogestioa edo Alemaniako ko-kudeaketa. Edukiagatik ez ezik, bere hizkera monotonoagatik eta hizkuntza zailagatik ulergaitzak izaten ziren hitzaldiok. Horretaz jabetuta, aipu laburrak erabiltzen zituen, erraz gogoratzekoak, hala nola “jakintza boterea da”, “jakintza sozializatu egin behar da boterea demokratizatzeko”, “errazagoa da gazte bat heztea gizon bat erreformatzea baino”, edo “arrain bat eman gizon bati, eta egun batean jango du; erakuts iezaiozu arrantzan eta bizitza osoan jango du”.[8][6] Parrokiako eguneroko mezako sermoietan ere aipu laburrak erabiltzen zituen, oratoria zaila orekatu asmoz. Ulertzen ez ziotelako eliztarrek hura ordezkatzeko eskatu zioten gotzaindegiari, baina bere gizarte-lana gehiago balioesten zuelako apezpikuak ez zuen onartu. Eta 1967ko uztailean, Madriletik hizlari izateko gonbidatu zutenean Espainiako kooperatibismoaren etorkizuneko estatutuari buruzko eztabaidetan, Gizarte Sustapenaren Zuzendari Nagusia buru zela, bertaratutakoek isilik entzuten zioten, bere oratoria ulergaitza zitzaielako. Egoera arintzeko Zuzendariak esan zien “Kontuan izan Aita Arizmendik euskaraz pentsatzen duela, eta gaztelaniara itzuli”.[18][6]
Formakunza eta lana
aldatuArizmendiarrietak laguntzaileengan itzala bazuen, ereduarekin predikatzen zuelako zen. Berak idatzitako curriculum vitaek ikasketetarako dedikazioa erakusten zuen: “Filosofia eta Teologia” Gasteizko Seminarioan, “Etika eta Gizarte Zientziak” Comillasko Unibertsitatean, ikastaro berezi eta intentsiboetan matrikulatuta. Eta “Ekonomia” ikastaro trinkoetan Gasteizko Gizarte Eskolan, 1948tik 1952ra.[8]
Gasteizko Seminarioarekin harreman estua zuen, eta urtero Gizarte Eskolan antolatzen ziren ikastaroetara joaten zen. Haren interesa ekonomiatik eta soziologiatik hasi, eta filosofia eta pedagogiaraino hedatzen zen. Ekintza Katolikoaren kontsiliario bezala zuen zeregina animatzaile bezala ulertzen zuen, eta batez ere hezitzaile gisa.[41] Gazteak konbentzitzen saiatzen zen, eta maiz honelako aipuak errepikatzen zituen: “Irakaskuntza eta hezkuntza herri bateko lehen enpresa dira, ez bada nahi mota guztietako enpresak zaharkituta geratzea edo erdi garatuta”, “Pertsona formakuntzaren bidez egiten da”, “Hobe da iluntasuna madarikatzea baino, pospolo bat piztea”, edo “Garaiz ereitea gure gazteak profesionalki gaitzea da. Horrela, haziaren ehuneko bateko gastuak, ehuneko ehuna bilakatzen dira».[3][8]
Hezkuntzan egindako inbertsioen errentagarritasunaren argudioa askotan agertzen da Arizmendiarrietaren idatzietan. Eta hezkuntzaren erantzukizun komunitarioa azpimarratzeak bi erro ditu. Bata, Estatuaren urritasunaz duen esperientzia pertsonala, eta bestea gizarteak bere forma guztietan autokudeaketara jo behar duela dioen ideia orokorra, bereak diren arazoak konponduz. Baina formakuntza dualaren alde egiten zuen, ikasketen kostuaren zama guztia komunitateari ez uzteko, baizik eta ikasleak berak zati bat bere gain hartu behar zuelako. Gainera, Arizmendiarrietak bi sasoitan banatzen zen bizitzaren aurka zegoen: bata ikastekoa (lan egiten zutenen kontura), eta bestea lanekoa. Uste zuen ikasketak eta lanak, elkarren segidako etapak baino gehiago, iraungo zuten jarduera konbinatuak osatu behar zituztela. Gazteek lana eta ikasketak uztartu behar zituzten, eta helduek lana eta ikasketak bateratzeko eskubidea izan behar zuten.[3][42]
Lana eta batasuna
aldatuArizmendiarrietak 1960ko irailean sortu zuen “TU-Trabajo y Unión” (Lana eta Batasuna, hasieran Lankidetza izenarekin ezaguna) kooperatiben aldizkaria, eta bere zuzendaria izan zen beti.[3] Honela zioen: “Lana garapenaren eta sustapenaren oinarri sendoa da. Batasuna berriz, guztion indarrak biderkatzen dituen palanka. Eta Lankidetza, elkartasun erregimena da guretzat, lana sustapen pertsonal eta kolektiborako tresna egokia izan dadin”. Horregatik, kontzeptu horiek kooperatiben estatutuetan jasotzeko eskatu zuen.[38]
Aldizkaria honela ulertzen zuen: “Elkarrizketa, harreman eta lankidetzarako etengabeko gonbitea, gizarte justiziako postulatuak enpresaren esparruan askatasun eta maitasun giroan sustatzeko, lan komunitate baten barnean ezinbestekoak direlako”. Lana auto-errealizazio pertsonal eta solidariorako bidetzat hartzen zuen, norbanakoaren hobekuntzarako eta hobekuntza kolektiborako bide bezala, eta kontzientzia humanista eta sozial ukaezinaren erakusle.[43]
Etengabe azaltzen zuen lanak duintasuna ematen ziola pertsonari, eta eskualdeen eta herrialdeen garapen mailak lanaren mende daudela. Adituen azterketa baten arabera, Ameriketako Estatu Batuetan beren izaerak, lurrek, basoek, ibaiek, itsasoek eta meategiek garapen mailan egiten zuten ekarpena zortziren bat izan zitekeen, eta lan-faktoreek berriz, zazpi zortziren.[44] Arrasate kokatzen den Deba Garaia Harana ez da inolako aberastasun naturalengatik nabarmentzen, eta duen garapena bertako biztanleen lan neketsuak sustatu eta sortua da.[45]
Batasunari dagokionez, demokrazia elkartasun zantzutzat hartzen zuen, eta beraz, kooperatibek demokratikoak izan behar zuten, bazkide bakoitzak boto bakarra izanik. Era berean, batasunak pertsona guztien erantzukizuna eskatzen zuen, batasuna ahulen indarra baita; eta elkartasuna berriz, indarra biderkatzen duen palanka ahaltsua.[46]
Enpresaren erreforma
aldatuArizmendiarrietak Union Zrrajera bezalako enpresen erreformaren bidez, langileen duintasuna bilatzen zuen, elizaren doktrina sozialean oinarrituta. Jadanik 1933an, ELA Eusko Langileen Alkartasuna sindikatuaren programak ezartzen zuen langilearen eskubideak ez zirela agortzen bidezko soldatarekin. Beraz, enpresan parte hartzea eskatzen zuen, bai mozkinen zati bat bereganatuz kapitalaren akzioak jaulkiz, bai enpresaren kudeatzaile-kide bilakatuz.[47] Gerra zibilaren ondoren eta sindikatuak debekaturik, elizaren gizarte-doktrina langileen erakunde katolikoetan egon zen, 60ko hamarkadan garapen handia lortuz.[48] Hain zuzen, Alemaniako eta Belgikako langile-mugimendu katolikoek eskatu zuten, gerraosteko berreraikitze egoera aprobetxatuz, langileek enpresaren kudeaketan, mozkinetan eta akziodun bilakatzeko aukera izatea, kritika gogorrak eginaz kapitalak pertsonengan zuen nagusitasunari.[49]
Arizmendiarrietak, Union Zerrajeraren zuzendaritzari aldaketak proposatuz hamabost urte alferrik galdu ondoren, 1956an erabaki garrantzitsua hartu zuen. Profesionalki ongi prestatutako gazte talde bat animatu Union Zerrajerako lanpostu finkoak uztera, enpresa berri bat sortzeko. Enpresa horretan bere ideiak gauzatzea bilatzen zuen, hots, lanaren lehentasuna kapitalaren aurrean, autokudeaketa, eta demokrazia. Logikoki ugazaba batzuekin zituen harremanak nabarmen okertu ziren, eta zailtasunak sortu ziren Eskola Profesionalean ere, ordura arte lankidetza ezin hobea eta eskuzabaltasuna nagusi zirenean. Kooperatiba berrien hasierako arrakastaren ondoren, lan noble eta garrantzitsuenetariko bat, pertsonengan bere ahalmenen kontzientzia piztea zela idatzi zuen.[50] Langileak lanean eta kristau bakean oinarritutako benetako emantzipazio baten itxaropenarekin bizi ahal izatea bilazen zuen.[5] Eta aurrerantzean, arrazoibidea eguneratu eta enpresaren erreforma era esplizituan aipatzeari utzi zion.[51]
Lidergoa eta itzala
aldatuArizmendiarrietaren lan metodoa konfiantzako gazteekin lan egitea izan zen.[52] Zaldispeko lehen Eskola Profsionalean egindako irakaskuntza lanari esker, eta baita Kirol Gazteriaren erakundean eta Ekintza Katolikoan parte hartzeari esker, gazte saiatuenak zituen.[53] Hala, 1946. urtean hamaika gazte hautatu zituen Ingeniaritza Industrialeko ikasketak jarrai zitzaten Zaragozan, eta horietatik, 1955ean Unión Zerrajeran jadanik profesional garrantzitsuak bilakatuak ziren bost gazte, ULGOR lehen kooperatiba industriala sortzeko animatu zituen.[7] Horrela, 1941etik 1955era bitartean erakundeak sortzen izandako arrakastak segurtasun nahikoa sortu zien gazteei, ezkonberriak denak, eta oraindik etxeen hipotekak ordaintzen egon arren, Arrasateko enpresa onenean lanpostu seguru batzuk utz zitzaten. Eta etorkizuneko abentura zalantzagarri bati ekin ziezaioten, mentorean jarritako konfiantzan.[54]
1959an ULGOR arrakastaz hazten ari zen, eta merkatuan finkatuta zegoen. Bazkideek Alfonso Gorroñogoitia ingeniari elektronikoa hautatu zuten Kontseilu Errektoreko lehendakari, eta Kontseiluak berriz, Jose Maria Ormaetxea ingeniari kimikoa izendatu zuen gerente.[55] Baina Arizmendiarrietak kreditu-erakunde kooperatibo bat sortzeko asmoa zuen, eta bere kontura proiektua eta Laboral Kutxako estatutuak idatzi ondoren, ministerioek haren sorrera onartzea lortu zuen.[56] Kudeatzeko, batez ere merezimendua eta zintzotasuna bilatu zituen, eta Ormaetxeari proposatu zion bera zuzendaria izatea. Hain zuzen, enpresa handi bateko zuzendari nagusi izatetik Ferrerias kaleko bulego xumera igarotzea. Ormaetxeak zioenez, “Onartu egin nuen, banku-negozioaren sektorea erabat ezezaguna izan arren niretzat, eta balantze bat interpretatzen ozta-ozta jakin arren”. Era berean, Arizmendiarrietak konbentzitu egin zuen Gorroñogoitia bi lehendakaritzak partekatzeko, ULGOReko Kontseilu Errektore eta Sozialean zuen itzal handiaren bermea zuelako.[14]
Bestalde, 1965ean Arizmendiarrietak bere kabuz Alecop ikasle-kooperatiba industriala sustatu zuen. Eta instalazioak finantzatzeko, diru-laguntzak eskatu zizkien erakunde publikoei eta mailegu bat Laboral Kutxari, honek abal-emaileen premia azalduz. Arizmendiarrieta Eskola Profesionaleko hainbat irakasleri zuzendu zitzaien, abala sina zitzaten. Horietako bat Manolo Quevedo zen, urte batzuetara Ikerlan Ikerketa Zentroaren fundatzaile eta lehen zuzendaria bilakatuko zena, “Sinatuko nuela erantzun nion, baina emaztearen oniritzia jaso ondoren, hiru alaba txiki genituelako. Bazkideak eta kudeatzaileak ikasleak izango ziren enpresa bat abalatzea, eta ondoren abal-emaileek inolako loturarik izango ez genuenean, benetan ezohikoa zen”.[14]
Eztabaidak
aldatuArizmendiarrietak gizarte enpresa kontzeptua ekintzaren eta praktikaren bidez garatu zuen, eta horrek bost esparrutan bil daitezkeen eztabaidak sortu zituen:
- 1941ean Arizmendiarrieta elizako gizarte doktrinaren ideiarekin iritsi zen Arrasatera, langilea gustura egongo zena lanpostuan, edozein pertsona berez adimentsua eta arduratsua zelako. Unión Zerrajerako Aprendizen Eskolan eta Ekintza Katolikoan ekin zion bideari, baina garai hartan etsipenez idatzi zuen langileek estatuaren zerbitzura ikusten zutela eliza: “Armada, kleroa eta falangea kapitalistaren hiru atzaparrak dira”. Halaber, eliza gerra zibilaren irabazleen bandoan ikusten zutela. Hori zela eta, hiru bertuteko katalogo bat ezarri zuen langileen ingurunean jardun nahi zuen apaizarentzat: askatasuna, soiltasuna eta lanerako gogoa.[8]
- 1956an Gipuzkoako Gobernadore Zibilak deportatzeko zorian egon zen, urte hartako langileen greben arduradun nagusia zela egotzita. Era berean, 1965ean eta 1969an Gobernadoreak Eskola Profesionala salatu egin zuen politizazio- eta subertsio-gunea zelakoan, ikasleek Euskal Aberri Egunean parte hartu zutelako. Eta baita 1969an, Gobernadorearen asmoa zen “arrastoan sartzea eta oinetan jartzea emantzipatzeko grina ukaezin eta arriskutsuekin tematuta dauden Arrasateko kooperatibista harroputz haiek, jarrera jaso horrek Euskal Herriko gainerako biztanleak kutsa baititzake”.[8]
- 1960an tokiko eta eskualdeko enpresaburu kapitalisten lehen kritikak hasi ziren, zuzenean eta Gipuzkoako Industria Ganbera Ofizialaren bitartez, kooperatiben hazkundearen aurrean mesfidati. Arizmendiarrietak harreman bikaina zuen enpresari askorekin, eta Eskola Profesionaleko bazkide izatera bultzatu zituen, hala nola Oñatiko Cegasa enpresako Juan Celaya edo Arrasateko JMA enpresako Jose María Altuna. Baina kritikariek argudiatzen zuten alde batetik langileak beren enpresetatik kooperatiba berrietara aldatzen zirela, eta bestetik, enpresa horien onura fiskaletan zegoela hazkundearen arrazoi nagusia. Sozietateen gaineko zergaren %10eko kenkaria zen gakoa, kooperatibek komunitatera bideratzen zuten Sustapen eta Enplegu Funtsa. Bigarren argudio hori urte askotan errepikatu zen.[8]
- Kooperatibetan ez zegoen sindikaturik, bere funtzioak Kontseilu Sozialak betetzen zituelako, eta 1966an sektore ezkertiar eta sindikalen lehen kritikak hasi ziren, kooperatibismoa gizartearentzat irtenbide eskasa zela uste zuelako, sozialismoa soikik “ate barrukoentzat” zelako. Kritikari horiek kooperatibismoaren alderdi positiboak ere hartzen zituzten kontutan, hots, bazkide bat/boto bat, enpresaren gobernu demokratikoa eta ez kapitalaren araberakoa, lanaren gainbalioak komunitateari egoztea, edo elkartasuna soldata-aukera mugatuaren bidez klase pribilegiatuak eratzea oztopatzen zuelako. Baina hala ere, eragozpen nagusitzat hartzen zen kooperatibismoak merkatu kapitalista librearen printzipioa onartzen zuela.[57]
- 1970ean euskal ezkertiar berrien beste kritika batzuk sortu ziren, ETAko taldeei eta haien ondorengo zatiketei lotuak.[8] Uste zuten, Arizmendiarrieta bera ere barnean sartuz, kooperatibetan klase teknokrata buruzagi bat sortu zela, kooperatibista izenekoa, euskal langile-klasea askatzea eragozten zuena. Izan ere, hori izan zen Madrilgo Lan Ministerioak Laneko Merezimenduaren Dominak kooperatibistei banatzeko arrazoietako bat.[8] 1972an, erepikatu egin ziren horrelako polemikak Alecopen eta Arrasateko Ikastolan. Eta 1974ko ekainean, lehen aldiz kooperatibetan, greba bat egin zen ULGOR eta Fagor Elektroteknikan lanpostuak balioesteko araudi berri baten ondorioz.[16] Hainbat istilu desatseginen ondoren, 24 bazkide kanporatuak izan ziren, Batzar Orokorrak horrela erabakita. Urte batzuk geroago, berriz onartzeko aukera eman zitzaien, eta hainbat kanporatuk hala egin zuten.[57] Era berean, ingurune horretatik kooperatibismoari euskal gaiarekiko sentsibilitaterik eza aurpegiratzen zitzaion.[8]
Eragina eta ondarea
aldatu- 1952an, Eskola Profesional berria inauguratu ondoren, Ruiz Giménez Hezkuntza Ministroak Alfontso X.a Jakitunaren Ordena Zibilaren Enkomienda eman zion.[6]
- 1966ko apirilean, Arrasateko udalak omenaldia egin zien ongintzazko hiru pertsonei, herriko adopziozko semeak izendatuz: Mariano Briones sendagile jaunari, Jose Luis Iñarra parroko jaunari eta Jose Maria Arizmendiarrieta jaunari. Hiru omenduek 25 urte betetzen zituzten Arrasaten.[6]
- 1966ko abuztuan, Alecoop ikasleen kooperatiba industriala inauguratu ondoren, Romero Gorria Lan Ministroak pertsonalki Laneko Urrezko Domina eman zion.[8]
- 1972an zabaldu zen Lagun Aro, Ikerlan eta Laboral Kutxa dauden Olandixo hegaleko errepideak, Jose Maria Arizmendiarrieta pasealekua izena du.[58]
- 1992. urtean Markina-Xemeingo Barinaga jaiotze-auzoan, bere omenez monumentu bat inauguratu zen.[59]
- 2009ko maiatzaren 6an amaitu zen kanonizazio prozesuaren elizbarrutiko fasea, eta 2015. urtean Frantzisko Aita Santuak Beneragarri izendatu zuen.[60]
- 2016ko apirilean, Arrasateko Laubide enparantza Jose Maria Arizmendiarrieta enparantza izenera aldatu zuten, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako plaka bat jarriz bertan: “José María Arizmendiarrieta (1915-1976) enparantza. Arrasateko kooperatibismoaren sortzailea. Mundu osoan zabaltzen den lan elkartuaren eredua. Jaio zenetik 100 urtera”.[61]
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h i j k (Gaztelaniaz) Ormaetxea, Jose Maria. (1991). La experiencia cooperativa de Mondragon. Azatza, ed, 184 or. ISBN 978-84-604-0011-0..
- ↑ a b 2020. urteko Txostena. https://www.mondragon-corporation.com/urtekotxostena/dist/docs/eus/urteko-txostena-2020.pdf..
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n (Gaztelaniaz) Leibar, Juan; Azkarate, Joxemi. (1993). Historia de Eskola Politeknikoa José M.ª Arizmendiarrieta. Laboral Kutxa, 171 or. ISBN 84-606-1940-0..
- ↑ a b (Ingelesez) MacLeod, Greg. (1998). From Mondragon to America: Experiments in Community Economic Development. Canada: Cape Breton University, 116 or. ISBN 978-0920336533..
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Sinde, Juan Manuel. (2021). Las claves del éxito de la Experiencia de Mondragón (I). Noticias de Gipuzkoa. Donostia. https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/opinion/tribuna-abierta/2021/08/07/claves-exito-experiencia-mondragon-i/1132560.html.
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s (Gaztelaniaz) Molina, Fernando. (2005). José María Arizmendiarreta. Laboral Kutxa, 467 or. ISBN 84-920246-2-3..
- ↑ a b c d e f g h i j k (Gaztelaniaz) Larrañaga, Jesús. (1998). El cooperativismo de Mondragon. Interioridades de una utopía. Azatza, 189 or. ISBN 84-88125-12-7..
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n (Gaztelaniaz) Azurmendi, Joxe. (1991). El hombre cooperativo. Pensamiento de Arizmendiarrieta. Azatza, 636 or. ISBN 84-88125-01-1..
- ↑ (Gaztelaniaz) Tellechea , José Ignacio. (2005). El otro Dn. José María. Laboral Kutxa, 83 or. ISBN NA-2028-2005..
- ↑ (Gaztelaniaz) Union Cerrajera. Bolsa de Madrid. https://www.bolsamadrid.es/esp/aspx/Empresas/FichaValor.aspx?ISIN=ES0181230014.
- ↑ a b Velez De Mendizabal, Josemari, Barrutiabengoa, Jose Angel, Garai Juan Ramon.. (2007). "Ama" Cerrajera. UNION CERRAJERA ARRASATE ISBN 978-79-611-8407-9..
- ↑ (Ingelesez) Romeo, Nick. (2022). How Mondragon Became the World’s Largest Co-Op. The New Yorker.
- ↑ (Ingelesez) Herrera, David. (2004). «Mondragon: a for-profit organization that embodies Catholic social thought.». Entrepreneur Media, Inc. Wayback Machine. St. John's University, College of Business Administration, USA, 11,12 or..
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Irizar, Iñazio; MacLeod, Greg. (2010.). 32 claves empresariales de Mondragon. Garaia P.T., 101 or. ISBN LG. SS-10-2010..
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Leibar, Juan, Ormaechea, Jose Maria. (1993). Dn. Jose Maria Arizmendiarrieta y sus colaboradores. Otalora, 64 or..
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Molina,Fernando. (2006). Fagor Electrodomésticos (1956-2006). Historia de una experiencia cooperativa. Laboral Kutxa, 91, 115 or. ISBN 84-689-7392-0..
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Fernandez, José Ramón. (2001). 1956-2000. La experiencia cooperativa de Mondragón. Mondragón Corporación Cooperativa, 30 or. ISBN DL. SS.1176-96..
- ↑ a b c d e f Altuna, Larraitz. (2008). Arrasateko kooperatiba esperientzia. Lanki, Mondragon Unibertsitatea, 129 or. ISBN 978-84-608-0965-4..
- ↑ (Gaztelaniaz) Ley 4/1997, de 30 de mayo, de reconocimiento de la Universidad "Mondragon Unibertsitatea". Agencia Estatal Boletin Oficial del Estado https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2012-411, 1526-1529 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Ormaetxea, Jose Maria. (1993). Arizmendiarrieta y la empresa cooperativa. Gizabidea Fundazioa.
- ↑ (Gaztelaniaz) Greenwood, Davydd; González, José Luis.. (1990). Culturas de Fagor. Estudio antropológico de las cooperativas de Mondragon. Txertoa, 166 or. ISBN 978-8471482488..
- ↑ (Gaztelaniaz) Irizar, Iñazio. (2003). Empresarios singulares. Cuatro testimonios, una experiencia cooperativa. Mondragon Unibertsitatea, 49 or. ISBN 84-608-0271-X..
- ↑ (Gaztelaniaz) Sinde, Juan Manuel. (2019). Ormaetxea, empresario excepcional. Fundación Arizmendiarrieta https://es.linkedin.com/pulse/ormaetxea-empresario-excepcional-fundaci%C3%B3n-arizmendiarrieta.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Chaves, Rafael, et al. (1999). Grupos empresariales de la economía social: un análisis desde la experiencia española. CIRIEC-España, Universitat de València, 67-98 or. ISBN 84-95003-08-2..
- ↑ (Gaztelaniaz) Cancelo Alonso, Antonio. (1999). «Mondragon Corporación Cooperativa. Historia de una Experiencia». Revista Internacional de Estudios Vascos.
- ↑ (Gaztelaniaz) Bretcha, Albert. (2021). Los orígenes del cooperativismo en Euskadi y Nafarroa, una historia de éxito. Noticias de Gipuzkoa. Bilbo. https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/semana/2021/06/28/origenes-cooperativismo-euskadi-nafarroa-historia/1122403.html.
- ↑ (Gaztelaniaz) Pons, Marc. (2021). ¿Por qué Euskal Herria es el país de las cooperativas? Barcelona. Sábado, 14 de Agosto 2021. 05:30. ElNacional.cat. Barcelona. https://www.elnacional.cat/es/cultura/marc-pons-euskal-herria-pais-cooperativas_636785_102.html.
- ↑ (Gaztelaniaz) Cristóbal, Rafael. (2014). Sujeto y comunidad.Una noción subyacente al paradigma cooperativo. Lanki, Mondragon Unibertsitatea, 27 or. ISBN 13 978-84-616-9011-4..
- ↑ Gómez, Laura. (1998). Nazioarteko Kooperatiba Aliantza: bere garapena erakunde eta gizartearen eraldatzaile gisa. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, 212 or. ISBN 978-84-921277-5-7..
- ↑ (Gaztelaniaz) Estornes Zubizarreta, Idoia. (2016). Cuando Marx Visitó Loyola: ELA-STV, un sindicato vasco durante el periodo franquista. Erein Argitaletxea, 167 or. ISBN 978-8491091509..
- ↑ (Gaztelaniaz) Berriochoa Azcarate, Pedro. (2020). Un eibarres extraordinario - Toribio Echevarria (1887-1968). Kutxa, 35-- or. ISBN 978-84-7173-604-8..
- ↑ (Gaztelaniaz) ALFA, cooperativa obrera. De fabricar armas a máquinas de coser. Historia del movimiento obrero https://historiadelmovimientoobrero.blogspot.com/2018/08/alfa-cooperativa-obrera-de-fabricar.html.
- ↑ (Gaztelaniaz) Diez de Salazar, Luis Miguel. (1997). Ferrerías Guipuzcoanas. Aspectos socio-económicos, laborales y fiscales (siglos XIV-XVI). Fundación Social Kutxa. Donostia-San Sebastián, 79, 112 or. ISBN 84-7173-307-2..
- ↑ (Gaztelaniaz) Azpiazu, José Antonio. (2001). Economía, sociedad y cultura en Arrasate en tiempos de Esteban de Garibay. , 47-74 or. ISBN 84-8419-926-6..
- ↑ (Gaztelaniaz) González García, José María. (2007). Unión Cerrajera. Auñamendi. Eusko Ikaskuntza. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/union-cerrajera/ar-141010/+ISBN ISSN 2444-5487..
- ↑ (Gaztelaniaz) Azpiazu, Jose Antonio. (2017). Los Garay. Una saga industrial en Oñati durante 150 años. Fundación Aranzabal, 68 or. ISBN 978-84-09-01938-0..
- ↑ (Gaztelaniaz) Fichas de Arizmendiarrieta. Eusko Ikaskuntza – Dokumentu fondoa – Fondos documentales https://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/dokumentu-fondoa/dokumentu-fondoak/bilatu/?b=1&mo=1&hi=&fo=2&desde=10&desde=20#e.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Molina, Fernando. (2011). Arizmendiarrieta 1915-1976. Apóstol de la cooperación. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea, 40 or. ISBN 978-84-615-4947.4..
- ↑ Galletebeitia, Iban. (2012). "Ereiterik bada desertuan, J.M. Arizmendiarrieta". Euskal Herriko pentsamenduaren gida, Bilbo, UEU ISBN 978-84-8438-435-9..
- ↑ (Ingelesez) Beed, Clive; Beed, Cara. (2002.). Review of Social Economy, ed. Work Ownership Implications of Recent Papal Social Thought. Taylor & Francis, Ltd, 47-69 or. ISBN doi: 10.1080/00346760110127092...
- ↑ (Gaztelaniaz) Larrañaga, Jose Maria. (2001). El socio cooperativista. Otalora, 26 or..
- ↑ (Ingelesez) Vaněk, Jaroslav. (2007). A note on the future and dynamics of economic democracy. Advances in the Economics Analysis of Participatory and Labor managed Firms. Cornell University. Cooperative firms in global markets., 297-304 or. ISBN 978-0-7623-1389-1. doi:10.1016/S0885-3339(06)10011-3...
- ↑ Azurmendi, Joxe. (1999). On Jose Maria Arizmendiarrietaren pentsamenduak.. Otalora, Azatza, 77- or. ISBN LG: BI-987/2013..
- ↑ (Ingelesez) William Foote Whyte; Kathleen King Whyte. (1991). Making Mondragon. ILR Press, Cornell University, USA, 117,118 or. ISBN 9780875461373..
- ↑ (Ingelesez) Cid, Mikel. (2005). "Making the social economy work within the global economy: an empirical study of worker co-operatives in Québec, Emilia Romagna and Mondragon.". Doktoretza, europar aipamenarekin, argitaratu gabea, Mondragon Unibertsitatea., 175-176 or. ISBN Erref. TESEO Mº Educación 387897..
- ↑ (Ingelesez) Malone, Tom. (2004). The future of work: How the New Order of Business Will Shape Your Organization, Your Management Style, and Your Life. Harvard Business School Press, 125 or. ISBN 978-1591391258..
- ↑ (Gaztelaniaz) Elorza, Antonio. (1993). Ideologias Del Nacionalismo Vasco (Col. "Euskal historia ; 1). R&b Ediciones, S.L., 171 or. ISBN 978-8474070507..
- ↑ (Ingelesez) Roelants, Bruno, et al. (2019). Cooperatives and the World of Work. Routledge, ICA-The International Co-operative Alliance, 66-- or. ISBN 978-0367250850..
- ↑ Zelaia, Adrian. (1997). Kooperatibak Euskal Herrian. Udako Euskal Unibertsitatea, 38- or. ISBN 84-86967-88-0..
- ↑ (Ingelesez) De Geus, Arie. (1997). The Living Company. Habits for Survival in a Turbulent Business Environment. Harvard Business School Press, 188 or. ISBN 978-0875847825..
- ↑ (Gaztelaniaz) Aranzadi, Dionisio. (1976). Cooperativismo industrial como sistema, empresa y experiencia. Deustuko Unibertsitatea, 377 or. ISBN 978-8460005506..
- ↑ (Gaztelaniaz) Larrañaga, Jesús. (1986). Pefil de un lider. TU Lankide https://www.tulankide.com/en/print-edition/november-1986/embed/november-1986, 19 or. ISBN DL. SS 57.190..
- ↑ (Gaztelaniaz) Larrañaga, Jesús. (1981). Buscando un camino. Don José María Arizmendiarrieta y la experiencia cooperativa de Mondragón. Laboral Kutxa, 148 or. ISBN ASIN: B00IGG0WVM..
- ↑ Azurmendi, Joxe. (2016). Pertsona kooperatzaileaz. Gizabere kooperatiboaz, Donostia: Jakin ISBN 978-84-95234-96-4..
- ↑ (Gaztelaniaz) Isasti, Armin; Uribe, Isabel. (2021). Ormaetxea. Biografia dialogada. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea, 133 or. ISBN 978-84-09-27729-2..
- ↑ (Gaztelaniaz) Garmendia, Fermín; González, Manolo. (2015). José María Arizmendiarrieta. Un Hombre, Un Pueblo, Una Experiencia. ESIC Editorial, 167 or. ISBN 9788416462506..
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Kasmir, Sharryn. (1999). El mito de Mondragón: cooperativas, política y clase trabajadora en una ciudad del Pais Vasco. Txalaparta, 105-- or. ISBN 9788481361537..
- ↑ (Gaztelaniaz) Paseo Jose Maria Arizmendiarrieta. https://callejerode.com/arrasate-mondragon/paseo-jose-m-arizmendiarrieta.
- ↑ Garamendi, Gaizka. (2007). "Aitaren omenaldia" obra Markina-Xemein herrian (Bizkaia). 3digitala. Euskomendia Fundazioa. http://www.3digitala.com/eu/ficha.php?id=103917.
- ↑ (Gaztelaniaz) El Papa Francisco nombra “Venerable” a Arizmendiarrieta. TU Lankide. Otalora, Azatza.
- ↑ Arizmendiarrietak bere izeneko plaza du Arrasaten. TU-Lankide. Otalora. Azatza https://www.tulankide.com/eu/arizmendiarrietan-bere-izeneko-plaza-du-arrasaten?set_language=eu.
Kanpo estekak
aldatu- Jose Maria Arizmendiarrieta: artxiboa, idatziak, argazkiak (Euskomedia)
- Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea
- Arizmendiarrieta kristau Fundazioa
- Arizmendiarrieta kanonizatzeko kausa
- Joxe Azurmendiri egindako elkarrizketa eta bideoa Arizmendiarrietari buruz
- (Gaztelaniaz) Bideoa: Jose Maria Ormaetxea Arizmendiarrietari buruz
- "Arizmendiarrieta. El hombre cooperativo" dokumentalaren webgunea (2018).