Edukira joan

Oka (ibaia)

Koordenatuak: 43°22′N 2°40′W / 43.36°N 2.67°W / 43.36; -2.67
Wikipedia, Entziklopedia askea
Oka
Okaren bukaera aldeko padurak
Oka (ibaia) is located in Euskal Herriko ibaien mapa
Oka (ibaia)
Oka (ibaia)
Oka (ibaia) (Euskal Herriko ibaien mapa)
Koordenatuak43°22′N 2°40′W / 43.36°N 2.67°W / 43.36; -2.67
Kokapena Bizkaia
Luzera17 km
Arroa132 km²
Batez besteko emaria3,6 m³/s

Oka[1] ibaia Bizkaiko ibaia da. Oiz mendiaren magalean, Gorozika auzoko Zugastieta inguruan, jaiotzen da, 601 metroko altuera duen Goroño, 1.035 metroko altuera duen Oiz, 563 metroko altuera duen Bizkargi eta 552 metroko altuera duen Arburun jaiotako zenbait erreken lotunean. Hegoaldetik iparralderanzko norabidean doa eta Gernikatik aurrera itsasadar bihurtzen da eta Urdaibaiko padura eratzen du. Mundakan itsasoratzen da. Guztira 17 kilometroko luzera du[2].

Munduan zehar badaude izen bera duten beste ibaiak: Burgosko probintzian 70 kilometroko luzera duen Oca ibaia dago, Ebroren ibaiadarra dena; Errusian, berriz, Oka izeneko ibaia ere badago Volgaren ibaiadarra dena. Honek 1.495 kilometroko luzera du. Alexandrovkan jaio ondoren, Orel, Tula, Kaluga, Mosku, Riazan, Vladimir eta Nizhny Novgorod oblastak zeharkatzen ditu Nizhni Novgoroden hil arte.

Bere arroan Urdaibaiko padura dago, Unescok 1984an biosfera erreserba izendatu zuena[3]. Bere joritasun naturala, eta batez ere ornitologikoak ezinbestekoa izan zen 1994an Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatua izateko eta Natura 2000 Sarean izateko[4]. 1992an Espainiako Gobernuak Ramsarreko hitzarmenaren Garrantzidun Hezeguneen zerrendan sartu zuen.

Ibaiak bere 17 kilometroko luzeran ondoko herrietatik pasatzen da: Muxika, Gernika, Forua, Busturia, Murueta, Sukarrieta, Mundaka, Kortezubi, Gautegiz-Arteaga eta Ibarrangelu

Oka ibaiaren arroak 132 kilometro koadro ditu eta arro horretan 45.000 pertsona bizi dira. Arroaren goialdean Oiz inguruko mendietatik datozen zenbait erreka daude, nagusiak Oiz beratik, Arburutik eta Bizkargitik datozenak izanda. Erreka hauek baso sarriz beteriko ibar estuetatik isurtzen dituzte bere urak, intsinis pinuz inguratuak. Ekialdean dituzten maldak 250 metrotara ere heltzen dira[5]. Zugaztieta ondoan errekek bat egiten dute ubide nagusian. Honek hondo harritsuaren gainetik egiten du Muxikara arteko bidea, urjauzi txikiak eginez.

Gernikara heldu baino kilometro gutxi aurrerago, eremua lau bihurtu eta ibilgua bihurria; hiribildu foraletik aurrera itsasadarra hasten da, marearen eragina bertaraino ailegatzen baita. Antzinean Gernikak ibai-portu bat izan zuen eta bertara itsasadarraren bokalean dagoen Mundakako portutik zetozen ontziak ailegatzen ziren. Ontzi hauek gaztelaniaz nadichuelo mercantil zuten izena. Okan, Gernika parean, ibai-portu bat izateak hiribildu bat eratzeko arrazoi nagusia izan zen, bere hiri-gutun dioen moduan[6]:

« Sepan cuantos esta carta proivilegio vieren. como yo, Don Tello, con placer de todos los vizcainos, fago en Guernica población e villa que se dice Puerto de Guernica (...) otrosi mando que non debes portazgo ni treintazgo ni preciode nave nin Bagel, nin de otra mercancia, que venga e vaia de este lugar de Guernica »


Gernikaraino heldu baino lehen, Okak bere ezkerraldeko ertzean Ugarte edo Muxika errekaren urak jasotzen ditu, Bizkargi menditik datorrena, eta behin hiribildu forala pasata, Berrekondo errekarenak. Hau, ibaiaren ibaiadar nagusia dena, Oizetik dator. Ugaranera zuzenean isurtzen diren errekak ondokoak dira: Mape, Sollubetik (686 m) datorrena, eta Golako, Oka bezalaxe 15 kilometrokoa, ibaiburua Oitzen ere duena. Illuntzarren (727 m) sortzen dira Golako ibaiaren adar batzuk, Huarka eta Gaztiburu, besteak beste baita Omaerreka ere[2].

Ibaiaren eskuinaldean dagoen eremua kareharri hareatsuz osatutako lurrak dira eta Karst bat osatzen dute. Horrexegatik lurrazaleko urak urriak dira eta ibai eta errekak gehienetan lurrazpian heltzen dira Oka ibairaino, adibidez Omaerreka.

Itsasadarra sortzen den lekuan eremua aldatuz doa itsasoraino hurbildu ahala. Ibaiak sedimentuak jalkitzen ditu, ibilgua lohiz betetzen eta itsasoa hurbildu ahala putzuak eratuz. Estuarioan marearen kopuruan ibaiarena baino handiagoa da. Urak guztiz nahasten dira, nahiz eta askotan geruzapen txiki bat ere geratu daitekeen.

Itsasoaren jalkinak mareek eramak dira eta malda gutxiko estuario-ordokia sortzen dute (0,2 m/km Gernika eta Murueta artean). Kretazeoko kareharriak eta Triasikoko ofitak sedimentu hareatsuen artean urgaineratu eta haranaren atal batzuetan, Bekoa uhartearen parean tartean, ibilgua estutzen dute.

Gernika eta Murueta artean XX. mendearen hasieran ubide lerrozuzen bat eraiki zuten. Ubide honek bihurgunetsua oso zen antzinako ibilgua aldatu zuen. Bost kilometroko luzera duen ubide honek meandroak ezdeus bihurtu zituen. Antzinako ibilguen alde bietan zeuden padurak polderren bidez lehortu eta nekazaritza eta abeltzaintzarako lurzoruak lortu zituzten. Neguan eremu hauetan hegazti asko bizi dira.

Sedimentuek pixkanaka pixkanaka lokatzak sortzen dituzte eta, era berean, hauek, nahasketaren ondorioz, itsasadarreko bokala betetzen duten hareak. Oka ibaian honako hondartzak daude: Kanalape, Laidatxu, Laida, Toña eta Ondartzape. Eskuinaldean hondartza nagusia Laida da eta ezkerraldean, berriz, Mundaka eratu zuten.

Itsasadarraren ahoan Izaro uhartea dago, Hotzarri eta Potorro-harri gertuko harkaitzekin uhartedi bat osatzen duena. Lehen Antzora lurmuturrak uhartea eta kontinentea elkartzen zuen baina egun ubide hareatsu batek biak banatzen ditu[5].

Lurzoruaren erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arroko lurzoruek nekazaritza eta abeltzaintza eta basoko erabilera dute batez ere. Goialdean basoko erabilera nagusia, pinudi eta eukalipto-ustiategiak nagusiak izanik. Behealdean, berriz, nekazaritza eta abeltzaintzari ekiten diete. Inguruko herrietan edozein motako industriak daude: metalurgia, ontzigintza, kimika, kontserbagintza eta abar.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barnean dagoenez, Okako arroaren erabilpenak Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidariak onartuak dira. Lehendabizikoz 1993an argitaratua, Egitamu Gidaria 2003an berregin zuten. Egitamu honen helburua "erreserbaren, eta bereziki, lurrazaleko eta lurrazpiko uren ekosistema multzoa eta jatorrizko landaretza multzoa babestea eta berreskuratzea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurzoru ez urbanizagarria behar bezala erabil dadin ahalbidetzea" da[7].

Urdaibai inguruan dagoen landareria batez ere atlantiarra da. Nagusiak dira larreak, hariztiak, baso hostotsuak eta batez ere hazkunde arina duten konifera-sailak (pinus radiata edo insignis). Kostaldean, ostera, kantauriar baso gehiago daude, artediak eta gurbitzak nagusiak izanik. Guztira 615 landare-espezieak zerrendatu dituzte, non 318 ornodun-espezie bizi diren, horietatik 245 hegaztiak direnak.

Landareria arroaren ingurugiroen arabera aldatuz doa. Uraren gazitasuna, eremuaren ezaugarriak, orientazioa eta beste eragilek landareria nagusia zein den izateko zerikusia dute. Arroaren goialdean, pinu eta eukalipto-sail komertzialez gain, atlantiar baso (gaztainondoak, haritzak eta lizarrak) eta baso sarrien (haltzak, lizarrak, astigarrak eta zumarrak) tarteak daude. Sarritan sahatsak ere iksu ditzakegu. Paduretan, ostera, landareria nitrofilo, belarkara eta zuhaixka-erakoa da. Itsasotik gertu, itsasgorak urpean gelditzen dituen eremuetan, gazitasuna itsasoaren bezalakoa da eta harea eta lohizko lurzoruetan sastraka (zostera noltii) ohikoa da. Materia organikoa duten lohizko lurzoruetan spartina maritima agertzen da. Mareak gutxitan urez bete duen eremuetan, ihiak eta lezkak daude eta urrunago dauden lekuetan elymus generoko landareak[8].

Erdialdeko arroa atlantiar larrez beteta dago, gizakiak sortua gehienetan. Eskualdeko eraikin nagusia baserria da eta nekazal erabilerak inguruko larre, baso eta padurei ondasun ekologikoa ematen die. Hala ere, epeka epeka nekazal lanak utzi eta ingurumena okerrera egiten ari da, pinuak landatzeri ekiten dutelako[8].

Arroaren ikuspegi orokorra.

Oka eta bere ibaiadarren uretan arrain eta urlehortar espezie ugari bizi dira. Landareak moduan, ibilguaren kokapenaren arabera, aldatuz doaz. Goialdean amuarraina, mazkar arantzagabea, aingira, zarbo arrunta eta ezkailua bizi dira; erdialdean barbo eta loina arrunta agertzen dira, bokalea geroz eta hurbilagoa izan oparoagoak direnak; itsasadarrean zarbo arrunta, lazuna, platuxa latza eta aingirak arruntak dira[8].

Urlehortarrak ingurumenaren egoera eta gizakiak zanpatuta daude. Hala eta guztiz ere, arrabioak, uhandre marmolaireak, apoak, baso-igel gorriak, zuhaitz-igel arruntak, iberiar baso-igelak edo eskinko hiruhatzak topatu ditzakegu[8].

Ugaztunen egotea ere nabaria da, bai txikiak eta baita handiak ere. Desagertzeko zorian dagoen ur-ipurtatsa inportantea da, baita babestuta dauden muxar grisa, ipurtatsa edo basakatua ere. Eskualdean untxiak, katajinetak, lepazuriak, ur-satitsuak, basurdeak eta orkatzak ere bizi dira. Noizbehinka baserri batetik ihes egindako amerikar bisoi bat ere topatu daiteke[8].

Faunarik nabarmenena, ostera, hegazti-fauna da, izan ere, fauna honek bultzatu zuen eremuaren babesa. Erreserba Europa eta Afrika arteko migrazio-ibilbidearen barnean dago eta bertan aterpea bilatzen dute hegazti askok. Gainera, badaude arroa erabiltzen duten espezie sedentario eta udaldikoak ere. Azken hauek bertan egiten dute bere habia.

2002an, 2003an eta 2004an Urdaibai-hegaztiak elkarteak egindako eraztunketa-txostenetan, guztira 89 espezieko 6.785 espezimeni eraztuna ipini zioten[9]. Urtekarietan, berriz, 200 espezie izendatuak izan dira[10][11]. Nabarmenenak lertxun hauskara, mokozabal zuria, ubarroi handia, aliota handia, lertxuntxo txikia eta martin arrantzalea dira.

Ibaiaren kutsadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua. Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako. Hala ere, oraindik araztu gabe isurtzen dira hirigunetako eta —neurri txikiagoan— industriako hondakin urak Oka ibaiaren arroan.[12][13][14]

Eskuinaldetik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Berrekondo
  • Golako. Ur-kalitate ona dauka, izan ere, makroornogabe ugari eta oparoak ditu. Ondasun eszenikoa duten pasaiak ditu eta ibai-ekosistema asko. Bere ertzetan, errota eta burdinolak daude, tartean Olazaharra eta Uharka izenekoak; Uharka burdinolaren presak zentral hidroelektriko txikia elikatzen du[2].
  • Omaerreka. Ereñozar kareharrizko mendiaren itzalpean, Basondo eta Oma haranak zeharkatzen ditu. Eremu karstiko honetan dolina eta leize asko daude. Bertan kantauriar artadi bat dago, Bizkaiko nagusienetariko bat dena. Egun errota baten aztarnak dirau[2].

Ezkerraldetik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ugarte edo Muxika
  • Busturia
  • Sollube

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia: 166. araua: Euskal Herriko ibaiak.
  2. a b c d Bizkaiko Foru Aldundia. Oka. (Noiz kontsultatua: 2011-10-1).
  3. Eusko Jaurlaritza. Urdaibai Biosfera Erreserbako erabilpenerako eta kudeaketarako egitamu gidaria (EKEG) berritzeko parte hartze prozesua. (Noiz kontsultatua: 2011-10-1).
  4. Eusko Jaurlaritza. Urdaibaiko Artadi Kantauriarrak-Batasunaren Garrantzizko Lekuak (BGL). (Noiz kontsultatua: 2011-10-1).
  5. a b Erkoreka, Anton. (1997). Izaro, historias y tradiciones. in: Doniene. Ekain, 200 or. ISBN 978-84-920885-3-9..
  6. Ruiz de Velasco Tissier, Juan Antonio; Arrazola, Agustín; Olarra Allika, Gotzone. (2002). Urdaibairen Memoria. Basauri: Urdaibai Txatxi Elkarte Kulturala ISBN 84-931380-4-5..
  7. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila. (2004). Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudaeketarako Egitamu Gidaria. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia ISBN 84-457-2247-6..
  8. a b c d e Amboto, Rosa. (2005). Urdaibai, reserva de la biosfera. Ambientes. Urdaibai, reserva de la biosfera.
  9. Unamuno, José Mª. Hegaztien eraztunketa zientifikoa - Urdaibai (2002. urteko txostena). in: Urdaibai Hegaztiak. (Noiz kontsultatua: 2011-10-1).
  10. Aixerreku - Urdaibaiko Natura Gidariak. (1997). Anuario ornitológico Urdaibai 96. Gernika: Eusko Jaurlaritza (Noiz kontsultatua: 2011-10-1).
  11. Aixerreku - Urdaibaiko Natura Gidariak. (1998). Urdaibai 97 - Urtekari ornitologikoa. Gernika: Eusko Jaurlaritza (Noiz kontsultatua: 2011-10-1).
  12. Ecologistas en Acción: «Informe Banderas Negras 2006: ni un ladrillo más».[Betiko hautsitako esteka]
  13. Ecologistas en Acción: «Informe Banderas Negras 2007: metástasis costera».[Betiko hautsitako esteka]
  14. Ecologistas en Acción: «Informe Banderas Negras 2008: hipoteca costera».[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]