Edukira joan

Aliota handi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aliota handi
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaGaviiformes
FamiliaGaviidae
GeneroaGavia
Espeziea Gavia immer
(Brunnich, 1764)
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 5,46 kg
emea: 4,5 kg
Eguneko zikloaeguneko
Gavia immer
Aliota handia habian.

Aliota handia (Gavia immer) Gaviidae familiako hegaztia da[1], iparraldeko Ipar Amerika eta Eurasiako kostaldetan bizi dena. Euskal Herrian negu partean ikusten dugu.

Hegazti akuatiko handia da, 70-90 cm arteko luzera eta 127-147 cm arteko hego-zabalera ditu eta 1'6 eta 8 kilogramo artean pisatzen du, 4'1 Kg batazbeste. Antzararen tamaina eta ubarroiaren itxura dauka. Neguan kolore gris iluna izaten du, sabelalde zuria, lepoko beltza eta moko zurixka. Ugalketa garaian lumaia biziagotu egiten zaio; buru eta lepo beltza eta bizkarralde zuri-beltza izaten du, xake taularen antzekoa. Lepoko marratu bat ere azaltzen zaio. Sabelaldeak zuria izaten jarraitzen du. Begia gorri gorria da eta moko zorrotz zuzena ilundu egiten zaio. Ez dauka sexu dimorfismorik[2].

Hegan ari dela lepoa luzatzen du eta burua gorputza baino beherago kokatzen du. Hegaldatzeko distantzia luzean egin behar du korrika eta lurreratzerako orduan ere torpea da, izan ere hankak oso atzean baititu kokatuta, murgiltzeko egokiak izateagatik. Hegan aldiz oso abila da eta 120 km/h-ko abiadura erehar dezake[3]. Igerian ari denean flotazio-lerro baxua du eta sabelaldeko luma zuriak ikusten zaizkio, ubarroiek ez bezala.

Tundra eta taigako eremu zabaletako aintzira handietan bizi da. Elikagai ugari duten aintzirak aukeratzen ditu eta habiak ezartzeko uharteak izango dituztenak. Neguaren garai gogorrenetan ibaiak jarraituz kontinente barnerantz edota hegoalderantz jotzen du. Euskal Herriko kostaldean ere agertu ohi da tarteka[2], adibidez Txingudiko badian[4], Urdaibaien[5], edota Donostia[6] eta Getariako kaietan[7].

Bere dietaren gehiengoa arrainek osatzen dute, lutxoak, perkak, zentrarkidoak, amuarrainak, platuxak eta sardinak besteak beste. Uretan murgiltzen da eta hankak eta hegoak erabiliz harrapakinari jarraitzen dio ehizatzen duen arte. 60 metrotako sakoneraraino sartu daiteke[3] eta hiru minutuz egon daiteke ur azpian[8]. Dieta osatzeko anfibioak, moluskuak, krustazeoak eta anelidoak ere jaten ditu. Ur azpian harrapatzen dituen animaliak bertan irensten ditu baina harrapakina handia bada edo arriskua sor badiezaioke (karramarroak kasu) lehorrera ateratzen ditu, han hobeto manejatzeko[2].

Habia uraren ertzean kokatzen du, landare artean ezkutatuta. 37-47 cm diametrodun plataforma bat izaten da eta guraso biek eraikitzen dute adaxka, goroldio, alga eta beste hainbat landare hondarrekin. Urtetik urtera habia bera erabiltzen du.

Bi edo hiru arrautza jartzen ditu, kolore arre edo berdexka dutenak eta orban batzuk agertzen dituztenak. 25 egunetan zehar txitatzen dituzte eta txitak bi egunetik behin jaiotzen dira. Jaio eta bi egunetara gai dira ur azpian murgildu eta igeri egiteko. Hurrengo 42 egunetan gurasoek elikatzen dituzte eta 70 egun dituztenean hegan egiteko gai dira. Bi urte dituztenean ugaltzeko heldutasuna lortzen dute[2].

Normalean kumaldi bakarra izaten dute urtero baina ez da arraroa bigarren bat izatea ere.

Morten Thrane Brünnich zoologo daniarrak deskribatu zuen aurreneko aldiz 1764. urtean. Colymbus immer izena eman zion. XX. menderarte Colymbiformes ordenean kokaturik egon zen murgilekin batera, baina ondoren hegazti talde biak banatu eta Gaviiformes ordena sortu zen eta aliotari izena aldatu zitzaion[9].

Gavia izena latinezko hitz batetik dator, identifikatu gabeko hegazti itsastar bat izendatzeko erabiltzen zen[10]. Espeziearen immer izenak bi jatorri ditu; hizkuntza germaniar eta eskandinaviarretan "errautsak" esan nahi du, lumaia ilunaren adierazgarri, eta latinez aldiz immergo murgiltzea da[11].

Ez zaio azpiespezierik ezagutzen[12].

Ipar amerikako hainbat herriren ipuin tradizionaletan agertzen da. Ojibwa herriaren arabera aliota batek sortu zuen mundua. Mikmak herriaren saga batean Kwee-moo aliota Glooskap heroiaren mezulari maiteena zen[13]. Columbia Britainiarrean bizi diren herri indigena askok uste dute alioten abestiek euria erakartzen dutela. Horregatik agian, Kanadako dolar bateko bileteetan aliotaren irudia agertzen da.

Arthur Ransome idazle ingelesak Great Northern? eleberriaren protagonista bihurtzen du. Kanpoko Hebridak uharteetako (Eskozia) haur talde batek aliotaren habia babestuko du arrautzak batu eta eraman nahi dituen adituarengandik[14].

Euskal Herrian dituen izenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honako izen hauek ematen zaizkio aliota handiari[15]:

  • Gabarrosoa (Bidasoa Beherea, Lea Artibai, Zuberoa)
  • Sakilloa (Urola Kosta)
  • Pirta

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Appleby, R. H.; S. C. Madge; Killian Mullarney. (1986). «Identification of divers in immature and winter plumages» British Birds 79 (8): 365–391..
  2. a b c d «Colimbo grande» SEO/BirdLife.
  3. a b «The uncommon common loon -- Wisconsin Natural Resources magazine -- February 2013» dnr.wi.gov (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  4. «Txingudiko padurak eta Plaiaundiko naturgunea» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  5. birdflyway.com.
  6. «Donegaztian» Donegaztian (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  7. Etxeberria, Andoni Ruiz. (2014-02-09). «Andoni Ruiz Etxeberria: Aliota handia» Andoni Ruiz Etxeberria (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  8. Dan A. Tallman, David L. Swanson, Jeffrey S. Palmer. (2002). Birds of South Dakota. Midstates/Quality Quick Print, 3 or. ISBN 0-929918-06-1..
  9. «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  10. Jobling, James A.. (2010). The Helm Dictionary of Scientific Bird Names.. Londres: Christopher Helm., 171 or. ISBN 978-1-4081-2501-4..
  11. «Diving Birds of North America, by Paul Johnsgard | Papers in the Biological Sciences | University of Nebraska - Lincoln» digitalcommons.unl.edu (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  12. www.worldbirdnames.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  13. «The Algonquin Legends of New England: Glooskap The Divinity: How Glooskap became friendly to the Loons, and made them his Messengers» www.sacred-texts.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  14. «Totem Animals in Swallows & Amazons: Great Northern?» www.allthingsransome.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
  15. «Aliota handia» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]