Edukira joan

Zumar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zumar
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaRosales
FamiliaUlmaceae
Generoa Ulmus
Azpibanaketa
Ikusi testua
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakzumar egur eta burr elm (en) Itzuli

Zumarrak (Ulmus) Ulmazeoen familiako eta Ulmus generoko zuhaitzak dira. Hosto-erorkorrekoak dira. Oinalde asimetrikoa duten hosto txandakatu edo distikoak, nekez ikusten diren lore txiki berdeak eta samara-motako fruituak dituzte.

XIX eta XX. mendeetan, zumar espezie eta barietate ugari landatu ziren Europako eta Ipar Amerikako kale eta parkeetan; horrela sortu ziren zumarrez landatutako hiribide eta ibiltokiak, "zumardi"[1] edo "zumarkale"[2] izenekoak. Hala ere, azken hamarkadetan zumar ia guztiak, hirietakoak batez ere, hil egin dira grafiosi izeneko gaitzak jota, kakalardoek hedatutako onddoa. Egoera honi erantzuteko, baratzezainek barietate berriak garatu dituzte, gaitzari aurre egiteko gai direnak.

Zumarraren hostoak pinnatinerbatuak, bakunak, txandakatuak eta distikoki kokatuak, oin asimetrikodunak, zimurrak eta erorkorrak dira. Ertz horzduna edo zerratua eta iletsua azpikaldean, maiz zistolioekin epidermian.

Zumarraren zurtoina suberosoa eta zartatua da. “Txupoiak” ageri ditu, basoetan lekua betetzeko erabiltzen dituenak, gainontzeko zuhaitzengandik banatzeko.

Hermafroditak, txikiak, ez oso deigarriak eta glomeruloetan baturik. Hostoen aurretik garatzen dira, haizea erabiltzen dutenez polinizaziorako, hostoek traba egiten dutelako (anemogamoak). Kalizeko piezak oinean bateginda eta kolore gorrixkako anterak dituzte. Infloreszentzia itxiak edo mugatuak (meristema guztiz lorearen eraketara bideratua), brakteatuak (hostoak lorearen azpian) eta periginoak (lorezilak eta korola ginezeoaren alboan lotuta dituen lorea). Perianto monoklamideoa, 4-5 segmenturekin (sepaloak) azpikaldean eta iraunkorrak fruituan. Polen porotsua.

Zumarraren fruitua samara zapal formako da, hazia erdikaldean eta hegoak guztiz inguratzen duelarik. Hostoen agerpenarekin batera askatzen dira eta haizeak garraiatzen ditu.

Banaketa geografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta izatez ipar hemisferioan duen jatorria (Ipar Ameriketan eta Europan), egurra lortzeko eta apaintzeko erabilia izan denez XIX. mendetik, Australiara eta hego hemisferioko beste leku batzuetara iritsi da. Ondorioz, gaur egun mundu osoan zehar ageri da, batez ere urtaro nabarmenki banatuak dituzten lekuetan. Iberiar Penintsularen kasuan, ez dago argi espezie autoktonoa den edo gizakiak sartutakoa den.

Genero honetako zuhaitzei dagokienez, ipar hemisferioan zehar asko zabaldu dira, batik bat eskualde epeletan, Ipar Amerikan eta Eurasian. Ekuatorearen bi aldeetako eskualde tropikaletan ere topa ditzakegu, hala nola, Indonesian.

Hala ere, espezie batzuk kultibagarriak dira, eta horren eraginez, hego hemisferioko zenbait herrialdeetan topa ditzakegu gaur egun, horren adibide dira Australia eta Indonesia.

Ulmus generoko zuhaitzen kasuan, loratzea udaberrian gertatzen da, martxoa eta apirilean, eta loraldi gertatu ondoren garatuko dituzte hostoak. Udaberrian garatutako lore horretan, ernalketa emango da eta samara izeneko fruitua garatuko da. Fruitu hauen barreiapena hostoen agerpearekin batera gertatuko da, maiatza eta ekain inguruan. Polinizazio eta barreiapena aire bidezko garraioz gertatzen dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ulmus generoak daukan arazo larrienetako bat beste espezie batekin duen elkarrekintzak eragiten du, Ophiostoma generoko askomikotoa den onddoak hain zuzen. Onddo bizkarroi honek, Ulmus generoko espezie batzuei gogor eragiten die eta Europan zabalduta zegoen genero honen kantitatea asko txikitu du azken urteotan, baita Euskal Herrian ere.

Gaixotasuna Asian garatu zen hasieran, eta bertan Ulmus espezie batzuekin elkarbizitzen zuen inolako arazorik eragin gabe. Onddoa Europara heltzean ordea, bertako espezieak ez ziren gai patogenoari aurre egiteko eta pandemia bat sortu zuen. Hala, onddo honen 2 agerraldi nagusi egon ziren eta hauen ondorioz, Ulmus generoa Europako zuhaitz zabalduenetarikoa izatetik, galtzeko arriskuan dagoen generoa izatera igaro da. 1986-an esaterako, iberiar penintsulako zumardien %82-a kaltetuta zegoen. [3]

Grafiosiak kaltetutako zumarra

Onddo patogeno hauen garraiatzaile nagusiak bi kakalardo espezie izan dira: Hylurgopinus rufipes Amerikan eta Scolytus multistriatus Europan. Kakalardo hauek onddoaren esporak garraiatzen dituzte, beraz hauek dira gaixotasunaren bektoreak. [4]

Onddo honek gaixotasun baskular agresibo bat eragiten du zuhaitzean, xilema hodia itxi egiten ditu eta hortaz, zurtoin eta hostoak ximelduz doaz pixkanaka. Hala ere, hau ez da onddoak eragiten duen bakarra. Onddo honek gainera, fitotoxikoak diren konposatu batzuk ekoizten ditu, horien artean zeratoulmina, eta gaixotasunaren agresibitatea handitu egiten du. [5]

Esan bezala, onddo honek 80.hamarkadan eragin handia izan zuen Europako zumardietan eta Euskal Herrian ere bortizki eragin zuen. “Zumar” izena, toponimo bezala erabili zen hiribilduetako kale zabaleei izena emateko eta  horregatik deitzen zaie zumardi edo zumarkale. Horren adibide dira Donostiako Boulevard zumardia edota Bilboko Mazarredo zumarkalea. Kale hauetan ohikoak ziren zumarrak, baina gaixotasun honen ondorioz, Euskal Herriko zumar populazioa izugarri txikitu zen, ia desagertzerarte eta horren ondorioz, gaixotasunarekiko erresistenteagoak ziren espezieen bilaketa hasi zen.  

Euskal herriko espezieak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, bertako klima kontuan hartuta, eta XX.mende amaierako grafiosiaren ondoren, 4 espezie nagusitzen dira gure lurraldean.

Espezie hautatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira zumar espezie ohikoen edo ezagunenak:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Boulevard zumardia, Donostia (Kale izendegia)
  2. Mazarredo zumarkalea, Bilbo (Kale izendegia)
  3. S., Domínguez-Lerena,. (2002). La grafiosis está provocando la extinción del olmo en todo el mundo: lucha contra una condena letal. Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación PMC 814483656. (Noiz kontsultatua: 2019-03-18).
  4. (Gaztelaniaz) Braña Argüelles, Máximo. (PDF) Medios de lucha contra grafiosis del olmo. (Noiz kontsultatua: 10/87).
  5. Juan, Díez, J. Gil Fernández,. (2002). Efecto de los filtrados de cultivos de "Ophiostoma novo-ulmi" Brasier sobre el crecimiento de callos de olmos con diferente susceptibilidad a la grafiosis. Instituto Nacional de Investigación y Tecnología Agraria y Alimentaria (INIA) PMC 668498184. (Noiz kontsultatua: 2019-03-18).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]