Futbol
Futbola taldekako pilota kirol bat da, hamaikana jokalariko bi talderen artean baloi esferiko batekin jokatze dena. 250 milioi jokalarik praktikatzen dute 200dik gora herrialdeta; beraz, munduko kirolik hedatuena da;[1][2][3] eta diru gehien mugitzen duen kirola ere bai, saskibaloiarekin, 1 Formularekin eta golfarekin batera. Kirola bere muturreko bi aldeetan ate bat duen zelai laukizuzen batean jokatzen da. Jokoaren helburua baloia aurkako taldearen atean sartzea da.
Futbola antzinarotik jokatzen den baloidun jokoetako batetik eratorritako kirola da. Gaur egungo kirolaren arauak 1863an sortu ziren, Ingalaterran The Football Association elkarteak futbol arauak sortu zituenean.
Jokalariek ezin dute baloia eskuekin edo besoekin ukitu jokoan ari diren bitartean, atezaina area penalean dagoenean izan ezik. Beste jokalariek hankak darabiltzate, gehienetan, baloia pasa edo atera botatzeko, baina batzuetan eskuak edo besoak ez diren beste gorputzaren zatiak ere erabiltzen dituzte. Partidaren amaieran gol gehien sartu dituen taldeak irabazten du, baina berdinketa baldin badago, partida horrela amai daiteke edo luzapena eta penalti jaurtiketak egin daitezke, lehiaketaren arabera. Munduan osoan, FIFA erakundeak kudeatzen du futbola, eta sei konfederaziotan banatuta dago: AFC, CAF, CONCACAF, CONMEBOL, OFC eta UEFA. FIFAk Munduko Futbol Txapelketa antolatzen du lau urtean behin.
Futboleko jokalariei futbolari deritze.
Historia
Hastapenak
Dokumentuek diote gutxi gorabehera K.a. 2500ean hasi zirela antzinako txinatarrak tsu-chu izeneko jokoan. Tsu hitzak «oinekin baloia jotzea» esan nahi omen du eta chuk, «larruz egindako pilota», eta enperadorearen urtebetetzeko ospakizunetan jokatzen zen.[4]
Japoniarrek ere kemari izeneko jokoa garatu zuten K.a. 300 eta 600 urteen artean; 8 jokalari edo gutxiago aritzen ziren partidetan eta baloiak lurra ez ukitzea zen helburua. Amerikan, mayak eta aztekak pok-a-tok jokoan aritzen ziren; baloia hankekin jo arren, helburua berau uztaian sartzea zen. Kalkuluen arabera, esaten da joko horrek 3.000 urteko antzinatasuna duela.[5] Aurkitutako zelairik zaharrena Paso de la Amada (Mexiko) K.a. 1600ekoa da.[4]
Ipar Amerikan, geroagokoak dira pasuckuakohowog jokoaren inguruko berriak, XVI. mendearen amaierakoak hain zuzen. 1.000 pertsonatik gorak hondartza zabaletan bildu eta baloiarekin jokatzen zuen, sarritan egun bat baino gehiago irauten zuten partida kaotikoetan. Alaskako eskimalek ere halako zerbait egiten omen zuten, baina izotz gainean; asqaqtuk esaten zioten jokoari.[4]
Groenlandian ere futbolaren antzeko kirola jokatzen zen, eta Ozeaniako marngrook izeneko jokoaren ezaugarriek, berriz, Australiako futbolaren antz handiagoa zuten.[6]
Lehen garapena
Futbolaren bertsio modernoa Europan sortu zen eta bertan ere aurrekariak badira. Antzinako Grezian, Episkyrosean aritzen ziren. Beste kiroletan bezala, biluzik jokatzen zuten eta, gizonezkoak gehiago izan arren, emakumezkoek ere jokoan parte har zezaketen. Aurretik, lihoz eta ilez egindako baloiek (Egiptoko hilobi batean aurkitutakoa kasu) ez zuten punparik ia eta greziarrek follis edo puztutako baloia garatu zuten. Zerrien maskuriak erabiltzen zituzten horretarako, baina belaki zatiekin egindako pilotak ere baziren.[4]
Erromatarrek Episkyrosa garatu eta izena aldatu zioten: Harpastum izena zuen Inperioaren modako jokoak (bere azken urteetan bereziki). 5-12 jokalarik erditik banandutako zelai errektangularrean jarduten zuten. Talde bakoitzak bere erdian mantendu behar zuen baloia, eta arerioa baloia lapurtu eta bere zatira eramaten saiatzen zen. Harpastuma follisa baino pilota txikiago eta gogorragoekin jokatu ohi zen.[4]
Zizeronek berak kasu bitxia deskribatu zuen: Gorteko bizartegian gizon bat hil omen zuten, bizarra mozten zioten bitartean norbaitek baloiari ostikoa jo eta leihotik barrura sartu zenean; pilotak bete-betean eskuan jo omen zion bizarginari eta bezero gizarajoari lepoa moztu zion labanak. Atheneausek ere Harpastumari buruz idatzi zuen: «Harpastum da gehien gustatzen zaidan jokoa. Ahalegina eta nekea izugarriak dira, lepoaren bira bihurriak bezalaxe». Eta Antiphanesek hauxe kontatu zuen: «Baloia hartu eta lagunari pasa zion, jokalari bat saihestu eta barre egiten zuen bitartean».[4]
Inperioaren hedapenean erromatarrak Britainiar irletara iritsi ziren, baita euren jokoa ere. Erromatarren eta britainiarren arteko Harpastum norgehiagoken berri iritsi da. Erromatarrek erraz lortzen omen zuten garaipena. Erdi Aroan Italian eta Ingalaterran jarraitu zuten baloi jokoan. Bi herrietan joko jendetsu eta bortitzak egiten ziren.[4]
Azkenik, XI. mendean normandiarrek Ingalaterra inbaditu eta soule sartu zuten, euren ospakizuna inauterietan hedatuz. Soulearen funtzionamendua sinplea zen: Bi herri edo auzo lehiatzen ziren belarrez betetako txerri-maskuri baten, larruzko edo oihalezko pilota baten edo zurezko pieza biribil baten laguntzaz. Helburua pilota aurkariaren eliza nagusiko atera eramatea zen, eta horretarako, oinak, eskuak eta baita makilak ere erabil zitezkeen. Inauteri horren izena Shrovetide football edo Inauterietako futbola deitzen hasi zen. Kointzidentzia hutsagatik eta Florentziako Inauterietako jaiekin paraleloki ospatzen zenez, erromatar izeneko harpastum joko zaharra indartu zen. Lehenengo partidak XV. mendearen hasieran ospatzen hasi ziren. Horrekin batera, 1681ean calcio fiorentino izeneko futbola praktikatzen hasi zen: haren helburua Santa Croce plazako muturretako kaioletan golak markatzean zen. Ingalaterran, aldiz, futbolean jokatzeko debekua kendu zen. Hori horrela, unibertsitate eta eskoletan masiboki praktikatzen zen gentleman jarduera kirola bihurtu zen. [7]
XIX. mendeko bateratzeak
XIX. mendearen erdialdean, Britainia Handian, Futbol ihauteria arautzeko prozesu bat hasi zen, eta arau idatziak ezarri ziren, zabal partekatu ahal izateko modukoak. Garai hartan futbola bigarren mailako eskola pribatuetako ikasleen artean praktikatzen zen, eskola batetik bestera nabarmen aldatzen ziren arau oso zehaztugabeekin. Eskola batzuetan pilota eskuetan hartuta korrika egin zitekeen, beste batzuetan ez; batzuetan jokoz kanpoko lerro bat zegoen, baina beste batzuetan ez; batzuetan kontrako jokalariari hartu, plakatu eta ostikoka egin ahal zitzaion, eta beste batzuetan ez; batzuek pasean oinarritutako taldekako joko bat sustatzen zuten, baita pasea ere. Beste batzuetan, berriz, jokalari bakoitzaren trebetasunean eta indarrean oinarritutako banakako joko bat bultzatzen zuten. Eta eskola bakoitzean aldaera eta aldaketa amaigabeak zeuden.[8][9]
1840ko hamarkadan, Britainia Handiak garapen handia izan zuen bere trenbide-sarean, eta, horri esker, jendea urrunago joan zitekeen. Prozesu horrek elkargoen arteko eskumenak gauzatzea ahalbidetu zuen, baina handik gutxira argi geratu zen beharrezkoa zela arauak bateratzea.[8]
Futbol Elkartearen legeak 1863an ofizialdu baziren ere, Cambridgeko arauak gaur egungo kodea sortzeko oinarritzat hartu ziren eta Sheffield-eko arauek ere ezaugarri garrantzitsuak ekarri zizkioten kirol berriari.[10]
Futbol modernoa
1863an joko arau zehatzak idatzi ziren eta orduan sortu zen egungo futbola Ingalaterran. handik urte gutxira, 1867an, lehen futbol taldea (Sheffield Football Club) zelaira irten zen.[4]
Data zehatza eta onartua ezartzea zaila bada ere, futbolaren jaiotza 1863ko urriaren 26a izan zen, “The Football Association” sortu zenean.[11]
Kirolaren nazioarteko hedapena munduan eta Espainian, Lehen Mundu Gerra arte (1900-1914/19)
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran futbola Europa osoan zehar zabaldu zen. Herrialde gehienek jadanik beren futbol elkartea sortua zuten. Espainian, aldiz, 1913an sortu zen. Europako etorkinen bidez, Hego Ameriketan futbola zabalduz joan zen. Azken hori gaur egungo Hego Ameriketako klub askoren izenei erreparatuz hauteman daiteke (River Plate edo Corinthians, adibidez). Futbolaren eraginaren ondorioz, Parisen 1914an Europako zortzi herrialdetako ordezkariek FIFA (Fédération Internationale de Football Association) erakundea sortzea eragin zuen [12]. Herrialde horien artean ez zeuden ez Irlanda, ezta Britainia Handia ere, mundu osoko futbol erakunde bat izateko ideiaren aurka baitzeuden. Handik bi egunera, Robert Guérin lehendakari izendatu zuten. FIFAren lehen lorpen garrantzitsua FAren (The Football Association) afiliazioa lortzea izan zen. FA Ingalaterrako futbol-erakunde gorena da, 1863ko urriaren 26an sortua. Munduko futbol elkarterik zaharrena da eta Ingalaterrako klub profesional guztiak biltzen ditu. 1910etik aurrera, Europaz kanpoko partaideak afiliatu ziren.
1906an nazioarteko txapelketa bat egitearen ideiak huts egin zuen, eta Joko Olinpikoek ez zuten munduko txapelketa bat sortzeko bezainbeste garrantzirik. Futbola 1900 eta 1904 urteetako Joko Olinpikoetan kirol erakusgarri gisa agertu zen. FIFAren ustez, 1908ko Joko Olinpikoetan nazioarteko lehen txapelketa ofiziala aurrera eraman zen [12].
Lehen Mundu Gerra (1914-1919) gerrarik gogorrena izan zen. Armadek kirol jarduerak eta txapelketak antolatu zituzten soldaduen kemenari eusteko. Horren ondorioz, gerrak kirolaren praktika Europako klase ertain eta baxuetako gizonen artean hedatzen eta dibertsifikatzen lagundu zuen. Hala ere, orduko goi mailako futbolean kalte handiak sortu zituen. Europarrek ez zuten uste gerra hain luzea izango zenik. Izan ere, gerra laster bukatuko zela uste zuten, baina ez zen horrela izan. Erresuma Batuak paper garrantzitsua jokatu zuen, eta horren ondorioz, nahiz eta jokatzen jarraitu, futbola asko kaltetu zen. Ingalaterran kirol guztiak bertan behera gelditu ziren futbola izan ezik. Ingalaterrako futbol txapelketa 1916an galarazi zen, Ingalaterran jokatzen zuten jokalari asko gerrara bidaliak izan zirelako. Haiei hasieran traidore deitzen zieten. Klubek erabakitzen zuten jokalaria gerrara zihoan edo ez, eta askok ezetz esan zuten. Jendearen ustez, futbolariek pribilegio hori merezi ez zutenez, gatazka asko egon ziren egoera honen inguruan[13].
Emakumezkoen futbolari dagokionez, XX. mende hasieran zalantzan jarri zen. Britainiako elkarteek ez zuten futbol hori bultzatzen: ez zen begi onez ikusten jende askoren artean. Arraroa badirudi ere, Lehen Mundu Gerrak emakumezkoen futbolerako onurak ekarri zituen. Fabriketako gizonak gerrara joan ziren eta haien postua taldeen barruan emakumeek hartu zuten [13]. Haien artean Preston hiriko Dick Kerr´s Ladies taldea izan zen garrantzitsuena.
XX. mende hasieran, Espainia osoan futbola zabaldu zen eta futbol klubak sortu. Hasieran elkarteak atzerritarrez osatuta zeuden. Futbolaren garapen azkarrak horren erregulazioaz arduratzeko ziren elkarteak ekarri zituen. Lehena Kataluniako Foot-Ball Associació elkartea izan zen. Lehen txapelketa antolatu zen Hispania Athletic Club-ek sortutako Copa Macaya-ren bitartez [14]. Urte haietan futbolak oztopo handiak izan zituen; jokatzeko arriskutsua zela esaten zen. 1902an, Espainiako lehen txapelketa jokatu zen, Concurso Madrid de Foot-Ball Association edo Copa de la Coronación, gaurko Errege Koparen aitzindaria.
1909an nazio mailako lehen elkartea sortu zen, “Federación Española de Clubs de Football” deitua. Horrekin batera “Unión Española de Clubs de Foot-Ball” aurrera eraman zen. Bien artean eztabaidak egon ziren eta FIFA-k ez zuen Espainia partaide bezala onartu. Hori zela eta, 1913an, biek bakea sinatu eta gaurko Espainiako Futbol Federazioa” sortu zen [14].
Kirolaren globalizazioa, merkaturatzea eta dibertsifikazioa munduan (1992etik gaur arte)
Lokatz futbola 1990eko hamarkadan eskandinabiarrek sortu zuten, berien atleta eta soldaduak entrenatzeko teknikatzat [15]. Izan ere, lokatz artean jokatzean, jokalariek gerriraino lokatzez beteta amaitzen zuten. 1998an, jokoak Finlandian ospea hartu zuen: han, hamahiru taldek Jyrki Väänänenek sortutako txapelketa jokatu zuten. 1999rako, 57 talde zeuden kontinente osoan.
Lehen Mundiala 2000. urtean ospatu zen Finlandia iparraldeko Hyrynsalmi hirian, eta hain hedapen handia izan zuenez, gaur egun urtero ospatzen den txapelketa bat da. Mundialean 1000 taldek parte hartzen dute. Txapelketan zehar Vuorisuo deituriko kirol instalazioko 20 zelaietan jokatzen dute. 30.000 pertsona inguru biltzen dira bertan eta, futbol konbentzionalean bezala, herrialde desberdinetako jendea joaten da haien selekzioa animatzera [15]. Kirol gehienetan ez bezala, garrantzitsuena haientzat ez da irabaztea. Gainera ez da emakume eta gizonezkoen arteko bereizketarik egiten. Txapelketa amaitzean, denak elkarrekin afaldu eta ospakizun bat egiten dute. Gaur egun 200 taldek praktikatzen dute eta nahiko ospetsua da Eskozian, Suedian, Islandian, Holandan, Errusian, Txinan eta Brasilen.
1990eko hamarkadatik aurrera futbolak bigarren garapen bat izan zuen. Kirol klubak kiroleko sozietate anonimo bihurtu ziren. Telebistan partiduak emateagatik diru mordoa lortzen zen. Fitxaketa garestiak hasi ziren, eta Bosmanen sententziari esker, futbolarien globalizazioa hasi zen. Bosman jokalari belgikar bat zen. Bere klubarekin kontratua amaitu eta kontratu berriarekin soldata jaitsi nahi zioten. Beste klub batera joateko nahia zuen, baina bere jatorrizko klubari bere fitxaketagatik ordaindu behar zion. Bosmani ez zitzaion bidezkoa iruditzen, beraz, abokatu baten laguntzaz erreklamazioa egin zuen. Haren helburua futbol jokalarien eskubideak edozein langilenarekin parekatzea zen, Union of European Football Associations-i (UEFA) auzia irabazi zion futbol jokalarien eskubideak hobetuz. Hortik aurrera jokalari batek klub batekin kontratua amaitzen zuenean, jokalari hori automatikoki jokalari aske bihurtzen zen. Gainera, Bosmanen Legeak Europar Batasuneko futbol jokalarien mugimendu librea ekarri zuen, Europako kluben fitxaketa politika aldatuz. Hortik aurrera Europako klubetan jokalari europarrak ez ziren atzerritarrak kontsideratuko. Honi esker, klubek atzerritarren kupoak jokalari ez europarrak fitxatzeko erabili zituzten [16].
1994an, Estatu Batuetan Mundiala egin zen. Kopa Mundial horrek, besteekin konparatuz, hainbat berrikuntza izan zituen: batetik, arau berriak lehenengo aldiz aplikatu ziren; bestetik, Estatu Batuak historia futbolistikorik ez zuenez, hainbat kritika egon ziren. Hala eta guztiz ere, diru gehien lortu zuen eta asistentzia gehien izan zuen Mundiala izan zen. 24 selekzio izan zituen azken mundiala izan zen. Brasilek eta Italiak neurketan berdindu ostean, historian zehar finala penaltietan erabakitzen zen lehenengo aldia izan zen [17].
2002ko mundialaren aurretik hainbat aldaketa egiten ziren lehiaketa honi begira. Hauetatik garrantzitsuena honako hau izan zen: Mundialetako historian lehenengo aldiz irabazleak ez zuela hurrengo Kopa Mundialarako pasea ehuneko ehunean bermatuta. Beste aldaketa garrantzitsu bat selekzio guztietako jokalari guztiei antidopin froga egitea izan zen. Urte honetako Mundiala Hegoaldeko Korean eta Japonian egin zen, eta bi herrialdeek batera ospatzen zuten lehen Kopa Mundiala izan zen. Horrez gain, XXI. mendean Asian egindako lehenengoa izan zen. Mundial hori oso ezaguna da polemika arbitralengatik. Hego Korea selekzioari laguntza eskaini zitzaion txapelketako momentu hauetan: multzoen fasean Portugalen aurka, final zortzirenetan Italiaren aurka eta final laurdenetan Espainiaren aurka [18]. Hainbat urte geroago, 2015ean partidu horietan Hego Koreak azpijokoak egin zituela erakutsi zen. Horren ondorioz, FIFAko hainbat mandatari atxilotuak izan ziren. Horretaz aparte, oso asistentzia gutxi ikusi zen partiduetan zehar.
2010ean Kopa Mundiala Hegoafrikan egin zen. Afrikan antolatutako lehenengoa izan zen eta bosgarrena hego hemisferioan. Mundial horretara hainbat selekzio itzuli ziren urte asko Mundialetan lehiatu gabe egon eta gero: Ipar Korea (1966), Honduras eta Zelanda Berria (1982), Algeria (1986), Grezia (1994) eta Txile (1998). Haiei Serbia eta Eslovakia batu behar zaizkie. Espainiaren garaipenarekin lehenengo aldia izan zen Europako selekzio batek Europatik kanpo Mundial bat irabazten zuela [19].
Kirolaren globalizazioa, merkaturatzea eta dibertsifikazioa. Espainia (1992etik gaur arte)
1990eko hamarkadan Espainian futbolak eraldaketa izan zuen. Klubek telebistek partiduak emateagatik diru mordoa lortzen zuten, klubak fitxaketa garestiak egiten hasi ziren eta Bosmanen Legeari esker, klubek haien fitxaketa politika aldatu zuten. Bosmanen efektua 1996-1997 liga txapelketan ikusi zen argi eta garbi, “futbol jokalari atzerritarren inmigrazioak eta milioi askoko diru sarrerek fitxaketa garestiak ekarri zituzten. Uda hartan Espainiako ligan 92 atzerritar izatetik 199 atzerritar izatera pasa zen 170 milioi euro fitxaketetan gastatuz”[20] .
Futbolaren eraldaketa honen ondorioz, kluben arteko desberdintasunak handitu ziren. Futbol kluben lorpenak kluben balio ekonomikoaren araberakoak izaten hasi ziren. Horregatik, ordutik aurrera, tituluak ahalmen ekonomiko handiena zuten klubak lortzen hasi ziren, maila goreneko jokalariak soldata izugarriekin erakartzen zituztelako.
Gizonezkoen futbola ez bezala, emakumezkoen futbola ez zen profesionala 90. hamarkadan RFEF-ak ez zituelako emakumeentzako lizentzia profesionalak onartzen. Hala ere, jokalari semiprofesional gutxi batzuk agertu ziren. Alabaina, emakumezko selekzioak, “jokalari semiprofesional eta amateurrez beteak zeudenak, ez ziren nahikoak munduko potentziekin lehiatzeko, hala nola, Italia edo Alemania. Herrialde hauetan, jadanik, profesionalismorantz pausuak ematen hasiak zirelako. Horregatik, Emakumezkoen Espainiako Selekzioak, garai hartan, ez zen Mundial baterako klasifikatu eta 1997an bakarrik Eurokopa jokatzea lortu zuen”.[21]
“XXI. mendearen hasieran emakumezkoen futbolak izugarrizko garapen eta hedapena izan zuen Espainian, Superligaren eraketari, gizonezko klub profesionalen inplikazioari eta jokalari mediatikoen agerpenari esker”. Honen adierazle nagusi bat San Mamesen Athetic Club taldeak 35.000 ikusleren aurrean lortutako liga txapelketa izan zen. Nahiz eta selekzioak lorpen garrantzitsurik lortu gabe jarraitu, azpi kategorietako selekzioak potentzia mundialei aurre egiten hasi ziren nazioarteko txapelketetan.
XXI. mendearen bigarren hamarkadan, nahiz eta jokalari gutxi batzuk profesionalak izan, goi mailan gehienak semiprofesionalak ziren. Gizonezko eta emakumezko goi mailako futbolaren artean oraindik ere alde handia zegoen. Nahiz eta egoera honi konponbidea emateko esfortzu handiak egin, ez zuten erantzunik jasotzen, eta, 2019ko azaroan, greba egitea erabaki zuten. Horrela jarraitzea erabaki zuten haien baldintzak hobetu ziren arte. Azkenean, 2020ko otsailean, akordio batera heldu ziren RFEF-arekin, Emakumezko Futbolaren Konbenio Kolektiboa sinatuz. Honen bidez orain arte existitzen ez ziren eskubideak lortu zituzten profesionalizaziora begira pausu handia emanez. Gainera, esan beharra dago “Espainia emakumezko futbolaren buruan jarri zela ez dagoelako sektore honetan konbeniorik duen beste herrialderik Europan”. Emakumezko kirolarentzako gertaera garrantzitsua izan zen, eta hauek dira bertan azaltzen diren neurrietako batzuk: kontratuetan % 75eko partzialitatea, soldata minimo bat izatea, urtean zehar 30 egun opor izatea eta kontratuko azken urtean jokalaria haurdun egon bada hitzarmena beste urte bat luzatzea, baldintza berberak mantenduz.
Futbol zelaia
Jokorako lekua 45 eta 90 metro bitarteko zabalera eta 90 eta 120 metro bitarteko luzera duen belarrezko zelaia izaten da. Area bakoitzean hiru zutoinek osatutako ate bat egoten da. Zelaia bi zatitan banatzen da eta ateen aurrean bina area egoten dira: area txikiak atezaina inork oztopatu ezin duen gunea da, eta area handia atezainak baloia eskuaz jokatu dezakeena eta defentsak ari den taldeak egiten duen falta penalti bezala adierazten dena.
Zelaiaren ezaugarriak
Ondorengo arau hauek kontuan izan behar dira ere:
- Neurriak: 90-110 m luze eta 45-90 zabaleko laukizuzena izan behar da.
- Markatzeko modua: Zelaia <12 cm-ko zabalera duen marra nabariarekin markatu behar da. Ertz bakoitzean poste bat kokatzen da, >1.5 m neurtzen zuena eta banderatxo bat zuena gainean. Zelaia erditik banantzen da marra batez. Zelaiaren erdian puntu bat dago, eta puntua zentroa izanik, 9.15 m-ko erradioa duen zirkunferentzia bat dago.
- Ate marra: Bi marra ate marratik perpendikularki, ate zutoin bakoitzaren barrualdetik 5.5 m urrunduta eta zelaiaren barrualderantz 5.5 m sartuta. Bi marra horiek, ate marraren paraleloa den beste marra batekin elkartuko dira.
- Area penala: Bi lerro perpendikular markatuko diote ate lerroari 16.5 m-tara. Ate zutoin bakoitzaren barruko partearen, 16.5 m sakondu. Eta lerro paralelo batekin elkartuko dute helburuaren lerroa zelaian. Penalaren area bakoitzean penal puntu bat marraztuko da zutoinen arteko erdi marraren 11 m-ko distantzian. Area penal bakoitzaren kanpoaldetik erdi-zirkulu bat marraztuko da, penal puntua zentroa izanik 9.15 m-ko erradioaren distantziara.
- Izkinako area: Izkinaren bandera bakoitzetik 1m-ko erradioa duen zirkunferentzia zatia marrazten da zelaiko lau ertzetan.
- Atezaindegiak: Ate marra bakoitzaren erdian atezaindegiak jarriko dituzte, 2 zutoin bertikalez egongo dira osatuta, izkinaren banderen distantzia 7.32 m izanik eta langaluze horizontal batez elkartuta, langaluzearen eta lurraren arteko distantzia 2.44 m izanik. Ateak lurrera finkatuta egon beharko dira, arriskurik ez egoteko. Atezaindegiak zuriak izaten dira normalean.
Jokoaren arauak
Futbol partida baten 10 jokalari eta atezain batek osatutako bi taldek jokatzen dute. Talde batek gola lortu duela esaten da baloia arerioaren atean sartzea lortzen duenean. Jokoaren helburua arerioak baino gol gehiago lortzea da.
Jokoaren hasiera
Bi taldeetako bakoitzak 11 jokalari izango ditu gehienez, eta 7 gutxienez. Partidan zehar, jokalari horiek ordezkoekin aldatu ahal izango dira. Jokalari titularretako batek atezaina izan beharko du. Baimenduta dago taldeko atezain batek eta beste jokalari batek posizioa trukatzea norgehiagokan zehar, betiere etenaldi batean bada, arbitroaren baimenarekin.
Jokalari bakoitzak oinarrizko janzkera bat izan beharko du: mahukadun kamiseta edo jertsea, praka motzak, galtzerdiak, zango-babesak eta oinetako egokiak. Bi taldeetako jantzien koloreak eta atezainenak argi eta garbi bereizi behar dira. Kapitainek (talde bakoitzaren ordezkari diren jokalariak) identifikazio-markaren bat eraman beharko dute, arbitroak beharrezkoa denean deitu ahal izateko.
Futbola forma esferikoko baloi batekin jokatzen da, larruzkoa edo baimendutako bestelako materialez eginda dagoena. 68 eta 70 zentimetro arteko zirkunferentzia izango du, 410 eta 450 gramo arteko masa eta 0,6 eta 1,1 atmosfera arteko presioa itsas-mailan. Jokalariek gorputzeko edozein atalekin ukitu eta mugitu dezakete baloia, besoekin izan ezik. Atezainak abantaila bat du: bere gorputzeko edozein atal erabil dezake horretarako, baina bere penalti-area barruan bakarrik.
Partidari hasiera emateko, talde bateko jokalari batek edo gehiagok baloia aurkariaren aterantz mugituko dute erdiko lerroaren erdiko puntutik, eta une horretan arauzko denbora zenbatzen hasiko da. Gauza bera egiten du beste taldeak bigarren zatiaren hasieran. Gol bakoitzaren ondoren ere gertatzen da egoera berbera, gola jaso duen taldeak sakea egiten baitu.
Faltak eta jokoari berrekitea
Baloia eskuekin hartu dezakeen bakarra atezaina da, beti ere area handiaren barruan. Talde bereko jokalari batek atezainari baloia eman eta gero eskuarekin hartzen badu, falta da.
Norgehiagoka bakoitza arbitro nagusi batek kontrolatuko du. Arbitro hori lehiaketaren antolakuntzak izendatuko du, eta bera izango da partiduaren agintari nagusia eta jokoaren arauak betearazteko arduraduna. Epailearen erabaki guztiak behin-betikoak dira. Berak bakarrik alda dezake erabaki bat, baldin eta jokoa edo partida berriz hasi ez bada. Gainera, bi arbitro laguntzaile edo marrazainak (lineako gizona) izango ditu eskura erabakiak hartzen laguntzeko. Laugarren arbitro bat ere badago, eta horrek berretsi egiten du; horretaz aparte, ordezkoak eta teknikariak kontrolatzen ditu. Laugarren arbitroak, gainera, ordezkapenak eta arauzko denbora gehitzea adierazten ditu. Epaileak kargu hartuko dio jokalari bati, kargu hartze hori merezi duen arau-hauste bat egiten duenean.
Jokalari batek beste bat jotzen duenean edo jotzen saiatzen den bakoitzean, bultzatzen duenean, abantaila bat ateratzeko atxikitzen duenean, txistua botatzen duenean edo baloia bere eskuekin ukitzen duenean (atezainak izan ezik), epaileak zuzeneko jaurtiketa libre bat markatuko du arau-haustea egin ez zuen taldearen alde, arau-haustea gertatu zen lekutik exekutatuko dena. Penalti-arean gertatzen diren faltak penalti izango dira (penalti-arean markatuta dagoen zirkulutik jaurtiko direnak).
Jokalari batek modu arriskutsuan jokatzen badu, arerioa oztopatzen badu edo atezainari baloia eskuekin ateratzea galarazten badio, arau-haustea egin ez duen taldearen aldeko zeharkako jaurtiketa libre bat markatuko da, arau-haustea egin den lekutik exekutatuko dena. Gainera, zeharkako jaurtiketa libre bat egingo da atezainak pilota bere eskuetan 6 segundo baino gehiagoz mantentzen badu, taldekide batengandik edo zuzenean hegaleko sake batetik jasotzen badu.
Jokalari batek txartel horia (kargu-hartzea) edo gorria (kanporatzea) jaso ahal izango du, araudian zehaztutako arau-hausteren bat egiten badu. Jokalari batek txartel gorri bat jasotzen badu, zelaitik botako dute eta ezin izango da beste batekin ordezkatu, gainera, zigorraren arabera, hurrengo partida edo bat baino gehiago galdu ditzake. Jokalari batek partida berean bi txartel hori jasotzen baditu, txartel gorria jasoko du eta kanporatu egingo dute. Txartelak jokalariek jokoaren arauak betearazteko modu bat dira.
Baloia helmugatik irteten bada defentsako jokalari batek ukitu ondoren, korner bat emango zaio aurkariari. Erasotzaile batek azken aldiz ukitzen badu, helmugako sake bat emango zaio defentsa taldeari. Baloiak hegaleko lerroetako batetik zelaia uzten badu, azken aldiz baloia ukitu ez duen taldeari hegaleko sakea emango zaio.
Jokalari batek baloia alboko marratik kanpora botatzen badu, alboko sakea egiten du aurkako taldeak. Bere zelaiko hondoko marratik kanpora badoa, kornerra da eta beste taldearen zelaiko hondoko marratik kanpora badoa, ateko sakea.
Epaileak jokalariak ohartarazi ditzake arauz kontrako ekintzaren bat eginez gero. Futbolean ohartarazpenak txartel horia eta txartel gorria erakutsiz egiten dira, ekintzaren arabera. Bi txartel hori edo gorri bat ikusten dituen jokalariak zelaia utzi behar du. Epaileak talde bereko 5 jokalari bidaltzen baditu, partida amaitutzat ematen da, eta talde horrek galtzen du.
Iraupena eta emaitza
Partida baten iraupena, erregelamenduaren 7. arauan zehaztutakoa, 45 minutuko bi denbora berdinekoa izango da, eta tarteko atsedenaldia ezin izango da 15 minututik gorakoa izan; iraupena lehiaketa bakoitzaren araudiak ezarri beharko du. Denboraren erdi bakoitzaren iraupena aldatu ahal izango da baldin eta lehiaketaren arauek horretarako aukera ematen badute, eta arbitroa eta bi talde parte-hartzaileak ados badaude partida hasi aurretik. Partida jokatu bitartean galdutako denbora zati bakoitzaren amaieran berreskuratu beharko da, eta epaile nagusiaren esku geratuko da horien iraupena.
Kirolaren helburua aurkariak baino gol gehiago sartzea da. Talde batek gol bat sartu duela esango da, baloiak helmuga erabat gainditzen duenean zutoin bertikalen artean eta aurkariaren atearen zutoin horizontalaren azpitik igaroz (betiere aldez aurretik joko-arauak urratu ez badira). Bi taldeek gol kopuru bera sartzen badute, partida berdindutzat joko da.
Esan bezala, partida batek 45 minutuko bi zati izaten ditu, 15 minutuko atsedenarekin tartean. Jokoan zehar izandako geldiuneak direla-eta, epaileak minutu batzuk luzatu dezake zati bakoitza. Denbora tarte honi deskontu-denbora deritzo.
Jokoaren 90 minutua igarotakoan berdinketarekin amaituz gero, luzapena jokatu daiteke partidak derrigorrezko irabazle bat izan behar badu; adibidez, kanporaketetan. Luzapen hau 15 minutuko bi zatik osatzen dute. Hala eta guztiz ere, berdinketak jarraitzen badu, penalti jaurtiketak egiten dira irabazlea erabaki arte. Penalti gehien sartzen dituenak irabazten du norgehiagoka. Kasu askotan, partida berdinketan amaitzen denean, bi taldeetako bat irabazletzat jotzeko moduren bat bilatu behar da, eta hori lortzeko hainbat modu daude. Partida berdinduta amaitzen bada, luzapen bat edo denbora gehigarri bat joka daiteke. Luzapen edo denbora horrek bi zati izaten ditu, gehienetan 15 minutukoa bakoitza, eta bertan hasierako partida jarraitzen da. Gainera, luzapena denbora baino lehen amaitzeko bi modu daude: urrezko gola eta zilarrezko gola, nahiz eta forma horiek alde batera utzi diren azken urteetan.
Berdintasunak jarraitzen badu, penaltiak egingo dira. Talde bakoitzak penaltiak txandaka jaurtitzean datza, bakoitzak guztira 5 jaurti arte. Gauzatutako 10 penalti edo penaltien ondoren berdintasunak jarraitzen badu, talde bakoitzeko penalti bat exekutatzen jarraituko da irabazle bat izan arte.
Luzapenaren eta penaltien erabilera oso ohikoa da futbol modernoan, eta horren adierazle nagusia Munduko Futbol Kopako azken faseko kanporaketa-faseak dira. Lehiaketa batzuetan, hasierako partida amaitu ondoren zuzenean hasten dira penaltiak betetzen, luzapena erabili gabe. Sistema horren adibide argia dira Amerika Kopako kanporaketa-faseak.
Adibide guzti hauetan partida bakarra jokatzen zen, baina badira beste txapelketa batzuk non kanporaketa faseak bi partiduetara jokatzen diren, joan-etorriko partidak deiturikoak. Giltza (bi partidak) berdinketan amaitu ote den erabakitzeko, bi taldeen aldeko golak batzen dira bi partidetan, eta emaitza berdina lortzen badute, giltza berdinketan amaitu zela esaten da. Kasu batzuetan, giltza berdinduta amaitzen bada, berdinketa hausteko sistema bat erabiltzen da, luzapenarekin edo jaurtiketa penalekin, eta horiek giltzaren bigarren partida amaitzean exekutatzen dira.
Beste kanporaketa fase batzuetan berdinketa hausteko beste modu bat erabiltzen da, luzapena edo penaltiak egin aurretik: bisitarien golak. Bi partiden buruan talde bakar batek ere ez bazuen bestea aldeko goletan gainditu, talde bakoitzak bisitari gisa jokatu zuen partidan sartutako gol kopurua zenbatuko da. Bi partiden buruan talde batek bisitarien gol gehiago sartu bazituen, bera izango da irabazlea, baina bisitarien goletan ere berdintasunak jarraitzen badu, luzapena ezarriko da. Sistema horren adibide dira Amerikako Libertadores Kopako eta UEFAko Txapeldunen Ligako kanporaketa-faseak.
Futbola 17 lege arautzen dute unibertsalak direnak, nahiz eta horien barruan zenbait aldaketa baimentzen diren emakumezkoen, haurren eta seniorren futbolaren garapena errazteko. Arauak argi eta garbi definituta egon arren, aplikazioetan zenbait desberdintasun daude, hainbat alderdiren ondoriozkoak, adibidez, jokoa garatzen den eskualdea. Alde batetik, Europan, bereziki Ingalaterran, arbitroak faltekin eta arau-hausteekin permisiboagoak izateagatik nabarmentzen dira, modu horretan ohartarazpenak eta kanporatzeak murriztuz; beste leku batzuetan, aldiz, Hego Amerikan adibidez, faltak sarriago zigortzen dira txartelekin.
Jokoaren arauak International Football Association Boardek definitzen ditu, FIFAk eta Erresuma Batuko lau elkarteek osatzen duten erakundeak. Aldaketa bat onartzeko, gutxienez FIFAren botoak eta Erresuma Batuko elkarteen 4 botoetatik 2 izan behar ditu.
Jokalarien funtzioak
Atezaina: futbolean, atezaina aurrelariak golik ez sartzeko funtzioa duen jokalaria da, horretarako eskuez baliatu ahal delarik (bere area barruan aurkitzen bada). Oso posizio espezializatua da eta taldeetan arruntena atezain bakarra edukitzea izaten da. Bizkarrean izaten duen zenbaki ohikoena 1, 13 edo 25 izaten da.
Atzelaria: atzean dauden jokalariak dira. Horien helburua kontrako taldeak golik ez sartzea da. Atzelarien dortsal ohikoenak 2tik 6ra izaten dira. Normalean, jokalari indartsuenak eta handienak atzelariak izaten dira eta ia beti futbol partidu bateko talde batek lau atzelarirekin jokatzen du, bi zentral eta bi hegalekoek osatuta.
Erdilaria: erdilaria futbolean zelaiaren erdian jokatzen duen pertsona da. Posiziorik ospetsuena da kirol honetan, hauek bai defentsa lanetan eta baita eraso lanetan ere murgiltzen direlako. Beste gauza batzuen artean, baloiak berreskuratzea, erasoetarako jokaldiak egitea edota baloiaren jabetza mantentzea da beraien lana. Euskal Herrian badaude erdilari ospetsu asko; ospetsuenak Xabi Alonso, Mikel Arteta eta Raul Garcia dira.
Aurrelariak: aurrelaria futbolean jokatzen duen jokalari bat da, eraso posizioetan ibiltzen dena, hots, aurkariaren atetik hurbil, taldearen aldeko gol gehientsuenak eginez. Posizio hain aurreratu honekin defentsa lan gutxiago egiten du, baina taldean gol gehien egiten du. Bizkarreko zenbaki ohikoenak 7, 9 eta 11 izaten dira. Eskuin hegalean, erdian edo ezker hegalean ibiltzen dira. Munduko aurrelari ospetsuenak, Cristiano Ronaldo, Messi, Ribery, etab. dira.
Joko sistemak
Joko sistema erasoko eta defentsako mugimenduak egin aurretik talde bateko jokalariek zelaian duten eta mantentzen duten posizio bezala defini daiteke. Antolamendu mota hau atzera-egite baten ondoren edota erdigunetik edo atezainaren atetik atera ondoren ematen da, eta helburua joko eremua behar bezala okupatzea da. Joko sistema hauek aldaerak izan ditzakete. Hasierako posizio batetik abiatzen den jokalari batek posizio hori aurreratzen edo atzeratzen badu eta denbora jakin batez eta inoiz ez modu iraunkorrean beste lerro batean sartzera iritsi gabe egiten bada joko-sistemaren aldaera bezala kontuan hartuko da. Aldiz, aldaketa era horretan ematen ez bada, joko-sistemaren aldaketa bezala definituko da. Aldaera baloiaren jabetzan egiten bada, erasokoa izango da. Aldaera baloiaren jabetzarik gabe egiten bada, defentsiboa izango da.
Oinarriak:
- Jokalekua behar bezala okupatzea
- Lerroen eta jokalarien arteko oreka zuzena lerro bakoitzaren barruan
- Harreman azkarra trantsizioetan
- Eraso-defentsan eta defentsa-erasoan jokalari guztien arreta eta kontzentrazioa mantentzea
- Lan eraginkorra abiapuntuko eta helmugako posizioan
- Baloirik gabeko jokalarien mugimendu zuzenak
- Ez da posizio finko batean bakarrik jokatzen.
Talde baten barruan, zelaiko beste hainbeste eremu behar bezala zehazten dituzten lerroak hartu behar ditugu kontuan:
- Defentsen eta atezainen lerroa gehi eremu horretako beste lerro bateko jokalarien laguntzak (hasierako-eremua)
- Zelai-erdiko lerroa gehi beste lerro batzuetako jokalarien laguntzak eremu horretan (sorkuntza-eremua)
- Aurrelarien lerroa gehi beste lerro batzuetako jokalarien laguntzak eremu horretan (amaiera-eremua)
Hauek dira joko sistema printzipalak:
- 1-4-4-2: Ahaleginak ondo banatzen direla eta taldekideen artean hurbiltasun ona dagoela erakusten digu, laguntza kolektibo handiagoa sustatuz eta jokalekua behar bezala okupatzea bultzatuz.
- Aldeko alderdiak: Jokalekuaren banaketa proportzionala, defentsa aurreratuak edukitzea aurkariak jokoz kanpo egotea eragingo du. Zelai erdiko eremuaren kontrol ona 4 jokalarirekin presioa egiteko eta baloiak berreskuratzeko. Atzerapen intentsiboarekin kontraerasorako aukera handiak daude Aurreratutako lerroekin aurkaria gure areatik urrun mantentzen da.
- Kontrako alderdiak: Lerro paraleloek tarte handia eragin dezakete lerroen artean, aurkariaren sakontasuna bultzatuz. Koordinazio txarra jokoz kanpoko egoeran, aurkariak egoera horri aurre egin diezaiokeena hormen bitartez eta sakontasunarekin. Aurrelarien pasibotasuna defentsan.
- 1-4-3-3: Egun, sistema oso erabilia da, batez ere amaiera-eremuan barruko jokalari espezifikoetan eta mugikortasun handian oinarrituta dagoelako. Horrek aurkariari defentsako lana zailtzen dio, bigarren lerroa ere ustekabean sar baitaiteke, aurkariaren taldeari arazo asko eraginez ekintza hori ondo gauzatzen bada.
- Aldeko alderdiak: Eraso egoeretan jokalariak azkar sartzeko aukera ematen du sistema honek. Horrez gain, zabaltzeak ematen dira eta horien bitartez aurrelarien ondoren 7 jokalari lortzea gerta daiteke. Abiadura defentsa-eraso trantsizioan, lerro mailakatuen ondorioz. Distrakzioa, arerioaren defentsa, arerioaren erasoan hainbat jokalariren jakitun izan beharragatik
- Kontrako alderdiak: Gehiegizko dentsitatea hegalariak zelaiaren erdigunetik hurbil kokatuta badaude. Banaketa gutxi atzelariak erasora sartzen badira eta beste taldekide batzuek egiten ez badute;arerioari mesede egiten diote espazio horiek aprobetxatzeko. Defentsa-erasoko trantsizioa abiadura motelean egiten bada, arerio taldearen antolaketa ahalbidetzen du. Aurrelarien pasibotasuna defentsako ekintzetan zelai erdiko jokalariekin.
- 1-4-2-3-1: 5 lerro izateak eskaintzen duen mailakatze handiaren ondorioz, bai erasoan bai defentsan sistema orekatu bat bezala definitu daiteke. Erasoan zabaltasuna bilatzen da, sakontasun iraingarriarekin. Hainbat lerrotako jokalarien artean funtzioak txandakatzen dira.. Gutxi gorabehera erasokorra-defentsiboa, jokalarien posizionamenduaren arabera. Errekuperatu ondoren, kontraerasoa errazten du. Aldaera posible ugari ditu. Presioa arrakastaz egin daiteke hegalean zelai erdiarekin diagonalean kokatuta dagoenean.
- Aldeko alderdiak: Espazioaren okupazio egokiagatik eta posizionamendu mailakatua duten lagunen arteko hurbiltasunagatik, aukera iraingarri ugari eskaintzen ditu. Hegaletako-presio lana errazten du. Atzera egite intentsiboak defentsako lana errazten du, aurkariaren taldeak aurrera erraz egitea eragotziz eta kontraerasoa ondo garatzeko aukera emanez. Defentsarako laguntzen alde egiten du, gehienez 5 lerro baititu.
- Kontrako alderdiak: Muturrean dauden hiru erdilariak bi erdilariengandik urrunduz gero, aurkariaren progresioa hobetzea ekar dezake, eremu horretan kopuru gutxiagoko jokalariak dituztelako. Defentsa-zabaltzerik ez badago, gure atearen ondoan okupatu gabeko espazio asko utz daitezke. Defentsako egoeretan ez laguntzeak desorekak eragin ditzake presioan.
Futbolari ospetsuak
- Pelé
- Maradona
- Messi (Barça)
- Xavi Hernández (Barça)
- Andrés Iniesta (Barça)
- Cristiano Ronaldo (Real Madril)
- Iker Casillas (Real Madril)
- Xabi Alonso (Real Madril)
- Rooney (Manchester United)
- Kaká (AC Milan)
- Ronaldinho (AC Milan)
- Buffon (Juventus)
- David Villa (Club Atlético de Madrid)
Talde garrantzitsuak
Mundukoak
- AC Milan
- FC Barcelona
- FC Bayern Munich
- Juventus FC
- Liverpool FC
- Real Madril
- Club Atlético de Madrid
- Manchester United
- Benfica
- AFC Ajax
- Inter Milán
Euskal Herrikoak
- Bilboko Athletic
- Donostiako Real Sociedad
- Iruñeko Osasuna
- Gasteizko Alaves
- Eibar
- Irungo Real Union
- Sestao River Club
Ipar Euskal Herrian ez dago futbol talde garrantzitsurik, estatuko lehen edo bigarren mailan jokatu duenik. Izan ere, beste kirol batzuek indar handiagoa dute Ipar Euskal Herrian; errugbiak, bereziki.
Selekzio nazionalak
Euskal Herriak ez du talde ofizialik, baina bada Euskal Herriko futbol selekzioa, lagunarteko partidak jokatzen dituena.
Futbol txapelketa nagusiak
Euskal Herrikoak
Espainiakoak
- Futbol liga. Maila hauek ditu:
- BBVA Liga (1. maila)
- Adelante Liga (2. maila)
- 2. B maila
- 3. maila
- Erregional gorena (4. maila)
- Erregionaleko lehen maila
- Erregionaleko bigarren maila
- Errege kopa
- Superkopa
Frantziakoak
Europakoak
- Kluben arteko txapelketak:
- UEFAko Txapeldunen Liga edo Champions League
- UEFA Europa League (lehen UEFA Kopa)
- Europako Futbol Errekopa
- Selekzioen artekoa: Europako Futbol Txapelketa
- Herrialdekako ligak:
Afrikakoak
Amerikakoak
Mundukoak
- Mundiala (selekzioak)
Erreferentziak
- ↑ Guttman, Allen. «The Diffusion of Sports and the Problem of Cultural Imperialism». In Eric Dunning, Joseph A. Maguire, Robert E. Pearton. The Sports Process: A Comparative and Developmental Approach. Champaign: Human Kinetics. 129. orr. ISBN 0-88011-624-2. «the game is complex enough not to be invented independently by many preliterate cultures and yet simple enough to become the world's most popular team sport»
- ↑ Dunning, Eric. «The development of soccer as a world game». Sport Matters: Sociological Studies of Sport, Violence and Civilisation. London: Routledge. 103. orr. ISBN 0-415-06413-9. «During the twentieth century, soccer emerged as the world's most popular team sport»
- ↑ «Team Sports». Catastrophic Injuries in High School and College Sports. Champaign: Human Kinetics. 57. orr. ISBN 0-87322-674-7. «Soccer is the most popular sport in the world and is an industry worth over US$400 billion world wide. 80% of this is generated in Europe, though its popularity is growing in the United States. It has been estimated that there were 22 million soccer players in the world in the early 1980s, and that number is increasing. In the United States soccer is now a major sport at both the high school and college levels»
- ↑ a b c d e f g h Letona, Xabier. (2006-06-18). «4.000 urte baloiari ostikoka» Argia CC-BY-SA lizentzia.
- ↑ (Ingelesez) [http://news.bbc.co.uk/hi/spanish/misc/newsid_4934000/4934718.stm "F�tbol" maya de gira en Alemania. ] 2006-04-22 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «Aboriginal Football - Marn Grook» web.archive.org 2006-05-12 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ Agramonte, Emilia Antón. (2011). «El rugby: historia y aplicación en la educación física» Pedagogía Magna (11): 90–97. ISSN 2171-9551. (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ a b «BBC - Cambridgeshire - Sport - Cambridge... the birthplace of football?!» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «The History Of English Football» web.archive.org 2007-01-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
- ↑ «Sheffield F.C. - The Club» web.archive.org 2007-08-19 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ «El AreA: Historia del Fútbol» www.el-area.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Fútbol. 2023-04-02 (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ a b [https://www.marca.com/2012/09/12/futbol/futbol_internacional/1347449677.html «El f�tbol y la I Guerra Mundial»] www.marca.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Fútbol en España. 2023-04-14 (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ a b (Ingelesez) Swamp football. 2023-03-19 (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) «▷ HISTORIA del Fútbol Mundial - Orígen, Leyendas y Torneos» Memorias del Fútbol 2020-12-28 (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Copa Mundial de Fútbol de 1994. 2023-04-14 (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Copa Mundial de Fútbol de 2002. 2023-04-11 (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Copa Mundial de Fútbol de 2010. 2023-04-20 (Noiz kontsultatua: 2023-04-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Memorias del Fútbol | La página del fútbol histórico y retro» Memorias del Fútbol (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
- ↑ (Ingelesez) «El Fútbol Femenino en España» Soccer Politics / The Politics of Football 2015-04-09 (Noiz kontsultatua: 2023-04-25).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez)(Gaztelaniaz)(Frantsesez)(Portugesez)(Alemanez)FIFAren webgune ofiziala