Lionel Messi
Lionel Andres Messi Cuccitini, Leo Messi izen-deiturez ezagunagoa (Rosario, Argentina, 1987ko ekainaren 24a) futbolari profesionala da. Jaiotzatik duen Argentinako nazionalitateaz gainera, Espainiakoa ere badu. Rosarion jaio zen, Santa Fe hiritik hegoaldera.
Gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetako Inter Miami taldeko futbolaria da, bai eta Argentinako selekzio nazionalekoa ere. Futbol zelai barruan bere kokapen ohikoena aurrelariarena da.
Messi inoizko futbolari onenetarikoa da, adituen ustez. Urrezko Baloi gehien (8) eta Urrezko Bota gehien (6) dituen jokalaria da; bietan, Cristiano Ronaldo portugaldarra dago bigarren postuan. Izan ere, Messik bere ibilaldi luze eta oparoan Cristiano izan du aurkari nagusi.
Selekzioarekin, argentinarrak 2022ko Munduko Txapelketa irabazi zuen; bere hitzetan, bere ibilaldian "falta zitzaion gauza bakarra".[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Messik 5 urterekin hasi zuen futbol-ibilbidea, bere auzoko Grandoli futbol taldean, non bere aita entrenatzailea zen. Bi urte geroago Newell's Old Boysen bertan aritu zen 2000ra arte. Bere entrenatzaile Enrique Domínguezek txikitatik jokaldi harrigarriak egiten zituela esaten zuen, “Maradonak soilik egin litzakeenak".
11 urte zituenean River Plate talde ospetsuak ez zuen onartu jokalari gisa hormonetan arazoak zituelako eta tratamendua oso garestia zelako, hain zuzen, 900 dolar hilero 3 urtean zehar. Lehenengo urte eta erdian bere aitaren enpresak laguntza eman zion familiari, baina geroago arazo ekonomikoak egon ziren. Orduan Kataluniara joatea erabaki zuen.
Mutikoak hamahiru urte zituenean Bartzelonako futbol taldera joan zen probak egitera. Carles Rexach zen garai hartako entrenatzailea. Proba horiek 15 egunekoak ziren, baina Carles Rexachek lehenengo entrenamendua ikusi eta jokalari hori fitxatu egin behar zela esan zuen, eta horrela izan zen. Bartzelonak Leo Messiri bere lehenengo kontratu profesionala eskaini zion eta gainera haren tratamendu pertsonala ordainduko ziola agindu zuen.
Bartzelonara heldu zenetik aurrerapen handia izan zuen (Infantil A, Cadete B, Cadete A, Juvenil A, Barça C, Barça B eta maila absolutura), baina kosta zitzaion kategoria horietara iristea. Hamahiru urterekin iritsi zenean, paperak ez zituen eta horregatik ezin izan zuen denboraldi hasieran partidarik jokatu. Behin paperak izanda, joka zezakeen, baina hasi eta gutxira min hartu zuen. Haur-kategoria mailatik lehenengo taldera denbora oso azkarrean heldu zen eta 16 urte zituenean Bartzelonako lehen taldearekin debutatu zuen Fútbol Club Oporto-ren aurkako partidan, José Mourinho bertako entrenatzailea izanik. Geroago LFP ligan debuta egin zuen, Real Club Deportivo Españolen aurka, Kataluniako derbi ospetsuan, Bartzelonak 0-1 irabaziz. Debut horretan Messi markak hausten hasi zen, Bartzelona Futbol Klubeko jokalari gazteena izan zelako debuta egiten ligan (17 urte).
Goi mailan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bartzelona Futbol Kluba (2004-2021)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2005/2006
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irailaren 16an, Bartzelona Futbol Klubak, bigarren aldiz denbora laburrean, kontratuaren luzatzea ziurtatu zion. Gehitze horretan Messiren soldata hobetu zen, eta klubarekiko konpromisoa 2014 arte luzatu zen. 2005eko irailaren 26an, espainiar nazionalitatea lortu zuen eta horregatik RFEFan jokalari komunitario bihurtu zen. Bi egun geroago Txapeldunen Ligan debutatu zuen, Camp Noun, Udineseren aurka. Partida bikaina egin zuen; horregatik, aldatu zutenean, txalo zaparrada handia jaso zuen.
2006/2007
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2006/2007 denboraldia golak sartuz hasi zuen Messik, horietako bat irailaren 27an Werder Bremenen azkenengo minutuan lortu zuena, Txapeldunen Ligako lehenengo partidetan. Zoritxarrez azaroaren 12an Leo Messi lesionatu egin zen eta hilabete batzuk egon zen jokatu gabe.
Behin lesioa alde batera utzita, otsailaren 11n berriz jokatzen hasi zen. 2007ko martxoaren 10ean Leo Messik Real Madrid-en aurka bere lehenengo hat-trick-a lortu zuen, hirugarren gola partidako azkenengo minutuan lorturik eta bere taldeari puntu zoragarri bat emanez. Messik partida horretan beste marka bat hautsi zuen, 12 urte ziren Barcelona-Real Madrid partida batean jokalari batek hiru gol egiten zituela.1995-ean Ivan Zamoranok eta 1994n Romariok.
Denboraldia amaitu eta Bartzelonak ez zuen titulu bakar bat ere lortu, nahiz eta denboraldi hori Messik bizi izandako onena izan une horretaraino. Urte horretan historiako golik politenetakotzat jotzen dena egin zuen Leo Messik, Getaferen aurka, Errege kopan; Diego Armando Maradonak Ingalaterrari sartutako golaren antz handia izan zuen. Egun gutxira liga amaitu zen, eta Messi Espainiako ligako iberoamerikar jokalari onena izendatu zuten.
2007/2008
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008ko martxoaren 4an, Txapeldunen Ligako partida batean Celticen aurka Leo Messi lesionatu egin zen, lesio muskularra izan zuen eta hilabete eta erdi egon zen jokatu ezinik. Messi negarrez atera zen zelaitik, baina jendeak izugarrizko txalo zaparrada eman zion. Hurrengo partidak ezin izan zituen jokatu, baina Txapeldunen Ligako finalerdietan Manchester Uniteden aurka jokatu zuen. Bartzelonak 1-0 galdu zuen. Partida hura izan zen Leo Messik eta Cristiano Ronaldok elkarren aurka jokatu zuten lehenengo partida.
Denboraldia amaitu zenean, aurreko urtean bezala, Bartzelonak ez zuen titulurik eskuratu, baina aurreko urtean bezala Leo Messik izugarrizko denboraldia egin zuen. 2008ko uztailaren 26an Leo Messik partida batean kapitain moduan debuta egin zuen, Josep Guardiola entrenatzaile izanik.
2008ko abuztuaren 3an Leo Messik zenbakia aldatu zuen eta "10" zenbakia ezarri zioten, klubeko jokalari erreferentzia bihurtuz."10" zenbakia eraman zuen aurreko jokalaria Ronaldinho izan zen.
2008/2009
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2009ko otsailaren 1ean Leo Messi Bartzelonako historian sartu zen, taldearen ligako 5.000. gola lortu zuen Racing de Santander taldearen aurka El Sardinero estadioan. Bartzelonak 1-2 irabazi zuen eta bi golak argentinarrarenak izan ziren. Gainera gol "bereziak" izan ziren, Leo Messi aulkian zegoen eta zelaira atera zenean ekipoa 1-0 galtzen ari zen. Minutu batzuk geroago Messiren bi golei esker Bartzelonak partida irabazi zuen.
2009ko maiatzaren 2an Leo Messik Real Madrilen aurka jokatutako partidan bi gol sartu zituen. Azken emaitza gaur egun historian dagoen emaitza da, 2-6 irabazi baitzuen Bartzelonak Real Madrilen aurka Santiago Bernabeu estadioan.
2009ko maiatzaren 27an Estadio Olimpico de Roma zelaian Leo Messi eta bere taldekideek Txapeldunen liga irabazi zuten Manchester Uniteden aurka, arerioen taldean Cristiano Ronaldo egonda. Azken emaitza 2-0koa izan zen eta Messik partidako bigarren gola lortu zuen. Urte horretan Urrezko Baloia eta Urteko Munduko Futbolariaren Saria (Fifa World Player) tituluak eskuratu zituen, momentuko jokalaririk onena izendatuz.
2009/2010
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2009ko irailaren 18an, Leo Messik bere kontratua luzatu zuen 2016ra arte eta bere klausula 250 milioikoa izatera pasatu zen. 2010eko urtarrilaren 16an, 22 urte 6 hilabete eta 23 egunekin Leo Messi Bartzelonarekin 100 gol sartzea lortu izan duen jokalaririk gazteen bihurtu zen. 2010eko maiatzaren 21ean Zaragozaren aurka jokatutako partidaren ostean Messik beste marka bat hautsi zuen: bi tripleta jarraian lortu izan dituen lehenengo jokalaria bihurtu zen, astebetean 8 gol sarturik. Hat-trick-a Valentzia eta Zaragozari egin zien eta Zaragozaren aurka lortutako bigarren gola zuzenean Ronaldok Compostelaren aurka lortutako golarekin konparatu zen. Une horretatik aurrera Leo Messi Maradona baina hobea ote zatekeen ere esan zuten.
2010eko apirilaren 6an, Leo Messi Txapeldunen Ligako partida batean lau gol sartzeko zortea izan zuen historiako lehenengo jokalaria bihurtu zen. Aurrean zuen taldea Arsenal Football Club taldea zen eta Messiren lau golei esker Bartzelonak aurrera egin zuen.
Denboraldia amaitu zenean Bartzelonak liga irabazi zuen, 99 puntu eskuratuz. Horrela, beste marka berri bat hautsiz, Real Madrid izan baitzen ordurarte puntu gehien lortu zituen taldea, 92 punturekin hain zuzen. Messik denboraldia 34 golekin amaitu zuen Ronaldoren gol kopuru bera sartuz 1996/1997, Pichici eta Bota de oro garaikurrak lortuz.
2010/2011
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ligako lehen jardunaldian bere karrerako golik azkarrena sartu zuen, eta klubaren historiako 3. goleatzaile bihurtu zen gol kopuruari dagokionez. 10 jardunaldiz jarraian golak sartzen aritu zen. Bartzelonak Madrili 5-0 irabazi zionean, ordea, ez zuen golik sartu.
Urrezko Baloia irabazi zuen, eta Messiren taldekide Iniesta eta Xavi ere sarirako izendatuen artean izan ziren.
53 gol sartu zituen denboraldi osoan: 12 Europako Txapeldunen Ligan, 31 Espainiako ligan, 7 Espainiako kopan eta 3 Espainiako superkopan. Espainiako liga eta Txapeldunen Liga irabazi zituen Bartzelonarekin.
2011-2021
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011tik aurrera Bartzelonak hainbat titulu irabazi ditu, eta beti jokalari garrantzitsuena izan da. 2014tik 2017ra inoizko erasoko hirukote onenetariko bat osatu zuen Neymar eta Luis Suarezekin batera. 2011tik beste 4 urrezko baloi eskuratu ditu: 2011an, 2012an, 2015ean eta 2019an. 2017an Cristiano Ronaldo bosnako berdinketa lortu zuen argentinarrarekin, baina 2019an argentinako izarrak seigarrena lortu zuen. Denbora honetan beste alderdi bat landu zuen, falta jaurtiketa.
Paris Saint-Germain (2021-2023)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inter de Miami (2023-gaur egun)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan 2022-2023 denboraldia bukatu aurretik, gauza jakina zen Leo Messik ez zuela talde frantziarrean jarraituko. Honen aurrean, Bartzelonara itzuliko ote zen zurrumurruak zabaltzen hasi ziren, baina azkenean ekainaren erdialdean Inter de Miamira joango zela baieztatu zen. Musutruk iritsi zen talde estatubatuarrera, kontratua amaitu baitzuen PSG-rekin. Honela amaitu zen mito argentinarraren ibilaldia kontinente zaharreko futbolean.
Selekzio nazionala: Argentina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Selekzioko kategoria guztietatik pasatu ostean, Mundial sub-20an egindako txapelketagatik, txapeldun gertatu ziren argentinarrak, Messik Jose Pekerman Argentinako entrenatzailearen deia jaso zuen. Hungariaren aurka, 2005eko abuztuaren 17an Messik debuta egin zuen 63. minutuan eta 47 segundo geroago kanporatu egin zuten Vimos Vanczak jokalari hungariarrarekin iskanbila bat eduki eta gero. Irailaren 3an aukera berria izan zuen selekzioarekin, Paraguai aurka zutelarik.
2007ko Amerika Kopan finalera iristea lortu zuen, baina finalean Brasilen aurka 3-0 galdu zuten argentinarrek.
2008an jokatu ziren Joko Olinpikoetan, Argentinak urrea lortu zuen, finalean Nigeriari irabazita, Angel Di Mariaren gol bati esker.
Hat-trick-ak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bartzelona Futbol Kluba – Real Madrid (maiatzak 10), 2006/2007 Liga.
- Club Atlético de Madrid – Bartzelona Futbol Kluba (urtarrilak 6), Errege kopa, 2008/2009.
- CD Tenerife – Bartzelona Futbol Kluba (urtarrilak 10), 2009/2010 Liga.
- Bartzelona Futbol Kluba – Valencia Club de Fútbol (maiatzak 14), 2009/2010 Liga.
- Zaragoza – Bartzelona Futbol Kluba (martxoak 21), 2009/10 Liga.
- Bartzelona Futbol Kluba – Arsenal FC (4 gol), (apirila 6), Txapeldunen Liga 2009/2010
- Bartzelona Futbol Kluba – Sevilla (abuztuak 21), 2010eko superkopa.
- Unión Deportiva Almería - Bartzelona Futbol Kluba (azaroak 20), 2010/2011 Liga.
- Bartzelona Futbol Kluba – Real Betis Balompié (urtarrilak 12), Errege kopa, 2010/2011.
- Bartzelona Futbol Kluba – Atletico Madril (otsailak 5), 2010/11 Liga.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «📹 Messi: «Ya lo había conseguido todo, el Mundial con Argentina era lo único que me faltaba»» OneFootball 2023-07-01 (Noiz kontsultatua: 2023-07-02).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- 1987ko jaiotzak
- Gizabanako biziak
- Rosariotarrak
- Argentinako futbolariak
- Italiar argentinarrak
- FC Barcelonako futbolariak
- Urrezko Baloiaren saridunak
- 2008ko Udako Olinpiar Jokoetako futbolariak
- Olinpiar Jokoetako dominadunak futbolean
- 2008ko Udako Olinpiar Jokoetako dominadunak
- Argentinako futbol selekzio nazionaleko futbolariak
- Ezkerrak
- Ligue 1eko jokalariak
- La Ligako jokalariak
- UEFAko Txapeldunen Liga irabazi duten jokalariak
- 2006ko Munduko Futbol Txapelketako jokalariak
- Argentinako urrezko dominadun olinpikoak