Ultzama
- Artikulu hau Nafarroa Garaiko ibar eta udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ultzama (argipena)».
Ultzama | |||
---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||
| |||
Kokapena | |||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||
Merindadea | Iruñea | ||
Eskualdea | Ultzamaldea | ||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Nafarroa | ||
Izen ofiziala | Ultzama | ||
Alkatea | Martin Pikabea Agirre, (EH Bildu) | ||
Posta kodea | 31797 - 31799 | ||
INE kodea | 31236 | ||
Herritarra | ultzamar | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 43°00′00″N 1°40′41″W / 43°N 1.6780555555556°W | ||
Azalera | 96,57 km² | ||
Garaiera | 542 metro | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 1.636 (2023: −11) | ||
Dentsitatea | 0,17 bizt/km² | ||
Zahartzea[1] | % 22,17 | ||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 42,86 | ||
Ekonomia | |||
Jarduera[1] | % 78,87 (2011) | ||
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||
Langabezia[1] | % 6,31 (2013) | ||
Euskara | |||
Euskaldunak[2][3] | % 47,60 (2018: %2,47) | ||
Datu gehigarriak | |||
Webgunea | http://www.ultzama.eus/ |
Ultzama[4] ([ults̻ama]) Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri eta ibar bat da, Iruñeko merindadekoa. Hamalau herritan banaturik dago, eta Larraintzar da herriburua. 96,7 kilometro karratuko eremua du, eta 1.668 biztanle zituen
2014. urtean. Esnekiak (gazta eta gaztanbera) ekoizteagatik ezaguna, golf zelaia eta Orgiko hariztia ere ibarreko ikur nagusitzat ditu.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Koldo Mitxelenak uste zuen Ultzama toponimoa zeltako Uxamatik zetorrela. Hitz horrek lekurik altuena esan nahi du, eta esanahi hori ongi datorkio Ultzamari, zeren, Basaburuarekin batera, Nafarroako isurialde mediterraneoko ibarrik altuenak baitira. Euskal ahoskerak Uxama hori Ultzama bihurtuko zuen, Mitxelenaren ustetan, beste toki batzuetan Osma (Bizkaiko Mallabiako auzoan bezala) bihurtu zuen bitartean.
Erdi Aroan, ibarraren izena idazkietan hainbat eta hainbat eratara azaltzen zen: Iozama, Utzama, Hutzama, Ucama edo Uzama, ustezko jatorrizko Uxama eta egungo Ultzamaren arteko eratorriak izango liratekeenak. 1366ko testu batean Urçama bezala agertu zen. Honek Jose Maria Satrustegi ur hitzarekin erlazionatzera eraman zuen.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingurune naturala eta klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Belaten, itsasoaren mailatik 797 metrora, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak 1987an jarritako estazio meteorologikoa dago.[5]
- Ultzamako Iraizotz kontzejuan, itsasoaren mailatik 550 metrora, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak 1971n jarritako beste estazio meteorologiko bat dago.[6]
Aukeratu beheko zatian urte-tarte bat, urte horiek goian xehetasun handiagoz ikusteko.
Ikusi edo aldatu datu gordinak.
Udalerri mugakideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ultzamak mugakide ditu iparraldean Urroz, Beintza-Labaien, Oiz, Donamaria eta Baztan; ekialdean Lantz eta Anue; hegoaldean Atetz eta Odieta; eta mendebaldean Basaburua.
Herriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herri hauek osatzen dute: Alkotz, Arraitz-Orkin, Auza, Eltso, Eltzaburu, Gorrontz-Olano, Gerendiain, Ilarregi, Iraizotz, Larraintzar (herriburua), Lizaso, Suarbe, Urritzola-Galain eta Zenotz.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arraitz-Orkinen Brontze Aroko aztarnak aurkitu dira Abauntz kobazuloan. Margolanak, tresnak eta lurperatutako gorpuak aurkitzeaz gain, harri batean orain dela 13.660 urte egindako mapa bat aurkitu zuten, Mendebaldeko Europako mapa zaharrena. Kobazuloa Antzinaroan abandonatua izan zen arren, Erromatar Inperioaren gainbehera eman zenean berriz habitatu zuten, inperio osoan zehar eman zen fenomeno bitxi bat izanik.
XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Iozama, Utzama, Hutzama eta Ucama izenez. XII. mendean jaso zuen Ultzama haranak, Antso VII.a Azkarra Nafarroako erregearen eskutik, Lerin herriak zituen foru berez gobernatzeko baimena.
Nafarroako konkistan Ultzama, Baztan eta Malerreka arteko mendietan Belateko gudua eman zen, zeinetan gipuzkoarrek nafar tropak txikitu zituzten.
XVI. mendean, Nafarroa iparraldeko bertze hainbat tokitan bezala, zenbait sorginkeria epaiketa izan ziren Ultzaman. Ozkordi batxilergoa izan zen 1575. urtean Urritzola-Galain, Larraintzar, Eltso eta Iraizotzen atxilotzeak burutu zituena, azken herri honetako Antso izeneko aztia kasu famatuena izanik. Hiru sorgin bortz urtez erbestera zigortuak izan behar ziren arren, azkenean isun ekonomiko batekin zigortuak izaten akitu zuten.
XVIII. mendean Frantzian jatorria izan zuen azienda izurrite batek Nafarroa gogor jo zuten, Ultzama barne, 1774ko uztailetik urte bereko azarorako epean 1357 animalik bizia galduz.
XVIII. mende bukaerako Konbentzio gerraren lekuko izan zen Ultzama, baita XIX. mende hasierako Espainiako Independentzia Gerra eta XIX. mendeko Gerrate karlistena[7]. Hau bere egoera geografiko estrategikoaren ondorioa da, antzinarotik Bidasoko haranak gainontzeko Nafarroa Garaiarekin lotzen dituen bidean egon baita, Belate muga geografikoa gainditzeko bide nagusia izanik. Hain zuzen ere, Oiasso (Irun) eta Pompaelo (Iruñea) lotzen zituen erromatar galtzada hemendik igarotzen zen, eta gaur egun helburu bera betetzen duen N-121-A errepidea ere Ultzamatik igarotzen da.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen lehen erdialdean populazioa 2.300 biztanleren inguruan mantendu bazuen ere (beheranzko joera txikiarekin), 1960ko hamarkadatik aurrera biztanle galera handia gertatu zen, biztanle anitz Iruñerrira lekualdatu baitziren, eta XXI. mendearen hasieran 1.600 biztanle inguru izatera iritsi zen. XXI. mendearen lehen hamarkadan berreskuratze txiki bat gertatu zen.
Ultzamako biztanleria |
---|
2008ko erroldan jasota dagoenez, Espainiaz kanpoko 59 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren % 3,67 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren azpitik).
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendera arte Ultzaman euskara hutsa solastatzen zen arren, Espainiako Gerra Zibiletik aitzinera erdalduntze prozesu sakon batean sartu zen, belaunaldi aunitz erdaldun elebakarrak izanik. Transmisio etete horrek bertako euskalkiaren galtzea eragin du, gaur egungo gazteek euskaraz ikasten duten arren euskara batua ikasten eta etxean erdaraz egiten baitute gehienek. Hala ere Eltzaburu eta Ilarregi aldean badira euskara galdu ez duten familiak, oraindik ere goi-nafarreraz solastatzen direnak, baita haran osoko adineko jendea, hizkuntza erabiltzen ez duten arren, ulertu eta batzuk solastatzeko gai direnak.
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ultzamako etxeak inguruko haranetako etxeen estilo berekoak dira, hiru solairukoak dira gehienak (beheko solairuan ukuiluak, lehendabizikoan bizilekua eta azkenekoak sabaia), sarrera nagusian harri landuko arku bat izan ohi dute eta paretak karez estaliak izan ohi dituzte, leihoetako eta pareten iskinetako harri landua agerian utziz.
Aipamen berezia merezi duten eraikinak Belateko monasterioa eta ostatua dira, Baztango Donejakue bidea egiten zuten erromesei ostatua ematen ziena eta gaur egun abandonatuta dagoena.
Gastronomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Famatuak dira Ultzamako esnekiak, bereziki gaztanbera. Urtero haraneko herri batean "gaztanberaren eguna" ospatzen dute, 2019an Larraintzarren ospatua izanik. Esnekiak ekoizten dituen Goshua enpresak Iraizotzeko Elordi industriagunean du lantegia.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira betidanik ultzamarren ekonomiaren oinarria, bereziki behi abeltzaintza. Gaur egun ere lehen sektoreak garrantzia handia duen arren, biztanleen gehiengoak Iruñerrian egiten du lan, zerbitzuen arloan. Iraizotzen bada industriagune bat, Elordi izenekoa, eta turismoa gero eta indar handiagoa hartzen ari da Ultzamako golf zelaiak eta Orgiko hariztiak erakarrita, batik bat, baita haraneko landetxe eskaintza zabalak ere.
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udal hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2015era arte Ultzamako alkate kargurako Agrupación Ultzama (AU) eskuineko taldeko Francisco Pérez Arregi aukeratu zuten. 2007an Udaleko bederatzi zinegotzietatik sei lortu zituen taldeak, eta, hortaz, gehiengo osoa udalean; beste hirurak Nafarroa Baik eskuratu zituen. Baliogabeko botoak 80 izan ziren (emandako guztien %8,46) eta 23 boto zuri izan ziren (botoen %2,66). Abstentzioa %30,49koa izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Agrupación Ultzama | 545 | 6 |
Nafarroa Bai | 298 | 3 |
2011ko udal hauteskundeetan ere AU izan zen garaile eta Pérez Arregik alkate karguari eutsi egin zion. Urte horretan AUrekin lehiatu zen zerrenda bakarra Bildu (4 zinegotzi) izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Agrupación Ultzama | 450 | 5 |
Bildu | 373 | 4 |
2015eko udal hauteskundeetan EH Bildu izan zen garaile alkatetza zuen AUri gailenduz. EH Bilduko Arantza Martinez Urionabarrenetxea hautatu zuten alkate.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
EH Bildu | 449 | 5 |
Agrupación Ultzama | 409 | 4 |
2019ko udal hauteskundeetan EH Bildu atera zen garaile, alkatetza Martin Pikabearen eskuetan jarriz.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
---|---|---|
EH Bildu | 513 | 5 |
Agrupación Ultzama | 399 | 4 |
Udaletxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Helbidea: San Pedro kalea, 8 (Larraintzar kontzejua)
Alkateen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007-2011 | Francisco Pérez Arregi | AU |
2011-2015 | Francisco Pérez Arregi | AU |
2015-2019 | Arantxa Martinez Urionabarrenetxea | EH Bildu |
2019-2023 | Martin Pikabea Agirre | EH Bildu |
Ultzamar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Migel Aritzukoa (Miguel de Arizo, Arizu eta Arizcum gisa ere agertzen da) (1593 - Madril, 1648ko maiatzaren 15a), kantari eta konpositore klasikoa izan zen.[8][9][10]
- Joan Bautista Esain (1800-1876), militarra.
- Martina Ezkurra (1841-1936), sendalaria.
- Alejandro San Martin (1847-1908), sendagilea eta politikari liberala. 1906an denboraldi labur batez Espainiako Heziketa Publikoa eta Arte Ederretako ministroa izan zen.
- Manuel Irurita (1876-1936), Bartzelonako gotzaina.
- Martin Oianburu Artze (1881-1975), gaztetan Mexikora emigratutako lizasoar enpresaburua.
- Agustin Zarrantz, Aita Polikarpo Iraizozkoa (1897-1980), apaiza eta euskal idazlea.
- Maria Diez de Ultzurrun (1900-1990), sendalaria.
- Jose Mari Mutuberria (1905-1980), bertsolaria.
- Julian Lajos (1940-2013), esku huskako pilotaria.
- Xole Erbiti (1942-2009), irakasle eta euskara sustatzailea.
- Jose Angel Ziganda (1966), futbolaria eta futbol entrenatzailea.
- Judith Torrea (1973), kazetari, blogari eta idazlea.
- Aritz Begino (1980), esku huskako pilotaria.
- Cristina Altuna (1984), kazetari eta politikaria.
- Iñigo Astiz (1985), idazlea.
- Maite Mutuberria (1985), ilustratzailea.
- Jesus Legarrea (1987), golflaria.
- Carlota Ziganda (1990), golflaria.
- Peio Etxeberria (1998), esku huskako pilotaria.
- Andoni Gaskue (1999), esku huskako pilotaria.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
- ↑ Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
- ↑ Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- ↑ Nafarroako Meteorologia Agentziaren webgunea.
- ↑ Nafarroako Meteorologia Agentziaren webgunea.
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ (Ingelesez) «Arizo [Arizu, Arizcum, Miguel de»] Grove Music Online doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Arizu, Miguel de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
- ↑ «Miguel de Arizo | enciclopedia.cat» www.enciclopedia.cat (Noiz kontsultatua: 2023-09-24).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jose Maria Jimeno Jurio (zuzendaria), Nafarroako toponimia eta mapagintza. XLIII, Iruñea, 1997. ISBN 84-235-1585-7
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- Ultzamaldearen webgunea
- Ultzamako euskarari buruzko artikulua Argia astekarian (2009-02-15)
- (Gaztelaniaz) Ultzamari buruzko informazioa Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren webgunean.
- Ultzamako Iraizotz kontzejuaren ikuspegia Google Street View-n.
Ultzama | ||
---|---|---|
Alkotz | Arraitz-Orkin | Auza | Eltso | Eltzaburu | Gerendiain | Gorrontz-Olano | Ilarregi | Iraizotz | Larraintzar | Lizaso | Suarbe | Urritzola-Galain | Zenotz |
Ultzamaldeko udalerri aurkibidea | ||
---|---|---|
Anue • Atetz • Basaburua • Ezkabarte • Imotz • Lantz • Odieta • Olaibar • Ultzama |