Edukira joan

Partenoia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 37°58′17″N 23°43′36″E / 37.971527°N 23.726601°E / 37.971527; 23.726601
Wikipedia, Entziklopedia askea
Partenon» orritik birbideratua)

Partenoia
Παρθενών
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Atenasko Akropolia
Kokapena
Estatu burujabe Grezia
Erakunde autonomoDecentralized Administration of Attica
EskualdeaAtika
Unitate periferikoaAtenas Zentrala
UdalerriaAtenas udalerria
Koordenatuak37°58′17″N 23°43′36″E / 37.971527°N 23.726601°E / 37.971527; 23.726601
Map
Historia eta erabilera
IrekieraK.a. V. mendea
JabeaGrezia
ErlijioaGreziar mitologia
IzenaAtena
Arkitektura
ArkitektoaIktinos
Kalikrates
Fidias
Materiala(k)haitzurdin pentelikoa
EstiloaDoriar ordena
Peripteroa
Dimentsioak13,72 (altuera) × 30,8 (zabalera) × 69,61 (luzera) × 69,5 (luzera) m
Gizateriaren ondarea
Irizpidea(i), (ii), (iii), (iv) eta (vi)
Erreferentzia404-001
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-ematea1987 (XI. bilkura)
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

Partenoia[1] (antzinako grezieraz: Παρθενών, Parthenón) Atenasko Akropolian kokatutako greziar tenplua da, bertako eraikin nagusia, Atena jainkosari eskainia[2] eta doriar ordenakoa. Antzinako Greziako monumenturik garrantzitsuena da eta munduko eraikinik ederrenetakoa, Mendebaldeko kulturaren ikur eta kanon bat[3].

Iktinos eta Kalikrates arkitektoek eraiki zuten, Fidias zuzendari zutela, oso epe laburrean (K.a. 448-432). Pentelikoko haitzurdin zuriz eraikia dago, Akropoliko hegoaldean, lekurik gorenean hain zuzen, hiri osoa eta inguruko landalde guztia ikusten direla handik. Artearen eta arkitekturaren ikuspegitik ez ezik, Partenoiak garrantzi ezin handiagoa izan du erlijioaren aldetik ere, lau erlijio desberdinen egoitza eta santutegia izan baitzen: greziarren jainkoena, gero bizantziarren tenplua, gero katedral katolikoa, eta, azkenik, turkiarren agintaritzapean, meskita. Deloseko Ligaren altxorraren gordailua ere izan zen[4]. 1687an zeharo hondatuta gelditu zen otomandarrek han kokatua zuten bolborategiak eztanda egin zuenean Veneziarren eraso batean. Hondatu ez ziren eskultura gehienak, Fidias handiak zizelkatuak, Lord Elgin britainiarrak Ingalaterrara eraman zituen 1801-1803. urteetan; harrezkero Londresko British Museum-en daude, eta haiek dira museo horretako altxor nagusia.

Areopagoaren eta Akropoliaren balizko berreraikuntza, non Partenoia ikusten den, Leo von Klenze, 1846

Partenoia Persiarrek K.a. 480-479 urtean suntsitutako eraikin baten gainean eraiki zen, Aurre-Partenoia izenez ezaguna eta Mediar Gerrak baino lehen eraikia. Iktinos eta Kalikrates arkitektoek eraiki zuten, oso epe laburrean (K.a. 448-432). Greziako kontinente aldeko tenplurik handiena eta luxuzkoena eraikitzeko behar zen dirutza handia lortzeko, pertsiarren aurka Atenasekin batera borrokatuak ziren estatuen ondasunak baliatu zituen Periklesek. Partenoia da Peloponesoko gerrak (K.a. 431-404) bukatu gabe utzi ez zuen Akropoliko eraikin bakarra.

Partenoia antzinako Greziako erlijio tenplurik garrantzitsuena izan zen k.o. IV. mendera arte, ordurako Atenas Erromatar Inperioko hiri txiki bat besterik ez bazen ere. K.o. V. mendean Atenearen estatua Konstantinoplara eraman zuten eta han desagertu egin zen.

Handik gutxira Partenoia eliza kristau bilakatu zen, bizantziarren lehendabizi eta katolikoa gero. Horretarako, zenbait zutabe eta pareta kendu ziren eta abside bat eraiki zen. Nahitaez, hainbat eskultura galdu zen.

1456. urtean Atenas otomandarrek konkistatu zuten eta Partenoia meskita bilakatu zuten. Otomandarrek, orokorrean, antzinako monumentuak errespetatu zituzten, ez zituzten suntsitu. Egindako aldaketa bakarra minarete bat gehitzea izan zen.

1687an jasan zuen suntsiketarik handiena, veneziarren erasoarekin. Otomandarrek bolbora gordailu gisa erabili zuten tenplua. Veneziarren eraso batek Partenoia leherrarazi zuen, kalte handiak eraginez eta zati bat eraitsiz. Honen ondoren eraikina ez zen berriro erabili.

1801ean Konstantinoplako enbaxadore britainiarrak Sultanaren baimena lortu zuen Akropoliko piezak zenbatu eta banatzeko, eta beharrezkoa izanez gero, eraikin berriak eraitsi eta bertatik eskulturak kentzeko. Topatzen zituen eskultura guztiak hartzeko baimen moduan interpretatu zuen eta eraikinetik nahiz lurretik, pieza asko eraman zituen British Museumera.

Partenoia hegoaldetik

Elgin enbaxadoreak eramandako eskultura horiek oraindik ikusgai daude aipatutako museoan. Parisko Louvre museoan eta Kopenhagen ere aurki daitezke Partenoiko piezak besteak beste[5].

Geratzen direnetako gehienak Akropoliko museoan daude, Partenoitik metro gutxi batzuetara, eta bakan batzuk Partenoian bertan.

Greziako gobernuak urteak daramatza British Museumari aipatutako piezak bueltatzeko eskatzen. Museoak uko egin dio behin eta berriz eskakizun honi, eta momentuz, Erresuma Batuko gobernuak ez du indar gehiegirik egin legea bete dadin.

Minaretea 1832an kendu zen, independentzia lortu zenean. Gainera, akropolian zeuden Erdi Aroko eraikinak eraitsi ziren.

1975. urtean akropoliaren berreraikuntza hasi zen, Europar Batasunaren laguntza ekonomiko eta teknikoari esker. Adituek kontu handiz informazioa bildu eta eredu informatiko berriei esker harri bakoitzaren jatorrizko kokapena zehaztu dute. Askotan, aurrez eginiko berreraikuntzak okerrak zirenez, hauek konpondu behar izan dira.

Eraikinak 1687ko eztandaren aurretik zuen itxura berreskuratuko ez duen arren, honen eragina gutxituko da. Pieza berriak egiten ari dira jatorrizko harrobi beretik ateratako marmola erabiliz.

Gaur egungo arriskurik handiena kutsadura da. Atenas ikaragarri hazi da azken hamarkadetan eta trafikoak eta euri azidoak serioski mehatxatzen dituzte geratzen diren eskulturak eta tenplua bera.

Oinplanoa.

Periklesen ekimenez eraiki zuten Fidias eskultorearen zuzendaritzapean. Azken honen ardura izan zen gainera eraikinaren dekorazioa. Arkitektoak Iktinos eta Kalikrates izan ziren.

Eraikuntza lanak K.a. 447an hasi ziren eta lanik gehienak K.a. 438rako amaituak zeuden, baina apainketak K.a. 432an bukatu ziren[6].

Patenoia doriar arkitektura klasikoaren erakusgarri bikaina da. Bolumen handia duen arren, ez du hain trinkoa ematen, eta doriar ordenak berezkoa duen soiltasuna eta zorroztasuna erabat betetzen duten beste tenplu batzuk baino arinagoa eta dotoreagoa da, bere proportzioak arindu eta berregokitu izanari esker:

  • taulamenduaren garaiera zertxobait gutxitu zuten zutabeen zabalera eta garaierarekiko;
  • erlaitza ez da hain irtena,
  • zutabeak meheagoak dira, ez hain nabarmenak, eta txikiagoak dituzte kapitelak;
  • zutabetik zutabera tarte handiagoa dago, eta esan liteke zutabeek hartu beharreko zama ez dela besteetan bezain handia.

Partenoian beste edozein tenplutan baino askoz garbiago ikusten da doriar estilo klasikoaren berezitasun bat, estilo horren arau geometrikoaren desbideratze berariazkoak arrazoi estetikoengatik eginak. Hala, estilobato mailakatua eta taulamendua ez dira guztiz zuzenak, okertuxeak baizik, halako moduan non erdigunea ertzak baino goratuxeago gelditzen baita; zutabeak barrurantz makurtzen dira orobat. Desbideratze horiek interpretazio asko sorrarazi duten arren, ziur esan daitekeen gauza bakarra da eraikina edertzeko elementu nabarmenak zirela. Nahiz eta handik gertu dagoen Hefestoren tenplua egoera hobean mantentzen den, Partenoia, John Julius Norwich idazle eta telebista aurkezle britainiarraren hitzetan, "sekula eraiki den tenplu doriarrik perfektuena da. Antzinaroan ere, miretsiak ziren arkitekturaren ikuspuntutik ekarritako hobekuntzak, bereziki, estilobatoaren kurbaturaren, naos-eko pareten estutzearen eta zutabeen entasiaren arteko oreka". Estilobatoa zutabeak mantentzen dituen plataforma da. Apur bat okertzen da gorantz, arrazoi optikoengatik[7]. Entasiak zutabeek duten zabaltze txikiari egiten dio erreferentzia, izan ere, oinarrian estuagoak dira, gora begiratzean sortutako efektu optikoari aurre egiteko. Kurbatura guzti hauen helburua Partenoiak benetan duena baino itxura simetrikoagoa agertzea da.

Partenoiko naos edo cella beste tenplu batzuetakoa baino askoz zabalagoa eta zertxobait laburragoa da, haren atzean beste areto bati lekua uzteko modukoa. Alde bakoitzeko pronaos edo atariak ia desagertu dira, baina zutabe lerro osagarri bat dute sarrera bakoitzaren aurrez aurre.

Partenoiko naos edo cella elkarren artean komunikaziorik ez zuten bi ataletan banatua zegoen barrualdean: gela nagusia ekialdean zegoen, eta Atenea Partenosen irudia zeukan barnean; mendebaldean ganbera txikiago bat zegoen, eta hantxe zeuden gordeak jainkosa haren altxorrak eta Delosetik ekarritako ondasunak.

Azkeneko eskaileran neurtuta, oinarria 30,9 m zabal eta 69,5 m luze da. Cellak 29,8 metroko luzera eta 19,2 metroko zabalera ditu eta bi doriar zutabe ilara ditu, teilatua eusten dutenak. Kanpoaldeko zutabeek 1,9 metroko diametroa eta 10,4 metroko altuera dute. Ertzetako zutabeen diametroa apur bat handiagoa da. Estilobatoak 60 mm-ko kurbatura du ekialdean eta mendebaldean eta 110 mm-koa iparralde eta hegoaldean.

Partenoia, bai barrutik, eta bai kanpotik, marmolezko irudiz apaindurik dago. Hauetariko bakar batzuk gordetzen dira oraindik, baina gehienen deskribapen zehatzak daude.

Badakigu tenplua, edo behintzat honen atal batzuk, kolore biziz egon zela margotua, adituak erabilitako koloreei buruz ados jartzen ez badira ere. Dakiguna da sabaia urdin iluna zela.

Ekialdeko frontoiko multzoa, British Museum.

Ekialdeko frontoian (tenpluaren aurrealdean eta atzealdean, zutabeen gainean dagoen hiruki itxurako zatia), Atenaren jaiotza deskribatzen da. Mendebaldeko frontoian Atena eta Poseidon jainkoek Atika eskualdeagatik izan zuten borroka dago irudikatua.

Mendebaldeko metopen xehetasuna

Kanpoaldeko eskulturak egiteko, Fidiasek eskultore talde bat bildu zuen. Tenpluaren lau aldeetako erlaizpean (zutabeen eta frontoien artean) metopak ikus daitezke. Erliebe sakoneko irudi txikiez zeuden apainduta, gehienak bi irudiko multzoak ziren, baina baziren irudi gehiagokoak ere. Lan hura egiteko antolamendu zehatza behar izan zen, ezin baitziren frisoan bertan zizelkatu, eta irudi bakoitza erlaitza eta teilatua egin baino lehen ezarri behar zen, zein bere lekuan.

Hegoaldean lapiten eta zentauroen arteko borroka ikus daiteke, ekialdean jainkoen eta erraldoien artekoa eta mendebaldean greziarren eta amazonen artekoa. Iparraldean, badirudi Troiako gerrari buruzko irudiak egon zitezkeela.

Zalditeria Partenoiko frisoan, Mendebaldea II, 2–3, British Museum.

Barrualdean, zutabeen gaineko arkitrabeak gehiago zuen joniar estilotik doriarretik baino, friso zizelkatu bat baitzuen triglifoen eta metopen ordez, etenik gabea, naos osoaren inguruan, Panateneak edo Atenearen omenez urtero egiten zen prozesioa irudikatzen zuten sakonera gutxiko erliebez apaindua. Frisoak Panatenea jaietako prozesioa irudikatzen zuen hiru aldetan eta Panteoiko jainkoak laugarrenean. 160 metro luze eta metro bat inguru garai zen zerrenda hura trebetasun handiz egina zen, eta koherentzia handikoa zen estiloaren aldetik. Gauza bitxia da hain lan ederra erdi ezkutuan geldituko zen kokaleku batean jartzeko egina izatea.

Frisoaren zati gehienak British Museumean daude, Lord Engin britaniarrak eramanak. Londresera eraman eta berehala igeltsuzko kopiak egin zituzten. Egun Bilboko Berreginen Museoan daude ikusgai, 1930ko hamarkadan erosi baitzituen[8].

Atena Partenos

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Atena Partenos»

Tenpluaren barnean Fidiasek egindako Atenearen estatua erraldoi kriselefantinoa bat zegoen: Atena Partenos. Boliz eta urrez egindako artelan honek 12 metroko altuera zuen eta 1200 kg urre erabili ziren egiteko. Ziurtasunez dakigunez, Fidiasek bere eskuz egindako eskultura bakarra da[9].

Bada 1:1 eskalako Partenoiaren erreplika bat, 1897an eraikia, Nashvillen (AEB)

Estatu Batuetako Nashvillen bada 1:1 eskalako Partenoiaren erreplika bat, 1897an eraiki zutena lehen aldiz aldiko erakusketa baterako. Ondoren, 1920-1931 urte bitartean modu egonkorrago batean (hormigoizko egituraz) berreraiki zuten. Ustez jatorrizkoak ziren margoekin apainduta dago.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. (Ingelesez) Susan Deacy, Athena, Routledge, 2008, p. 111.
  3. (Ingelesez) Beard, Mary. (2010). The Parthenon. ISBN 978-1-84765-063-4..
  4. (Frantsesez) Georges Roux, « Pourquoi le Parthénon ? », Comptes-rendus des séances de l'Académie des inscriptions et belles-lettres, 1984, 128 bolumena, 2. zkia. 301-317 or.
  5. (Ingelesez) "The Parthenon", in Strolling Through Athens, City of Athens, 2004, pp. 112–119.
  6. Partenoia Harluxet hiztegian
  7. (Ingelesez) John Julius Norwich, Great Architecture of the World, 2001, p. 63
  8. Erredakzioa. (2012ko apirilak 18). «Partenoiko eskulturen erreplikak jarri dituzte ikusgai Bilbon» Berria.
  9. (Ingelesez) Lapatin, Kenneth D.S.. (2001). Chryselephantine Statuary in the Ancient Mediterranean World. OUP, 63 or. ISBN 978-0-19-815311-5..
  • Burkert, Walter (1985). Greek Religion. Harvard University Press. ISBN 978-0-674-36281-9.
  • Connelly, Joan Breton (1 January 1996). "Parthenon and Parthenoi: A Mythological Interpretation of the Parthenon Frieze" (PDF). American Journal of Archaeology. 100 (1): 53–80. doi:10.2307/506297. JSTOR 506297. S2CID 41120274. Archived from the original (PDF) on 19 August 2018.
  • Connelly, Joan Breton (2014). The Parthenon Enigma: A New Understanding of the West's Most Iconic Building and the People who Made It. Random House. ISBN 978-0-307-47659-3.
  • D'Ooge, Martin Luther (1909). The Acropolis of Athens. Macmillan.
  • Frazer, Sir James George (1998). "The King of the Woods". The Golden Bough: A Study in Magic and Religion. Oxford University Press. ISBN 978-0-19-283541-3.
  • Freely, John (2004). Strolling Through Athens: Fourteen Unforgettable Walks through Europe's Oldest City (2 ed.). Tauris Parke Paperbacks. ISBN 978-1-85043-595-2.
  • Hollis, Edward (2009). The Secret Lives of Buildings: From the Ruins of the Parthenon to the Vegas Strip in Thirteen Stories. Macmillan. ISBN 978-0-8050-8785-7. Hurwit, Jeffrey M. (2000). The Athenian Acropolis: History, Mythology, and Archeology from the Neolithic Era to the Present. Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-42834-7.
  • Hurwit, Jeffrey M. (2005). "The Parthenon and the Temple of Zeus at Olympia". In Judith M. Barringer; Jeffrey M. Hurwit; Jerome Jordan Pollitt (eds.). Periklean Athens and Its Legacy: Problems and Perspectives. University of Texas Press. ISBN 978-0-292-70622-4.
  • Neils, Jenifer (2005). The Parthenon: From Antiquity to the Present. Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-82093-6.
  • "Parthenon". Encyclopædia Britannica. 2002.
  • Pelling, Christopher (1997). "Tragedy and Religion: Constructs and Readings". Greek Tragedy and the Historian. Oxford University Press. ISBN 978-0-19-814987-3.
  • Tarbell, F.B. A History of Ancient Greek Art.
  • Whitley, James (2001). "The Archaeology of Democracy: Classical Athens". The Archaeology of Ancient Greece. Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-62733-7.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]