Edukira joan

Bokata

Wikipedia, Entziklopedia askea

Arropa lehortzen, garbitu ondoren, Varanasin, India.
Garbitegi bat Parisen.
Emakume bat arropa eskegitzen Habanan.

Bokata edo lixiba egitea arropa eta beste oihal batzuk garbitzean datzan prozesua da. Garbitasuna historiaren parte izan da gizakiak arropa erabiltzen hasi zirenetik. Beraz, kultura ezberdinek giza premia unibertsal honetaz baliatu dituzten metodoek interesa dute hainbat ikerketa eremutan. Arropa-garbitzaile lanak, tradizionalki, sexuetan oso bereiziak izan dira, kultura gehienetan emakumeek izan dute erantzukina, arropa-garbitzaile ofizioan ere. Industria-iraultzak, pixkanaka-pixkanaka, garbiketa lanetarako konponbideak mekanizatu zituen, batez ere garbigailua eta, geroago, lehorgailurekin. Garbiketa, sukaldea eta haurren zaintza bezala, etxean zein kanpoan egiten da, horretarako prestatutako industrian[1].

Historian zehar bokatak leku anitz hartu ditu. Ibaien ertzetan edo putzuetan egitetik, herri batzuek latsagiak eraiki zituzten, emakumeen bizitza sozialean aldaketak ekarri zituena. Mendebaldean garbigailua etxeetan sartu da XX. mendean, baina badira ere berariaz sortutako lekuak, garbitegiak bezala, edo profesionalki arropa garbitzen duten tindategiak. Etxe askotan garbigela existitzen da eta eraikin partekatuetan ohikoa da hainbat zerbitzu dituen gune bat eskaintzea, Eskandinaviako tvättstuga bezala.

Ibaiak eta ur-ibilguak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lixiba ur-ibilguetan egin zen lehenik, urak orbanak eta usainak ekar zitzakeen materialak eraman zitzan. Oraindik ere horrela egiten da garbiketa herrialde txiroetako landa-guneetan. Arropa mugitzeak zikinkeria kentzen laguntzen du, horregatik askotan ibai bazterreko arroka lauen kontra igurtzen zen arropa. Prozesuan laguntzeko egurrezko lixiba-palak erabiltzen ziren, arropa jo eta garbitzeko[2]. Egurrezko edo harrizko elementu ildaskatuak ere erabiltzen ziren, denborarekin eramangarriak; egurrezko erretiluari latsazur deitzen zaio. Xaboia, gantzaz eta errautsez eginda, Antzinarotik ezagutzen da. Mesopotamian jada aipatzen da xaboiaren antzeko material bat, "nesken harriak garbitzeko" erabiltzen zena[3]; ezagutzen zen ere Palestinan[4] eta Antzinako Egipton[5]. Antzinako Erroman sapoa deskribatu zen, oliba olioarekin egina[6], baina arropa garbitzeko giza gernua erabili ohi zen[7]. Xaboia ez zen ohikoa Erdi Aroan, eta ondoren pobreenek ez zuten erabili XVIII. mendean ohikoa bilakatu zen arte; hala ere, soilik zikin zeuden eremuetan igurzteko erabiltzen zen[8]. Siriako lehen hirietan errautsa garbiketarako erabiltzen zela uste da[9].

Behin garbi, arropari ahalik eta ur gehiena ateratzeko biratzen eta kiribiltzen ziren, bereziki kotoi eta lihozko arropatan. Teknika hau Antzinako Egipton jada erabiltzen zen, baina artilearekin ez-ohikoagoa da prozesu hau, arropa hondatzen delako[10]. Ondoren, aireak lehor zitzan sokatan eskegitzen ziren, gehienetan ibaiaren alboetan. Horrelakorik ezean, belarren gainean edo zuhaitzetatik zintzilik ere jartzen ziren arropak, lisatu aurretik lehor zitezen.

Prozesu hau neketsua zen, eta horregatik ez zen maiztasun handiarekin egiten, soilik arropa zikin kopuru handia biltzen zenean. Arropa finagoak zituztenek, bereziki alkandorak edo material garestiz egindakoak, ez ziren hainbeste indarrarekin garbitzen eta beste arropetatik bereizita lixibatu ohi ziren[8].

« Ezpeldoiko bukata

Ala bukata ederra!
Bereterretxen atorretarik
hiru dozena omen da."

»

Bereterretxen khantoria


Sakontzeko, irakurri: «Latsagia»
Emakumeak bokata egiten Anoetako latsagian, 1915.

Jendea bizi den lekuetan ur garbiak garrantzi handia izan du komunitatearen biziraupenerako eta hainbat aktibitateren garapenerako; hori dela eta, ur ibilguak bereziki zaindu izan dira, eta hainbat udal-arauditan horren adibideak aurki daitezke. Hala, Gasteizko 1427ko udal araudian irakur daitekeenez "...errebaleko biztanleei baimena eman zitzaien, norbait iturri publikoan arropa garbitzen harrapatu ezkero, hura atxilotzeko". Zerion, berriz, 1608an errekan urtaro jakin batzuetan baino ez zitekeen garbitu; horrekin ur eskasia denboran ganaduei edateko ura bermatzea bilatzen zen. Apilaizen, 1781ean errekan lixiba-putzuak prestatzea debekatu zen, "bestela biztanle bakoitzak bere etxe aurrean garbitoki bat nahiko luke". Biztanleria herrietan kontzentratu ahala, bokata desantolatuaren arazoak gero eta nabarmenagoak ziren, eta araudi hauekin aurre egin nahi izaten zitzaien, XIX. mende erdi aldean latsagi komunalak eraikitzen hasi ziren arte. Horrela, 1882an adibidez Gasteizen Zadorra ibaiean latsagia eraikitzeko akordioa hartu zen; eta behin instalazioa prest zegoenean, erreka eta asketan bokata egitea debekatzea.[11]

Industrializazioak ekarri zuen hirien hazkuntzak ez zuen izan urbanismoan eta etxeen eraikuntzan garbiketa lanen inguruko prestakuntzarik. Hiri handietan ez zegoen arropak garbitzeko leku egokirik edo ur ibilgurik eta etxeetan ez zen egoten arropa garbitzeko leku berezirik; garbileku komunalak higiene behar bat izan ziren, eta urbanismoan aditu batzuek horren inguruan idatzi zuten, adibidez Ildefons Cerdàk. Bartzelonari buruz idazterakoan aipatu zuen 28 latsagi komunal zeudela, guztiak pribatizatuta, bat 6.563 biztanleko; eta Parisen, une berean, 171 garbileku zeudela, 8.244 garbiketa posturekin[12]. Hiri, askotan eraikinen beheko solairuetan zeuden garbileku hauek, hala ere, ez zuten izaten baldintza onik. 1918an Bartzelonako Maizterren Sindikatuak eskatu zion Udalari "barruti bakoitzean latsagi publiko doakoak sortzea, gaur egungo hobekuntza guztiekin, langile guztiek erabili ahal izateko"[12].

Garbigailua etxeetan sartu arte, beraz, bokata gune komunal hauetan egiten zen. Europa osoan zehar, ordain zezaketen herriek, latsagiak eraiki zituzten, garbitzeko prozesua modu egokiagoan egin ahal izateko. Askok Aro Modernoan eta are Aro Garaikidean eraiki bazituzten ere[13], herri batzuek, Hernanik kasu, garbitoki bat izan zuten 1016. urtetik[14]. Ura iturburu batetik bideratu ohi zen eraikin baten barnealdera, askotan paretarik ez zeun teilatu bat baino ez. Latsagietan, maiz, bi ontzi izaten ziren, bata arropa ura eta xaboiarekin garbitzeko eta, bestea, urarekin xaboia kentzeko. Ura batetik bestera zihoan etengabean. Alboetan latsarriak zeuden, garbiketa prozesua errazten zuten harri zeiharrak, askotan ildaskatuak, arropa beraren aurka igurtzi ahal izateko. Latsagiak erreka-bazterrak baino nabarmen erosoagoak ziren. Latsagi batzuetan putzua gerriaren altueran egoten zen, belaunikatu behar izan gabe arropa garbitu ahal izateko, baina beste batzuetan lurrean bertan zegoen. Garbitzaileak euritik babesten ziren, euren bidaia denbora murrizten zen, eraikinak maiz herriaren bazterrean eskuragarri egoten baitziren eta hotzak eragiten zituen hainbat gaixotasun ekiditen ziren. Latsagiak publikoak izan ohi ziren, familia guztientzat irekiak, herriko eraikuntza komunal bat. Herri askotan oraindik zutik diraute, erabilera zehatzik gabe, turismoaz gain.

Latsagien erabilera emakumeen lana izan ohi zen[13]. Bertara joateko saski edo suil batean eraman ohi zen arropa, buruaren gainean, sorki izeneko zapi bat jarrita karga hobeto banatzeko[13]. Emakumeentzako gune izateak, arazoak partekatzeko eta emakumeen artean bestela eman ezin ziren elkarrizketak izateko aukera ematen zuen[15]. Espazio publikoa izanagatik ere, bertan egiten zen jarduera emakumeek soilik egiten zutenez, eta etxeko jarduerari lotua zenez, Manriquek eta Alberdik mantentzen dute, zentzu hertsian, espazio pribatua zela[13]. Latsagien garbiketaz arduratzen zen pertsona aguazila izan ohi zen, ordea, (Nafarroan, maiz, albinte deitua). Leitzan, adibidez, astean behin, larunbatetan, garbitegia hustu, garbitu eta berriro betetzen zuen.

Bokata handia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leitzan bokata handia edo lixua egiteko prozesua azaltzen duen kartelaren moldaketa.

Urteko hainbat unetan ohikoa zen etxeetan bokata handia egitea, izarak, etxeko oihalak eta garbiketa sakona behar zuten elementuekin. Bokata handi hauek ohikoagoak ziren udaberri hasieran, askotan Aste Santua baino lehen, udan, beroa probesteko eta, beste bat udazkenean, negua hasi aurretik. Lan hauetan etxeko emakume guztiek hartu ohi zuten parte, zaharrenetik gazteenera. Herri batzuetan urtean behin herritar guztiek batera egiten zuten lan egun bat zen, Frantzian, adibidez, grande buée izena hartzen zuena[16]. Zenbait lekutan bokatari buruzko sinesmenak zeuden, hala nola Abaltzisketan, non uste zen lan hau ezin zela ostiral santuz egin, arropa zuria gorritua atera zitekeelako.[11]

Lanak hainbat egun hartzen zituen, orokorrean hiru, frantziar tradizioan «Purgatorio», «Infernu» eta «Paradisu» izena ematen zitzaienak. Beste leku batzuetan egun osoko lana zen, eta urtean seitan egiten zen[13]. Lehen egunean arropa guztia hartu eta tinako batean uretan beratzen ezartzen zen, gau osoa bertan utziz. Bigarren egunean, bezperan beratutako arropa hori lixiba-ontzi edo kuela izeneko ontzi handietan sartzen zen: egurrezko ontzi berezia, kono formaduna (ahoa estuagoa ipurdia baino). Oinarrian ezarritako izara zahar bat gainean, arropa geruzatan ezartzen zen (zikinena behean), eta gainean izara zaharraren ertzekin estalita, edo trapu zuri batekin. Trapu zuri horren gainean garbiketa produktuak ezartzen ziren (normalki, errautsa, potasio karbonato asko baitu horrek garbitzen du arropa; beheko sutik ateratakoa erabiltzen zen, bahetuz findu eta gero).[11] Barandiaranek prozesu hori jaso zuen Hazparnen, eta bertan arropa eramateko ontziari kuba deitzen zitzaion eta azpian jarzten zen ontziari pertz. Julio Caro Barojak Goierrin astontzi terminoa jaso zuen gainean jartzen zen oihalarentzat[13][17]. Kuba hori egurrezkoa izan ohi zen, baina badira kasuak, Altsasun bezala, harrizkoak erabiltzen zirela, lixibarri izenekoak.

Ondoren, ura (batzuetan usain ona ematen zuten landareekin) irakiten zen eta errautsaren gainetik botatzen zen. Tarte batean, ura lixiba-ontziaren azpitik ateratzen zen eta berriro biltzen zen pertzan. Ur hori berriro berotu eta goitik botatzen zen. Azkenik, ateratzen zen uraren eta botatzen zenaren tenperatura berbera zenean, arropa egosita zegoela esaten zen eta jada prest zegoen azken pausorako: errekan edo latsagian garbitzea. Azken pauso honetan arropari ahalik eta ur gehien ateratzen zitzaion, lehen azaldutako moduekin. Arropa zabaldu eta lehortzen uzten zen.

Bokata handi hauen ostean, jai eguna izaten zen, herri bazkari batekin eta dantzekin.

Tresnak

Garbigailua eta beste tresna mekanizatu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria iraultzak aldaketa handiak ekarri zituen mekanizazioari zein arroparen ekoizpenari dagokionez. Christina Hardymenten arabera, etxe-tresna mekanizatuen asmakuntzak bidea ireki zuen emakumeen askapenerako[18]. Hiru izan dira mekanizatutako tresna garrantzitsuenak: errabol bidezko lehorgailua, garbigailua eta arropa-lehorgailua.

Arrabol bidezko lehorgailua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mieleren 1930ko garbigailu bat, arrabol bidezko lehorgailu batekin.

Europa Iparraldeko herrialdetan arrabola lehortzeko eta, aldi berean, lisatzeko erabili da Erdi Arotik[19]. Bi eskurekin egiten zen prozesuan, arropa arrabolean kiribildu eta, beste eskuarekin taula batekin ura kendu eta hedatzen zen. Prozesu hau mekanizatzen izan zen lehenetakoa industria iraultzarekin, bi arrabolekin sortutako makinek arropa nolabait lisatu eta ura kentzeko aukera ematen zutelako.

XIX. mendeko bigarren erdian tindategietan lurrun bidez mugitzen ziren arrabol lehorgailuak erabiltzen hasi ziren. Denborarekin, hala ere, garbigailu elektrikoak eta bere biraketa azkarrak arrabola zaharkitu zuten, jada ez zelako beharrezkoa ura mekanikoki kentzea. Oraindik erabiltzen ziren arrabolak handiak ziren, batez ere etxe aberatsetan eta tindategi industrial handietan erabilitan eta, kasu batzuetan, baziren "arrabol emakume" batzuk lan hori egiten zutenak euren jabetzakoa zen makinarekin. Arrabolak egurrezkoak izan ohi ziren, eta beranduago kautxuzkoak.

Steel Roll Mangle Co.k, Chicagon, gasarekin berotzen zen arrabol bidezko lehorgailu bat sortu zuen 1902an. 1930ko hamarkadan elektrikoak sortu ziren, oraindik eraikin batzuetako garbitegi komunaletan aurki daitezkeenak. Arropa alde batetik sartzen da eta biratzen duten arrabolek, arropa berotu eta presionatzen dute, ur guztia kenduz. Lisatzea baino azkarragoa den prozesua da.

Sakontzeko, irakurri: «Garbigailu»

Garbigailuaren lehen patentea Ingalaterran erregistratu zen 1690. urtean. 1767an, Henry Sidgierrek britainiar patente bat lortu zuen danbor birakaria zuen garbigailu baterako, eta 1862an, Richard Lansdalek bere "garbigailu birakari trinkoa" erakutsi zuen[20].

Ameriketako Estatu Batuetan lehen patentea New Hampshireko Nathaniel Briggsentzat izan zen arren 1797an, 1836an Patenteen Bulegoan gertatutako sute baten ondorioz diseinatutako garbigailu motaren berririk ez dago. John E. Turnbullek 1843an garbigailu bat patentatu zuen.

1904an jada Estatu Batuetan garbigailu elektrikoak iragartzen ari ziren, eta Estatu Batuetako salmentak 1928an 913.000 unitatera iritsi ziren. 1940an, Estatu Batuetan argindarra eskura zuten 25.000.000 etxeetatik % 60k garbigailu elektriko bat zuen. Hala ere, neurri batean, 1940ko hamarkadaren amaieratik 1950eko hamarkadaren hasierara, garapen ekonomikoaren ondorioz ugaritu zen etxeetan. Europan 1960ko hamarkadaren hasieran, eguneroko aparatu bihurtzen da. Europako industria-enpresa garrantzitsuak garbigailu ugari fabrikatzen hasi ziren (Miele, AEG Electrolux, Zanussi, Siemens, Bosch, Balay, Samsung, LG). Laster bilakatu zen etxean garbigailu bat izatea ospe eta prestigio sozialaren adierazpena.

Garbigailuaren bilakaera estetikoa eta funtzionala oso garrantzitsua izan da, batez ere azken urteotan, mikroelektronika aplikatuta. Estetikari dagokionez, 1980ko hamarkadan oso zabalduta zeuden etxetresna elektriko panelagarriek diseinu kurbo eta estilizatuei eta kolore-barietate ugariri bide eman diete.

Garbigailuek, gaur egun, arropa mota bakoitzarentzat programa ezberdinak dituzte, arropa nahasteko aukera ematen dutenak barne; tenperatura aukeratzeko modua dago, eta prozesuan zehar detergentea edo lixiba gehitzen da unearen arabera. Garbigailuek zentrifugatua egiten dute amaitzerakoan, ur gehienak kenduz.

Arropa-lehorgailua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arropa-lehorgailuek arropa eskegitzeko prozesua azkartzen dute, garbigailua eta gero bertan sartuta. Normalki, biratzen duen danbor bat izaten du, aire beroarekin hezetasuna ebaporatzeko. Arropek, hala ere, kalteak izan ditzakete prozesu honetan, ehun batzuek leuntasuna galtzen baitute. XX. mendearen amaiera aldean, garbigailu eta lehorgailu funtzioa egiten zuen elektrogailua sortu zen.

Ezagutzen den lehen lehorgailua 1800ean sortu zuen M. Pochonek Frantzian[21]. Henry W. Altorferrek lehen lehorgailu eektrikoa sortu zuen 1937an, eta J. Ross Moorek hainbat diseinu egin zituen XX. mendearen hasieran[22]. Brook Stevensek kristalezko leihoa zuen lehen lehorgailua sortu zuen 1940ko hamarkadan.

Sakontzeko, irakurri: «Lisaburdina» eta «Lisaketa»
Lisaburdina bilduma bat.

Elektrizitatea sartu aurretik, lisaburdinak errekuntzaren bidez berotzen ziren, bai sutan jarrita, bai barruan ikatza jarrita. Henry W. Seeley estatubatuarrak "plantxa elektriko" bat asmatu zuen eta 1882ko ekainaren 6an patentatu zuen. Ia 15 libra pisatzen zuen (6,8 kg) eta denbora asko behar zuen berotzeko[23]. Erresuma Batuko Elektrizitate Elkartearen arabera, 1880an karbonozko arkua zuen xafla elektriko bat agertu zen Frantzian, baina datu hori zalantzazkoa da[24].

K.a. I. mendean. Txinan ikatz beroz betetako metalezko lapikoak erabiltzen ziren ehunak lisatzeko[25]. Ondorengo diseinu bat ikatz beroz bete zitekeen burdinazko kaxa bat zen, aldizka hauspo bat akoplatuz aireztatu behar zena. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, plantxa asko erabiltzen ziren kerosenoa, etanola, balea olioa, gas naturala, karburo gasa (azetilenoa, karburo lanparetan bezala) edo gasolina bezalako erregaiekin berotzeko. Etxe batzuek hodi sistema bat zuten, gas naturala edo karburo gasa gela ezberdinetan banatzeko, argiak ez ezik, plantxak ere martxan jartzeko. Sute arriskua egon arren, erregai likidoaren plantxak Estatu Batuetako landa eremuetan saldu ziren Bigarren Mundu Gerrara arte. Keralan, Indian, koko-oskolak erretzen erabiltzen ziren landare-ikatzaren ordez, antzeko berotze-ahalmena baitute. Metodo hori erreserbako gailu gisa erabiltzen jarraitzen da, energia-mozketak ohikoak baitira. Beste lisaburdina batzuek metalezko txertaketa beroak zituzten ikatzaren ordez.

XVII. mendetik aurrera, burdin-urtuzko xafla lodia baino ez ziren lisaburdinak sortu ziren Erresuma Batuan, triangeluarrak eta kirtendunak, eta sutan edo berogailu batean berotzen ziren. Garbitegiko langile batek plantxa solidoen multzo bat erabiltzen zuen, iturri bakar batetik berotzen zirenak: erabiltzen zen plantxa hozten zenean, berehala beste bero batekin ordezka zitekeen.

Mundu industrializatuan, diseinu hauen ordez, xafla elektrikoa erabili da, korronte elektriko baten beroketa erresistiboa erabiltzen duena. Plaka beroa, zola deitua, aluminioz edo altzairu herdoilgaitzez egina dago, ahalik eta leunena izan dadin; batzuetan, marruskadura baxuko beroari aurre egiten dion plastiko batez estalia dago, marruskadura plaka metalikoaren azpitik murrizteko. Berogailua termostato batek kontrolatzen du. Termostato horrek korrontea konektatu eta deskonektatzen du, hautatutako tenperatura mantentzeko. Erresistentziaz berotutako plantxa elektrikoaren asmakuntza New Yorkeko Henry W. Seeleyri ematen zaio 1882an. Lehen xafla elektrikoek ez zuten euren tenperatura kontrolatzeko modu errazik, eta kontrol termostatikodun lehen xafla elektrikoa 1920ko hamarkadan agertu zen. Geroago, lurruna erabili zen arropa lisatzeko. Lurrun plantxaren asmakuntzaren meritua Thomas Searsena da. Merkatuan eskuragarri zegoen lurrunezko lehen xafla elektrikoa 1926an sartu zuen Eldec New Yorkeko lehorketa eta garbiketa enpresa batek, baina ez zuen arrakasta komertzialik izan. Lurrun elektrikoko plantxa baten eta motelgailu baten patentea Chicagoko Max Skolniki eman zitzaion 1934an. 1938an, Skolnikek lurrunezko xafla elektrikoak egiteko eskubide esklusiboa eman zion New Yorkeko Steam-O-Matic Corporationi. Hau izan zen nolabaiteko ospea lortu zuen lehen lurrun-xafla, eta 1940 eta 1950eko hamarkadetan lurrun elektrikoaren xafla gehiago erabiltzeko bidea ireki zuen.

Historia soziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bokatak historia sozial zabala eratu du. Alde batetik, ekimen ekonomiko gisa, lanpostuak sortu dituelako eta, berarekin batera, horretaz arduratzen ziren gizaki taldeak. Bestetik, ordaindu gabeko ekimen gisa, emakumeei eskainitako guneak sortu dituelako, lehen azaldu den bezala. Herrialde askotan, gainera, garbitegi partekatuak sortu dira eraikinetan, gune komunal gisa funtzionatzen duten eremuak.

Antzinako Erroma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ponpeiako fullonica Stephani.

Oihalak garbitzen zituzten Antzinako Erromako langileak fullon deitzen ziren, fullo singularrean. Oihalak, horma baxuz inguratutako nitxoetan zeuden tina txikietan tratatzen ziren, zapaltze edo fullo postuak bezala ezagutzen zirenak. Bainuontzia urez eta produktu kimiko alkalinoz (batzuetan gernuarekin) betetzen zen. Fulloa bainuontzian jartzen zen eta oihala zapaltzen zuen. Tratamendu honen helburua agente kimikoak oihalean aplikatzea zen, beren lana egin ahal izateko, koipeak kenduz. Postu horiek hain dira ohikoak aztarnategi arkeologikoetan, ezen fullonicaeak identifikatzeko erabiltzen diren. Fullonicae horiek, maiz, komun publikoetatik zuzenean zetozen hoditeria izaten zuten, gernua bildu eta garbiketan erabili ahal izateko[26]. Gernua horren preziatua zenez, Vespasianoren garaian zergak ere izan ziren gernuaren erabilpenaren gainean, urinae vectigal izenarekin.[27].

Antzinako Erroman arropa garbitzeko prozesuak gaur egun zikintzen dituzten produktuak direla esango genuke. Erromatarren kulturan, garrantzitsua zen pertsonak itxura garbia izatea, lautus egotea. Arropa garbitzeko prozesuan gernuaz gain, buztina, sulfurodun materialak, creta fullonica, terra umbrica edo beste sustantzia alkalino batzuk[28] eta karea erabiltzen ziren[29], eta langileak oinekin garbitzen zituen[26].

Jatorriari edo etniari lotutako lan gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuluak Hego Afrikan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1850etik 1910era, Hego Afrikako zuluak europarren arropak garbitzeaz arduratu ziren, bai boerrenak, bai britainiarrenak. "Garbiketa ondo jantzitako Zulu espezialisten esku zegoen, prestigiozko eta ondo ordaindutako ogibide bat". Denborarekin, zuluek gremio-egitura bat sortu zuten, sindikatu baten antzekoa, AmaWasha izenekoa, haien baldintzak eta soldatak zaintzeko, eta "XIX. mendeko Natalgo Afrikako langileen talde boteretsu bat bihurtu zen, handiena ez bazen"[30].

Dhobi kasta Indian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dhobi ghat, Mumbai.

Indian bokata gizonezkoen lanbidea izan ohi zen. Garbitzaile bati dhobiwallah deitzen zitzaion, eta dhobia kasta taldeen izen kolektiboa bilakatu zen[31][32]. Garbilekuei dobhi ghat izena ematen zitzaien, eta hortik datoz ere hainbat lekutako izena, adibidez Mahalaxmi Dhobi Ghat Mumbain, Dhoby Ghaut Singapurren eta Dhobi Ghaut Penangen, Malaysia.

Ipar Amerika eta txinatar migrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako etorkin txinatarrak garbitegiko langile gisa aritu ziren masiboki. XIX. mendearen erdialdean milaka txinatar iritsi ziren AEBko mendebaldeko kostaldera, Kaliforniako urre sukarrak eta Ameriketako Estatu Batuetako lehen trenbide transkontinentalaren eraikuntzak bultzatuta. Hala ere, laster hasi ziren diskriminazioa pairatzen, eta hartzen zituzten lanetatik kanporatzen zituzten. Dismikrinazioak, ingelesaren ezagutza faltak eta kapitalik ezak tradizionalki emakumezkoenak ziren lanetara sartzera eraman zituen, Mendebaldean oraindik ez baitzegoen emakume gehiegi eta, gainera, txinatar emakumeen migrazioa debekatuta baitzegoen, prostituzioa egiten zutenaren aitzakiarekin[33]. 1900 inguruan, Ameriketako Estatu Batuetako txinatar etniako lau gizonetik batek ikuztegi batean lan egiten zuen, normalean egunean 10-16 orduz[34][35]. Txinan, ez zen ohikoa gizonezkoek garbitegietan edo garbitzaile lana egitea[33].

Kalifornian, txinatarren aurkako migrazio legeak onartzen hasi ziren. XIX. mendearen amaieran, San Franciscoko garbitokietako langileen %89 txinatar jatorrikoa zen Hirian zeuden 320 garbitegietatik %95 egurrezko etxoletan zeuden eta hiriaren gobernuak lege berri bat onartu zuen debekatuz egurrezko etxeetan garbitegiak egotea lizentziarik gabe. Honela, 200 bat garbitegi txinatarretik bakarrari eman zitzaion baimena, ez txinatarrei zortzitik bati eman zitzaien bitartean[36]. Honen ondorioz Yick Wo v. Hopkins epaiketa famatua izan zen, non lehen aldiz erabaki zen arrazaren arabera neutrala zen lege batek aplikazio arrazista baldin bazuen, AEBko legea urratzen zuela.[37]

Kalkuluen arabera, New York hiriko txinatarrek 3.550 garbitegi zuzentzen zituzten Depresio Handiaren hasieran. 1933an, hiriko zinegotzien batzarrak lege bat onartu zuen txinatarrak negoziotik kanporatzeko. Besteak beste, AEBetako herritarrei mugatzen zien garbitegien jabetza. Chinese Consolidated Benevolent Association elkartea hura eragozten saiatu zen, eta horrela Chinese Hand Laundry Alliance talde ezkertiarra (CHLA) sortu zen. CHLA, eskubide zibilen talde orokorrago bat bezala funtzionatzen hasi zen beranduago; bere kopurua asko murriztu zen FBIk Bigarren Beldur Gorrian (1947-1957) jomugan jarri ondoren[34].

Emakume arropa-garbitzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Donostiako emakume arropa-garbitzaileak, Urumean, 1920 inguru.
Manzanaresko garbitzaileen bokata lekua, Errege Jauregiaren azpian.

Munduko kultura askotan arropa garbitzea emakumezkoen lan gisa sailkatu da. Batez ere Industria Iraultzaren ostean, eta hirietako bizitza handitzearekin batera, ohikoago bilakatu zen emakume asko zerbitzari aritzea etxeetan[38]. Denborarekin, arropa garbitzaile lana ere hedatu zen, emakume askorentzat diru-sarrera bat sortuz. Burgesiaren hedatzearekin, turismoaren zabaltzearekin[39] eta langileen arropa kopuru beharra handitzearekin batera, garbiketa beharrak ere areagotu ziren, munduan milaka emakumezko ogibide honetara eraman zuena[12]. Are eta gehiago, garbitzaile lana hain zen gogorra eta hainbeste denbora eskatzen zuen, ezen diru sarrerak egonkortzen ziren heinean, familia gehienek kanpoan kontratatzen zuten lehen lana zela[33].

AEBko zentsuak 58.102 emakume garbitzaile zituen 1870an, 108.198 1880an, 216.631 1890an eta 335.282 ziren jada 1900ean[33]. Emakume zuriek, ordea, nahiago zuten diru gutxiago baino independentzia handiagoa ematen zuten industriako edo komertzioko lanak hartu eta, honela, garbitzaile lana migrazioarekin lotu izan zen[33]. Parisen, 1880an, 94.000 emakumezko eta 10.000 gizonezko zeuden garbitzaile lana egiten[40], horietako asko Sena ibaiaren inguruan antolatutako ontzietan. Lan horri buruzko erreferentzia asko ere aurkitzen dira Euskal Herrian[41]. Munduan zehar, hala ere, emakumeek maila ekonomiko baxuko lan hauek hartzeak arazo sindikalak zekartzan, bereziki diru-sarrera familia unitatearen arabera neurtzen zen garai batean[42]. Eta lan hau hartzen zuten emakume askok ez zuten kontratuarekin egiten, familiarentzako deklaratu gabeko diru-sarrera sortuz baina, aldi berean, kotizazio laboralik eta inongo onarpen legalik gabe[12].

Gorago aipatu den bezala, Bartzelonan latsagiak ez ziren publikoak, baizik eta enpresariek pribatizatuta. Honela, enpresaburu horiek ziren emakumeak kontratatzen zituztenak, bertara etxeetatik iristen zitzaien arropa garbitzeko. Hala ere, baziren emakume autonomoak, zerbitzua erabiltzearren ordaintzen zutenak[12]. Era berean, baziren garbiketa enpresak ere, batez ere emakumezkoak kontratatzen zituztenak. Emakume horiek arropa jaso, guztia garbitu eta, egun batzuetara, etxeetan banatzen zuten berriro ere, garbi[12]. Hiri handi gehienetan lan hau egiten zuten emakume taldeak zeuden, batzuetan gremio gisa funtzionatzen zutenak[43], baina kasu askotan euren artean antolatu gabekoak, Madrilen Manzanaresen inguruan garbitzen zutenak bezala[44]. Han-hemenka badaude emakume garbitzaileek egindako greben inguruko aipamenak[45].

Garbitegi partekatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tvättstuga baten ordu erreserbak egiteko sistema, Suedian.

Europako leku gehienetan garbitegiak etxeetan sartu badira ere, Suediako eta Finlandiako apartamentu blokeetan ohikoa da Tvättstuga izeneko garbitegi partekatu bat egotea, eraikineko bizilagun guztiek erabiltzeko. Finlandian pesutupa edo pyykkitupa deitzen da. Hungariako langile eraikinetan ere ohikoa da horrelako gela bat, mosókonyha izenekoa. Tvättstugan garbigailu bat baino gehiago eta arropa lehortzeko hainbat tresna eta gela egoten dira, prozesua ahalik eta azkarren egiteko helburuarekin. Garbigailuak erabiltzea doakoa izaten da, baina eraikineko erabiltzaileek ordua erreserbatu behar dute, guztiek erabili ahal izateko.

Ameriketako Estatu Batuetako apartamentu blokeetan ere egon daiteke garbiketa egiteko leku komunal bat. Kasu gehienetan txanpon bidez funtzionatzen duten makinak izaten dira, eta kokapena beheko solairua izaten da.

Arropa eskegitzeko debekuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Esekitoki bat Alemanian.

Munduko leku askotan arropa kalean eskegitzeko debekuak ezarri dira. Euskal Herriko hirietan, oro har, ezin da arropa eskegi kanpora ematen duen balkoi batean, Espainiako hainbat lekutan bezala[46]. Bilbon jada 1906an debekua ezartzen zuen ordenantza bazegoen[47]. Ameriketako Estatu Batuetan right to dry mugimendua sortu da honen inguruan, estatuen eta herri bakoitzeko legeen arabera legala edo ilegala izan baitaiteke kalean arropa lehortzea. Floridan, adibidez, guztiz legala da arropa kanpoan jartzea, eta legeak ez du baimentzen inori eskubide hori kentzea[48]. Floridaren ostean, beste estatu batzuetan ere antzeko legeak onartu ziren.

Berotze globalarekin, ordea, airean lehortzearen aldeko mezuak entzuten dira. Izan ere, lehorgailuek energia kontsumo oso handia dute, eta arropa airearekin lehortzeak kontsumo hori jaisten laguntzen du. Kalkuluen arabera, hiru estatubatuarretik batek arropa esekitokian lehortu izan balu urtean bost hilabetez, 2,2 milioi tona gutxiago igorriko lirateke atmosferara.[49]

Garbiketa oharrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nazioarteko garbiketa oharrak, koreerazko testua duen jantzi batean.

Oihal berrien garapenarekin, beharrezkoa izan zen garbiketa oharrak gehitzea arropen etiketaren baitan. Honela, 1963an GINETEX Europako elkartea sortu zen Frantzian, nazioarteko estandar batzuk finkatzen saiatzeko[50]. 1970ko hamarkadaren hasieran ISO 3758 estandarra sortu zen, oihalen zaintza arautzen duena. 1993an, 2005ean eta 2012an estandar hau gaurkotu eta hedatu zen[51][52].

Ipar Amerikan, Kanadako Estandarren Kontseiluak 1987an CAN/CGSB-86.1-M87 araua onartu zuen, koloretan oinarritutako garbiketa arau bat: berdeak garbitu, horiak kontuz eta gorriak gelditzeko esan nahi zuen. 2003an sistema hau alboratu zen nazioarteko estandarretara biltzeko[53]. Australian, Txinan eta Japonian piktograma osagarriak daude. 2021ean karaktere hauek ez zeuden Unicoderen barnean[54].

Garbiketa oharrek garbiketa tenperatura, lixibaren erabilera, lehortzeko arauak, lisatzeari buruzko oharrak eta erabil daitezkeen edo ezin daitezkeen produktu kimikoak zehazten dituzte.

Detergente kimikoen erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ivory xaboiaren iragarki klasikoa.
Detergenteen apal bat, supermerkatu batean.

Errauts eta xaboi sinpleen ondotik, lehen detergente edo garbitzeko produktu sintetikoak XIX. mendearen hasieran sortu ziren. 1813an Edmond Frémyk oliba olioa eta errizino-olioa azido sulfurikoarekin elkartu zituen lehen xaboi sintetikoa lortzeko; hiru urte beranduago Friedlieb Ferdinand Rungek aurkitu zuen produktu hau, Turkiako Olio Gorria, eraginkorra zela garbiketarako[55]. Euskal Herrian bi enpresa sortu ziren 1860ko hamarkadan xaboiak egiteko: lehena Lagarto[56], bigarrena Chimbo[57]; mende amaieran iritsi zen Bilore. AEBn Ernst Twitchellek 1898an Twitchell prozesuaren bidez xaboi sintetiko komertziala sortzeko bidea aurkitu zuen[58]. 1907an Otto Röhmek entzimak erabili zituen detergente batean. Röhm & Haas sortu zuen eta bere aplikazioarekin 1914an jada garbiketarako detergenteak ekoizten zituen; 1920an Burnus izeneko produktua sortu zuen, Alemanian gehien erabilitako detergentea[59]. 1910ean kotoia leuntzeko lehen produktu sintetikoak garatu ziren[60].

Lehen Mundu Gerrak olioaren eta gantzen murrizketa handia eragin zuen, eta enpresa asko guztiz sintetikoak ziren xaboien garapena ikertzen hasi ziren. Alemanian I.G. Farbenindustek esterrak sodio metalikoarekin erreduzituz alkohol oleikoak sortu zituen; Erresuma Batuan Imperial Chemical Industriesek Lissapol produktua sortu zuen; American Cyanamid and Chemical Corporationek azido sukzinikoaren esterrekin egiten ziren Aerosol eta Vatsol produktu komertzialak[55]. 1930eko hamarkadan elementu tentsoaktiboak aurkitu ziren, xaboi tradizionala zokoratzen lagundu zuen asmakizuna. 1932an Procter & Gamblek Dreft detergentea sortu zuen, guztiz sintetikoa; produktua arrakastatsua izan zen, baina ez zuen ondo garbitzen ur gogorretan. 1941ean David Byerlyk aurkitu zuen sodio tripolifosfato gutxi botata arropa gogor geratzen bazen ere, asko botata, garbitu eta leun geratzen zela. Honela jaio zen Tide detergentea, arrakasta itzela izan zena[61].

Bigarren Mundu Gerran fibra sintetikoak egiten hasi ziren, ez zegoelako kotoi eta artile nahikorik. DuPontekek nylona bezalako produktuak sortu zituen, garbitzeko prozesu ezberdina zutenak. Gerran ere, etxeko olioa birziklatzeko kanpaina jarri zen abian AEBn. 1946an arropa sintetikoek zuten elektrizitate estatikoa kentzeko produktuak garatu ziren[62]. 1948an dietanolamidak erabilita detergente likidoak garatu ziren[63]. Asmakuntza hauekin, 1950ko hamarkadan AEBn detergente sintetiko gehiago saldu ziren xaboi klasikoak baino. 1957an Unileverrek urea erabili zuen leuntzaile gisa[64]. 1960an lehen leuntzaile likidoa sortu zen, eta jada hamarkada horretan marka askok antzeko produktuak atera zituzten, oihal berriak sortzearekin batera[60], eta 1968an amonio kuaternarioa erabiltzen zuen lehen leungailua patentatu zen; hamarkada bat beranduago Colgate-Palmolivek borohidratoa zuen konposatu bat erabilita, arropa horitzea ekiditen zuen leungailua sortu zuen[65]. Arropa zuritzen zuen lehen leungailua 1978an patentatu zen.

Arropa zuritzeko produktuak gero eta ohikoagoak izan ziren 1990ko hamarkadatik aurrera. P&Gk 1991n polimero fluoreszenteak zituen detergente bat sortu zuen, eta urte batzuk lehenago koloretan erabil zitekeen lixiba. 1998an usain ona pixkanaka askatzen zuen material solidoa patentatu zen, garbitzerakoan batera arroparen usaina hobetzeko[66]. Downyk produktu hau orokortu zuen AEBn hamarkada bat beranduago[67]. 2020ko hamarkadan, detergente gehienak nahasketa kimiko konplexua dira, elementu tentsoaktiboekin, ura leuntzeko kimikoekin, lixibekin, entzimekin, zuritzaile optikoekin, polimeroekin eta leuntzaileekin[68].

Garbiketa lehorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oihal batzuk ezin dira garbitu ura erabilita, hondatzen direlako, kolorea galtzen dutelako edo bestelako ezaugarriak aldatzen direlako. Kasu horietan garbiketa lehorra erabiltzen da, ura ez den beste disolbatzaile batekin. Izenak lehorra dela dioen arren, arropak likidoan sartu ohi dira, XIX. mendean kerosenoarekin edo gasolinarekin[69], gaur egun tetrakloroetileno bezalako disolbatzaileekin. 1-bromopropanoa eta petrolioaren eratorriak oraindik ere erabiltzen dira[70]. Garbiketa lehorra, normalki, tindategietan egin ohi da, ez baita izaten etxean egiteko prozesua.

Osasun arazoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanaren zailtasunak, historian zehar garbitzeko hartu beharreko posturak zein ur hotzetan denbora luzez egoteak arazo fisikoak sortu izan ditu garbitzaileen, bereziki emakumeen artean. Gaur egun, erabilitako detergenteetan egon daitezkeen produktu kimikoetako batzuek ere arazoak sortu dituzte.

Ospelak, uraren tenperatura-aldaketek eragindako narritadurak, larruazaleko narritadurak produktu toxikoak manipulatzeagatik, erreumak, biriketako gaitzak, bronkitisa eta pneumoniak denbora gehienean bustita egoteagatik, lunbalgiak, lepoko eta bizkarreko minak eta artikulazioetako lesioak, egun osoan jarrera konkortua izateagatik[15][71][72]. De Quervainen tenosinobitisari buruz egindako ikerketa batean aurkitu zen emakume garbitzaileak zirela gaixotasun hau pairatzen zuen talderik handiena[73].

Osasunaren gainean efektua izan dezaketen detergenteen osagaien artean erabili zen lehenengoa 1,4-dioxanoa dago, gibelean eta giltzurrunetan kalteak eragin ditzakeenak, 1951ean erabiltzen hasi zen sustantzia bat[74]. 1989an leuntzaileetan erabiltzen den dimetoxanoak hanturak sor zitzakeela ikusi zen[75]. Bi urte beranduago leuntzaile batzuek minbizia sor dezaketen sustantziak dituztela adierazi zen, eta hurrengo urtean lehorgailuetan erabiltzen diren produktuak toxikoak izan zitezkeela ere ikusi zen[76]. Leungailu industrial batzuen emisioek arnasketa-gaixotasunak sor ditzakete ere. Washingtoneko Unibertsitateak egindako ikerketa batek aurkitu zuen gehien saltzen diren detergenteen artean 100 bat konposatu hegazkor daudela, eta ez zirela agertzen produktuaren etiketatan. Gainera, sei produkturik salduenena artean bostek minbizia sor dezaketen aireko kutsadura sortzen duten hegazkorrak dituzte[77]. Nonilfenola azal eta begientzat narritagarria da, epididimoko espermaren kopurua jaisten du eta estroaren zikloa luzatzen du[78]. Amoniakoren konposatu eratorri batzuek ere osasunean eragin larria izan dezakete[79]. Lehorgailuetatik ateratzen den aireak ere minbizia sor dezaketen sustantziak ditu[80].

Uraren kutsadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alga ugari, eutrofizazioaren ondorioz, Sichuango erreka batean.

Detergente eta xaboiak ez dira poluzioaren eragile nagusiak, baina uraren kutsaduran ere eragina dute. 1970ko hamarkadan hasi zen mugatzen detergenteetako fosfato kopurua. Fosfatoak errazten du kaltzio eta magnesio ioiak kentzea, garbiketa efizienteago eginez. Hala ere, bertatik ateratzen den uretatik fosfato horiek kentzea zaila da eta, toxikotasun baxua badu ere, eutrofizazioa eragiten du algen hazkuntza kaltegarria[81][82]. Europar Batasunak eta AEBk debekatu dute fosfatoak jartzea detergenteetan[83][84].

Bi korear emakume arropa lisatzen, dadeumi metodoaren bidez.

Bokatari, eta bereziki arropa kolpatzeari lotutako abestien kultura existitzen da munduko hainbat lekutan. Eskozian, eta migrazioaren ondorioz, Kanadan, ohikoak dira waulking song deritzotenak, artilezko arropak behin eta berriz kolpatzearekin batera emakumezkoek kantatu ohi zituzten abestiak[85][86]. Korean, Txinan eta Japonian antzeko tradiziotik eratortzen da dadeumi izeneko metodoa[87]. Parisen, Senan garbiketa egiten zuten emakumeek, inauteri moduko bat antolatzen zuten, azken urteotan berreskuratu dena.

Xaboien publizitateak garrantzi handia izan du XX. mende osoan zehar. Procter & Gamble enpresak hainbat iragarki garrantzitsu garatu zituen, bereziki bere Ivory xaboirako. 1920ko hamarkadan familia baten bizian zentratzen hasi ziren, guztiak euren xaboiaren kontsumitzaileak. 1932an The Puddle Family irrati-nobela ekoizten hasi ziren; hortik datorkie telenobelei soap opera izena ingelesez. Lehen saioetan, 15 minutukoak, protagonistak 20-25 aldiz esaten zuen Oxydol izeneko produktuaren izena, eta handik urtebetera salmentak gora egin zuten nabarmen[88]. 1939ko abuztuaren 26an Brooklyn Dodgeren eta Cincinnati Redsen arteko partida telebistaz eskaini zen New York inguruko telebista-jabe eskasei, inoiz telebistan eskainitako lehen beisbol partida. Tartean, Procter & Gamblek ere lehen telebista iragarkia eskaini zuen[89].

Bigarren Mundu Gerran Walt Disneyk Out of the Frying Pan, Into the Firing Line laburmetraia sortu zuen, etxeko olioa birziklatuz glizerina lortzera animatuz, nahiz eta helburu nagusia armagintza izan[90]. Txinatarren eta estatubatuarren arteko harremanari buruz, Ry Cooderrek famatu egin zuen 1949ko Chinito, Chinito abestiak[91] txinatar ogibide honen inguruan sortutako arrazismoari egiten dio erreferentzia[92]. Jack Cotterillek George Formbyk 1932an sortutako Chinese Laundry Blues abesti komikoan txinatar garbitegiak ere aipatzen dira.

Emakume garbitzaileak artean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «How People Used to Wash: The Fascinating History of Laundry» The Scrubba Wash Bag (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  2. World of a slave : encyclopedia of the material life of slaves in the United States. Greenwood 2011 ISBN 978-0-313-34943-0. PMC 711786656. (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  3. (Ingelesez) Levey, Martin. (1958-09). «Gypsum, Salt and Soda in Ancient Mesopotamian Chemical Technology» Isis 49 (3): 336–342.  doi:10.1086/348678. ISSN 0021-1753. (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  4. «Bedouin Century: Education and Development among the Negev Tribes in the Twentieth Century» www.berghahnbooks.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  5. (Ingelesez) «Adventist Youth Honors Answer Book/Arts and Crafts/Soap Craft (General Conference) - Wikibooks, open books for an open world» en.wikibooks.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  6. «Martial VIII» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  7. (Ingelesez) Hill, Jennifer R.. (2006-04). «957: Masters of Mictrition: The Fullers of Ancient Rome» Journal of Urology 175 (4S): 309–309.  doi:10.1016/S0022-5347(18)33182-3. ISSN 0022-5347. (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
  8. a b (Ingelesez) «The Brief History of Laundry» Ontario Home Economics Association (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  9. (Ingelesez) Miller, Robert. (1980-02). «Water use in Syria and Palestine from the Neolithic to the Bronze Age» World Archaeology 11 (3): 331–341.  doi:10.1080/00438243.1980.9979771. ISSN 0043-8243. (Noiz kontsultatua: 2021-06-22).
  10. «Textile» www.ucl.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2021-06-15).
  11. a b c Hidalgo, Juanjo. (2006). Hacer la colada, una dura tarea del pasado en manos de mujeres. AVNIA Kultur Elkartea, 15 zenbakia, 68-86 or. or..
  12. a b c d e f Tatjer, Mercè. «El trabajo de la mujer en Barcelona en la primera mitad del siglo XX: lavanderas y planchadoras». Scripta Nova: revista electrónica de geografía y ciencias sociales, [en línia], 2002, Vol. 6, https://raco.cat/index.php/ScriptaNova/article/view/59064
  13. a b c d e f (Gaztelaniaz) «Lavaderos: espacio público, genérico, de trabajo, de relaciones interpersonales. Cambios acaecidos. Guipúzcoa 1850-1950» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
  14. Santolaria del Campo, Oihana. (2017-09-22). Evolución Histórico-constructiva de los edificios residenciales del casco histórico de Hernani. (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
  15. a b (Gaztelaniaz) Los antiguos lavadores y la socialización de las mujeres | Tribuna Feminista. 2019-03-27 (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  16. (Frantsesez) Beaucarnot, Jean-Louis. (2010-11-10). Entrons chez nos ancêtres. JC Lattès ISBN 978-2-7096-3607-0. (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
  17. Caro Baroja, Julio. (1972). Los vascos.. ([3. ed., 2. reimp.]. argitaraldia) Istmo ISBN 84-7090-010-2. PMC 3123488. (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
  18. Hardyment, Christina. (1988). From mangle to microwave : the mechanization of household work. Polity Press ISBN 0-7456-0206-1. PMC 16872028. (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
  19. «Mangle board of Scandinavia - Folk art from Northern Europe» www.mangleboard.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-16).
  20. «1862 London Exhibition: Catalogue: Class VIII.: Richard Lansdale - Graces Guide» www.gracesguide.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  21. Binggeli, Corky. (2003). Building systems for interior designers. J. Wiley & Sons ISBN 0-471-26651-5. PMC 51830635. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  22. Acton, Johnny. (2006). Origin of everyday things. New York : Sterling ISBN 978-1-4027-4302-3. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  23. (Ingelesez) Henby w. 1882-06-06 (Noiz kontsultatua: 2021-07-04).
  24. «Musée du Lavage et du Repassage» museelr.chez.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-04).
  25. «History of ironing and irons - flat-irons, sad-irons, mangles» web.archive.org 2013-11-27 (Noiz kontsultatua: 2021-07-04).
  26. a b (Ingelesez) Bradley, Mark. (2002). «‘It all comes out in the wash’: Looking harder at the Roman fullonica» Journal of Roman Archaeology 15: 20–44.  doi:10.1017/S1047759400013829. ISSN 1047-7594. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  27. (Gaztelaniaz) «Por qué los antiguos romanos tuvieron que pagar impuestos por la orina» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  28. De Feo, G.; De Gisi, S.. (2013-05-01). «Water and wastewater management in the treatment process of a Roman fullonica» Water Supply 13 (3): 599–605.  doi:10.2166/ws.2013.003. ISSN 1606-9749. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  29. Kranzberg, Melvin; Singer, Charles. (1960). «Charles Singer and "A History of Technology"» Technology and Culture 1 (4): 299–302.  doi:10.2307/3101190. ISSN 0040-165X. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  30. (Ingelesez) Atkins, Keletso E.. (1986-03). «Origins of the AmaWasha: the Zulu Washermen's Guild in Natal, 1850–1910*» The Journal of African History 27 (1): 41–57.  doi:10.1017/S0021853700029194. ISSN 1469-5138. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  31. (Ingelesez) «Dhobi» People Groups of India 2011-01-09 (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  32. CHANNA, SUBHADRA MITRA. (1991). «Caste, 'Jati' and Enthnicity—Some Reflections Based on a Case Study of the Dhobis» Indian Anthropologist 21 (2): 39–55. ISSN 0970-0927. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  33. a b c d e Wang, Joan S.. (2004). «Race, Gender, and Laundry Work: The Roles of Chinese Laundrymen and American Women in the United States, 1850-1950» Journal of American Ethnic History 24 (1): 58–99. ISSN 0278-5927. (Noiz kontsultatua: 2021-09-04).
  34. a b Chinese American voices : from the gold rush to the present. University of California Press 2006 ISBN 978-0-520-93832-8. PMC 64466216. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  35. Hoe, Ban Seng. (2003). Enduring hardship : the Chinese laundry in Canada. Canadian Museum of Civilization ISBN 0-660-19078-8. PMC 53460989. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  36. (Ingelesez) «Yick Wo v. Hopkins, 118 U.S. 356 (1886)» Justia Law (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  37. (Ingelesez) Bernstein, David E.. (2008-09-04). Revisiting Yick Wo v. Hopkins. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  38. (Gaztelaniaz) Bartucci, Viviana E.. (2015-03-03). «Imagen y espacio. Las lavanderas y la ciudad de Buenos Aires (ca. 1840-1920)» épocas 0 (10) ISSN 2250-6292. (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  39. «El trabajo femenino en San Sebastián - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  40. (Frantsesez) Coffignon, Ali (1861-19 ) Auteur du texte. (18..). Paris-vivant. Les coulisses de la mode / par A. Coffignon.... (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  41. «Arropa garbitzea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  42. Daly, Mary E.. (1981). «Women in the Irish Workforce from Pre-industrial to Modern Times» Saothar 7: 74–82. ISSN 0332-1169. (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  43. (Gaztelaniaz) Bartucci, Viviana E.. (2015-03-03). «Imagen y espacio. Las lavanderas y la ciudad de Buenos Aires (ca. 1840-1920)» épocas 0 (10) ISSN 2250-6292. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  44. José, Tania Gálvez San. (2014-05-21). «Las Interferencias: Las Lavanderas y los Decretos Leyes» Las Interferencias (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  45. (Ingelesez) Hine, Board of Trustees Professor of African American Studies and Professor of History Darlene Clark; Hine, Darlene Clark; King, Wilma; Reed, Linda. (1995-04). We Specialize in the Wholly Impossible: A Reader in Black Women's History. NYU Press ISBN 978-0-926019-81-2. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  46. (Gaztelaniaz) Escandón, Pelayo. (2018-10-15). «¿Por qué no puedo tender la ropa en la fachada de mi edificio?» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  47. (Gaztelaniaz) «Ropa tendida» El Correo 2007-08-15 (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  48. (Ingelesez) «Right to Dry: Why Hanging Your Clothes Out to Dry Shouldn't Be a Crime» Best Drying Rack (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  49. (Gaztelaniaz) «Ropa tendida, sí. Ropa tendida, no» La Vanguardia 2010-10-21 (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  50. (Ingelesez) GINETEX. «GINETEX > ginetex» GINETEX (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  51. (Ingelesez) 14:00-17:00. «ISO 3758:2012» ISO (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  52. (Ingelesez) Broeksma, Karin. (2016-06-21). «Japan adopts the GINETEX textile care labelling symbols» IAF (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  53. Government of Canada, Industry Canada. (2003-04-17). «Guide to Apparel and Textile Care Symbols» www.ic.gc.ca (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  54. (Ingelesez) Office-Watch.com. (2019-03-25). «Laundry care symbols in Word, Excel and PowerPoint» Office Watch (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  55. a b HARWOOD, F. COURTNEY. (1957). «MODERN DETERGENTS» Journal of the Royal Society of Arts 105 (5003): 467–484. ISSN 0035-9114. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  56. «ABC MADRID 11-11-1964 página 28 - Archivo ABC» abc 2019-08-13 (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  57. «Jabón Chimbo, Jabón tradicional puro, desde 1863» www.jabonchimbo.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  58. (Ingelesez) «Twitchell Process: (Twitchell Hydrolysis)» Comprehensive Organic Name Reactions and Reagents (John Wiley & Sons, Inc.): conrr631. 2010-09-15  doi:10.1002/9780470638859.conrr631. ISBN 978-0-470-63885-9. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  59. (Ingelesez) Spooner, Anna. «Who Invented Laundry Detergent» LoveToKnow (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  60. a b «How fabric softener is made - history, used, parts, composition, procedure, product, industry, machine, History, Design» www.madehow.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  61. (Ingelesez) «Development of Tide laundry detergent receives historical recognition» EurekAlert! (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  62. «Historpedia - Fashion During WWII (Fall 2012)» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  63. Longman, George Frederick. (©1975 [1976]). The analysis of detergents and detergent products. Wiley ISBN 0-471-54457-4. PMC 1218417. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  64. (Ingelesez) Fabric softener containing urea inclusion compound of hydrogenated tallow quaternary ammonium salt. 1957-11-25 (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  65. (Ingelesez) Textile softener composition. 1967-11-29 (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  66. «Goldschmidt earns fabric softener patent» Focus on Surfactants 2003 (6): 5. 2003-06  doi:10.1016/s1351-4210(03)00634-6. ISSN 1351-4210. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  67. «Downy History - Learn More About Downy | Downy» downy.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  68. «Keeping up with detergent chemistry» www.aocs.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  69. Green health : an A-to-Z guide. Sage Publications 2011 ISBN 978-1-4129-7459-2. PMC 698746667. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  70. (Ingelesez) Tirsell, David C.. (2000). «Dry Cleaning» Ullmann's Encyclopedia of Industrial Chemistry (American Cancer Society)  doi:10.1002/14356007.a09_049. ISBN 978-3-527-30673-2. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  71. (Gaztelaniaz) Cuando los trapos sucios no se lavaban en casa (I) : enIgualdade. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  72. Morales, Daniel Jesús Quesada. (2018). «El trabajo de las mujeres en la Granada de los siglos XIX y XX: lavaderos públicos y lavanderas de los ríos Darro y Genil» GeoGraphos: Revista Digital para Estudiantes de Geografía y Ciencias Sociales 9 (110): 233–265. ISSN 2173-1276. (Noiz kontsultatua: 2021-09-07).
  73. (Ingelesez) S. A., Abou El Magd; N., El Laithy; G. F., El Sharkawy; A. A., El Hawary; N. M., Asal; G. S., Nageb. (2004). De quervain's tenosynovitis and occupation: an epidemiological study. , 159–176 or. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  74. Makar, A. B.; McMartin, K. E.; Palese, M.; Tephly, T. R.. (1975-06). «Formate assay in body fluids: application in methanol poisoning» Biochemical Medicine 13 (2): 117–126.  doi:10.1016/0006-2944(75)90147-7. ISSN 0006-2944. PMID 1. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  75. Parker, Philip M.. (2008-06-03). Hadfield: Webster's Timeline History, 1727 - 2007. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  76. (Ingelesez) «7 Toxic Reasons to Ditch Dryer Sheets | Make Your Clothes Healthier» Healthy Living How To 2013-04-03 (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  77. (Ingelesez) Steinemann, Anne C.. (2009-01). «Fragranced consumer products and undisclosed ingredients» Environmental Impact Assessment Review 29 (1): 32–38.  doi:10.1016/j.eiar.2008.05.002. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  78. (Ingelesez) US EPA, OCSPP. (2015-09-21). «Nonylphenol (NP) and Nonylphenol Ethoxylates (NPEs)» www.epa.gov (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  79. (Ingelesez) Bello, Anila; Quinn, Margaret M; Perry, Melissa J; Milton, Donald K. (2009-12). «Characterization of occupational exposures to cleaning products used for common cleaning tasks-a pilot study of hospital cleaners» Environmental Health 8 (1): 11.  doi:10.1186/1476-069X-8-11. ISSN 1476-069X. PMID 19327131. PMC PMC2678109. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  80. (Ingelesez) Kessler, Rebecca. (2011-11). «Dryer Vents: An Overlooked Source of Pollution?» Environmental Health Perspectives 119 (11): a.  doi:10.1289/ehp.119-a474a. ISSN 0091-6765. PMID 22171377. PMC PMC3226517. (Noiz kontsultatua: 2021-09-06).
  81. (Ingelesez) «Safety evaluation of substitutes for phosphates in detergents» Water Research 7 (1-2): 309–320. 1973-01-01  doi:10.1016/0043-1354(73)90171-1. ISSN 0043-1354. (Noiz kontsultatua: 2021-09-07).
  82. (Ingelesez) «Synthetic detergents: 100 years of history» Saudi Pharmaceutical Journal 25 (6): 934–938. 2017-09-01  doi:10.1016/j.jsps.2017.02.006. ISSN 1319-0164. PMID 28951681. PMC PMC5605839. (Noiz kontsultatua: 2021-09-07).
  83. (Ingelesez) «Press corner» European Commission - European Commission (Noiz kontsultatua: 2021-09-07).
  84. «USGS WRI99-4007 Review of Phosphorus Control Measures in the United States and Their Effects on Water Quality» pubs.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2021-09-07).
  85. Women of The Outer Hebrides - Waulking Song | AI Enhanced 1941 Film [ 60 fps. ] (Noiz kontsultatua: 2021-06-22).
  86. (Ingelesez) Speer, Jean Haskell. (1985-11). «Waulking o’ the web: Women's folk performance in the Scottish Isles» Literature in Performance 6 (1): 24–33.  doi:10.1080/10462938509391592. ISSN 0734-0796. (Noiz kontsultatua: 2021-06-22).
  87. (Koreeraz) «다듬이돌» terms.naver.com (Noiz kontsultatua: 2021-06-22).
  88. Swasy, Alecia. (1993). Soap opera : the inside story of Procter & Gamble. (1st ed. argitaraldia) Times Books ISBN 978-0-307-82422-6. PMC 681749864. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  89. (Ingelesez) Kiesewetter, John. «Reds-Dodgers Played First Televised Baseball Game» www.wvxu.org (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  90. PLUTO-Out of the Frying Pan Into the Firing Line by Walt Disney Studios. (Noiz kontsultatua: 2021-06-23).
  91. Chinito Chinito 1949 canción en español song. (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  92. (Ingelesez) «Pop CD of the week: Ry Cooder, Chavez Ravine» the Guardian 2005-06-12 (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]