Edukira joan

Biogeografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Munduko sei eskualde biogeografikoak erakusten dituen Alfred Russel Wallaceren The Geographical Distribution of Animals liburuko mapa (1876)

Biogeografia landare zein animalien banaketa geografikoa aztertzen duen biologiaren zein geografiaren adarra da. Unitate biogeografikoetan izandako aldaketak eta horien zergatia aztertzen ditu, izaki bizidunak inguruari nola egokitzen zaizkion, ekosistemak eta elkarreragin ekologikoak kontuan hartuz.

Biogeografia alde asko dituen zientzia bat da; espezie-kopuruak leku batzuetan eta besteetan nola diren desberdin aztertzen du, eta desberdintasun hori esplikatzen saiatzen da. Eragile fisiko, biologiko eta historiko askok baldintzatzen dute espezieen banaketa-eremua; banaketa edo barreiaketa horrek ezin du, naturak edo klimak jartzen dituzten oztopoak direla eta, uniformea izan alde guztietan, eta, beraz, ezaugarritzat espezie jakin batzuk harturik, haiek agertzen diren eremuak definitzen dira. Eremu horien barnean, landareak eta animaliak bioma deitu ohi diren multzo handitan antolatuta daude. Bestalde, erabakigarriak dira biogeografian espeziazio-gertaerak, horiei esker sortzen baitira animalia- eta landare-espezie berriak (ikus espeziazio).

Lurraren gainean 1.600.000 espezie ezagutzen dira, eta, horiez gainera, badira hainbat milioi espezie iraungiak direnak; haietaz dakigun apurtxoa fosil-erregistroan utzi zituzten aztarnei esker dakigu. Espezieak edozein tokitan agertu izan dira, eboluzioak hartaraturik, inguruneak eraginik edo izaki bizien multzoen genetikaren eraginez, baina espezie bakoitzak banaketa geografiko jakin bat du edo izan du; alegia, espezie bakoitzak bere eremu mugatua izan du Lurrean, habitat jakin batzuetan soilik agertzen da, eta leku guztietan ez da beti oparotasun berberaz agertzen. Banaketa-eremu horiek eta espezieen ugaritasuna ez dira beti berdinak izan, aldakorrak dira aitzitik; hasieran txikiak izan ohi dira tamainaz eta kopuruz, gero handituz joaten dira, eta txikitzen hasten dira berriz, harik eta, azkenik, zeharo urritu eta espezie hori iraungi egiten den arte. Beraz, espezieak ez dira era berean banatzen Lurrean zehar, aitzitik, eragile askok eta era askotakoek baldintzatzen dituzte espazioan eta denboran zehar banatzeko dituzten ereduak. Banaketa horiek eta banaketa horien eragileak aztertzea da, hain zuzen, biogeografiaren helburua. Maila desberdineko taxonen banaketa-ereduak deskribatu eta ulertu nahi ditu; non sortu zen espezie jakin bat, zergatik bizi den eremu jakin batean, eta zergatik ez den bizi ustez egoera bera duten beste eremu batzuetan.

Galdera asko egin daiteke pentsaera horren inguruan, eta asko argi daitezke historiaren argitan, besterik gabe. Handia da, beraz, historiak biogeografiari egin dion ekarria; horretan, jakina, nahitaezkoak dira fosilen azterketa eta plaken tektonika, hots, Lurraren historian zehar kontinenteak nola elkartu eta bereizi ziren argitzen duen teoria.

Biogeografia alde asko dituen zientzia bat da, beste zientzia askoren ezagutzak biltzen dituena (batez ere ekologia, izaki bizien multzoen biologia, sistematika, bilakaeraren biologia, geologia eta naturaren historia), eta informazio-kantitate handi bat laburtzen eta biltzen duena. Nolanahi ere, zientzia honetan diharduten zientzialariak oso arlo jakinetan espezializatzen dira: taxonomian (fitogeografoek landareak aztertzen dituzte; zoogeografoek, berriz, animaliak), biogeografia historikoan (taxonen edo komunitateen jatorria, haien zabalkundea eta iraungitzea argitzen saiatzen da), edo biogeografia ekologikoan (espezieen gaur egungo banaketa argitu nahi du, organismoek eta ingurune fisiko nahiz biotikoak elkarrengan dituzten eraginen argitan).

Eskualde biogeografikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrean badira oso eskualde handiak, kontinente osoek ere eratuak izan daitezkeenak, oztopo geografikoz bereiziak, eta, beraz, zeinek bere animalia eta landare bereziak dituztenak. Biogeografian, izen bereziak dituzte eskualde horiek; asko dira, beraz, Lurraren atal biologiko esan diezaiekegunak, maila desberdinekoak, eta beren animalia- eta landare-espezieen arabera zatituak. Erreinu, eskualde eta probintzia deritzen zatiketa horiek taxonomia dute oinarri, eremu bakoitzeko izaki bizidunak bereizten ditu, alegia. Naturako oztopoek sortzen dituzte zatiketa horiek, zatiketa edo eremu horietako bati dagozkion espezie gehienei ez baitiete handik kanpo sakabanatzen uzten. Garrantzi handia dute, beraz, itsaso eta ozeanoek, basamortuek edo mendikate handiek eskualdeak mugatzerakoan. Hala ere, erreinu horien arteko muga ez dago zehatz definitua, aitzitik, badira nahasketazko eta bitarteko eremu zabalak; mendi handiak (Himalaia, adibidez), itsasadar zabalak edo izotz basamortuak daudenean, orduan baizik ez dira eskualdeen arteko zatiketak garbiak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]