Arraba
Arraba edo arbia, euskaraz; arrain-arrautza, lehorrean. Uretako arrain eta itsaski espezie batzuen gonada femeninoak dira, gizakiarentzat jangarri. Hainbat tamaina eta koloretako arrautza-zorroen itxura dute. Uretatik ekarritako elikagai garestienen arteko bat kabiarra da, polaio edo gaizkataren arraba, aspaldidanik goretsia.[1]
XVII eta XVIII. mendeetan, batik bat, arrabaren merkataritza Europa osoan zabaldu zen, sardinaren arrantzarako beita gisa: arrantza egun argiz egiten zelarik, arrain sarda ikusirik, arrain-tokira gerturatu eta uretara jaurtitzen ziren arrabak, gazituak; sardinak, irentsi eta irentsi, ez ziren konturatzen sareak inguratuak zituela ordurako. Euskal Herrian ere praktikatzen zen teknika hori XXI. mendearen hasieran oraino, urte hartako hegaluzeen beita izango zen antxoa harrapatzeko. Negu aldean harrapatzen ziren antxoa, sardina eta antzekoen arbiak gatzetan ipini eta upeletan sartzen ziren, uda hasieratik, hegaluze kanpainan, erabiltzeko.
Arraba ezagunenak, hemen, legatz eta bakailaoarenak dira; ondoren, atunena; mundu zabalean, gaizkatarena, kabiarra. Antxoarena, gatz edo gatzunetan kontserbaturik, atunak eta beste arrain batzuk harrapatzeko beita gisa baliatu izan du arrantzaleak. Horra, arraba jangarrietako batzuk:
- zamo edo karparenak: arrautza txiki-txikiez osatuak, arrosa kolore eta testura finekoak;
- bakailao (Gadus callarias, G, morhua, Morhua punctata, M. vulgaris), abadira (Pollachius pollachius), bakalada (Micromesistius poutassou), ikazkin (Pollachius virens) eta bakailao artikoarenak (Arctogadus glacialis, Elefinus gracilis, E. navaga, Gadus glacialis, G. gracialis, G. navaga, Phocaegadus megalops): txiki-txikiak denak, arrosa kolorekoak, merkatuan inoiz aurkezten dira gazitu, zanpatu, lehortu, keztatuak; oraintsu arte, arraina harrapatzeko beita gisa baizik ez dira baliatu izan, gurean, baina Eskandinavian jangarri preziatuak dira;
- legatzarenak (Gadus merluccius, Merluccius argentatus, M. linnei, M. merluccius, M. merluccius merluccius, M. suculentus; M. vulgaris): arrabak osorik egosi ondoren, xerratan ebaki, olio-ozpinez apailatu eta perrexilez lurrindurik kontsumitu izan dira gurean, arrantzalearen etxean;
- korrokoia (Mugilidae, sp.): lehortu eta gazituak eskuarki, testura bikortsukoak dira eta arrain zapore arina dute. Egosi, azala kendu, xerra mehetan ebaki eta gurinez igurtziriko ogi txigortuan leherturik antolatzen dira, kanape gisa;
- daplata (Liza ramada), takart txikia, paneka t. (Trisopterus minutus capelanus, T. luscus), dontzeilarenak (Lota lota): txikiak, inoiz gazitu, zanpatu eta lehorturik hartu izan dira; tamaina txikia eragozpen larri, ez dira merkatuan agertzen;
- sardinzarrenak (Clupea harengus harengus): ertainak, hori edo urre kolorekoak, inoiz gazituak, zapore bizi, biziegi edo latzekoak;
- eglefino (Melenogrammus aeglefinus), lunpoarenak (Cyclopteros lumpus): txikiak, berdekarak, oso-oso gaziak berez, pasteurizatuak, eskuarki gorriz edo beltzez tindatuak, kabiarraren suzedaneotzat merkaturatzen dira;
- izokin (Salmo salar), izokin zilarkara (Oncorhynchus kisutch), errege izokin (Oncorhynchus tschawytscha), izokin gorrixkarenak (Oncorhynchus gorbuscha): handienetakoak (4 - 5 mm), laranja kolore distiratsukoak, itsas zapore fresko atsegina darie; maiz, gatzunetan kontserbatuak;
- gaizkata (Acipenser sturio), esterlete (Acipenser ruthenus), beluga gaizkata (Huso huso), keta g. (Oncorhynchus keta), osietra g. (Acipenser güldenstädti), sevruga g. (Acipenser stellatus): kabiarrak dira hauek denak; arrautza ertainak, gazitasun puntu on-onean, eta prezio bizi-bizian;
- amuarrainarenak (Salmo trutta): handiak, hori edo gorrixkak, biziki preziatuak, itxura erakargarri eta ahosabai atsegin, sakonekoa; handienen zaporea eta izokinenak antzekoak dira. Fresko daudela goi mailakoak badira ere, kontserban (pasteurizaturik) asko galtzen dute;
- beira (Pecten jacobeus), itsas triku (Heliocidaris sp.) eta besterenak: arbi hauei itsaski izateak ematen dien gainbalioa prezioan islatzen da, baina ez beti zapore-usainetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela, 48, 49 or. ISBN 978 84 9172 259 5..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |