Edukira joan

Euskal pilota

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.

Elizondoko trinketa
Ainhoako pilotalekua

Euskal pilota edo pilota jokoa (maiz pilota erabiltzen da, sinpleki, baina komeni da antzeko egitura duten beste pilota joko batzuetatik bereiztea) Euskal Herriko kirola da, pilotalekuan jokatua. Oro har, 2 edo 4 pilotarik (bi taldetan banatuta) txandaka pilota jotzen saiatzen dira, pilotak bi bote egin baino lehen, eta pilota joko eremutik kanpora bota gabe; lortzen ez duenak galduko du tantoa. Jokoaren aldaerak bereizteko, bi alderdi hauek hartzen dira kontuan: pilotaleku mota (plaza hormagabea, horma bakarreko pilotalekua, trinketa...) eta pilota zerekin jo behar den (esku hutsa, pala, xarea...).

Jokoaren helburua da aurkariari ahalik eta tanto gehien egitea. Txapelketetan, adinaren arabera arauak pixkatxo bat aldatzen dira: jokalariak adin kategorietan gora egiten duen heinean, sakeko arrastoa atzeratuz doa, eta piloten pisua edo tamaina handituz. Pilotan egiten duten haurren artean, asko dira emakumezkoak, baina sexismoaren eraginez gutxi dira pilotan aritzen diren emakumezko helduak.[1]

Europan barrena eusko pilotaren antz-antzeko kirolak badira, hala nola irlandar pilota (Irlanda), valentziar pilota (Valentziako Erkidegoa) edota jeu de paume (Frantzia).

Historia

Pilota 1900eko Olinpiar Jokoetan, Paris

Sorburua

Historian, munduko hainbat eta hainbat zibilizaziok izan dituzte pilota-jokoak, eta ez bat edo beste, asko baizik. Objektu biribil mugikorra egiteko, hainbat gai erabili izan dira: landareetatik ateratako materialak, hainbat eratako zapiak, hariak, larruak, hesteak, gomak. Buruz buruko jokoak izaten ziren, hau da, jokalari bat beste baten kontra aritzen zen.[2]

« Polibo artetsuak egindako pilota gorriz tindaturikoa, esku artean hartu eta batek hodei gerizpetsuetara jaurtitzen zuen; besteak lurretik gora salto egin eta erraz-erraz harrapatzen zuen, oinekin lurra berriro ukitu baino lehen. »

Odisea[3]


« Pilota hartu eta gozatu egiten zuen bati eman, bestea saihestu, hirugarren bati eskuetatik kendu, beste bat geldiarazi... oihu biziz egiten zuen zarata: "kanpora, luze, beregana, gainetik, behera, gora, labur, bota berriro bira eginez". »

Antifanes[3]


Hasieran, mugatutako zelai edo soroetan aritzen ziren denbora pasa, deman eta lehian. Jose Zufiaurre etnografoak dioenez,[4] Euskal Herrian, antzina, zelai lau batean laukizuzen bat markatzen zuten aitzurrarekin, erdian sare bat jarri, eta jokalari bakoitza alde batean jartzen zer. Gaur egungo tenisaren egitura bera, baina eskuz jokatzen zuten. Aralarren bederatzi pilotaleku aurkitu eta izendatzea lortu du Jose Zufiaurrek.

Pilotan, hamaikatxo eratan jokatu izan da, baina bateratzeko arau batzuk ere ezarri ziren. Erdialdeko Amerikan, Ekialde Hurbilean eta Mendebaldeko Europan, duela mende asko jokatu izan da.

Erromatarrek pila deitzen zaion jokoa eraman zuten Galiara. Denboraren poderioz joko hori aldatuz joan zen, paume ("ahur") jokoa sortuz. Zelai eta herrietako plazetan jokatzen zen jokoa da paume, eta denbora igaro ahala hainbat tresna erabili dira pilota jotzeko, burgesek eta aitoren semeek eskularru zein erraketak erabiltzeraino.

Lehengo garaietako hilarrietan grabatuak egiten zituzten, eta horregatik dakigu pilotariek omen handia zutela gure gizartean. Pilota eta apustuak elkarrengandik bereiztezinak dira jokoaren hasieratik, nahiz eta beti alferrikakoak izan diren apustuak mugatzeko debekuak eta ahaleginak egon. Euskal Herrian, 1534an Obanosen (Nafarroa) jokatutako partidua batena da aurkitutako apustu zaharrena. Pilotari buruz ditugun datu zahar gehienak hainbat partidatan izandako epaiketa laburren ondorio dira.[5]

Pilota jokoa munduan oso-oso zabalduta zegoen antzina, beraz. Ia toki guztietan aspaldi galdu zen arren, euskaldunek —beste hainbat kontutan bezala— bizirik iraunarazi dute kultura ondasun hori. Beren tokira moldatu dute euskaldunek, eta hainbat xehetasun aldatu: jokalekua, joko arauak, pilota, jotzeko tresnak, eta abar. Ondorioz, euskaldunok pilota deitzen diogun kirol horri, gaur egun eusko pilota esaten diote mundu zabalean.[6]

XIX. mendea

XIX. mendearen hasieran, Humboldtek hau zioen:[7]

« Pilota jokoa euskaldunen jai nagusia da. Herri bakoitzak bere pilotalekua izateaz gain, lagun guztiek hartzen ahal dute parte jokoan; Euskal Herriko gainerako gauzetan bezala, baina pilota jokoan bereziki, maila sozialak ez du hemen ezer balio, eta igandean herritar gehienak, gizon nahiz emakumezko, alkatea eta apaizak barne, haren inguruan biltzen dira. Herriek osorik egiten diote erronka elkarri partida garrantzitsuetan. Euskal Herriko probintzien artean gipuzkoarrek dute jokalari onenen ospea. »


1900eko Olinpiar Jokoak

Sakontzeko, irakurri: «Pilota Olinpiar Jokoetan»

1900eko Udako Olinpiar Jokoetan, Parisen, lehenengo aldiz izan zen pilota joko olinpiko, eta bai azkenekoz ere (erakusgarri soiltzat agertu zen 1924ko, 1968ko eta 1992ko olinpiar jokoetan). XIX. mendearen bukaerako joko haietako finalean, Amezola eta Villotak irabazi zuten Maurice Durquetty eta Etxegarairen aurka.

Munduan barrena

Eusko pilotaren urrezko garaietan, mundu guztira zabaldu zen harekiko zaletasuna. Konparazio baterako, Londres, Kairo, Jakarta, Tientsin (Forum izenekoa) hirietan ere izan zuten beren pilotalekua (komertziala, hots, pilotari profesionalen jokoaz apustuak egitekoa) noizbait; eta aipatzekoak ditugu, orobat, ezagunagoak zaizkigun Ameriketako Estatu Batuetakoak, Hego Amerikakoak eta Europako beste hainbat.

Jokoaren aldaerak

Esku huskako pilota da gaur egun espezialitate hedatuena, Euskal Herrian nahiz mundu osoan. Pilota jokoaren mota, jokalekuak bereizten du; eta espezialitatea, aldiz, jokatzeko moduak.

Aldaera nagusiak hauek dira:

Luzeko pilota jokoak Zeharkako pilota jokoak
Bote-luzea (eta haren aldaera den mahai jokoa) Erremontea
Errebotea Esku huska
Laxoa Pala
Pasaka Trinketa
Xarea
Zesta punta
Joko garbi

Luzeko pilota jokoak (zuzeneko pilota jokoak)

Laxo jokoan sakea egiten.

Ezagunak ditugun eta bizirik dirauten pilota jokoaren aldaerarik zaharrenak luzean jokatzen dira, hau da, aurkariak aurrez aurre dihardutela (berriagoa den tenisean bezala). Lau aldaera dira gaur egun: bote-luzea (hemengo pilota joko guztietatik ezaguna den zaharrena, esku huska jokatua), errebotea (eskularruz edo xisteraz jokatua), laxoa (eskularruz jokatua) eta pasaka (trinketean jokatua, esku huska edo eskularruz, kantxa sare batez erdibitua dagoela).

Oiartzungo Txost elkarteko Anton Mendizabalek 2015ean joko zuzeneko modalitateetan 500 jokalari inguru aritzen zirela estimatzen zuen.[8]

Jokalekua pilotaleku luzekoa da,[9] hots, hormarik gabeko plaza (antzina, belar soroa). Tantoei kintzeak deitzen zaie, eta tenisean bezala zenbatzen dira: 15, 30, 40 eta jokoa.

Pasakan izan ezik, beste hiru modalitateetan, jokalekuaren borroka ere izaten da, hau da, pasamarraren alde batean edo bestean jokatzeko aukeraren borroka, garrantzitsua gertatzen baita alde onenean egotea kintze gehiago lortzearren. Lekuaren borroka hori arraia edo xixaren bitartez gertatzen da.

Ohituraz luzeko pilota jokoak edo pilota joko luzekoak deitu izan diren horiei,[10] azkenaldi honetan zuzeneko modalitateak ere esaten diete. Aldaera horietan aritzen direnak luzerako pilotariak edo luzeko pilotariak dira.[11] Eta pilotan horrela aritzea luzean jokatzea/aritzea da.[12]

Zeharkako pilota jokoak

Nazioartean, lehiaketako modalitateak zeharkakoak dira, hots, pilota ez doa zuzenean jokalari batengandik aurkariarengana, baizik eta bien artean frontisa jo behar du. Lau dira zeharkako pilota jokoen modalitateak: trinketa, 30 metroko pilotalekua, 36 metroko pilotalekua eta 54 metroko pilotalekua. Mota horien barnean, 14 espezialitate ofizial bereizten dira.

  • Trinketean espezialitate hauek egiten dira: paletan gomazko pilotarekin (gizonak nahiz emakumeak), larruzko pilotarekiko paleta, esku huska (banaka eta bikoteka) xarea eta pasaka.
  • 36 metroko pilotalekuan (pilotaleku motza edo ezker-pareta ere deitzen zaio) jokatzen dira pala motza, larruzko pilotarekiko paleta, eta esku huskako pilota (buruz buru edo binaka).
  • 30 metroko pilotalekuan jokatzen dira frontenisa (emakumeak nahiz gizonak) eta gomazko pilotarekiko paleta.
  • 54 metroko pilotalekuan (pilotaleku luzea edo Jai Alai ere deitua) jokatzen dira erremontea, pala eta zesta-punta.

Pilota jokoko osagaiak

Pilotan aritzeko, pilotariak, pilota eta pilotalekua behar dira; eta, joko aldaeraren arabera, pilota jotzeko tresna (pala, xistera...) edo botarria ere bai.

Pilotalekua

Sakontzeko, irakurri: «Pilotaleku»

Pilota pilotaleku izeneko laukizuzen batean jokatzen da. Antzina, pilotalekuak belar soroak (soropil edo pilota soro izenekoak) ziren, hormarik gabe; gero, plazak, oraindik hormarik gabe; eta, gaur egun, gehienek horma bat, bi edo hiru dituzte (gutxienez alde bat, paretarik gabe). Pilotaleku hormadun horiek 10 metro garai, 10-11 metro zabal eta 30-54 metro luze izaten dira. Ipar Euskal Herrian, estali gabeko pilotaleku gehienek pareta bakarra dute.

Hona hemen pilotaleku tipiko baten eskema; kontuan izan, dena dela, badirela bestelakoak ere (trinketa, kasu), eta luzerak aldakorrak direla:

Pilotaleku ospetsuak

Materiala

Sakontzeko, irakurri: «Pilotako materiala»

Materialak asko dira eta modu askotara sailka daitezke: lehenik modalitatearen arabera, gero hori egin ondoren, mota bakoitzaren arabera, espezialitateetan sailkatzen dira. Ondoren pilotak eta azkenik trentzaren arabera.

Pilotari ospetsuak

Sakontzeko, irakurri: «Pilotari»

XVIII. eta XIX. mendeetako pilotariak

Aizpiri Txiki (1880)

Antonio Peña Goñi donostiarra da lehenengo iturria, begiratuena, -eta agian bakarra- iragan mendeetako pilotariak ezagutzeko. 1892an Madrilen argitara emandako La pelota y los pelotaris liburua euskal kirolari dedikaturiko lehenengo idazlana dateke. Pilotaren historiari erreparatzen dio eta hor aurkitzen ditugu antzinako pilotarien izenak, sarritan askoz gehiagorik ez, tamalez.

Esku huska

Esku huskako pilotaria.
Erretiratuak
Egungoak

Ezker paretako pilotalekuan:

Trinketean:

Palan

Historikoak

Erremontean

Historikoak

Zesta puntan

Egungoak

Historikoak

Pilota elkarteak

Enpresak

Esku huskako pilotakoak

Pilota txapelketa nagusiak

Esku huskakoak

Munduko pilota txapelketak

Pilotariak bertso zaharretan

Perkain laxo-jokalari handia mito izatera iritsi zen. XIX. mendean laxo jokoak izan zuen sona eta garrantzia ondo ikus daiteke mito horren inguruan sortu ziren bertsoak ikusita. Hauek dira bertso zahar horietako batzuk:

Perkainen kanta edo Perkain eta Azantza

Ahoz aho gure egunetaraino iritsi den beste kontakizun herrikoi batek Lapurdiko Luhuson Azantzak eta Perkainek aurrez aurre jokatu zuten partidaren berri ematen digu.[14] Aipatu kontakizunean esaten denez, hasiera batean Perkain irabazten ari omen zen, eta mando baten gainean zen nafar batek honela oihukatzen zuen behin eta berriro: 300 libera Perkainen alde! Inork ez zion apustua onartzen; hala ere, nafarrak segitzen zuen: 300 libera Perkainen alde! behin eta berriz oihukatzen. Azantzak, nafarraren oihuez nardaturik, pilotakada bat bidali zuen mandoaren aurka, horrela nafarraren erorketa eragin zuelarik. Izugarrizko kalapita sortu omen zen. Une nahas haietan Azantzaren arreba batek: 1000 libera nire anaiaren alde! oihu egin omen zuen eta ikusleetako batek onartu. Perkain, hura dena ikusirik, izugarri urduritu zen eta azkenean, Azantzak partida irabazi omen zuen.[15]

Irungo pilota partidaren kanta (1846)

Sakontzeko, irakurri: «Pilota partida bat Irun herrian (1846)»

Gipuzkoarren eta lapurtarren arteko partida bat jokatu zen Irunen 1846ko abuztuaren 9an. 12.000 pertsona inguru bildu omen ziren plazan dema ikusteko. “Irungo pilota partidaren kanta” bertso anonimoen arabera sekulako apustu pila egin ziren. Nafarra izan arren partida hartan parte hartu zuen Gamio apaiz lesakarrak. Gotzainak elizgizonei pilotan jokatzeko jarritako debekua apurtu zuenez, jokatu eta hurrengo egunean atzerrira ospa egin behar izan zuen. Desafioa lapurtarrek irabazi omen zuten.[16]

Tolosako partida

Perkainek Gipuzkoako Tolosan partida handi bat jokatu zuela diote sei bertso zahar batzuek. Perkainekin batera semeetako bat eta Kurutxet aritu ziren Azantza, Elhorga eta Haroztegiren aurka. Irabazle Perkainen taldea izan omen zen. Lehen bertsoak honela dio: [15]

  • Bat zen Perkain zaharra, bertzea Haroztegi Jaun hek bide zakiten kozinaren berri; Elgar frogatzeko untza bat edo, ongi pentsatua duk disimula hori!

Laugarren bertsoak, berriz, honela dio:

  • Adios Probintzia, adios Lapurdi, Perkainekin pilotan ez daite liberti; Hirur erreinu huntan bera da nagusi Azken partidaraino ez dute sinetsi!

Pilotarientzat

Pierre Topet-Etxahun koblakari zuberotarrak Pilota munduko heroi herrikoien aldeko “Pilotarientzat” izeneko bertso bilduma osatu zuen.[17][15]

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. «Zergatik dago hain emakumezko pilotari gutxi?», Euskal Herria Zuzenean, ETB 1, 2014-03-07.
  2. Ander Letamendia Loinaz (2009): «Eusko pilota jokoaren jatorria», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. a b Kondaira. .
  4. Beasain egunez egun, Beasaingo udal aldizkaria, 2009ko azaroaren 13ko alea
  5. (Gaztelaniaz) La apuesta de pelota más antigua: 1534. La increíble historia de la pelota vasca.
  6. Pierre Sabalo eta Mikel Bringas: «Los orígenes de la pelota. ¿Es vasca la pelota?», Pelota vasca.
  7. «Wilhem von Humboldt: Gaiak», Zumalakarregi Museoaren webgunea. 2010-10-19an eskuratua.
  8. Garcia Landa, Imanol. (2015-11-08). «Pilota joko zaharrak berrikasten» Tolosaldeko ataria (Noiz kontsultatua: 2018-08-04).
  9. «Bi urte honetan txit jai arratsalde gutxi gelditu zaizkit oharkera hau egitera pilotaleku luzekora joan gabe».
    Joan Ignazio Iztueta (1824): Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira.
  10. «Gaurko egunean Donostiako gazte guzien artean luzeko pillota jokora eresia dakarrenik, eta ongi jokatzen duenik aurkitzen da».
    Joan Ignazio Iztueta (1824): Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira.
  11. «Guziak itz batean aitortzen dute, trinketean sarritan ari dan pillotariari besoa laister erorten zaiona, eta bein ere ezin izan ditekeana luzerako pillotari ona.»
    «Gaitz erdi litzake bada trinketeak irozotzea eta beretan jokatzea, baldin ez balirake luzerako pillotarien galgarriak, eta biztanle guzien ondasunen kaltekoak.»
    «Nor izango da Gipuzkoatarren artean ain zenzu gutxiko gizona, sorra, eta arduragabekoa, ezagutuko ez duena argi eta garbi, zertatik eta nola datorren luzeko pillotarien galera, eta berai begira pozkidaz beterik egongo lirakeanak daukaten atsekabea?»
    Joan Ignazio Iztueta (1824): Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira.
  12. «Piarresek du ihardesten pilota dela jokoetan ederrena, partikularzki pilotariak direnean ari luzean edo errabotera, lehen Perkain Aldudekoa eta Azantza Kanbokoa bezala.»
    Mixel Elizanburu (1889): Lehenagoko eskualdunak zer ziren.
  13. a b Arraztoa, Tiburcio. «Historia» www.laxoa.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-07).
  14. «Perkainen kanta - Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-08-08).
  15. a b c Aurkenerena Barandiaran, Joseba. (PDF) LITERATURA1023. Perkain eta Azantza Luhusoko pilota-plazan. (Noiz kontsultatua: 2019-08-08).
  16. Naiz. (2016-08-12). «Emaitza gutxienekoa denean» GARA (Noiz kontsultatua: 2019-08-08).
  17. «Pilotarientzat - Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2019-08-08).

Kanpo estekak