Edukira joan

Mitxel Elizanburu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mitxel Elizanburu
Bizitza
JaiotzaHeleta1826ko otsailaren 17a
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
HeriotzaHazparne1895eko urtarrilaren 3a (68 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakapaiza eta idazlea

Literaturaren Zubitegia: 268

Mitxel Elizanburu Errekart,[1] erlijio-izenaz Inozentzio anaia[2]frantsesez: frère Innocentius — (Heleta, Nafarroa Beherea, 1826Hazparne, Lapurdi, 1895) Erromatar Eliza Katolikoko apaiza eta euskal idazlea izan zen. Lehengusua zuen Joan Batista Elizanburu (Labaienen eta Sarasolaren ustez, XIX. mendeko euskal poetarik onena).

Aita mugazaina zuen. Baionako salletarrenean egin zituen ikasketak. Bertan sartzeko erabakia hartu ondoren Tolosan prestatu eta Akizera bidali zuten. Hazparneko eskola berriko zuzendari izendatu zuten 1848. urtean eta berrogeita lau urtez bertan aritu zen. Lapurteraz idatzitako obra nagusiak: Framazonak (1889); Lehenagoko eskualdunak zer ziren (1899) bere haurtzaroan ezagutu zuen Euskal Herria, bere ustez galtzen ari ziren lehengo kristautasuna, apaltasuna eta ohitura garbiak deskribatzen dituen liburua; Zer izan diren eta zer diren oraino Framazonak munduan (1890), XIX. mendeko bigarren partean Frantzian zabaldu zen ideiaz, hots, 1789ko Iraultzaren errua masoiei egozten zienaz, diharduena; Framazonak bigarren edicionea eta Frantziako hirur errepubliken ichtoria laburzki (1890), lehen zatia Zer izan diren…en aldaketarik gabeko berrargitalpena; Frantziako bigarren eta hirugarren errepublikaren ichtorio bitchia (1891); Joannes Batista dohatsuaren bizia (1891), 1888an Erroman dohatsu egin zuten Anaia Salletarren fundatzailearen gainean; Sakelako liburuchka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia (1892), deboziozko esku-liburua.

Erregezale sutsua izaki, elizaren alde eta errepublikazaleen aurka jardun zuen bere liburuetan. Luis XVI.a eta Jesukristo elkarren parean jartzen ditu: “Errege inozent batek behar zituen beraz pagatu haren aitzinekoek egin hutsak eta krimak. Yainkoak bere yustiziaren apazegatzeko, biktima nota gabeak ditu hautatzen; hala nahi izan du haren Seme dibinoak, saindutasuna bera zenak, salba zezan mundu hobenez bethe hau; Frantzia bera ere Yainkoaren nazione hautetsia behar zen izan gaztigatua, guziz bere inpietatea zela kausa, gero, bere odolean garbiturik, sekula baino ederrago ager zadin Elizaren begietan”.

Gabriel Frailek dioenez, “agerian dago bere pentsamoldea zaharkiturik gelditu dela, ordurako zaharkiturik ez bazen. Egia da irri eragin nahiz askotan errazkerian —bai eta behin baino gehiagotan zakarkerian— erortzen dela. Hala ere (edo hain zuzen horregatik), uste dugu liburua interesgarria izan daitekeela gaur egun ere. Ez bakarrik garai bateko iritziak eta aurreiritziak aditzera ematen dizkigulako, hauek euskal kulturan garrantzi handia izan duten jende askorenak direlarik ere. Bere gehiegikeria, bere neurririk eza bera liburuaren erakargarririk handienetako bat izan daitekeelakoan gaude”. (1988, 24. or.)

Luis Mitxelenaren hitzetan: “Fue un polemista sañudo que no tuvo grandes contemplaciones con sus enemigos los radicales, vivos o difuntos, y a quien el estado de permanente indignación en que vivía prestó a veces tonos de auténtica elocuencia”. (1960, 143. or.)

  • Sakelako liburuchka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia (1892), deboziozko esku-liburua.

Artikulugintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]