William Ewart Gladstone (Liverpool, 1809koabenduaren 29a - Hawarden, Flintshire, 1898komaiatzaren 19a) britainiar politikaria izan zen. Eskoziako merkatari familia batean jaio zen. Apaiz egiteko asmoak alde batera utzi eta politikan sartu zen. Liberala zen. Disraeli kontserbadoreen buru zela, bera liberalen buru izan zen; lehia handia izan zuten bi gizonek bizitza guztian zehar. Aurrenekoz lehen ministro izan zenean (1868-1874) berrikuntza handiak egin zituen: eliza eta estatua bereizi Irlandan, herri-hezkuntza, armada (Carwellen eraberritzea), justizia, bozketa sekretua (1872), eta bozketa-eskubidea ia guztiengana zabaltzen zuen legea (1885). Irlandako arazoak izan ziren nagusi bere bigarren ministerioan (1880-1885): berak proposatzen zuen Home Rule (Irlandako autonomia) ez zen onartu eta bere gainbehera ekarri zuen (1885), eta ondoren bere alderdiaren haustura. Atzerriko politikan, bakezaletasunak bazterturik utzi zuen, eta kontrakoen kritikak erakarri zizkion. Haien berekoikeria gaitzesten zuen Gladstonek, gutxiengoen eskubideak gordetzearen aldeko baitzen. Bulgariarren auzia zela eta, Disraeli gobernutik egotzi zuen (1880). Azken aldiz lehen ministro izan ondoren (1892-1894), berriro Home Rule delakoa Lorden Ganberak onartu ez zuenean, politika utzi zuen betiko.
Gure legebiltzarraren historian, lehen aldiz Irlandan hitza egiazkotasunez adierazi da, eta arretaz entzun dugu. (...). Orain, herrialde hori uler dezakegu, bere helburuen eta borondatearen berri izateko egoeran gaude benetan. Zer-nolakoa da gaur egun arazoa? Nire kide ohoragarriek inoiz amets egin al zuten nazio baten aurkako gatazka hasiko zutenik? Zer oztopok geldiaraz dezake nazio baten aldarrikapena, gehiegizkoa edo arriskutsua ez denean? Eta badakit milioika eta milioika lagunek aldarrikapena ez dutela gehiegizkotzat edo arriskutsutzat hartzen. Gure ikuspuntutik, gai bati baino ezin zaizkio eragozpenak jarri: behar bezalako erantzun hori noiz eta zer egoeratan eman behar den jakitea. Izan ere, erantzun positibo bat lortuko dugu, horretaz ziur gaude. Askatasunez eta duintasunez eman daiteke, esker oneko eta onarpeneko testigantzak jasoaz; edo mehatxupean edo erresuminez (...). Beraz, gure ikuspuntutik gai horri dagokionez, oinarrizo alde bat dago, eta alde hori da guk gaur modu honetan jokatzeko funtsezko arrazoia.
Irlandari hitza eman diogu. Denok, guk ere bai, arreta jarri behar diogu une horri. Halaber, denok, guk ere bai, hitz hori aditu behar dugu, bi aldeetan. Auzi hori dela-eta desadostasun handia dago bi aldeen artean, amildegi ia zeharkaezina (...).
»
William Gladstone, hitzaldia Britaniar Legebiltzarrean, 1886ko ekainak 7