Edukira joan

Quentin Blake

Wikipedia, Entziklopedia askea
Quentin Blake
Bizitza
JaiotzaSidcup (en) Itzuli1932ko abenduaren 16a (91 urte)
HerrialdeaLondres
BizilekuaSidcup (en) Itzuli
Lehen hizkuntzaingelesa
Hezkuntza
HeziketaRoyal College of Art (en) Itzuli
Downing College (en) Itzuli
Lycee Francais Charles de Gaulle (en) Itzuli
Camberwell College of Arts (en) Itzuli
University of the Arts London (en) Itzuli
Chislehurst and Sidcup Grammar School (en) Itzuli
Londresko Unibertsitatea
Chelsea College of Art and Design (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakilustratzailea, haur literaturaren idazlea, eleberrigilea, umorista grafikoa, posta zigilu diseinatzailea, idazlea, margolaria eta irakaslea
Jasotako sariak
InfluentziakHonoré Daumier
KidetzaErrege Literatura Elkartea
Guild of St George (en) Itzuli

quentinblake.com
Facebook: Quentinblakeofficial Twitter: QuentinBlakeHQ Musicbrainz: 045efcac-d186-45fc-b0f5-2c01fc50ab61 Discogs: 2941195 Allmusic: mn0001708187 Edit the value on Wikidata

Quentin Saxby Blake (Sidcup, Kent, Britainia Handia, 1932ko abenduaren 16) ilustratzaile britainiar ospetsu eta saritua. Besteak beste, Hans Christian Andersen Saria eskuratu zuen 2002an. Batez ere Haur eta Gazte Literaturako liburuak ilustratzen ditu. Roald Dahl idazle britainiarraren liburu askoren ilustrazioak bereak baitira.

Quentin Blake 1932an jaio zen Sidcup-en, Britainia Handiko Kent konderrian. Bere lehen ilustrazio argitaratua Punch aldizkari satirikorako egin zuen, 16 urterekin. 1953-1956 bitartean Londresko Unibertsitateko graduondokoa jaso zuen, ondoren Chelseako Arte Eskolan eta Camberwell Arte Eskolan ikasi zuen.

1960ko hamarkadan ingeleseko irakasle izan zen Londresko Lizeo Frantsesean eta Royal College of Arts eskolako irakasle ere izan zen 20 urte baino gehiagoz. Bertan Ilustrazio Departamentuko buru izan zen 1978-1986 urte bitartean.

Haur Literaturako 300 liburu baino gehiago, 80 idazlerenak, ilustratu ditu Blakek. Besteak beste, Joan Aiken, Elizabeth Bowen, Roald Dhal, Nils-Olof Franzen, William Steig eta Dr. Seuss-enak -Great Day for Up! (1974) izan zen Seuss-ek berak ilustratu ez zuen lehen liburua. [1] [2]

2006. urterako Blakek 323 liburu zituen ilustratuak; haietatik 35 berak idatzi zituen eta eta 18 Roald Dahl-ek.

Quentin Blake bere izena daraman Blake Elkarteko patroia da, Dowining College-eko Artea eta Humanitate elkartekoa. The Big Draw [3] elkarteko patroi ere bada. Elkarte honen helburua artea Erresuma Batuko ahalik eta jende gehienengana iristea da. Horrez gain, ospitaletara artea eramatea helburu duen The Nightingale Project ekimeneko patroi ere bada. 2006tik Londres inguruko hainbat ospital eta buru-osasuneko zentroetarako lan egin du, baita Parisko Armand Trousseau haurren ospitalerako eta Angers-eko (Frantzia) ospitaleko ama berrien atalerako ere. [4]

Quentin Blaken ilustrazioen ezaugarri nagusiak bat-batekotasuna eta itxurazko soiltasuna dira. Oraindik ondo zehaztu gabeko zirriborroak dirudite. Bere trazua bizkorra eta urduria da. Jose Luis Polanco adituak dioen bezala, "Zirriborro bihurria. Alanbre lerro bat" dirudite Blaken irudiek. Blakek arkatza eta tinta erabiltzen ditu, zenbaitetan akuarelaz lagunduta marrazkiari dentsitatea ematearren. Kolore beroak erabiltzen ditu panpinak eta haurrak margotzean. Grisak, marroiak eta berde hilak hiriak margotzeko. Eta beti uzten ditu espazio zabalak zuriarentzat. [5]

Mikel Valverde ilustratzaileak Peonza 72-73 aldizkarirako idatzitako artikuluan dioenez, "Quentin Blakek maisu baten jakinduriarekin eta haur baten ilusio eta gozamenarekin marrazten du, hori baita bere ilustrazioek transmititzen dutena: ilusioa, poza, bizitza. Marrazki zintzoak dira, lau urteko haurrenak bezalakoak, eta, era berean, burutsuak eta askeak, aspalditik batere loturarik gabe eta ofizioarekiko begirunez lan egiten duen maisu batenak bezalakoak". [6]

Aldizkari horretan bertan (Peonza 72-73) Quentin Blake bera elkarrizketatu zuten eta hala dio bere irudiei darien bat-batekotasuna lortzeko lan egiteko moduaz galdetuta: "Plangintza eta bat-batekotasun ukitua uztartu nahian, hainbat teknika erabili izan ditut baina arrakastatsuena, eta azken 20 urteetan gehien erabili dudana, argi kutxa batekin lortutakoa izan da. Argi kutxaren gainean jartzen dut zirriborroa eta horren gainean akuarela-paper bat. Eskura izaten dut urarekiko iraunkorra den tinta beltzeko botila bat eta luma-mutur desberdin pilo bat eta lan mota bakoitzerako pintzelak. Ondoren, ez du azpian dagoena kopiatzen; hain justu, garrantzitsua da azpian dagoen zirriborroa oso argi ez ikustea, marrazten dudanean lehen aldia izango balitz bezala egiten saiatzen bainaiz. Baina modu horretan kontzentrazio gehiagorekin egin dezaket, azpiko marrazkiak erakusten dizkidalako agertu behar duten elementu guztiak eta zehazki non kokatuta agertu behar duten". [7]

  • Kate Greenaway Medal. (1980)
  • Red House Children's Book Award, Mister Magnolia liburuagatik. (1981)
  • Kurt Maschler Award, All Join In lanagatik. (1990)
  • Bologna Ragazzi Prize, Clown lanagatik. (1996)
  • Nestlé Smarties Book Prize (Bronze Award), Clown lanagatik. (1996)
  • Kurt Maschler Award, The Green Ship lanagatik. (1998)
  • Nestlé Smarties Book Prize (Bronze Award), The Green Ship lanagatik. (1998)
  • Children's Laureate saria -lehen saritua izan zen-. (1999)
  • OBE (Order of the British Empire) izendapena. (1988)
  • 'Ilustratzaileen Ilustratzaile' izendatu zuen Observer Magazine aldizkariak. (1990)
  • Ilustrazioaren Hans Christian Andersen Saria. (2002)
  • CBE (Commander of the Most Excellent Order of the British Empire ) izendapena. (2005)

Euskarara itzulitako liburu ilustratuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • McBroomen baserri miragarria, 1980. (Idazlea: Fleischman, Sid )
  • Arabelen belearen ipuinak, 1988. (Idazlea: Aiken, Joan)
  • Erraldoi on miragarria, 1989. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Matilda, 1990/1999/2004/2008/. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Sorginak, 1990. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Ermitaua eta hartza, 1991. (Idazlea: Yeoman, John)
  • Georgeren medizina miragarria, 1991. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Jirafa, pelikanoa eta tximinoa, 1991. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Hemen da berriz Mcbroom, 1993. (Idazlea: Fleischman, Sid)
  • Atzekoz aurrera hitz egiten zuen apaiza, 1995. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Sorginak, 1998. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Errima errebeldeak, 2001. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Charlie eta txokolate lantegia, 2005/2007. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Super-azeri, 2008. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Jira, Peli eta hirurok, 2014. (Idazlea: Dahl, Roald)
  • Angelika Milapatrikaren patrika, (Pamiela/Kalandraka, 2016) itz. Eva Linazasoro (Idazlea / il.: Quentin Blake)[8]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) web.archive.org. (Noiz kontsultatua: 2016-04-12).
  2. a b (Ingelesez) www.childrenslaureate.org.uk. (Noiz kontsultatua: 2016-04-13).
  3. (Ingelesez) (Noiz kontsultatua: 2016-04-12).
  4. (Ingelesez) .
  5. «El trazo eléctrico, o cuando el garabato se hizo arte» Peonza (72-73): 100-103..
  6. «Quentin Blake» Peonza (72-73): 110-111..
  7. «Entrevistamos a Quentin Blake» Peonza (72-73): 89-95..
  8. «Iruzkinak Quentin Blake» Behinola aldizkaria ISSN 1575-8168, 36.zkia (2017ko abendua) 48 orr..

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]