Poloniera
Poloniera[1] (język polski, polszczyzna) eslaviar hizkuntza lekitikoa da (txekiera, kaxubiera, eslovakiera eta sorabiera hizkuntzekin batera), indoeuropar hizkuntzen familiakoa. Latindar alfabetoaz idazten da eta baditu zeinu digrafoak zein diakritikoak.
Nagusiki Polonian hitz egiten da, bertan administrazio hizkuntza ofiziala baita, baina emigrazioa dela-eta, Polonia izenez izendatzen denak, hau da atzerrian bizi diren poloniarren taldeak, hiztun kopuru esanguratsua osatzen du. Kalkuluen arabera, 44 milioi pertsona ingururen lehen hizkuntza da mundu osoan[2] (literatura zientifikoaren arabera hiztun kopurua 39 eta 48 milioi artekoa da[3][4]).
Historikoki, poloniera lingua franca akademiko eta diplomatiko garrantzitsua[5] izan da Erdialdeko eta Ekialdeko Europako eskualdean[6].
Estatus ofiziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poloniera Poloniako hizkuntza ofiziala da, baita Lituaniako Vilniusko konderrikoa ere. Gainera, Europar Batasuneko 24 hizkuntza ofizialetako bat[7] da.
Arautzea Rada Języka Polskiego (Poloniar Hizkuntzaren Kontseilua) erakundearen ardura da, polonieraren erabilerari buruzko kontsulta eta iritzi organo gorena baita (euskararako, Euskaltzaindia pareko erakundea da). Poloniako Zientzien Akademiako Lehendakaritzak eratu zuen 1996ko irailaren 9an eta prestigio sozial zein ibilbide akademiko oparoa duen Poloniako Zientzia Akademia (Polska Akademia Nauk edo PAN polonieraz) erakunde publikoaren baitako aholku batzorde bat da formalki. RJP edo Poloniar Hizkuntzaren Kontseiluak Varsovian du egoitza, Staszic-en jauregian.
Egoera soziolinguistikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egun, mendebaldeko eslaviar hizkuntzen artean hiztun gehien dituena da eta, oro har, eslaviar hizkuntzen artean, bigarrena da hiztun kopuruari dagokionez[8][9]. Eslaviar hizkuntza nagusien artean, hurbilen dituenak eslovakiera eta txekiera dira[10], baina ukrainerarekin ere ezaugarri asko partekatzen ditu, bi hizkuntzen arteko kontaktu estu eta jarraitua dela eta[11]. Horrez gain, polonieran eragin handia izan zuten germaniar hizkuntzek, bereziki alemanak eta yiddishak, baita italierak, latinak eta frantsesak ere[12], hiztegi eta gramatikan batik bat.
Alfabetoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Polonierak latindar alfabetoa darabil eta 32 letra edo hizkiz osatuta dago[13]:
Aa, Ąą, Bb, Cc, Ćć, Dd, Ee, Ęę, Ff, Gg, Hh, Ii, Jj, Kk, Ll, Łł, Mm, Nn, Ńń, Oo, Óó, Pp, Qq, Rr, Ss, Śś, Tt, Uu, Vv, Ww, Xx, Yy, Zz, Źź, Żż
Horiez gain, beste 3 hizki edo letra daude jatorri atzerritara duten hitzetan soilik erabiltzen direnak:
Qq, Vv, Xx
Beraz, orotara 35 letra erabiltzen dira. Horietatik, 9 bokalak dira eta beste 23ak, kontsonanteak. Gainera, 9 hizkik zeinu diakritikoak dituzte.
Bokalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Polonierak ahozko sei bokal ditu (ahozko zazpi bokal idatziz), guztiak monoptongoak, eta bi bokal sudurkari. Honako hauek dira Nazioarteko Alfabeto Fonetikoaren arabera:
Aitzinekoa | Erdikoa | Atzekoa | |
---|---|---|---|
Itxia | i | ɘ | u |
Erdikoa | ɛ | ɔ | |
Irekia | a |
Pareko soinuak:
- Ą eta Ę sudurkariak dira, hurrenez hurren, frantsesezko bon eta bain hitzetakoak.
- Ó u bokala bezalakoa da.
- Y i-aren antzekoa da, baina mihia atzean kokatuta.
Kontsonanteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Polonieraren kontsonante sistemak konplexutasun handiagoa du. Ezaugarri bereizgarriea kontsonante afrikari eta sabaikarien seriea da. Kontsonanteen multzo osoa, Nazioarteko Alfabeto Fonetikoaren arabera (nahiz eta beste analisi fonologiko batzuk dauden), honela aurkez daiteke:
Ezpainkari | Horzkari/
Hobikari |
Erretroflexu | (Hobikari-)
sabaikari |
Belar | |||
---|---|---|---|---|---|---|---|
lau | sabaikari | ||||||
Sudurkari | m | n | ɲ | ||||
Leherkari | ahoskabe | p | t | k | kʲ | ||
ahostun | b | d | ɡ | ɡʲ | |||
Afrikari | ahoskabe | t͡s | t͡ʂ | t͡ɕ | |||
ahostun | d͡z | d͡ʐ | d͡ʑ | ||||
Igurzkari | ahoskabe | f | s | ʂ | ɕ | x | xʲ |
ahostun | v | z | ʐ | ʑ | |||
Dardarkari | r | ||||||
Hurbilkari | l | j | w |
Pareko soinuak:
- C euskarazko tz bezalakoa da.
- Ć letra eta CZ digrafoa euskal tx-aren antzekoak dira, baita CI ere, bokalen aurrean.
- CH gipuzkerazko j da, jakin aditzean.
- H behenafarrerazkoa da, hor aditzondoan.
- J erdikontsonantea da, iaio adjektiboko i-en gisakoa, edo lapurterazko joan aditzeko jota.
- Ł w-aren antzekoa da (kiwi hitzean), edo higuingarri adjektiboko u bokala.
- Ń edo NI (bokalen aurrean) euskal ñ-a bezalakoa da.
- Ś letra eta SZ digrafoa euskal ixaren parekoak dira.
- W frantses zein ingeles v-a bezalakoa da, virus hitzean.
- Z zubererazko deusik hitzeko esea bezala ahoskatzen da, edo frantsesezko zein ingelesezko bokal arteko eseak bezala, rose eta zoo hitzetan.
- Ź, Ż letrak eta RZ digrafoa Lekeitioko azpieuskalkiko jota bezalakoak dira (jakin aditzean), edo frantsesezkoa zein katalanezkoa (j'ai, Jordi).
Morfologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntza-tipologiaren ikuspegitik, morfologikoki fusio edo flexio hizkuntza bat da[14], hots hizkuntza sintetiko mota bat, zehazki flexio estentsiboa duena[15]. Polonierazko azentua, oro har, amaieratik hasita bigarren silaban egon ohi da[16]. Munduko hizkuntza askotan bezala (mandarinera, frantsesa, gaztelania, errusiera, swahilia eta ingelesa, adibidez), perpausek SVO (subject-verb-object ingelesez, hau da subjektua-aditza-objektua) ordena dute[17] (euskarak, aldiz, SOV ordena du).
Dialektologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dialektologiari erreparatuz gero, egun dialekto-bereizketa ez da oso nabaria: areago, galtzeko bidean dago eta hizkuntza estandarra gailentzen da komunikazio-jardunean[16]. Fenomeno horren kausa nagusiak honakoak dira:
- 1772, 1793 eta 1795. urteetako Poloniako Partizio edo Banaketak (eta, horren ondorioz, Polonia estatu burujabe gisa 1918ra arte mapatik desagertu izana),
- Bigarren Mundu Gerraren ostean poloniar ugari lekualdarazi izana,
- hirien garapena,
- masa-kulturaren eragina (telebista, prentsa, gizarte-sareak...), eta
- Poloniako hezkuntza-sisteman poloniera lingua franca gisa orokortu izana.
Hori guztia dela eta, gero eta uniformeagoa da eta dialektoen ezaugarri bereizgarriak askoz ere gutxiago agertzen dira hiztun gazteenen artean. Dena den, aldaera batzuek bizirik diraute, adibidez, Górale mendietakoa eta Silesiakoa. Hala eta guztiz ere, hiztun gehienek poloniera estandarraren antzeko hizkuntza erabiltzen dute. Hortaz, hizkuntza homogeneoa dela esaten da.
Gramatika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Polonieraz ez dago artikulurik eta subjektu izenordainak askotan ez dira aipatzen.
Lexikoari dagokionez, hiru generotako izenak daude: maskulinoa, femeninoa eta neutroa. Genero maskulinoa ere azpigenerotan banatzen da: biziduna ala bizigabea singularrean, gizatiarra ala ez gizatiarra pluralean. Adjektiboen kasuan, komunztadura gertatzen da izenekin generoan, kasuan eta zenbakian.
Deklinabideari dagokionez, zazpi kasu daude: nominatiboa, genitiboa, datiboa, akusatiboa, instrumentala, lokatiboa eta bokatiboa.
Aditzak, aspektuari dagokionez, burutuak edo ez burutuak izan daitezke eta askotan bi aldaerak ditu aditz-erro berdinak. Aditz denbora edo aldiari erreparatuz gero, aditz ez burutuek orainaldia, lehenaldia, etorkizun konposatua, subjuntiboa/baldintza, agintera, infinitiboa, orainaldiko partizipioa, orainaldiko gerundioa eta lehenaldiko partizipioa dituzte. Aditz burutuek, berriz, etorkizun sinplea, lehenaldia, subjuntiboa/baldintza, agintera, infinitiboa, orainaldiko gerundioa eta lehenaldiko partizipioa. Aditz jokatuetan komunztadura gertatzen da subjektuarekin bai pertsona, zenbaki eta, iraganeko zein subjuntibo/baldintzazko formen kasuan, baita generoari dagokionez ere (azken ezaugarri hau ez da batere ohikoa).
Maileguak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Polonierak, mendez mende, beste hizkuntza batzuetako zenbait hitz mailegatu ditu. Hitzok maileguan hartzerakoan aldatu egiten dira, batetik, ahoskera polonieraren fonemetara egokitzeko eta, bestetik, ortografiak ere polonieraren arauekin bat egin dezan. Hori dela eta, esate baterako, William Shakespeare idazlearen izena polonieraz Szekspir idazten da.
Polonierak ere izan du eraginik beste hizkuntzetan, bereziki gainerako eslaviar hizkuntzetan eta alemanean, hurbil daudelako eta muga partekatzen dutelako.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Polonieraz idatzitako esaldi zaharrenak honako bi hauek dira:
- Day, ut ia pobrusa, a ti poziwai: 1270ean idatzia Henrykowen Liburua[19] izenekoan (Księga henrykowska da izenburua polonieraz eta Liber fundationis claustri sanctae Mariae Virginis in Heinrichow jatorrizko izenburua latinez), 24. orrialdean.
- Byegaycze, byegaycze! (...) Gorze szą nam stalo! 1455-1480 urteen artean Jan Długoszek idatziak, "Poloniako Erresuma Handiaren kroniken urte-liburuetan"[20] (Roczniki czyli kroniki słynnego Królestwa Polskiego da izenburua polonieraz eta Annales seu cronicae incliti Regni Poloniae jatorrizko izenburua latinez).
1285ean, Łęczyca-ko batzarrean, latinarekin batera poloniera erabiltzea erabaki zen katedral eta monasteriotako eskoletan.
Polonierazko idatzi zahar asko epaiak dira, liburu judizialetan eskuz idatzita gorde direnak eta epaiketa, testigantza zein akta judizialak erregistratzeko idatzitakoak. XIV. eta XV. mendeetan erregistratu ziren, lehenengoak zehazki 1386az gerotztik Wielkopolskaren gorteko liburuetan agertutakoak dira.
1475ean agertu zen, Wrocław hirian, polonierazko inpresiorik zaharrena. Hiru otoitz katoliko ziren: Gure aita, Agur Maria eta Kredoa.
XVI. mendean, Erreformari esker, poloniera literaturaren alorrera zabaldu zen luze eta zabal. Erabaki horrek lotura estua zuen ahalik eta jende gehienarengana iristeko nahiarekin, eta hortik erraz uler daiteke ordukoak izatea bai Bibliaren lehen itzulpenak protestanteen aldetik, baita erlijio-literaturari lotutako argitalpen ugari ere, beste erlijioen aurkako argitalpen polemikoak barne[21]. 1661eko urtarrilaren 3an Merkuriusz Polski Ordynaryjny astekaria argitaratu zen, gaur egunerarte iritsi den poloniera hutsezko lehen aldizkaria. Argitaratzeari utzi ziotenean, 1661eko uztailaren 22an, ez zen aldizkaririk argitaratu polonieraz zenbait hamarkadatan. Poloniako aldizkarien etengabeko garapenaren hasiera XVIII. mendearen bigarren laurdenean hasi zen.
1696an, Lituaniako Dukerri Handiko hizkuntza ofizial bihurtu zen eta orduan hasi zen nagusitzen Lituaniako bizitza sozial, kultural eta politikoan. Poloniako Erresumako Koroaren (1385-1795) probintzietan aldiz, latinak hizkuntza ofizial izaten segitu zuen, Saxoien garaia amaitu arte (1763)[22]. Halaber, Poloniako Livoniako voivoderriko (1621-1772) familia noble alemaniarren hizkuntza ere bihurtu zen, inbasioaren ondotik poloniera berehala bereganatu baitzuten.
Poloniera barne biltzen zuten lehenengo hiztegiak eleanitzak izan ziren, batez ere poloniera eta latinaren arteko hitzen itzulpena ematen zutenak. Poloniera hutsezko lehen hiztegia Samuel Bogumił Linde-ren hiztegia izan zen eta 1807an argitaratu zen lehen aldiz Varsovian.
1901az geroztik, Poradnik Językowy ("Hizkuntza-gida") hilabetekaria argitaratzen da, hizkuntzari dagozkion gaiak jorratzen dituen argitalpen arauemailea. 1913 urteaz geroztik, gainera, Język Polski (poloniar hizkuntza) aldizkari zientifikoa ere argitaratzen da polonierari eta, oro har, hizkuntzalaritzari buruzko ezagutza sustatzen duena.
Poloniera Bielorrusiako Sobietar Errepublika Sozialistako hizkuntza ofizialetako bat izan zen 1927 eta 1938 artean. Horren isla da, esate baterako, Sobietar batasuneko armarriko Proletariusze wszystkich krajów, łączcie się! ("Herrialde guztietako proletarioak, batu zaitezte!") leloa polonieraz ere agertzea Bielorrusiako Sobietar Errepublika Sozialistaren 1927-1937 urteen arteko armarrian.
Polonierak, orobat, estatus ofiziala izan zuen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko eskualde nazional poloniarretan 1925-1937 urteen artean.
Poloniera atzerrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poloniera hiztun asko beste herrialde batzuetan bizi dira, asko eta asko dira beste herrialde bateko behin-betiko herritartasuna dutenak. Talde hau osatzen dutenen artean nagusi dira Poloniako gutxiengo nazionaleko kideak, Poloniako migranteak edo haien ondorengoak. Poloniarren diaspora horri polonieraz Polonia izena ematen zaio.
Beraz, Poloniako hiztunez gain, poloniera hitz egiten duten hizkuntza-komunitate esanguratsuenak honako herrialdeotan daude: Alemanian, Argentinan, Australian, Austrian, Belgikan, Brasilen, Kanadan, Txilen, Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Espainian, AEBetan, Frantzian, Grezian, Hungarian, Irlandan, Israelen, Kazakhstanen, Letonian, Mexikon, Herbehereetan, Erresuma Batuan, Hegoafrikan, Errumanian, Errusian, Suedian eta Uruguain[erreferentzia behar]. Halaber, Bigarren Mundu Gerraren ostean Sobietar Batasunak bere egindako lurraldeetan, polonierazko jatorrizko hizkuntza-komunitateak mantentzen dira, hots, Bielorrusian, Lituanian eta Ukrainan.
Oso zaila da polonieraz hitz egiten duen eta Poloniatik kanpo behin-betirako (behin-behineko lekualdatzeak kanpo utzita) bizi den pertsona kopurua zehaztea, munduan polonieraz hitz egiten duen biztanleria oso sakabanatuta dagoelako eta poloniarrek atzerrian ere polonierari eusteko duten mailari buruzko gaur egungo ikerketarik ez dagoelako. Liburu fidagarrietan emandako estimazioen arabera, 3,5 eta 10 milioi hiztun artean izan litezke[23]. Datu faltak eragindako desadostasun horren ondorioz, jatorrizko hiztunen kopuru orokorrari buruzko datuen artean alde nabaria dago, iturriaren arabera.
2004az geroztik, aukera dago polonieraren ezagutza atzerriko hizkuntza gisa agiri ofizial bidez ziurtatzeko eta azterketak hiru mailatan egiten dira, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera: oinarrizkoa (B1 maila), ertaina (B2 maila) eta aurreratua (C2 maila). Azterketa horiek egitearen ardura Państwowa Komisja Poświadczania Znajomości Języka Polskiego jako Obcego[24] erakundeak du.
Hiztegi laburra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Informazio gehiagorako kontsultatu euskara-poloniera hiztegia[25].
Laburduren esanahiak:
- m: maskulinoa
- f: femeninoa
- n: neutroa
Izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- dzień (m): egun
- książka (f): liburu
- łóżko (n): ohe
- imię (n): izen
- godzina (f): ordu
- mysz (f): sagu
- ulica (f): kale
- mleko (n): esne
- pociąg (m): tren
- dom (m): etxe
- przyjaciel (m): lagun
- numer (m): zenbaki
- krzesło (n): aulki
Zenbakiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- zero: zero
- jeden: bat
- dwa: bi
- trzy: hiru
- cztery: lau
- pięć: bost
- sześć: sei
- siedem: zazpi
- osiem: zortzi
- dziewięć: bederatzi
- dziesięć: hamar
- jedenaście: hamaika
- dwanaście: hamabi
- trzynaście: hamairu
- czternaście: hamalau
- piętnaście: hamabost
- szesnaście: hamasei
- siedemnaście: hamazazpi
- osiemnaście: hemezortzi
- dziewiętnaście: hemeretzi
- dwadzieścia: hogei
- trzydzieści: hogeita hamar
- czterdzieści: berrogei
- pięćdziesiąt: berrogeita hamar
- sześćdziesiąt: hirurogei
- siedemdziesiąt: hirurogeita hamar
- osiemdziesiąt: laurogei
- dziewięćdziesiąt: laurogeita hamar
- sto: ehun
- dwieście: berrehun
- trzysta: hirurehun
- czterysta: laurehun
- pięćset: bostehun
- sześćset: seiehun
- siedemset: bederatziehun
- osiemset: zortziehun
- dziewięćset: bederatziehun
Pertsona-izenordainak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ja: ni
- ty: hi/zu
- on: hura (m)
- ona: hura (f)
- ono: hura (n)
- my: gu
- wy: zuek
- oni: haiek (m)
- one: haiek (izen femeninoak, neutroak eta maskulino inpertsonalak)
Asteko egunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- poniedziałek (m): astelehen
- wtorek (m): astearte
- środa (f): asteazken
- czwartek (m): ostegun
- piątek (m): ostiral
- sobota (f): larunbat
- niedziela (f): igande
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ The World Almanac and book of facts, 1999.. World Almanac Books 1998 ISBN 0-88687-832-2. PMC 40400525. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Dalewska-Greń, Hanna. (1997). Języki słowiańskie. (Wyd. 1. argitaraldia) Wydawn. Naukowe PWN ISBN 83-01-12391-5. PMC 38871575. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ «Polish | Ethnologue» web.archive.org 2017-07-12 (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Multilingual Europe, multilingual Europeans. Rodopi 2012 ISBN 94-012-0803-4. PMC 834572951. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Regions in Central and Eastern Europe: past and present. Slavic Research Center, Hokkaido University 2007 ISBN 978-4-938637-43-9. PMC 434285009. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ (Ingelesez) «Languages» european-union.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ «The importance of Polish as a language today - Learn English your way - Cactus Language Training» web.archive.org 2011-09-07 (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Language planning in the post-communist era : the struggles for language control in the new order in Eastern Europe, Eurasia and China. Palgrave Macmillan 2018 ISBN 978-3-319-70926-0. PMC 1022080518. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ coed., Duszak, Anna, ed. Okulska, Urszula,. (2004). Speaking from the margin : global English from a European perspective. P. Lang ISBN 0-8204-7328-6. PMC 760392055. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ (Ingelesez) Joseph, Brian D.. (1999). Historical Linguistics. Ohio State University, Department of Linguistics (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Elżbieta., Mańczak-Wohlfeld,. (1995). Tendencje rozwojowe współczesnych zapożyczeń angielskich w języku polskim. Universitas PMC 610272413. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Pisarek, Walery. (2008). Poļu valoda. Published by the Council for the Polish Language ISBN 978-83-916268-2-5. PMC 750767399. (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
- ↑ Studia slawistyczne. Tow. Autorów i Wydawców Prac Naukowych "Universitas" 1998 ISBN 83-7052-896-1. PMC 44494286. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Mistrík, Jozef. (1993). Encyklopédia jazykovedy. (1. vyd. argitaraldia) Obzor ISBN 80-215-0250-9. PMC 29200758. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ a b Swan, Oscar E.. (2002). A grammar of contemporary Polish. Slavica ISBN 0-89357-296-9. PMC 50064627. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Dziamska-Lenart, Gabriela, ed. (2021-12-30). Perspektywy współczesnej frazeologii polskiej. Artystyczny potencjał frazeologii. Adam Mickiewicz University Press ISBN 978-83-232-3997-0. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Waniakowa, Jadwiga. (2020-06-15). «Polskie słownictwo gwarowe w kontekście etymologicznym (na przykładzie nazw roślin)» Gwary Dziś 12: 247–255. doi: . ISSN 1898-9276. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Walczak, Bogdan. (1999). Zarys dziejów języka polskiego. (Wyd. 2, popr. argitaraldia) Wydawn. Uniwersytetu Wrocławskiego ISBN 83-229-1867-4. PMC 42421898. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ (Polonieraz) Huncwot.com. «Jan Długosz · Roczniki czyli kroniki sławnego Królestwa Polskiego - Jan Długosz» dlugosz.polona.pl (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Chrzanowski, Ignacy. (1983). Historia literatury niepodległej Polski, 965-1795 : z wypisami. (Wyd. 13. argitaraldia) Państwowy Instytut Wydawniczy ISBN 83-06-00953-3. PMC 10598706. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Davies, Norman. (1989-1991). Boże igrzysko : historia Polski. (Wyd. 1. argitaraldia) Wydawn. Znak ISBN 83-7006-052-8. PMC 20347690. (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- ↑ Współczesny język polski. Wydawn. Uniwersytetu Marii Curie-Skłodowskiej 2001 ISBN 83-227-1699-0. PMC 47991715. (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
- ↑ «certyfikatSU» certyfikatpolski.pl (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
- ↑ «euskara - poloniera hiztegia | Glosbe» eu.glosbe.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu. |
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak | ||
---|---|---|
Alemana · Bulgariera · Daniera · Errumaniera · Eslovakiera · Esloveniera · Estoniera · Finlandiera · Frantsesa · Gaelera · Gaztelania · Greziera · Hungariera · Ingelesa · Italiera · Letoniera · Lituaniera · Maltera · Nederlandera · Poloniera · Portugesa · Suediera · Txekiera |