Mrs. Dalloway
Mrs. Dalloway | ||||
---|---|---|---|---|
Jatorria | ||||
Egilea(k) | Virginia Woolf | |||
Argitaratze-data | 1925 | |||
Izenburua | Mrs Dalloway, Eine Frau von fünfzig Jahren, Eine Frau von 50 Jahren, Mrs. Dalloway, Mistress Dalloway eta Pani Dalloway | |||
Jatorrizko herrialdea | Erresuma Batua | |||
OCLC | 20932825 | |||
Ezaugarriak | ||||
Genero artistikoa | Literatura modernista | |||
Hizkuntza | Ingeles britainiarra | |||
Egile-eskubideak | jabetza publiko eta jabetza publiko | |||
Deskribapena | ||||
Fikzioa | ||||
Kontakizunaren tokia | Londres | |||
Erabiltzen du | Kontzientzia-jario | |||
kronologia | ||||
|
Mrs. Dalloway (euskaraz, Dalloway andrea) Virginia Woolfen laugarren eleberria da, 1925eko maiatzaren 14an argitaratua. Clarissa Dallowayren egun bat azaltzen du eleberriak, Lehen Mundu Gerra osteko Ingalaterran kokatuta.
Eleberriak Clarissa Dallowayren egun bakar baten jarraipena egiten du, kontzientzia-jarioaren estilo narratiboa erabiliz. Eleberria Woolfek aurrez idatzitako bi istorio laburren bidez osatzen da: Mrs. Dalloway in Bond Street eta The Prime Minister. Eleberrian Clarissak gau horretan antolatuko duen festaren prestaketa lanak azaltzen dira. Nobelaren baitako perspektibez baliatuz, Woolf denboran aurrera eta atzera ibiltzen da, hainbat pertsonaien kontzientzian sartuz. Hala, gerrarteko egitura-sozialaren irudi osatu bat era dezake.
Antzekotasun estruktural eta estilistikoak tarteko, Mrs. Dalloway James Joyceren Ulisesi erantzun bat dela uste da, XX. mendeko nobela onenetarikotzat jotzen dena eta Virginia Woolf berak Modern Fiction saiakeran goratua.[1] Dena den, Virginia Woolfek eta bere senarrak kudeatutako Hogarth Pressek ezin izan zuen Ulises Ingalaterran argitaratu, besteak beste, hango hizkera lizunaren murrizketak zirela eta. Funtsean, baina, Mrs. Dallowayk bide berriak urratu nahi ditu eta giza-esperientziaren ikuspegi berri bat azaldu nahi du.
Time aldizkariak ingelesezko 100 eleberri onenen zerrendan sartu zuen Woolfen nobela, eta bertan egon zen 1923tik 2005era.[2]
Mrs. Dalloway Woolfen eleberri ezagunenen artean kokatu da azken urteetan, besteak beste, Michael Cunninghamen The hours eleberriagatik eta izen bereko Stephen Daldryren filmagatik.
Analisia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eleberriak hainbat gai jorratzen ditu. Esaterako, feminismoa eta eromena ikus daitezke, hurrenez hurren, Clarissa Dalloway eta Septimus Warren Smith pertsonaien bitartez. Gerrarteko gizarteari dagokionez, Clarissak emakumeen papera hezurmamitzen du, errepresio sexual eta ekonomikoa tarteko. Septimusek, aldiz, gerran traumatizatutako heroi bezala, eromenaren eta depresioaren tratamenduari egiten dio kritika. Woolfek kritika gogorra egiten dio garaiko arrazoibide medikuari Septimusen narriadurarekin eta amaieran bere buruaz beste egitearekin. Septimusen eta Wolfen arteko antzekotasunek (biek txoriek grezieraz abesten dutela uste duten eta Woolf behin ala behin leiho batetik jauzi egiten saiatu zen, azkenean Septimusek egiten duen bezala) hainbatek Septimusen pertsonaian isla autobiografiko sendo bat dagoela pentsatzea eragiten dute. Laburki esanda, eleberriak gai ugariren inguruko gogoetak dakartza: kolonialismotik, komertzialismotik ala medikuntzatik, feminismora, bisexualitatera ala politikara.
James Joycek Ulisesen egiten duen bezala, Mrs. Dalloway eleberriak ekaineko egun bateko iraupena du. Eleberria "Dalloway andreak loreak berak erosiko zituela esan zuen" esaldiarekin hasten da. Kanpo-gertaera honek aurkezten du Woolf idazle modernista bezala, eta honen bitartez atzetik datorren istorioa lotzen du [3]. Jarraian, ordea, Clarissa Dallowayren iraganera bidaiatzen du eleberriak eta bere gaztaroko oroitzapenetan murgiltzen da. Oroitzapen haiek daramate Dalloway Peter Walsh garai hartan nolakoa zen pentsatzera. Iraganeko Peter Walshengan ez ezik, orainaldikoan ere pentsatzen du. Paragrafo bat aurrerago, hari-narratibora itzultzen da, non Dalloway loreak erostera doan. Hasieratik, beraz, argi geratzen da iragana eta oraina nahasten diren bi aldi direla. Denborarekin egindako jolasaren bitartez, Woolfek pertsonaien arteko hausturak lausotzen ditu eta narratiba tradizionalarekin hausten du.
Eleberri honetan, gertakizun guztiak ekaineko egun bakar batean zehar gertatzen dira, flashbackak izan ezik. Woolfek kontzientzia jarioaren baliabidea erabiltzen du. Honen bitartez, gertakizun bakoitza gertutik konta dezake, pertsonaia jakin baten pentsamenduei esker. Hainbatetan, gertakizun bakarra zenbait ikuspegitatik azaltzen da, barne-elkarrizketak nahasiz. Eleberri osoan zeha Woolfek estilo zuzena eta zehar estiloa nahasten ditu, narrazio deskriptibotik narratzaile orojakile baten komentarioetara igaroz, barne-elkarrizketak txertatuz eta hogei pertsonaia baino gehiagoren ikuspuntuez baliatuz. Halere, eleberria Clarissa Dalloway eta Septimusengan ardazten da.
Dalloway andreak antolatutako festan, Dallowayek Septimusen suizidioaren berri izaten du. Dallowayek aurrez ez zuen inoiz izan Septimusen berri. Hasieran ikaratu egiten da gai horretaz leku horretan hitz egiteagatik, baina, gerora, ezezagun honen ekintza miresten hasten da, zorionaren purutasuna kontserbatzeko ekintzatzat joz. Woolfen hasierako plana Clarissak festa horretan bere buruaz beste egitea zen.
Egokitzapenak eta ondorengo eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pantaila handira lehen aldiz 1997an eraman zuen Marleen Gorris zine zuzendari feminista holandarrak. Eileen Atkins antzezle britaniarrak egokitu zuen eta protagonista Vanessa Redgrave izan zen. Aktoreen artean zeuden, baita, Robert Hardy, Natascha McElhone, Rupert Graves, Michael Kitchen, Alan Cox eta Sarah Badel.
2018tik, Royal Society of Literature-ek Dalloway Day [4](Dalloway Eguna) antolatzen du, ekaina erdiko asteazken batean, Ulises eleberria oroitzen duen Bloomsday egunaren kontrapuntu femenino bezala.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Rainey, Lawrence. (2005). Modernism: an anthology. Wiley-Blackwell ISBN 9780631204497..
- ↑ (Ingelesez) «The Complete List | TIME Magazine - ALL-TIME 100 Novels» Time.
- ↑ (Ingelesez) Auerbach, Erich. (1946). «The Brown Stocking» Mimesis. The representation of reality in western literature. Princeton University Press, 525-553 or. ISBN 0691012695..
- ↑ (Ingelesez) «Dalloway Day» Royal Society of Literature (Noiz kontsultatua: 2024-04-20).
- ↑ (Ingelesez) Showalter, Elaine. «Bring out the cardies and cocktails - it's time we celebrated Dallowday» The Guardian 2016/06/13.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pertsonaien analisia (ingelesez).
- Testua ingelesez, HTML formatuan, Project Gutenberg Australiak argitaratua