Listu
Listu | |
---|---|
Xehetasunak | |
Identifikadoreak | |
MeSH | A12.200.666 |
FMA | 59862 |
Terminologia anatomikoa |
Listua, lerde, txistu, elder, tu eta ttu ere deitua, ahoko listu guruinek sortzen duten likido kolorgea da, biskositate aldakorra duena. Bere konposaketako gai nagusiak ura, gatz mineralak eta proteina batzuk dira. Pertsona baten ahoan egunean litro bat eta bi litroren arteko listu kopurua ekoizten dela uste da, eta honela pertsonaren bizitza guztian 38.000 bat litro sortuko lirateke. Sortzen den listu kopurua aldakorra da, bizitza aurrera doan heinean ekoizpena jaitsi egiten baita, eta zenbait sendagaik ere eragiten baitute ekoizpenean.
Listuaren ekoizpena ziklo zirkadiarrarekin erlazionatuta dago, eta honela, gauez oso listu gutxi isurtzen da ahora. Gainera, bere konposaketa aldatu egiten da jasotako kitzikapenen arabera eta janaria ikustean edo usaintzean adibidez listuaren pH-a igo egiten da (bere pH normala 6 eta 7ren artean egoten da). Listua listu guruin handiek (parotida, sublinguala eta submaxilarra) eta txikiek isurtzen dute. Ahoko lehortasun sentsazioari xerostomia deitzen zaio, eta listu gehiegi sortzeari aldiz sialorrea.
Listuaren konposaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Listuaren konposaketa, odol-plasmarenaren antzekoa da, ondorengo sustantziek osatzen dute:
- Ura: Listuaren bolumenaren %95-a ura da eta bertan disolbatuta daude beste osagaiak (gatz mineralak). Urak, elikagaiak disolbatzea ahalbideratzen du, dastamenaren bidez beren zaporea senti dezagun.
- Kloruro ioiak: Ptialina (listuko amilasa) aktibatzen dute.
- Bikarbonatoa eta fosfatoa: Elikagai azidoen pH-a neutralizatzen dute.
- Mukia: Elikadura boloa bustitzen du, irenstea errazteko, eta liseri hodian zehar aurrera joan dadin, honi minik egin gabe.
- Lisozima: Elikagaietan aurkitzen diren bakterioen aurkako sustantzia antimikrobianoa da, hortzak babesten ditu txantxarretik eta infekzioetatik.
- Entzimak: Ptialina adibidez almidoiaren zati bat hidrolizatzen duen amilasa da. Honela, karbono hidratoen liseriketa ahoan hasten da.
- Estaterina: Amino talde batean amaitzen den mutur oso azido bat du, kaltzio fosfatoaren prezipitazioa ekiditen duena. Gainera, bakterio eta onddoen aurka jarduten du.
- Beste sustantzia batzuk: Immunoglobulina espezifikoak, transferrina eta laktoferrina adibidez.
Funtzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- pH-a 6,5ean mantentzeko gaitasuna du (tanpoi moduan jarduten baitu). Jatorduen ondoren sortzen den pH azidoa neutralizatzen du. PH azidoak esmaltea desmineralizatzea ekarriko luke, eta pH basikoak aldiz, sarro metaketa ekarriko luke.
- Esmaltea babesten du eta ahoa garbitzen du, bakterioen aurkako substantziak dituelako
- Elikagaiak lubrikatzen ditu, irensketa erraztuz
- Konponketa funtzioa, mineralizazioa eraginez.
- Liseriketa: Lehen aipatutako entzimen bidez digestio prozesuari hasiera ematen dio, elikagaiek dituzten polisakarido batzuk hidrolizatzen dituelako
- Ahozko espresioan garrantzitsua da.
- Oreka hidrikoa mantentzen du.