Kemi
Kemi | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Kemin kaupunki | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea Kemi-Tornioko azpieskualdea | |
Alkatea | Tero Nissinen | |
Sorrera | 1869 | |
| ||
Koordenatuak | 65°44′10″N 24°33′50″E / 65.73611°N 24.56389°E | |
Azalera - Ur-azalera |
747,28 km²[1] 651,91 km² (%87,2) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Suediera - Besteak |
21.297 (2017.08.31)[2] 223,3 bizt/km² (2016)[2] % 95,1 (ofiziala) % 0,2 % 4,7 | |
Webgune ofiziala |
Kemi (ipar samieraz: Giepma) Botniako golkoaren ertzean eta Kemi ibaiaren itsasadarrean dagoen Lappi eskualdeko hiria da. Oulurekin batera, Finlandia iparraldeko industria-hiri ezagunena da eta Kemi-Tornio Ardatza izeneko eskualde ekonomikoan dago, alegia, Lappiren motore ekonomikoa den eskualdean. Azaleraren zati nagusia itsas eremua da eta 95,27 km²-ko lur-azalera baino ez dauka; ondorioz, Lappi osoko hiri txikiena da. Hiriaren azpiegitura nagusia portua da eta bertako itsas merkataritza bideei esker batik bat, Ardatza Finlandiako BPG per capita handiena duen bosgarren azpieskualdea da. Kemiko parke nazional bakarra ere Botniako badian dago, Perämeri Parke Nazionala. Bertan, itsas fauna basatia industriaguneko kutsaduratik babesturik dago eta bisitariek hiria osatzen duten ehunka uharteak bisitatzeko aukera dute. Eskualdeko lau itsas udalerritako bat izateaz gain, biztanle gehien dauzkan Lappiko hirugarren hiria ere bada, guztira, 22.500 bat lagun. Gehienak industrian diharduten langileak direnez, alderdi komunistak eta SESBek hiriko giro politikoan izan duten eragina izugarria izan da. 1960ko hamarkadaz geroztik, hau da, Kemiko Ostegun Odoltsua eta greba bortitzak izan zirenetik hiria "Punaisena Keminä" (euskaraz, Kemi Gorria) izenaz ezaguna da herrialdean.
Hiriaren ezaugarri eta ondasun nabarmenenak, Orlov diamantearen erreplika eta Finlandiako erregearen koroa dauden Harribitxi Galeria, Historia Museoa, izokin koloreko eliza luterano ikusgarria, urtero izotzez eta elurrez bakarrik eraikitzen den Elur-gaztelua edo Lumilinna eta, hogeita hamar urtez Botniako badiako merkataritza-bideak neguan irekirik mantentzeaz arduratu zen eta gaur egun ibilaldi turistikoak baino egiten ez dituen Sampo izotz-hauslea dira.
Azkenik, aipatzekoa da azken urteotan Finlandiako Gobernuak laguntzak eman dituela udalerri fusioak gauzatzeko eta 2013rako, azpieskualde guztia hiri-federazio moduko entitate bat bihurtzeko proposamena adostu dutela Itsas Lappi osatzen duten udalerriek.
Ingurunea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kemi Finlandia iparraldeko Lappi eskualdearen hego-mendebaldean dago, Itsas Lappi izenaz ezaguna den lurraldean. Hain zuzen ere, hiria izena zor dion Kemijoki edo Kemi ibaiaren itsasadarrean eraiki zuten, hau da, ibaiak bere urak Botniako golkora isurtzen dituen eremuan. Beraz, Kemi itsasertzean dagoen eskualdeko lau udalerrietako bat da eta, Simo bizilagunarekin batera, hegoalderen dagoena. Ondoko udalerriak Simo ekialdean, Keminmaa iparraldean, eta Tornio hiria mendebaldean dira; horiekin eta Tervola udalerriarekin batera, Kemik Kemi-Tornio Ardatza izenaz ezaguna den azpieskualdea osatzen du, Lappiren erdigune ekonomiko eta industriala den azpieskualdea. Suediar muga, bestalde, 20 km ekialdera dago. Hiriak gaur egun 747,44 km²-ko azalera du, dena den, %86,2 Botniako badiako ur-eremu gazia da; lur-eremuak 95,27 km² baino ez du hartzen. Hala, Kemi eskualdeko udalerri txikiena da. Industriak eta orokorrean eraikitako lurzoruak azalera ehuneko handiena bereganatu duen Lappiko udalerria den arren, eskualdeari ospea eman dion taigak edo baso borealak ere bere lekua du hirian eta baso mota hau osatzen duten haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak ipar-mendebaldean, eta hegoalde-mendebaldean dauden uharte handi eta zaharrenetan hazten dira[3].
Hiria zirkulu polar artikoaren azpian dago, 120 bat km hegoaldera, baina eskualde azpiartikoan; horrenbestez, Lappin ezaguna den gauerdiko eguzki fenomenoa ez da bertan gertatzen. Hala ere, eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da ekainean eta uztailaren hasieran. Bestalde, Kemiko klima nagusia azpiartikoa da. Tenperaturak leunak izaten dira udaran, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hilabete hotzenetan, urtarriletik apirilera, Botniako badiako ura izoztu egiten da eta hiriaren 644,85 km²-ko ur-gazi azalera, izotz-pista erraldoi bihurtzen da. Kemiko portua libratu eta merkataritza-bideak irekirik mantentzeko izotz-hausleak erabiltzen dira, horien artean gaur egun helburu bakarra aisia duen Sampo izotz-hauslea. Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean bi gautatik batean izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[4].
Sauvosaari | ||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Klima azpiartikoa | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Guztira | |
Maximoa ºC | 2,6 | 8 | 7,2 | 13,2 | 19 | 28 | 31 | 24,5 | 21,2 | 11 | 4 | 3 | - | |
Batez besteko maximoa ºC | -9,3 | -2,8 | -0,3 | 6 | 10,3 | 17,2 | 19,7 | 17,4 | 12,6 | 4,1 | -1,6 | 0,3 | 6,1 | |
Batez bestekoa ºC | -14,4 | -8,5 | -4,5 | 1,6 | 6,2 | 12,8 | 14,4 | 13,2 | 8,6 | 0,8 | -4,8 | -2,6 | 1,9 | |
Batez besteko minimoa ºC | -20,2 | -15,6 | -10,4 | -3,6 | 1,3 | 5,7 | 6,8 | 6,6 | 3,2 | -3 | -8,5 | -6,5 | -3,7 | |
Minimoa ºC | -31,6 | -32,4 | -25,4 | -11,5 | -4,2 | -2 | 2 | -1,1 | -6,2 | -15,5 | -20,1 | -21,2 | - | |
Prezipitazio-egunak | 28 | 25 | 25 | 7 | 22 | 18 | 12 | 15 | 21 | 26 | 28 | 27 | 254 |
Botniako golkoak kostaldeko hiriaren azalera ehuneko handia hartzen du: %86,2. Dena den, itsasoa ez da Kemiko ur-eremuaren erantzule bakarra; ur gaziko 644,53 km²-ez gain, tamaina txikiko aintzirek eta ibaiek ere azalera hori osatzen dute. Aintzira hauen artean daude, besteak beste, Ahvenjärvet laku-multzoa, Takalahti txikia eta izen bereko auzoaren bihotza den Takajärvi. Botniako badiako urak zikin zeuden garaian, kemiarrek Takajärviko hareatzetara joateko ohitura hartu zuten eta gaur egun udako egun epel eta atseginetan aintzira herritarrez betetzen da. Hiria zeharkatzen duten ibaiak, bestalde, Vähä Ruonaoja meharra eta Lappi ipar-ekialdetik hego-mendebaldera bitan zatitzen duen Kemijoki ospetsua dira. Kemi ibaia edo Kemijoki Errusiaren mugan dagoen Urho Kekkonen Parke Nazionalean sortu, Rovaniemi hiriburutik igaro eta Kemin itsasoratzen da; guztira, 552 km-ko ibilbidea du. Finlandiako eta eskualdeko historian garrantzi handiko ibaia da, mendeetan iparraldeko garraiobide nagusia izan baita. Hala nola, Ekialdeko Lappiko basoetako enborrak Kemijokiren uretan zehar iristen ziren Botniako badiaraino.
Kemi ibaiaren itsasadarra ehunka uharte eta irla txikik betetzen dute. Urtaroaren arabera itsas-maila aldatzen denez eta noizbehinka harkaitz berriak ere azaleratzen direnez, zaila da uharteen kopuru zehatza ematea. Dena den, udalerriaren azaleran berrehunen bat zenbatu dituzte. Gutxi batzuetan etxeak eta azpiegiturak ere aurki daitezke, sasoia bertan igarotzen duten udatiarrak baitaude. Uharte handi eta garrantzitsuenen artean daude, besteak beste, portua dagoen Ajos, hiritik gertu dauden Pajusaari, Kuivanuoro, Sotisaari eta Veitsiluoto, udako etxe asko dauden Selkäsaari, eta Botniako Badiako Parke Nazionala osatzen duten Iso-Huituri eta hegoaldeko muturrean dagoen Selkä-Sarvi. Azkenik, aipatzekoa da antzina uharte bat izan zen eta gaur egun udalerriko hirigunea den Sauvosaari.
Hain zuzen ere, Botniako badian dago Kemiko parke nazional bakarra:
- Botniako Badiako Parke Nazionala: Kemi eta Tornio artean dagoen 157 km²-ko parke nazionala da. Natura erreserba bi udalerrien kanpoko uhartediak osatzen du, beraz, azalera handiena itsasoko urak hartzen du. Bertako uharteak Azken Izotz Aroaren ondorioz sortu ziren, zaharrenek mila urteko adina baino ez dute. Gainera, glaziarrak eragindako depresioak oraindik jarraitzen duenez, itsasoko ur-maila urteko 9 mm-ko abiaduran jaisten da eta, ondorioz, noizean behin, haitz berriak azaleratzen dira. Uharte handienak Iso-Huituri, Maa-Sarvi eta Selkä-Sarvi dira, aspalditik arrantzaleen egonleku direnak. Azken horretan, hain zuzen, XVI. mendeko herrixka baten aztarnak ikus daitezke oraindik; gosete garaian 300 biztanle izatera ere iritsi omen zen Selkä-Sarvi. Dena den, motordun itsasontziak sortu zirenetik uharteek ez dute biztanle egonkorrik. Hain zuzen, bertako ingurunea eta historia babesteko asmoz sortu zen parke nazionala 1991. urtean. Gaur egun, itsasoan zehar askatasunez nabigatu daiteke, baina itsas txakur grisak babesteko eremu bat dago Möyly uhartearen inguruan. Naturazaleak itsasoan ibiltzeko, animaliak ikusteko eta arrantzatzeko gerturatzen dira bertara eta, Metsähallitus erakundearen arabera, 2019an parkeak 6.500 bisitari jaso zituen[6].
Hamaika uharte horietan, hirurogeiren bat hegazti espezie ikus daitezke, ur-hegaztiak batik bat. Multzo honen barruan, esanguratsuak dira besteak beste, ahate buztanluzeak, ahatebeltz hegazuriak, aliota arktikoak, antxeta txikiak, antzara hankagorriztak, arrano arrantzaleak, belatxarreak edo bele txanodunak, bernagorri arrunt eta ilunak, borrokalariak, buztanikara zuriak, ipurzuri arruntak, erroiak, eskandinaviako lagopodoak, garai batean arriskuan izandako harri iraulariak, hegaberak, ipar-gailupak, udaberri-lore goiztiarrekin batera parke nazionalaren ikurra diren eta babesturik dauden ipar-txenadak, istingorrak, itsas mikak, kaio beltza, hauskara, ilun eta mokohoriak, kuliska pikart eta zuriak, kurlinta bekaindunak, larre-buztanikarak, lertxun hauskarak, marikoi isatslaburrak, martin hegazuri babestuak, murgilari handiak, negu-txontak, okil handiak, pottorroak, sasi-txinboak, temminck txirriak, txenada arrunt eta txikiak, txirri arruntak, txirritxo handiak, ubarroi handiak eta zuhaitz-belatzak [7].
Ugaztunen eta arrainen taldea, azkenik, badiako izokin eta sardinzar ospetsuek, perkek, lutxoek, salvelinoek, ijito-sardinek, lutxoperkek, koregono zuriek, itsas txakur arruntek, grisek eta marmolaireek, izurde albozuriek eta muturzuriek, eta mazopek osatzen dute[8].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lappira iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k. a. 6000. urte inguruan. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoaren kostaldean ezarri zirenez batik bat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zuten. Nahiz eta oraindik iparraldeko jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, hauen lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen eta ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren gehienbat. Nomadak ziren, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatzen baitzuten. Inguruan aurkitu diren biztanle hauen aztarna zaharrenak Keminmaako Keski-Penikka muinokoak dira; hiriaren mugetan aurkitu diren objektu zaharrenak, bestalde, I. mendekoak diren eta hegoaldeko tavastiar edo ekialdeko kareliarrek eramandako burdinezko tresna batzuk dira [9].
Testigantzarik ez dagoen arren, historialariek, lehen egonlekua suediarrek XIII. mende hasieran eraiki zutela uste dute. Egonleku hau Botniako golko osoaren nagusitasuna bermatzeko edo Kemijokiren itsasadarretik ipar-ekialdeko Laponiako merkataritza-bideak kontrolatzeko eraikiko zuten segur aski. Hiriaren lehenbiziko idatzizko aipamena, aldiz, 1329. urteko Magnus Eriksson erregearen gutunean dago, antzinako Ostrobotnia eta Vestrobotnia probintzien arteko muga erabakitzen ari zela, "Kemi" izeneko herrixka bat aipatzen baitu erregeak. Gutun honetan, bi probintzien arteko muga Kemi ibaian ezarri zen eta, honela, herrixka, Ostrobotniaren barruan eta Turkuko artxidiozesiaren menpe gelditu zen. Hasiera batean, herri honen lurraldea itsasadarretik Rovaniemira, eta bertatik Haukipudas herriraino iristen zen, eta parrokia honen erdigunea zen eliza nagusia, gaur egun udalerria den Keminmaan zegoen. Moskutarrek 1473an zurezko eliza zahar hau arpilatu zuten eta ondotik, 1517an, sute handi batek erabat suntsitu zuen. Azkenik, gaur egun oraindik zutik dirauen eta Lappiko eliza zaharrena den Keminmaako harrizko eliza eraiki zuten hiru urte beranduago.
Hasiera batean suediarren aliatuak ziren birkarleak, Botniako badiaren ipar itsasertzaren eta Torne ibarraren jaun eta jabe izan ziren XIV. eta XVI. mendeen artean. Eskualde honetako merkataritzaren joan-etorriak kontrolatzen zituzten eta zerga-biltzaileak ziren; gaur egun herritar hauen nortasuna ezezaguna izaten jarraitzen duen arren, jakina da XVI. mendean eskualdearen eta Laponia osoaren garapena hein handi batean oztopatu zutela eta, azkenik, Erresumaren aurka matxinatu zirela. Mende erdirako garaituak izan ziren eta suediarrek, beren boterea sendotzeko, Torneå merkatal-hiria sortzea erabaki zuten. Hiri berria Kemitik pare bat km-ra dagoen Torne ibaiaren itsasadarrean eraiki zuten eta, Torne ibarraz gain, Kemijokiko eta Laponiako ekonomiaren erdigune ere bilakatu zen. Ondorioz, Kemik parrokia erraldoi baten jabe izaten jarraitzen bazuen ere, hiri nagusi baten alboan zegoen itsasertzeko herri txiki bat bihurtu zen. Arrantza-herri honen erdigunea Keminmaan zegoen (Laurilan, zehazki), baina uda aldean, arrantzaleak Botniako badiako uharteetan zituzten egonlekuetara joaten ziren. Bertan, izokin eta sardinzar ospetsuak harrapatzen zituzten eta antzinako txalupen mugikortasun mugatuaren ondorioz, uharteetan gelditu behar izaten zuten sasoiaren zati handia. Selkä-Sarvi uhartean, esaterako, 300 biztanle zituen arrantza-herri bat bazen XVI. menderako [10].
Hurrengo mendeak Tornioren itzalpean igaro ondoren, XVIII. mendearen bukaeran, Finlandiaren kontrola izateko Suedia eta Errusiar Inperioaren arteko guduak iritsi ziren. Finlandiako Gerran, azkenean, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finn nazionalismoaren laguntzaz eta Finlandia, Inperioko Dukerri Handi bihurtu zen. Muonio eta Torne ibaietan jarri zen muga berria, eta herritar asko, ibaiak igaro eta Suediara alde egin zuen. Krimeako Gerra hastearekin eta golkoko itsas-merkataritza etetearekin batera, Tornio hiriak ere bere garrantzia eta nagusitasuna galdu zuen eta, azkenik, merkatal-hiri tituluari uko egin behar izan zion. Kemi Errusiar Inperioaren mendebaldeko muturrean zegoenez eta itsasertzeko herria denez, tsarrak bertan mugako merkataritza garatzea erabaki zuen. Honela, Alexandro II.ak bultzatuta eta bereganatutako eskumen berriei esker, Finlandiako Dukerri Handiak Torniorekin batera Laponiako eta Ouluko probintzien garapena babestuko zuen hiri bat sortzea erabaki zuen Kemi ibaiaren itsasadarrean. Lindqvist arkitektoak disenatutako merkatal-hiria aurrera atera zen eta, azkenik, 1869. urtean, Laurila herria alde batera utzi eta Kemi hiria Sauvosaari uhartean birsortu zen. "Kaupunki" –"Hiri"– tituluak zeramatzan abantailei esker, merkataritza garatu eta hirian botere handiko burgesia eratu zen. Burgesia txiki honek basogintza industriaren alde egin zuen eta 1893. urtean, Kemi Oy konpainia ospetsua fundatu zuen. Ekialdeko Lappiko baso hostotsu eta sakonetako enborrak Kemijokiren bidez iristen ziren hirira eta enpresak Laitakarin eraiki zuen zerrategian egur hori moldatzeaz arduratzen ziren, ondoren, salgaia Kemiko portutik esportatzeko. Industrializazio hau bultzatzeko garraiobide berri eta modernoak ere behar ziren eta horrela, azpiegitura berriak eraikitzen hasi ziren eskualdean; hala nola, Oulu hiriburuarekin bat egingo zuen Oulu-Tornio trenbidea 1903an bukatu zen, Ekialdeko Lappirekin batuko zuen Laurila-Kelloselkä trenbidearen lehen fasea Rovaniemin amaitu zen 1909an, eta Torne ibarrarekin lotuko zuen Kolariko trenbidea, aldiz, 23an iritsi zen Karunkira. Bestalde, Kemi ibaiaren arroaren inguruan sortu zen urre grinak ere, diru asko mugiarazi zuen garaian eta horrela, hiriaren lehenbiziko urre-aroa hasi zen. Ordukoak ditugu Kemiko eliza, Lappi eskualdeko lehenbizikoa izan zen eskola, antzinako udaletxea, tren-geltokia eta portu zaharra [11][12][13].
XX. mende hasieran, Iraultza ondoren Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an. Independentzia kontuan finlandiar gehienak ados zeuden arren, bi alderdi nagusienen botere nahiak herrialdea Gerra Zibilera bultzatu zuen. Oulu, Tornio eta Kemi, Sobiet Batasunaren laguntza zuen Armada Gorriak kontrolatzen zuen Finlandia iparraldeko eremu bakarra zen. Hiri hauetako herritar gehienak industrian ziharduten langile sozialistak zirenez, Gerra Zibila deklaratu zen unean bertan, hiria Armada Gorriaren menpe ezarri zen. Dena den, Gerra Zibila galdu ostean, Finlandia herrialde subirano bihurtu zen eta administrazio berriak Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu eta Rovaniemi hiriburu izendatu zuen 1938an. Hiriburu berriak Kemik edo Torniok zuten nagusitasuna ez zuen arren, izendapen horren arrazoi ofiziala, hiriburua, Petsamoko nikel-meatzea kontrolatzeko gai zen hiria izango zela izan zen. Askoren ustez izendapen horrek mendeku kutsua izan zuen, bi hiriek Gerra Zibilean Armada Gorriari laguntza eman baitzioten; dena den, iparraldera zuzendutako azpiegitura berri guztiak Rovaniemira iristen hasi ziren itsas hiri industrialen kaltetan [14].
Herrialdea berpizten hasi zenean, urte batzuk geldituta izandako hiriko industriak garatzeari ekin zion berriro ere. 1920ko hamarkadan beste enpresa berri bat sortu zen, Veitsiluoto Oy ospetsua. Laitakari uhartean zegoen zerrategia ere, izandako hiru sute handiekin batera, handitzen eta eraberritzen joan zen, eta industriak izandako iraultzagatik batik bat, hiriko biztanleriak gorakada izugarria izan zuen; Kemi 3.500 biztanleko herria izatetik 17.000 biztanle izatera pasa zen. 1939. urtean, Ajos uharteko portu berria eraikitzen bukatu eta Kemi-Tornio aireportua ireki zuten; 30eko hamarkada oparotasunaren garaia izan zen. Baina, hiriaren bigarren urre-aro honetan, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Hirugarren Reicharekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak eta Suediar Boluntarioen Taldea hirian egokitu ziren eta Botniako golkoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Kemiar gehienak August Mäkiniemi koronelaren agindupeko 27. Infanteria-erregimentuan zeuden. Hain zuzen, JR 27ak Neguko Gerran borrokatu eta Raateko guduko garaipenenean bete betean parte hartu zuen. Aipatzekoa da sobietarrek ez zutela hiria behin ere bonbardatu, ez erasotu Neguko eta Jarraipenaren gerretan. Dena den, joera hau Laponiako Gerrarekin aldatu zen. Hain zuzen, Finlandiak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Laponiako Gerra hasi zen. Lappin zeuden 200.000 soldadu alemaniarrek bizilagun den Norvegiara, Reicharen herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, Lothar Rendulic ofizialak probintzia osoa suntsitzeko agindua eman zuen. Kemi eta Tornioko portu estrategikoak ziren probintziako azpiegitura baliotsuenak eta, hain zuzen, bertan izan zen gerra osoko bataila odoltsuena, Tornioko gudua. Kemiren okupazioaren ostean, 1944ko urri hasieran izan zen Tornioko gudua eta bertan, guztira, bi mila soldadu alemaniar eta finlandiar hil ziren eta Kemi eta Tornio bizilagunak errauts-hiri bihurtu ziren. Alemaniarrak eta hiriak galtzaile nagusiak izan ziren, baina finlandiarren garaipenak, behintzat, hirien berreraiketa arindu zuen hein handi batean. Gudu honetan, alemaniarrek 132 kemiar zibil bahitu zituzten eta hauek hiltzeko mehatxua egin zuten. Dena den, azkenean, bahituak urriaren 11ean askatu zituzten eta bahitzaileak, aldiz, fusilatuak izan ziren [15][16].
Aspalditik arrantzaleak eta ehiztariak joan izan dira udan bertako uharteetara, batik bat, badiako izokin eta sardinzar ospetsuak arrantzatzera. Selkä-Sarvi uhartean, esaterako, 300 biztanle zituen arrantza-herri bat bazen XVI. menderako. Hala ere, motoredun txalupen sarrerarekin batera, XX. mende hasieran udako arrantza-herri hauek bertan behera uzten hasi ziren. Debekuaren urteetan, aldiz, 1919 eta 1932. urteen artean, irla hauek kontrabandoaren uharteak bihurtu ziren. Zamariak bertan gordetzen zuten salgaia (1924. urtean Botniako badian hondoratutako alemaniar itsasontzi batetik lortutako salgaia, batik bat), eta suediar mugaren ondoan egotearen ondorioz, mito ugari sortu zen uharte hauen inguruan. Uharte madarikatu eta izugarri bihurtu ziren.
Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak izugarrizko hazkuntza izan zuen ekonomikoki eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hasiera batean, Mundu Gerran Rovaniemi hiriburua erabat suntsituta izan zenez, Kemik Lappiko hiriburu administratiboaren funtzioa bete zuen. Dena den, funtzio hau berreraiketa lanek iraun zuten bitartean baino ez zuen bete, 1945etik 1947ra.
Hamarkada hau oso gogorra izan zen langileriarentzat, hala nola, 1949ko uztailaren 1ean, Gizarte Gaietako Ministerioak Kemi Oy enpresa langileen %30-40 kaleratzera behartu baitzuten. Honela, 260 bat langile bidali ostean, hiriko gertaera lazgarriena bizi izan zen, Kemiko Ostegun Odoltsua. Kaleratzeen ostean, grebak bizitu egin ziren. Poliziaren eta langileen artean giroa nahastu egin zen eta SKP alderdi komunistak esku-hartu eta Kemiko langile guztiak bildu zituen abuztuaren 18an ospatu zen manifestazioan. Manifestazio baketsu bat zirudien ekitaldia sarraskia bihurtu zen. Polizia armatua, ekitaldia sakabanatzeko asmoz, tiroka hasi zen eta tiroketa horretan, bi grebalari hil ziren; Felix Pietilä ospetsua, eta kotxe baten azpian harrapaturik gelditu zen Anni Kontiokangas gaztea. Hilketa hauen 127 erantzuleak epaituak izan ziren arren, Alderdi Komunistak eta Kemiko herriak ez zuten epaia nahikotzat jo. Alderdi Komunistak udal hauteskundeak irabazten zituen behin eta berriz eta horregatik, 50eko hamarkada guztian, sobieten aldeko taldeek greba eta buruhauste handiak eman zizkioten poliziari inguruan. Muturreko alderdi ezkertiarrak legez kanpo utzi zituen Gobernuak eta iraultza saiakera ugari izan zen bertan. Hain zuzen, hiriak gaur egun oraindik mantentzen duen «Punaisena Keminä» izengoitia irabazi zuen, «Kemi Gorria» euskaraz. Industria automatizazioak eta mekanizazioak kaleratze asko ekarri zituzten hurrengo bi hamarkadetan eta hiriak ezin izaten zuen langabe horiei lanpostua emango zieten enpresa berriak erakarri. Dena den, 1964an Tornion eta Outokumpu Oyj enpresak 1968an Keminmaan ireki zituzten altzairu herdoilgaitz fabrika eta kromita-meatzea nahikoak izan ziren langabezia krisiari aurre egiteko. 67an hiriak inoiz baino biztanle gehiago zituen, 29.830 lagun. Hala ere, 1970eko hamarkadako krisiaren ondorioz, biztanle-kopurua gutxinaka jaisten hasi zen gaur egunera arte [17][18].
Hiriko azpiegitura nagusiak hemendik aurrera iritsi ziren, hala nola, 1965. urtean Kemi-Tornio Ardatzeko Länsi-Pohja Ospitalea ireki zen. Gainera, kultura tradizio handiko hiria denez, Udalak hiru fasetan Kemi eraberritzea pentsatu zuen; horrela, 1977. eta 90. urteen artean, Arte Museoa, Liburutegi Nagusia, Auditoriuma eta Kulturetxea eraiki zuten. Bestalde, 1997. urtean, Kemi-Tornioko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea eta Meri-Lappi Institutua ere ireki ziren. 1990ean, azkenik, gaur egun 500 langile gaitu dituen Digipolis Kemin Teknologiakylä edo Teknologia Zentroa ireki eta Perämeri Parke Nazionala sortu zen [19][20][21].
90eko hamarkadan izan zen krisialdi ekonomikoaz gero, industria garai berrietara moldatu zen. Enpresen fusioak izan ziren; Kemi Oy eta Veitsiluoto Oy, gaur egun zelulosa orea ekoizten duten nazioarteko bi enpresa nagusiekin bat egin zuten, Metsä-Botniarekin eta Stora Ensorekin hurrenez hurren. Udalak hirian beste sektore batzuk garatzearen aldeko apostua egin zuen eta negu-turismoa bultzatzea erabaki zuen. Gaur egun, turismoak diru-sarreran duen pisua hazten ari den arren, industria ezinbestekoa izaten jarraitzen du eta hiriko ekonomia guztiz baldintzatzen du. Kemi-Tornio Ardatza Lappiko BPG per capita handiena duen azpieskualdea da; Finlandiako bosgarrena Mariehamn, Helsinki, Salo eta Loviisa ondoren [22][23][24].
Barrutiak |
Auzoak
|
Administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriaren 95,27 km²-ko lur-azalera sei barrutik eta hamasei auzok osatzen dute. Barrutiak Lehena edo Sauvosaari, Bigarrena edo Koivuharju, Hirugarrena edo Kivikko, Laugarrena edo Syväkangas, Bosgarrena edo Hepola, eta Seigarrena edo Merikemi dira. Hirigunea eta alde zaharrena, izen bereko barrutian dagoen Sauvosaari auzoa da eta bertan, Kemi berezi egiten duten eraikin eta azpiegitura nagusienak daude; hala nola, Länsi-Pohja Ospitalea, kirol-portuak, Lumilinna edo Elur-gaztelua, Eliza edota bigarren hezkuntzako Kemin Lyseon Lukio. Kivikko eta Syväkangas barrutiak bizitegi-barrutiak dira eta Sauvosaarirekin eta Koivuharjurekin batera, biztanle gehien dituztenak; esate baterako, 2008an Koivuharjuk 6.264 biztanle zeuzkan, Syväkangasek 5.107, Sauvosaarik 4.554, eta Kivikkok, azkenik, 4.129. Hepola, bestalde, industria-barrutia izateagatik da ezaguna eta bertan daude, esaterako, portua, Stora Enso enpresaren fabrika eta industriagunea; dena den, hirigunetik aparte eta barruti honen barruan dagoen herri-auzo txiki bat ere bada, 2.500 biztanle inguru dituena. Merikemi, azkenik, barruti hutsa da eta Botniako badiako ehunka uharteek osatzen dute. Aspaldian egonleku egonkorrak zeuden arren (Selkä-Sarvi uhartean, besteak beste, 300 biztanleko arrantza-herri bat bazen XVI. mendean), gaur egun, udatiarren etxebizitza batzuk baino ez daude, gehienak Selkäsaari uhartean.
Lehen esan bezala, guztira, hamasei auzo daude hirian: Sauvosaari barrutia osatzen duten Sauvosaari herrigunea, Peurasaari eta Karjalahti merkatal-auzoa; Koivuharju ostzen duten Karihaara industrialdea, Koivuharju eta aireportua dagoen Paattio auzoak; Kivikko biztanletsuaren Kivikko, Nauska eta Tervaharju; Syväkangasko Ritikka, Syväkangas eta aintzira ospetsua dagoen Takajärvi auzoak; Hepola barrutia osatzen duten Ajos industriala, Hepola herrixka eta Rytikari; eta Merikemi soila. Biztanle gehien dituzten auzoak Sauvosaari 3.400ekin, Koivuharju 3.021 herritarrekin, Paattio 2.272rekin, Syväkangas 2.146 lagunekin eta 2.049ko Takajärvi dira [26].
Garraio azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kemi Finlandiako industria-hiri nagusietakoa izan denez, iparraldeko muturretik hegoaldera salgaiak esportatu eta inportatzeko garraiobideen beharra izan du betidanik, ondorioz, gaur egun, hoberen komunikatuta dagoen Lappiko hiria da. Azpiegitura hauen artean, Europako itsas-hiri nagusienekin bat egiten duen portua, Helsinkirekin airez egunero elkartzen duen aireportua, herrialdea zeharkatzen duen Valtatie 4 eta 29 autobideak, eta VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenbide-sarea daude.
Kemi-Tornio Ardatzeko eta Lappiko gainontzeko udalerriekin bat egiteko garraiobide erabiliena autoa da. Hiritik bi autobide igarotzen dira, Finlandia hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen Valtatie 4 eta Kemitik (zehazki Keminmaatik) Torniora doan Valtatie 29 autobideak. Lehenbizikoa, herrialde osoko autobide luzeena da eta, guztira, Helsinkitik Utsjokira, 1.295 km-ko luzera du. E8a eta E75a osatzen duten autobideetako bat da eta Oulu eta Rovaniemi hirietatik igarotzen denez, kemiarren autobide erabiliena ere bada. Valtatie 29a, bestalde, herrialdeko autobide motzena da, 16 km baino ez baitauzka. Keminmaatik Torniorako bidea egiten du eta Suediako mugaraino iristen da. Kemi-Tornioko garraio-azpiegituren bizkarrezurra da. Lehen esan bezala, autoa garraiobide erabiliena den arren, ez da autobide hauen gainean dabilen ibilgailu bakarra. Veljekset Salmela eta ExpressBus konpainien autobusek ere, hiria suediar Haparanda, Tornio, Kuivaniemi, Keminmaa, Tervola, Simo, Rovaniemi eta Oulu udalerriekin lotzen dute [27][28][29][30].
4E 8E 75 Valtatie 4: Helsinki-Lahti-Jyväskylä-Oulu-Rovaniemi-Utsjoki
920 Seututie 920: Kemi-Portua (Ajos)
926 Seututie 926: Kemi-Rovaniemi
Bestalde, aipatzekoa da Finlandiako Gobernuaren VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenbide-sarea hiritik igarotzen dela. 1903an eraiki zen Kemiko geltokitik Oulu-Tornio trenbide nagusia bakarrik pasatzen den arren, trenbide honetako Oulu, Tornio eta Laurila geltokietatik herrialdeko trenbide guztietara irits daiteke. Tornioko geltokitik, Kolari trenbidearen bidez, Tunturi Lappiraino eta Ylläs eski-estazioraino irits daiteke; Laurilatik Kelloselkä trenbidea hartuz gero, Rovaniemi eta Ekialdeko Lappiraino joan daiteke; eta azkenik, Oulutik Finlandiako gainontzeko hirietara eta Errusiaraino ere joateko aukera dago. Historian garrantzia handiena izan duen trenbidea Laurila-Kelloselkä da. Trenbide guztia 1942ra arte bukatu ez zen arren, 1909rako Rovaniemiraino iristen zen eta honen bidez, Ekialdeko Lappiko egur preziatuak garraiatzeko modu berri eta azkarrago bat lortu zuten Kemiko enpresariek eta era berean, hiriko industria garatu eta herritarren bizi-maila hobetzea lortu zuten. Kemiko geltokian hasten den bigarren mailako trenbide bat ere bada, Ajosko trenbidea, bertatik Ajosko porturaino doan eta 11,5 km baino ez dituen trenbidea [31].
Linea | Nondik norakoa | Trenbide-sarea | Luzera | |
---|---|---|---|---|
K Linea | Kemi-Portua | Ajosko trenbidea | 11,5 km | |
6. linea | helHelsinki-Tornio-Kolarihel | Oulu-Tornio trenbidea | 131,9 km | |
7. linea | helHelsinki-Kemijärvi-Kelloselkähel | Oulu-Tornio trenbidea | 131,9 km |
Itsas Lappiko aireportu txikia, Kemi-Tornio aireportua, Keminmaako Lautiosaari auzoaren eta Kemiren ipar muturrean dagoen Paattio auzoaren artean dago. Finavia erakundeak kudeatzen du eta 2.503 m-ko luzera eta 18-36 norabidea dituen asfaltozko pista bakarra dauka. Lappi osoko aireportu zaharrena da, hiriaren bigarren urre-arroan eraiki baitzen 1939. urtean; gainera, Laponiako Gerran alemaniarrek suntsitu ez zuten Ardatzeko azpiegitura garrantzitsuena da portuarekin batera. Aireportutik Helsinki-Vantaara baino ez daude hegaldiak, egunean lau bat, eta bertatik ere beste hainbeste jasotzen ditu. Hegaldi guzti hauek Finncomm Airlines konpainiak antolatzen ditu, aireportuan lan egiten duen enpresa bakarra baita. Azkenik esan, bisitari gehien dituen Lappiko hirugarren aireportua dela eta 2010ean, esate baterako, 96.562 bidaiari igaro zirela bertatik [32].
Azkenik, industrian ekoitziako produktuak nazioartera garraiatzeko eta iparraldeko eskualde batek dituen beharrak asetzeko aukera eman duen hiriko azpiegitura nagusia portua da. Finlandia eta Europako itsas hiri nagusienekin bidaia usuak daude eta 2009. urtean, besteak beste, 1,8 milioi tona mugitu ziren bertan. Tornio bizilaguneko portuarekin batuz gero, Finlandiako portu garrantzitsuenetakoa dira.
Kemiko portua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen esan bezala, hiriko azpiegitura garrantzitsuena eta ekonomian eragin handiena duena portua da. Kemik «kaupunki» («hiri») titulua eskuratu zuenetik izan du portua, alegia, 1869. urtetik. Lehenbiziko portua Sauvosaari herrigunean zegoen eta tamaina txikikoa zen, hala ere, honi esker industria garatzen hasi eta hiria hazi egin zen. Portua laster zahartu zen eta enpresariek produktuak nazioartera zabalduko zituen azpiegitura handiago bat behar izan zuten. 1939. urtean gaur egungo portua eraiki zuten itsasertzan sakonera handia duen Ajos uharte-auzoan eta aurrekoa, etxebizitza berriek ordezkatu zuten. Handik gutxira, Laponiako Gerra iritsi zen eta alemaniarrek suntsitu nahi izan zuten lehen azpiegietura izan zen. Finlandiar soldaduek, hala ere, hondaketa saiakera zapuztea lortu zuten eta ordutik, urtez urte, hazi egin den eskualdeko azpiegitura nagusia da. Hain zuzen, tona gehien mugitzen diren Lappiko portua da, 2009. urtean, guztira, 1,8 milioi tona. Tornio bizilaguneko portuarekin batuz gero, Finlandiako portu garrantzitsuenetakoa dira [33].
Kemiko portuak hiru kai ditu, Ajosko, Veitsiluotoko eta Olio kaiak; azkeneko honetara, petrolioa eta Lappi eskualde osoa hornitzeko erregaiak iristen dira. Portuan dauden itsasontzien bidaia ohikoenak Hanburgoko, Lübeckeko, Bremerhavengo, Felixstoweko, Anberesko eta Bilboko portuetara izaten dira. Bestalde, gehien esportatzen diren produktuak papera eta zelulosa-orea dira; inportatuenak, aldiz, erregaiak eta pigmentuak. Inportazioen pisua esportazioena baino handiagoxea da, 2009an 1,13 milioi tona esportatu eta 1,17 tona inportatu baitziren [34].
Turista gehien erakartzen dituen ikuskizunaren etxea, alegia, Sampo izotz-hauslearen egoitza ere portuan da. 1961. urtean uretaratu zen itsasontzi hau Botniako badiako ur izoztua hausteaz eta merkataritza-bideak irekirik mantentzeaz arduratu zen hogeita hamar neguz. 1991. urtean, berriz, erretiratu eta bisitariak eta abenturazaleak erakartzen hasi zen. Urtarriletik apirilera, ia egunero lau orduko bidaiak antolatzen dira eta ausartenek Botniako golkoko ur izoztuetan igeri egiteko aukera dute; 2007an, guztira, 10.664 nabigatzaile izan ziren bertan [35].
Hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Peruskoulu izena duten 7 eta 15 urte bitarteko bost eskola daude udalerrian, biztanleak dituzten barruti bakoitzeko bat, Hepolan, Koivuharjukoa Karihaaran, Kivikkon, Sauvosaarin eta Syväkangasen. Finlandiako Hezkuntzan eskolaldi hau bukatzerakoan, ikasleek azterketa bat pasa behar izaten dute hurrengo fasea zein izango den zehazteko. Hala ere, bi fase hauek Kemin daude, bai bokaziozko eskola, Lappi Bokaziozko Eskola izenekoa, baita lizeoa ere, Sauvosaarin daogen Kemin Lyseon Lukio. Bigarren eskola motako ikasketak bukatzean, ikasleek hirian bertan dagoen eta 1992. urtean sortu zen Kemi-Tornio Zientzia Aplikatuen Unibertsitatera (finlandieraz, Kemi-Tornion ammattikorkeakoulu edo KTAMK) joateko aukera daukate. Finlandiako Hezkuntza eredu ospetsuan oinarritzen den unibertsitate honek, arte ederrak, teknologia, erizaintza eta enpresa ikasketak eskaintzen ditu eta Rovaniemikoaz gain, Lappi eskualde osoan dagoen zientzia aplikatuen unibertsitate bakarra da. Gaur egun, guztira, 2.400 ikasle ditu eta %10a Asia, Errusia eta Afrikatik iritsitako ikasle aurreratuek osatzen dute. Azkenik, aipatzekoa da ekonomiarekin lotura duten ikasketak eskaintzen dituen eta 1997. urtean sortu zen Meri-Lappi Institutua ere [36][37][38].
Osasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osasunari dagokionez, Lappi bi ospitale barrutitan banatua dago eta Kemi, Länsi-Pohja Ospitale Barrutia izenekoan dago. Hain zuzen, ospitale barruti honetako ospitalde nagusia, Länsi-Pohja Ospitalea edo Länskä izenekoa, Sauvosaari auzoan dago. Zortziehunen bat langilek egiten du lan bertan eta barrutiko 65.000 herritarren ospitalea da. 1965. urtean eraiki zen eta sail nagusitako espezialistak bertan aurki daitezke. Hiriko osasun-zentroa, bestalde, Kemin terveyspalvelut, Sauvosaari auzoan dago baita ere [39][40].
Hiri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lappi osoko hiri senidetu gehien dituen udalerria da Rovaniemi hiriburua ondoren, guztira, bederatzi. Hiri senidetuak merkataritzaren laguntzaz elkartutako edota Kemiren industria ezaugarri bertsuak dituzten udalerriak dira gehienbat; hauen artean, Newtownards, Ringkøbing, Volgograd, Wismar eta bizilagun dituen Luleå suediarra eta Tromsø norvegiarra. Hiritarren diru-laguntza gehiena Mozanbikera doanez, Nacala hiriaren eta Kemiren arteko azken urteko kooperazioa ere handia izan da. Azkenik, aipatzekoa da Tornio bizilagunarekin eta Ardatz guztiarekin adostutako akordioak; hala nola, 2013rako azpieskualdea hiri-federazio moduko entitatea bihurtzeko proposamena [41].
Udala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kemiko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.
Kemiko Udalbatza[42] | |||||
---|---|---|---|---|---|
Alderdia | Eserlekuak | +/- | Ehunekoa | ||
-- | Ezker Elkartasuna | 15 | 0 | % 33,7 | |
-- | Alderdi Sozial-Demokrata | 13 | 3 | % 28,4 | |
-- | Zentroko Alderdia | 7 | 0 | % 15,4 | |
-- | Koalizio Nazionala | 5 | 1 | % 10,7 | |
-- | Benetako Finlandiarrak | 2 | 2 | % 6,1 | |
-- | Liga Berdea | 1 | 0 | % 3,3 |
Udal hauteskundeetan Zentroko Alderdiak irabazi ez zuen Lappiko udalerri bakarra izan zen Pelkosenniemirekin batera; dena den, hau ez da harritzekoa, Finlandia estatu denetik Alderdi Komunistak edo alderdi hau parte den koalizio batek irabazi baititu hiriko udal hauteskunde guztiak. Hain zuzen ere, industrian lan egiten duten langileek 50eko hamarkadan antolatu zituzten greba bortitzei zor die hiriak bere ezizena, "Punaisena Keminä" edo "Kemi Gorria". Oraingo honetan, Ezker Elkartasunak hamasei eserleku eskuratu zituen, aurreko udalbatzan baino bat gehiago eta bigarren alderdiak baino bost gehiago, eta Alderdi Sozial-Demokratarekin batera eginiko akordio baten bidez, udalbatzan gehiengoa lortu zuten ezkertiarrek. Bigarren alderdia, hain zuzen, Alderdi Sozial-Demokrata izan zen eta bi ordezkari galdu zituen; guztira, hamaika batzarkide dauzka udalbatzan. Oposizioa gainontzeko alderdiek osatzen dute, hau da, zortzi eserleku dituen Zentroko Alderdiak, bat gehiagorekin sei eskuratu zituen Koalizio Nazionalak, eta ordezkari bakarrarekin udalbatzara lehenbizikoz iritsi ziren Liga Berdeak eta Benetako Finlandiarrak. Aipatzekoa da, azkenik, Alderdi Komunistaren zatitze baten ondorioz sortu zen Langileen Alderdi Komunista udalbatzatik kanpo gelditu zela. Udal hauteskundeetako parte-hartzea oso baxua izan zen, guztira, %60,8koa.
Lehen esan bezala, udalbatza, Ezker Elkartasuna eta Alderdi Sozial-Demokrataren esku dago. Horrela, udalbatzaren presidentea eta Udalaren bozeramailea, Ezker Elkartasunaren kidea den Veikko Kumpumäki da. Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.
Biztanle gehien duten auzoak (2008) [43] | ||||
---|---|---|---|---|
Z. | Auzoa | Biztanleria | Barrutia | |
1 | Sauvosaari | 3.400 | Sauvosaari | |
2 | Koivuharju | 3.021 | Koivuharju | |
3 | Paattio | 2.272 | Koivuharju | |
4 | Syväkangas | 2.146 | Syväkangas | |
5 | Takajärvi | 2.049 | Syväkangas |
Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriak, gaur egun, 22.444 biztanle dauzka eta Lappi osoko hirugarren hiri jendetsuena da; gainera, azalera hain txikia duenez, kilometro karratuko biztanle gehien dituen eskualdeko hiria ere bada. Hain zuzen, bizilagun gehien dauzkaten auzoak hiru milatik gora dituzten Sauvosaari eta Koivuharju, eta bi milatik gora dituzten Paattio eta Syväkangas dira. Barruti jendetsuenak, aldiz, 6.264 biztanle dituen Koivuharju, 5.107 dauzkan Syväkangas eta, lau mila pasatxo dituzten Kivvkko eta Sauvosaari dira. Biztanlerik ez duen auzo eta barruti bakarra Merikemi da, bertako uharteetan berrehunen bat uda-etxe baino ez baitaude. Biztanle-kopurua asko aldatu da azken urteotan. XX. mendean izandako gorakadaren ondoren, 1967. urtean, bukaezina dirudien jaitsiera hasi zen. Hiriaren lehenbiziko eta bigarrengo urre-aroetan biztanleria izugarri igo zen industriaren eraginagatik batik bat. Dena den, Kemik enpresa berriak erakartzen ez zituenez eta bertako fabrikek mekanizazioaren ondorioz langileak kaleratzen zituztenez, 70eko hamarkadan biztanleria jaisten hasi zen. Lan bila alde egin zuten herritarrek, batez ere, Oulu, Helsinki eta Rovaniemi hiri handietara, baina badirudi, XXI. mendearen sarrerarekin batera, biztanleriak hogeita bi eta hiru mila tarte horretan mantentzea lortu duela.
Atzerritarrak (2008) [44] | |||
---|---|---|---|
Z. | Jaioterria | Biztanleak | |
1 | Errusia | 79 | |
2 | Myanmar | 79 | |
3 | Suedia | 47 | |
4 | Ukraina | 22 | |
5 | Iran | 21 |
Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Kemin, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa nahiko baxua da, %14,3koa, eta 65 urte baino gehiago dituztena, aldiz, altua, %19,5ekoa. Erlijioari dagokionez, gehienak luteranoak, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak, edo sinesgabeak dira. Hirian, guztira, bi eliza luterano daude, 1.200 fededunentzako eserlekua duen Kemiko eliza nagusia eta Hepola herri-auzoan dagoen Veitsiluotoko eliza txikia. Bestalde, hirian errusiar komunitate txiki bat ere badagoenez, aipatzekoa da Lappiko eliza ortodoxoetako bat ere bertan dagoela, 1962. urtean eraiki zen San Joan Bataiatzailearen Jaiotzaren eliza.
Kemiar gehienek suediera eta ingelesa, eta bakan batzuk errusiera edota alemana dakiten arren, hiriko hizkuntza nagusi eta ofizial bakarra finlandiera da. Hiritar asko bertan jaioa ez den arren, biztanleen %97,4aren ama hizkuntza da finlandiera. Hain zuzen, herritarren %39a ez da bertan jaioa, herrialdeko gainontzeko hirietatik bertara bizitzera joandakoak dira, besteak beste, keminmaarrak, oulutarrak, torniotarrak eta simotarrak. Izan ere, atzerritarren ehunekoa oso txikia da, %1,1a, eta komunitate handienak errusiarrena, birmaniar errefuxiatuena, suediarrena, ukrainarrena eta irandarrena dira. Aipatzekoa da, Kemi-Tornio Ardatza, Lappiko BPG per capita handiena duen azpieskualdea dela; Finlandiako bosgarrena Mariehamn, Helsinki, Salo eta Loviisa ondoren.
Gaur egun, Rovaniemi hiriburua ondoren, Lappiko hiri jendetsuena eta motore ekonomikoa izaten jarraitzen du. Esan bezala, industriak hiriaren bizimodua baldintzatu du hein handi batean, eta ez dago esan beharrik langileriaren joera politiko nagusia zein den. Kemik Gerra Zibilean Armada Gorriari emandako laguntzagatik, Alderdi Komunistak udalbatzan izan duen nagusitasunagatik eta, 50eko eta 70eko hamarkadetan langileek antolatu zituzten greba bortitzen eskutik, hiriak "Punaisena Keminä" edo "Kemi Gorria" ezizena merezimendu osoz irabazi du [45].
1880 | 1890 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1935 1 | 1940 | 1945 | 1950 | 1955 | 1960 | 1965 | 1967 2 |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
342 | 563 | 1.388 | 1.951 | 1.949 | 3.266 | 18.439 | 17.007 | 18.597 | 23.718 | 25.578 | 27.823 | 29.599 | 29.830 |
1970 | 1975 | 1980 | 1985 | 1990 | 1994 | 1998 | 2000 | 2002 | 2004 | 2006 | 2008 | 2010 | Orain |
28.984 | 27.893 | 27.087 | 26.518 | 25.566 | 24.936 | 24.122 | 23.689 | 23.236 | 22.907 | 22.771 | 22.594 | 22.548 | 22.444 |
1 1931. urtean, Kemiren azalera handitu egin zen 5,6 km²-tik 83,5 km²-ra; ondorioz, hiriak, ondoan zituen herri txiki batzuk eskuratu zituen. Lehenbiziko urre-aroa.
2 Hiriak biztanle gehien eduki zituen urtea 1967a izan zen, guztira, 29.830 lagun.
Nazioartean ospetsuenak diren kemiarren artean, aipatzekoak dira artistak eta bereziki, musikariak. Hain zuzen, hiriaren nazioarteko ordezkari nagusia Sonata Arctica power metal musika-taldea da. Bertan sortu eta hazi zen taldea, eta Tony Kakko abeslaria, Tommy Portimo bateria-jotzailea, Marko Paasikoski baxu-jotzailea eta taldea utzi zuen Jani Liimatainen gitarrista kemiarrak dira. Hiriko Udalak gizarte jarduerei eskaintzen dien diru-kopurua handia denez, ez da harritzekoa hiriak horrenebeste musikari ospetsu izatea. Besteak beste, nazioartean ez baina Finlandian oso ezagunak diren beste musikari batzuen artean, herrialdea Eurovision Abesti Txapelketan bi aldiz ordezkatu duen Heidi Kyrö abeslaria eta Jori Hulkkonen DJ gaztea daude [47][48].
Gizarte mugimenduek Kemin izan duten eragina ere politikan antzeman da. Hiriak, politikari ezkertiar asko esportatu ditu Finlandiara, baina hauetatik ezagunena Koalizio Nazionala eskuin alderdiko kide den Jari Vilén parlamentaria da. Bestalde, kirolak ez du nahibesteko arrakasta izan udalerrian eta ez da aparteko kirolaririk irten bertatik. Aipatzekoak dira herrialdean hala-nolako ospea irabazi duten Kilmarnock futbol-taldean jokatzen duen Anssi Jaakkola atezaina, JJK Jyväskyläko Juha Pasoja atzelaria, Mika Halvari pisu jaurtilaria eta Olinpiar Jokoetan hainbat domina irabazi dituen Jari Lipponen arkularia [49][50].
Azkenik, berez musikariak ez diren artisten multzoa, 2010ean Venla saria irabazi zuen Jope Ruonansuu aktore, musikari, komiko eta inpresionistak; umore beltza, satira eta absurdo generoak jorratzen dituen Jussi Siirilä idazleak; eta Finlandia osoko astronomo ospetsuena den Esko Valtaoja adituak osatzen dute [51][52][53].
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kemiko armarria XIX. mendearen erdialdean sortu zuen G. A. Kajanus artistak, eta ikur berriak ordura arte hiria irudikatzeko erabili izan zen izokinaren irudia ordezkatu zuen; udalbatzak 1873ko maiatzaren 28an onartu zuen. Kajanusen helburua, hain zuzen ere, bertan agertzen diren objektuekin, hiriaren ezaugarri nagusiak adieraztea izan zen. Zuzen horizontal batek bi zatitan banatzen du armarria: goiko eremua eta behekoa. Goikoan, atzealde gorriaren gainean, zilarrezko aingura dago; honek itsas merkataritzaren garrantzia eta portuaren nagusitasuna irudikatzen ditu. Beheko eremuan, aldiz, zelai urdinaren gainean, ezkerrera begira dagoen izokin zilarkara dago; izan ere, arrainarekin, margolariak herriararen iragana eta bilakaera irudikatu nahi izan zituen, arrantza-herriarentzat Kemi ibaiak eta bertako izokin preziatuek ezinbesteko garrantzia izan baitute. Armarriaren buruan, azkenik, urrezko konde-koroa dago [54][55].
Elkarteak eta Erakundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kirola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalak gizarte jarduerei eskaintzen dien diru-kopurua handia denez, hainbat kirol-talde sortu dira hogei mila biztanleko hiri honetan. Sastamolo eta Kellon Lyönti (KeLy) bady ligako hirugarren mailan. Besteak beste, ondorengo hauek dira Kemiko kirol-talde nagusiak:
Taldea | Laburdura | Kirola | Liga | Maila | Zelaia |
HC Kemi | Izotz-hockeya | III divisioona | Perämeren jäähalli | ||
Lämärit | Izotz-hockeya | Suomi-sarja | Perämeren jäähalli | ||
PS Kemi Kings | Futbola | Ykkönen | 2. maila | Sauvosaaren urheilupuisto | |
Pohjan Jousi, PoJo | Arku-tiroa | ||||
Veitsiluodon Vastus | Bandya | SM-sarja Suomi-sarja |
Hepolan kenttä |
Talde ospetsuena Ykkönen bigarren mailan jokatzen duen PS Kemi Kings da. Futbol-taldea hiriko hiru futbol-taldeek, Kemin Palloseura (KePS), Kemin Pallotoverit-85 (KPT-85) eta Visan Pallok bat egin zutenean sortu zen 1999. urtean. Bateratzearen ondoren PS Kemi Kings taldeak lortu duen postu onena Ykkönengo zazpigarren postua da 2009an; azkeneko denboraldian, aldiz, bederatzigarren gelditu zen. Emaitza hauek urruti daude KePS taldearen ibilbidetik, honek bai, Mestaruussarja lehen mailan bost urtez jokatzea lortu baitzuen. PS Kemi Kingsen etsai nagusia, bestalde, Tornio bizilaguneko TP -47 taldea da. Gaur egun hirugarren mailan jokatzen duen arren, bien arteko norgehiagokak biziak izaten dira, eta nahiz eta, futbola herrialde eta hiriko kirol nagusia ez den, ehunka zale joatzen dira Sauvosaari kirol zelaira. Aipatzekoa da, azkenik, talde honetatik, edo honen aitzindarietatik, kemiar futbol jokalari onenak igaro direla, hala nola, Kilmarnock futbol-taldean jokatzen duen Anssi Jaakkola atezaina eta JJK Jyväskyläko Juha Pasoja atzelaria [56].
Nesken Merilappi United taldea 4. mailan.
Herrialdeko kirol ospetsuena, hain zuzen, izotz-hockeya da, eta hirian bi talde daude. Harrobi sendoa duten arren, taldeak ez dira, orain arte behintzat, oso arrakastatsuak izan. Ezagunena, Kemin Lämärit, Suomi-sarja hirugarren mailako talde boteretsua da eta 1972an sortua izan zen. HC Kemi, aldiz, III divisioona bosgarren mailako taldea da, gutxinaka hazten ari dena. Bien egoitza Perämeren jäähalli izotz-pista da [57][58].
Bestetik, hiriko talde arrakastatsuenak, Veitsiluodon Vastus bandy-taldeko bi kategoriak dira, emakumezkoena eta gizonezkoena. Lehenengoak, SM-sarja lehenbiziko mailan jokatzen du eta ospatu ziren lehen bi txapelketak irabazi zituen 1979 eta 80an. Gizonezkoek, aldiz, ibilbide luzeagoa dute eta lau Bandyliiga (Finlandiako liga gorena) irabazi dituzte; dena den, gaur egun, Suomi-sarja bigarren mailan daude. Azkenik aipatzeko taldea Pohjan Jousi da, euskaraz Ipar Udaberria. Arku-tiroan oinarritzen den talde honetako bi kemiarrek Olinpiar Jokoetan parte hartzea lortu zuten, hain zuzen ere, 1992ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Jari Lipponen eta Finlandiako txapelduna den Mari Piuva dira [59][60].
Museoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kemiko Udalak gizarte zerbitzuetan inbertituako dirua hiriko leku aipagarrienak eraikitzeko ezinbestekoa izan da. Hain zuzen, bertakoek gehien erabiltzen dituzten eraikinak hiru fasetan gauzatu zen "Kulttuuri" izeneko egitasmo baten eskutik iritsi ziren eta 70eko eta 90eko hamarkaden artean ireki ziren Arte Museoa, Auditoriuma, Leipätehdas Kulturetxea, Antzokia, Musika Aretoa eta Liburutegi Nagusia, besteak beste, egitasmo horren emaitza dira. Hauei esker, hiriak artista eta, bereziki, musikari ugari trebatu ditu. Beste ondasun nabarmen multzo handia erlijio-eraikinek osatzen dute. Gizarte-mugimenduetan eliza begi onez ikusia izan ez zen arren, guztira, hiru tenplu erlijioso daude hirian: parrokiaren egoitza den Kemiko eliza ikusgarria, Hepola auzoan dagoen Veitsiluotoko eliza eta San Joan Bataiatzailearen Jaiotzaren eliza ortodoxoa. Azkenik, aipatzekoa da Udalaren laguntzari, bizitako historiari eta eraikinen aspaldiko egiturei esker, Karihaarako industriagunea, Kemiko eliza, antzinako Veitsiluoto Oy enpresaren bulego nagusia eta langileen etxea monumentu izendatuak izan zirela 1993. urtean [61][62].
Hiriak ez du ez eraikin izugarririk, ezta turistentzat egundoko interesa piztu dezakeen beste lekurik ere, baina harrigarri, ezohiko eta bitxi egiten duten berezitasun ugari ditu. Hauen artean, ondoko bostak dira aipagarrienak:
- Elur-gaztelua edo Lumilinna: izotzez eta elurrez bakarrik eginik dagoen Finlandia osoko eraikin handiena da. Botniako badiaren ertzean dago, Sauvosaari auzoan, eta urtez urte eraikitzen den munduko eraikin bakarra ere bada. Lumilinna hiriko erakunde nagusiek Kemi-Tornioko negu turismoa sustatzeko abian jarritako egitasmo baten eskutik iritsi zen 1995ean eta irekirik egoten den bitartean, urtarrilaren bukaeratik apirilaren hasierara gutxi gorabehera, Kemiko ekitaldi garrantzitsu gehienak bertan antolatzen dira, hala nola, antzerkiak, izotz-arte erakusketak eta dantza- eta opera-saioak. Arkitektura edo eraikinaren diseinua urteko gaiaren arabera aldatu egiten da –aurtengoa, esaterako, kirola da–, baina leku finkoa duten hiru mugiezin daude: elur-jatetxea, elur-hotela eta elur-kapera. Lumilinna elur-sasoian baino irekirik ez dagoen arren, bisitari gehien jasotzen dituen Itsas Lappiko eraikina da, iaz, guztira, 104.000 lagun inguru; eskualdeko eraikin arrakastatsuena da [63][64].
- Harribitxi galeria edo Jalokivigalleria: Finlandia osoko harribitxi galeria handienetako bat da. Galeria 1986an ireki zen, Teuvo Ypyä kemiar gemologoak bilduma dagoen eraikina erosi zuenean. Hala ere, lehenbiziko harribitxien bilduma garrantzitsua 1994. urtekoa da, hiriari emandako harrribitxiek galeriaren garrantzia handitu zutenean; urtez urte, herrialdeko galeria baliotsuena bihurtu da. Besteak beste, frantses bitxigileek eginiko eta Marie Antoinette erreginak errefusatu zuen diamantezko lepokoa, Elisabet II.aren koroaren erreplika, daniar errege-familiaren harribitxiak, Errusiar Inperioaren aginte-makilan eta XVI. mendeko jainko hindu baten estatuako begi bat izandako Orlov diamantearen erreplika, eta objektu preziatuena den Finlandiako Erregearen koroa daude. Hain zuzen, bilduma honen balio material zehatza kalkulatzea ia ezinezkoa da eta ondorioz, ez da harritzekoa Jalokivigalleria Kemiko erakusketa erakargarriena izatea; 2007. urtean, esate baterako, 5.451 lagun izan zen bertan [65].
- Historia Museoa edo Historiallinen Museo: 1993. urtean sortu zen eta hiriko historiari buruz diharduen museoa da. Sauvosaariko eraikin ederrenetako batean dago, alegia, Birger Federley arkitektoak Nordea banketxearentzat 1928an eraiki zuen estilo klasizistako eraikinean. 40ko hamarkadan Kemiko Udalaren eskutara iritsi zen eta, azkenean, 1993. urtean, historia museoaren egoitza nagusia bihurtu zen. Erakusketentzako 140 m²-ko aretoa dago eta zuzendaria Helka Savikuja historialaria da. Bertatik, herrialdetik eta mundu osotik pasatzen diren erakusketak ikus daitezke eta erakusketa hauek, Finlandia eta bereziki Kemiko historiarekin zerikusia izan ohi dute [66].
- Kemiko eliza: hiriko parrokiaren egoitza nagusia eta Lappiko eliza luterano ikusgarriena da. Josef Stenbäck arkitekto finlandiarrak diseinatu zuen eta mortero adreiluz eraikia izan zen 1900. eta 1902. urteen artean. Eraikina arkitektura neogotikoaren eta nazional erromantikoaren arteko nahasketa arrakastatsuaren adibidea da, baina batik bat, izokin-kolore bereziagatik da ezaguna. Ouluko diozesiko gotzainak, Juho Koskimiesek inauguratu zuen 1903ko martxoaren 8an eta eskualdeko eliza handiena bihurtu zen. Guztira, 1.200 fededunentzako eserlekua dauka eta hegoaldean, hiriko hilerria eta gerra-oroitarriak ere daude. Objektu baliotsuenak tamaina handiko botozko itsasontzi zuria eta Kangasalako Organo Fabrikan 1935an eginiko organoa dira. Hain zuzen, Eskandinaviako eraikuntza tradizioa, itsasoa eta azpieskualdeko kultura oso presente daude lan honetan eta kemiarrentzat balio handiko eraikina da. Gaur egun, Tuomas Tölli bikarioaren esku dago parrokia [67].
- Sampo izotz-hauslea: munduko izotz-hausle turistiko bakarra eta hiriko ikusgai bereziena da. 1961. urtean itsasoratu zuten eta hogeita hamar urtez Botniako badiako merkataritza-bideak neguan irekirik mantentzeaz arduratu zen 1991 arte. Ontziaren egoitza, portuaren Ajosko kaia da eta Sampo Tours erakundeak kudeatzen du. Ontziak 75 m-ko luzera eta 17,4ko zabalera dauka; gainera, 70–120 cm-ko izotz geruza hausteko gai da eta eskifaia hamasei marinelek osatzen dute. Gaur egun, abendu bukaeratik apirilera, lau orduko ibilaldiak antolatzen dira ia egunero. Abenduaren 31ean, urtezaharrean, gaueko txangoak ere antolatzen dira urte berria Botniako golko izoztuaren erdian eta ipar argipean hasteko. Antolatutako txango hauetan ere, bidaiari ausartenak ur-izoztuan bainatzen dira. Iaz, guztira, 85.000 bidaiari inguru izan zituen izotz-hausleak [68].
Ospakizun bereziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriko ospakizun bereziena, 1981etik antolatzen den Kemiko Komikialdia da, Kemin Sarjakuvakeskus finlandieraz. Hasieran, erakusketa xume bat zen, eta herrialdeko eta nazioarteko txapelketek, hurrenez hurren, hamahiru eta hogeita zazpi lehiakide baino ez zituzten. Gaur egun, eskualdeko erakusketa garrantzitsuenetako bat bihurtu da eta mundu osoko herrialdetatik komikigileak etorri ohi dira. Komikialdia maiatzaren bigarren astean izaten da eta iaz, esate baterako, Anni Nykänen, Petteri Tikkanen, Hannu Lukkarinen, Tiina Pystynen, Kiriko Kubo eta Guy Delisle artistak izan ziren bertan. Urtero, gainera, komiki merkatu txikia duen herrialde bat gonbidatzen du erakusteak; bertatik, besteak beste, Albania, Hungaria edo Portugalgo komikiak eta komikigileak pasa dira. Kemiko Udalaren arabera, jaialdi honek urtero hogei mila komiki-zale inguru erakartzen ditu [69][70].
Alhonkaturock, azkenik, abuztuaren lehenbiziko larunbatean ospatzen den rock musikaldia da. 2004. urtetik urtero antolatzen den musikaldi honetan, eskualdeko eta herrialdeko rock eta punk talde ezagunenek jotzen dute; hain zuzen, rock eta punk-ari bakarrik eskainitako inguruko musikaldi bakarra da [71].
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen esan bezala, hiria, Kemi-Tornio Ardatzean dago, Lappiko erdigune ekonomiko eta industriala den azpieskualdean; Kemi biztanle gehien dituen eta industriak pisu gehien duen udalerria izanik, Ardatzari tira egiten dion hiria da. Ajos eta Karihaara auzoak dira, hain zuzen ere, eremu industrializatuenak eta bertan, Metsä-Botnia eta Stora Enso papergintzan eta zelulosa-oregintzan diharduten enpresen fabrika nagusiak eta Kemiko portua daude. Aipatzekoa da, gainera, Kemi-Tornio Lappiko BPG per capita handiena duen azpieskualdea dela; Finlandiako bosgarrena Mariehamn, Helsinki, Salo eta Loviisa ondoren. Besteak beste, Itsas Lappiko egunkari irakurrienak diren Lounais-Lappi eta Pohjolan Sanomaten egoitzak ere Kemin daude.
Kemiko portuak izugarrizko garrantzia izan du betidanik. XIX. mendea baino lehen, arrantza-herriaren ezaugarri nagusiena zen eta, 1869an hiria sortu eta portua handitu zenean, aldiz, ekonomiaren ezinbesteko azpiegitura bihurtu zen. Portuari esker, Kemi, amildegian behera zihoan Tornio ordezkatu eta Lappiko buru bilakatu zen. Lehenbiziko urte hauetan, gainera, Kemi-Tornio aireportua, Ekialdeko Lappirekin eta Rovaniemirekin batuko zuen Laurila-Kelloselkä, eta Oulurekin bat egingo zuen Tornio-Oulu trenbideak ere eraiki ziren. Honela, azpiegitura hauei esker, hiria, Lappi probintziaren atea bihurtu zen. Kemi Oy eta Veitsiluoto Oy papergintzan diharduten enpresak ere, garai bertsuan sortu ziren eta XX. mendeko urre-aroa izenaz ezaguna den iraultza ekonomiko handia izan zen. II. Mundu Gerrak produkzioa eten zuen arren, hau bukatu bezain pronto enpresak ziztu bizian jarri ziren berriz ere martxan eta hiriaren irabaziak haziz joan ziren. 50eko hamarkadan, bestalde, poliziaren eta langileen arteko tira-bira ugari izan zen hirian. SKP alderdi komunistak babestutako manifestazioetan poliziak erabilitako indarkeria zela-eta, greba bortitz ugari izan ziren. Dena den, industriaren ekoizpenak gora egiten jarraitu zuen 90eko hamarkadako banku krisialdira arte. Garai honetan, industriak erabateko pisua galdu zuen udalerriko diru-sarreretan, eta orduan, beste sektore batzuei bidea zabaltzea erabaki zuten aginteriek. Merkataritzak eta turismoak indarra hartu dute [72].
Hiriak gehien esportatzen dituen produktuak papera eta zelulosa-orea dira; inportatutakoak, aldiz, eskualde osorako beharrezkoak diren erregaiak eta pigmentuak. Inportazioen pisua esportazioena baino handiagoxea da, 2009an 1,13 milioi tona esportatu eta 1,17 tona inportatu baitziren. Tornio bizilaguneko portuarekin batuz gero, Finlandiako portu garrantzitsuenetako bat dira [73].
Lan egiten duten herritarren, hau da, herritar aktiboen banakaeta ondokoa da lan egiten duten sektorearen arabera (2008); kemiarren %33,2ak bigarren sektorean egiten du lan (%27,8ak industrian eta gainontzekoa eraikuntzan), %0,8ak baino ez du lan egiten basogintzan edota nekazaritzan, eta azkenik, %65,2ak hirugarren sektorean dihardu (%14,4a merkataritzan, %7,7a garraioan eta %40,1a gainontzeko zerbitzutan). Estatistika honek aurretik sumatzen zena egiaztatu zuen, alegia, industriak lanpostuen ehuneko handiena duen herrialde osoko udalerritako bat dela; izan ere, %27,8a oso ehuneko altua ez dirudien arren, kontuan hartu behar da, Finlandia, zerbitzu sektoreak indar gehien duen Europako herrialdea dela. Dena den, biztanleen azken urteetako joera, zerbitzuen mundurantz gerturatzea izan da. Gerturatze honen erruduna turismoa izan da hein handi batean, honek izan duen hazkuntzak lanpostu berriak sortu baititu. Azken urteotan, ia ehun mila bisitari iritsi eta itsasaldeko hiri honetako kultura eskaintza arrakastatsuaz gozatzeko aukera izan dute. Turista gehienak, %74,1a, finlandiarrak dira, hala ere, azken boladan, errusiarren (%3,8), alemaniarren (%3,6), greziarren (%2,4), suediarren (%1,9), eta frantses eta italiarren (%1,8) kopuruak izugarri egin du gora. Azkenik, esan beharra dago langabetuen ehunekoa handi samarra zela 2008an, guztira, %14a [74].
Turismo-bulegoak jarduera asko antolatzen ditu, hauen artean, husky txakurrek edo elur-oreinek gidatutako lera safariak edota arrantza ikastaroak Kemijokin. Hauek Lappira doazen bisitari gehienek egiten dituzten jarduerak dira eta inguruko ipar natura bitxia ezagutzeko aukera ematen dute; Isohaara zentral hidraulikoaren ondoan, gainera, "Vallitunsaari" izeneko ur-pasabide bat dago eta bertan, Kemi ibaiko izokin ospetsuak arrantzatzeko aukera dute zortedunek. Azken urteotan, sasoi honetan hotz handia egiten duen arren, negu turismoa sustatzea erabaki du turismo bulegoak. Honela, husky txakurrek edo elur-oreinek gidatutako lera safariez gain, elur-motor safariak ere antolatzen hasi dira eta ondasun nabarmenetan aipatutako Sampo izotz-hauslearekin eta Lumilinna edo Elur-gazteluarekin batera, iparraldeko txoko hau herrialdeko leku bisitatuena bihurtu da sasoi honetan [75][76].
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Erresumako koroa
-
Geltokia eta enbor-ilara
-
Isohaara energia-zentrala
-
Izotz-hausketa; Sampo
-
Junnelius Etxea
-
Karihaarako etxea
-
Kemin Lyseon Lukio
-
Metsä-Botniaren fabrika
-
Musika-eskola
-
Peurasaariko kapera
-
Udaletxe zaharra
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2017 Maanmittauslaitos. 2017.07.02
- ↑ a b Ennakkoväkiluku sukupuolen mukaan alueittain, elokuu 2017 Tilastokeskus. 2017.10.07
- ↑ Kunnan ilmasto Kemin matkailu. 2010.12.17
- ↑ Revontulten 2010.12.17
- ↑ "Kemin ilmasto". Tu Tiempo. 2020.05.28
- ↑ "Käyntimäärät kansallispuistoittain 2019". Metsähallitus. 2020.07.10
- ↑ Perämeren luonto Perämeren kansallispuisto, Luontoon. 2011.01.19
- ↑ xcdtech[Betiko hautsitako esteka] 2011.01.20
- ↑ Lapin esihistoria 2010.12.21
- ↑ Perämeren kansallispuisto Perämeren kansallispuisto, Luontoon. 2011.01.19
- ↑ Kemin seurakunta 2010.12.01
- ↑ Kemin sataman historiaa 2010.08.12
- ↑ Kemin historiaa 2010.12.02
- ↑ Suomen sotasurmat Historiaa. 2010.10.29
- ↑ Lapin historiaa 2010.11.02
- ↑ Lapin sota Rajajoki. 2010.11.02
- ↑ Kemin veritorstai 2010.11.29
- ↑ Kemin historiaa[Betiko hautsitako esteka] Vuosiluvut. 2010.11.29
- ↑ Kemin kulttuuri[Betiko hautsitako esteka] 2010.11.30
- ↑ Kemi-Tornion ammattikorkeakoulu 2011.02.08
- ↑ Kemin Teknologiakylä 2011.02.08
- ↑ Metsä-Botnia Kemin valmistaa. 2010.12.27
- ↑ Veitsiluodon tehtaat[Betiko hautsitako esteka] Valmistaa. 2011.12.17
- ↑ Elinkeinoministeriön tilastot[Betiko hautsitako esteka] 17.or. 2011.12.17
- ↑ Keskusvirasto 18.or. 2010.12.30
- ↑ Keskusvirasto[Betiko hautsitako esteka] 18.or. 2010.12.30
- ↑ E75 Nelostie. 2010.12.29
- ↑ Valtatie 29 2010.12.29
- ↑ Veljekset Salmela 2010.12.29
- ↑ Linja-autoliitto 2010.12.30
- ↑ VR-Yhtymä Juna. 2010.12.29
- ↑ Kemi-Tornion lentoasema Finavia. 2011.01.25
- ↑ Suomen satamat tilastot Finn ports. 2010.12.07
- ↑ Saannollinen linjaliikenne Kemin satama. 2011.02.08
- ↑ Jäänmurtaja Sampo 2010.10.17
- ↑ Kemin koulut Perusopetus. 2011.02.02
- ↑ Kemin lyseon lukio 2011.02.02
- ↑ Kemi-Tornion ammattikorkeakoulu TOKEM. 2011.02.03
- ↑ Länsi-Pohjan sairaanhoitopiiri 2011.02.03
- ↑ Kemin terveyspalvelut 2011.02.03
- ↑ Käynnissä olevat kuntajakoselvitykset 2010.11.29
- ↑ "Vaalien tulokset 2017". Tulospalvelu. 2019.01.05
- ↑ Väestö piirit 2007[Betiko hautsitako esteka] 18.or. 2010.11.02
- ↑ Vakinaisesti asuvat ulkomaalaiset 2007[Betiko hautsitako esteka] 26.or. 2010.12.06
- ↑ Tilaskokestus Suomen tilastotiede. 2011.02.04
- ↑ Kemin tilastotiede[Betiko hautsitako esteka] 25.or. 2011.02.01
- ↑ Sonata Arctica 2010.12.28
- ↑ Jori Hulkkonen 2010.12.28
- ↑ Jari Vilén 2010.12.29
- ↑ Jari Lipponen 2010.12.30
- ↑ Jope Ruonansuu Historiaa. 2011.01.02
- ↑ Gummerus Kustannus 2011.01.02
- ↑ Turun yliopisto[Betiko hautsitako esteka] Organisaatio. 2011.01.03
- ↑ Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto, 118 or. ISBN 951-773-085-3..
- ↑ Kemi stads vapen 2013.07.25
- ↑ PS Kemi 2011.02.11
- ↑ Kemin Lämärit 2011.02.11
- ↑ HC Kemi 2011.02.11
- ↑ Veitsiluodon Vastus 2011.02.04
- ↑ PoJo 2011.02.04
- ↑ Kemin matkailu[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ 1993: Säilyttäminen lista Kemi Oy:n Karihaaran teollisuusympäristö, Kemin kirkko, Veitsiluoto Oy:n konttori ja työväenasunnot 2010.12.17
- ↑ Lumilinna 2011.02.08
- ↑ Kemin Lumilinnassa yli 100 000 vierasta[Betiko hautsitako esteka] 2011.02.10
- ↑ Kemin jalokivigalleria Matkailu. 2011.01.17
- ↑ Historiallinen museo 2010.11.28
- ↑ Kemin seurakunta 2011.02.06
- ↑ Jäänmurtaja Sampo Sampo Tours. 2010.09.11
- ↑ Kemin Sarjakuvakeskus Sarjis. 2011.02.08
- ↑ Arctic Comics Festival Sarjis. 2011.02.08
- ↑ Alhonkaturock 2010.12.31
- ↑ Kemin talous Strategiat. 2010.10.18
- ↑ Suomen satamat tilastot 2010.10.20
- ↑ Työllinen työvoima toimialoittain vuosina 2008[Betiko hautsitako esteka] Julkaisut. 30.or. 2010.12.29
- ↑ Lapponia Safaris. 2010.09.13
- ↑ Meri-Lapin matkailu 2010.08.13
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Keminmaa | Keminmaa | Keminmaa |
Tornio | Simo | |
Botniako golkoa | Botniako golkoa | Botniako golkoa |
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aireportua - Kemi-Tornio, Finavia (Ingelesez)
- Itsas Lappi - Eskualdearen webgunea (Alemanez) (Errusieraz) (Frantsesez) (Ingelesez)
- Kemi - Turismo-bulegoaren webgunea (Errusieraz) (Ingelesez)
- Kemi - Udalaren webgunea (Ingelesez)
- Kemi-Tornio alue - Azpieskualdearen webgunea (Finlandieraz)
- Kemiko parrokia (Finlandieraz)
- Kemiko portua (Ingelesez)
- Lappi - Turismo-bulegoaren webgunea (Errusieraz) (Ingelesez)
- Lumilinna - Elur-gaztelua (Ingelesez)
- Sampo izotz-hauslea (Gaztelaniaz) (Frantsesez)