Edukira joan

Izei

Wikipedia, Entziklopedia askea
Izei
49 Ma-0 Ma

[1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
KlaseaPinopsida
OrdenaPinales
FamiliaPinaceae
SubfamiliaAbietoideae
Generoa Abies
Azpibanaketa
Ikusi testua
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakizei-zur
Abies alba elurretan

Izei pinazeoen familiaren Abies generoaren zuhaitz-espezieen izen arrunta da, 45-55 espezie barne hartzen dituena. Izeiak hostoiraunkorrekoak dira eta hostoak erregularki bertizilatuak dituzte, adaburu konikoa edo piramidala eratzen dutelarik. Orratz-hostoak linealak, lauak edo ez oso maiz subtetragonalak dira. Azpikaldean 2 lerro estomatiko eta 2 kanal, marjinal edo zentral dituzte, erretxinadunak. Kono ar axialak ugariak dira adarren azpialdean, zeinak 5 eta 25 cm artean neurtzen duten. Estrobiloak tenteak dira, zilindrikotik oboidera izan daitezkeelarik eta soilik adaburuaren goiko aldean kokatzen dira. Ezkatak erorkorrak dira eta erraki zurkararen lehenengo urtean desartikulatzen dira. Bere haziak hegaldunak dira. [2]

Abies generoko espezieak beren hostoen tamaina eta antolaketa, konoen itxura eta tamaina, brakteak luzeak eta zabalduak edo motzak eta konoaren barnean ezkutatuak dauden arabera identifikatzen dira.

Zedroekin estuki ahaidetuak daude.

Izeidia da zuhaitz hauek osatzen duten basoa.

Generoa Philip Millerrek deskribatu zuen eta The Gardeners Dictionary-n publikatu zen (Laugarren edizioa vol. 1. 1754).

Nahiz eta izei izena izan, Douglas izeia (Pseudotsuga menziesii) eta izei gorria (Picea abies) ez dira genero honetakoak.

Guztira hamar sekzio ditu:

  • Momi sekzioa (Asia erdialde eta ekialdea, Himalaia, orokorrean altitude baxu-ertainak)
    • Abies kawakamii
    • Abies homolepis
    • Abies recurvata
    • Abies firma
    • Abies beshanzuensis
    • Abies holophylla
    • Abies chensiensis
    • Abies pindrow
    • Abies ziyuanensis
  • Amabilis sekzioa (Ozeano Bareko kostaldeko mendiak, Ipar Amerika eta Japonia, euri askoko mendietan)
    • Abies amabilis
    • Abies mariesii
  • Pseudopicea sekzioa (Himalaia, alditude altuak)
    • Abies delavayi
    • Abies fabri
    • Abies forrestii
    • Abies chengii
    • Abies densa
    • Abies spectabilis
    • Abies fanjingshanensis
    • Abies yuanbaoshanensis
    • Abies squamata
  • Oiamel sekzioa (Erdialdeko Mexiko, altitude altuak)
    • Abies religiosa
    • Abies hickelii
  • Nobilis sekzioa (Estatu Batuen mendebaldea, altitude altuak)
    • Abies procera
    • Abies magnifica
  • Bracteata sekzioa (Kalifornia kostaldea)
    • Abies bracteata
Abies generoaren banaketa geografikoa Europan

Nagusiki Europako ekialde, mendebalde, hegoalde eta erdialdeko eskualde menditsuetan kokatzen dira. Tarte nagusia 52ºN iparraldean (Polonia) eta 40ºN hegoaldean (Grezia) 5ºE mendebaldean (Mendebaldeko Alpeak) eta 27ºS ekialdean (Errumania eta Bulgaria) kokatzen da. Forma isolatuan Frantzian (Mazizo zentrala eta Pirinioetan), Espainiako iparraldean (Pirinioetan) eta Italian (Calabria). Altitudeari dagokionez, Polonia eta Errumania inguruan 135m-tik 1.350m-tara aurki daitezke, eta Italia inguruan 325m-tik 2.100m-tara, Bulgarian 2900m-tara aurkitu daitezkeelarik. Hedapen nagusiko zonan aldiz, 500-800m-ko altitudeak hartu ohi dituzte.[3]

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abies alba (izei zuria) da Euskal Herrian aurki dezakegun Abies generoko espeziea. Europako erdialde eta hegoaldeko mendietako espeziea izaki, Penintsula Iberiarrean Piriniotara mugatzen da, Nafarroaraino iritsiz. Iratiko oihana da, gaur egun, bere banaketaren hegomendebaldeko muga.[4]

Erabilerak eta ekologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abies generoko izei gehienen egurra beste konifero-espezieena baino kaskarragoa kontsideratzen da eta askotan kontratxapatuen fabrikazioan eta eraikuntzan pulpa gisa erabiltzen da. Ebaki ondoren egur honek ez dituenez ezaugarri erresistenterik erakusten ez intsektu eta ez usteltzearen aurrean, orokorrean barneko zurgintzan erabiltzen da, hala nola, ateen eta hauen markoen fabrikazioan. Moztu ondoren, egurrak kanpo-ingurunearekin kontaktuan 12-18 hilabete inguru irauten ditu, klimaren arabera.

Egur bigun, arin, sendo eta erretxina gutxikoa da; eraikuntzan, ebanisterian eta musika-tresnen erresonantzia-kutxak egiteko erabiltzen da. Hostoak destilatuz gatz eta baltsamoak ekoizten dira eta enbor-azala, bere tanino edukiagatik, larruak ontzeko erabili izan da.[4]

Kaukasoko izeia (A. nordmanniana), izei noblea (A. procera) eta izei balsamikoa (A. balsamea) oso ezagunak dira Gabonetako zuhaitz gisa, izan ere, orokorrean etxe barneko giro-baldintzapean hosto lurrintsu eta ez oso erorkorrak dituztenez, oso egokiak kontsideratzen baitira xede honetarako. Asko lorategiak apaintzeko zuhaitz gisa ere erabiltzen dira, batez ere Koreako izeia (A. koreana) eta Abies fraseri, zeinak kono koloretsuak ekoizten dituzten, baita banako gazteenetan (1-2m-ko altuera dutenetan).

Lepidoptero batzuen larbak izei hauetaz elikatzen dira. Hala nola, Chionodes abella (Koloradoko izei batean aurkitua), Epirrita autumnata, Korscheltellus (izei balsamikoaren izurrite bat), Ectropis crepuscularia, Eupithecia subfuscata, Erannis defoliaria, Panolis flammea, eta Cydia illutana (izei arruntaren konoen ezkatez elikatzen direnak) eta C. duplicana (izei arruntaren azalaz elikatzen dena) bezalako sitsak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Schorn, Howard; Wehr, Wesley. (1986). «Abies milleri, sp. nov., from the Middle Eocene Klondike Mountain Formation, Republic, Ferry County, Washington» Burke Museum Contributions in Anthropology and Natural History 1: 1–7..
  2. Antonio do Amaral Franco, João Manuel. (1950). Abetos. .
  3. (Gaztelaniaz) (PDF) Guía técnica para la conservación genética y utilización. (Noiz kontsultatua: 2019/03/10).[Betiko hautsitako esteka]
  4. a b Euskal Herriko Zuhaitz eta Zuhaixken Gida. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 50 or. ISBN 978-84-457-3051-5..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Abies