Kalejira
Kalejira, biribilketa edo karrikadantza, kalez kale musikaren erritmoarekin egiten den ibilbide dantzatua da, gehienbat herriko jaietan, erromerietan eta manifestaldietan ematen dena.
Ohituraz, euskal kulturan kalejirak euskal musika instrumentuekin egin izan dira. Hasiera batean txistu eta danbolinarekin, eta geroago, XIX. mendean eskusoinu txikia (trikiti eta infernuko hauspo izenez ere ezaguna) Euskal Herrira heldu bezain laster, panderoaren eta eskusoinu txikiaren laguntzaz.[1] Euskal folkloreko beste instrumentu batzuekin ere osotu egiten dira biribilketak, albokarekin adibidez. Horrek ez du esan nahi, euskaldunak ez diren beste instrumentuen laguntzaz kalejirarik egin ezin daitekeenik. Izan ere, kalejira bat osatzeko edozein instrumentu izan liteke baliagarri nahiz eta ez den maiz egiten.
Kalejira izena kale eta bira hitzak uztartuz sortua da, kalez kale mugitzeko erabiltzen diren martxak baitira. Bakoitzak bere erritmoari jarraiki batak besteari eskuak emanez, kate luzea sortuz dantzatu ohi da. Bira horietan geldiuneak egiten dira, beste dantza batzuk egiteko, fandangoak eta arin-arinak, edota tragoren bat hartzeko. Hortaz euskal gizartearen harremanak sendotzeko erabilia izan den ohituratzat jo dezakegu biribilketa.[2]
Kalejiraren beste esanahietako bat musikaren metrika eta doinuari erreparatzen diona da. Hain zuzen, hasieran aipatutako ibilbide horietarako erabiltzen den doinuari erreparatzen dio.[2] Musikaren ikuspegitik aztertzen baldin bada, 6/8ko konpasetan idatzita dagoen dantza bat da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontzeptu honen lehenengo erreferentzia idatzia Iztuetaren eskutik jaso daiteke 1824an, hark carrica-dantza definitu zuen. Jendea kaleetatik irteten zela irrintziak botatzen, oihu eginez eta saltoak emanez, eta horrekin batera jan eta edan egiten zela esaten zuen bere lanean.[3]
Hala ere, biribilketa hitzaren lehenengo aipamen argia ez da 1992. urtera arte egiten, izan ere, momentu horretara arte beste hitz batzuk erabiltzen dira kontzeptuari erreferentzia egiteko, martxa, calegiracoa, karrika-dantza edo kontradantza izenekin alegia. Urte horretan Orotariko euskal hiztegian aipatua agertzen da Koldo Mitxelenaren eskutik. Nola edo hala, euskal jendeak jakin badaki kalejiran ibiltzeko zein den erabiltzen den musika nahiz eta izen desberdinekin izendatu.[2]
Bitxikeriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran bi dantza mota bereizten dira: "baile al suelto" eta "baile a lo agarrado". Euskal nazionalistak bigarren horren etsai bihurtzen dira eta lehenengoa babesteko asmotan txistulariek 1927an fandangoa eta arin-arina proposatzen dituzte euskal gazteriarentzako dantza egokitzat.[4]
Geroago Hilario Olazaran de Estellak, 1958an, horiei jarraikiz "baile solte"ak hiru motatan sailkatzen ditu: fandagoak, arin-arinak eta biribilketak. Bakoitzaren zehaztasunak idazten ditu eta hain zuzen biribilketari buruz honako hau esaten du:
« | (Gaztelaniaz) La biribilketa, que significa marcha circulante, es el nombre que ha prevalecido para indicar las marchas callejeras navarras en compás de seis por ocho, llamadas también karrikasoñu (música para recorrer las calles saltando) y kale-jira o correcalles (...) | » |
Olazaran de Estella, 1958; Ansorena, J.I.; 2011tik jasoa[5] |
Horrez gain aipatzen du horiek benetako dantza tradizionalak baino genero txikiagokoak direla, baina hala ere sustatzea komeni dela, duten argitasun eta alaitasunagatik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Euskal musika eta folklorea» www.hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
- ↑ a b c Sanchez Ekiza, Karlos. (2019). «Biribilketa - Pasacalles - Kalejira» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
- ↑ Iztueta Etxeberria, Joan Ignazio. (1968). Gipuzkoa'ko dantza gogoangarriak. La Gran Enciclopedia Vasca PMC 4372538. (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) Ansorena, José Inazio. (2011/09/29). «La creación del baile al suelto vasco» Dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Hilario de Estella, (O.F.M. Cap.). (D.L.1958). Dantza-soñu música de baile suelto de Navarra. Tall. Gráficos Ordorica PMC 956265650. (Noiz kontsultatua: 2019-10-25).