Edukira joan

Jakiunde

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jakiunde
Zientzia, Arte eta Letren Akademia

Bergarako Olaso dorrea, Jakiunde Akademiaren egoitza.
Sorrera2007ko urria
Egoitza nagusiaOlaso dorrea
Herria Bergara (Gipuzkoa)
Herrialdea Euskal Herria
LehendakariaPedro Miguel Etxenike
Webgune ofiziala

Jakiunde, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia, 2007ko urriaren 25ean eratu zen Donostian, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez. Akademia Eusko Ikaskuntzaren barruan erakunde aholkulari gisa sortu bazen ere, 2009ko apirilean erakunde independiente modura eratu zen.

Jakiunde euskal gizartearentzako erreferentziazko foro bihurtzeko asmoz sortu zen. Erakunde eredugarria izan nahi du, bere osaeran eta jardunean, gidari gisa jarduteko gai dena, zorroztasun zientifikoarekin eta ezagutzarekin, eta bere ekintza eta aholkuekin egungo arazoei irtenbide egokiak aurkitzen laguntzeko helburua du.

Jakiunderen sorrerak Euskal Herriko hizkuntza eta kultura finkatzen diren lurralde-eremuan ezarritako unibertsitateen laguntza izan zuen: Deustuko Unibertsitatea (UD), Mondragon Unibertsitatea (MU), UNED, Nafarroako Unibertsitatea (UN), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA), Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Université de Pau et des Pays de l 'Adour (UPPA). Zazpi unibertsitate horiekin bat egin du 2019an ESTIAk (École Supérieure des Technologies Industrielles). Unibertsitateetako errektoreak eta ESTIAko zuzendariak Akademiako kide osoak dira kargua duten bitartean.

Hasiera batean Donostiako Miramar jauregian egoitza izan ondoren, 2012ko azaroaren 13tik aurrera Jakiunde Akademiak bere egoitza ofiziala Bergarako Olaso dorrean du[1], baina administrazio-bulegoa Donostiako Prim kaleko 7an du.

Funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzar Nagusia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzar Nagusia Jakiundeko gobernu-organo gorena da, eta urtean bitan biltzen da apirilean eta azaroan egiten diren osoko bilkuretan.

Jakiundeko lehendakaria Batzarrak aukeratzen du. Pedro Miguel Etxenike fisikari ospetsua izan zen Jakiundeko bultzatzaile eta lehen presidentea, eta gaur egun ohorezko presidentea da.

Jakiundeko egungo presidentea Juan Ignacio Pérez Iglesias da, UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna, eta karguan Jesus M. Ugalde UPV/EHUko Kimika Fisikoko katedradunaren lekua hartu du (2012-2020). Jakiundeko presidenteordea Iciar Astiasaran da, Nafarroako Unibertsitateko Nutrizio eta Bromatologia katedraduna (2020-gaur egun).

Jakiundeko kideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakiundek alor desberdinetako ospe handiko pertsonak biltzen ditu bere baitan. Akademiako kideak publikoki ezagunak dira oinarrizko zientzian, zientzia aplikatuetan eta giza zientzien hainbat diziplinatan egindako lanagatik, baita sorkuntza artistikoan eta letretan egindako lanagatik ere, eta elkarrekin lan egitearen alde egiten dute, etorkizuneko erronka berrien aurrean duten pertzepzioa gizarteari eskaintzeko. Estatuko eta nazioarteko sari ugarirekin sarituak, Akademiako kideen helburua elkarrekin hausnartzea eta ondorioak gizartearekin partekatzea da.

Hauek dira, besteak beste, Jakiunderen ohiko jardueretako batzuk:

  • JAKIN-MINA Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko ikastetxeetako DBHko 4. mailako ikasleek parte hartzen duten egitasmoa da. Diziplina ezberdinetako bost hitzaldiz osatutako zikloa da. Hitzaldiak beren jakintza-arloetan aditu diren profesionalek ematen dituzte, eta ekimen honek aukera paregabea ematen die parte hartzen duten ikasleei azken berrikuntzak zuzenean ezagut ditzaten, bai ikerketan, bai zientzia-, arte- edo literatura-arloetako egungo joeretan. 2011n sortutako programak azarotik martxora bitarteko zikloak eskaintzen ditu, hilean hitzaldi batekin, honako herri hauetan: Arrasaten, Bilbon, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Tuteran.
  • HOTSAK/SONIDOS gure gizartean musikak duen eragina aztertzea helburu duen hitzaldi-zikloa da. Iruñean eskaintzen da, Nafarroako Errege Artxibo Orokorraren Udazken Artximusikalaren barruan, eta Donostian.
  • UXUEKO UDAKO IKASTAROAK. Jakiundek udako bi ikastaro antolatzen ditu Uxuen, uztailean eta abuztuan, NUP/NUPen udako ikastaroen barruan. Ikastaroek dibulgazio-helburu bat dute, eta herritar guztiei irekita daude. Hainbat gairi buruzko hitzaldiak, Uxueko historia eta ondarea ezagutzeko bisita gidatuak, erakusketa artistikoak eta musika-errezitaldiak eskaintzen dira.
  • ERRONKA TEKNOLOGIKOAK. Analisi- eta eztabaida-jardunaldiak dira, gure gizartean eragin ekonomiko eta sozial handia duten garapen teknologikoko aukerak identifikatzeko eta horiei buruz hausnartzeko. Eztabaidatzen den arloko protagonista anitzei zabaldutako ekitaldiak dira, eta aztergai dagoen sektoreko hizlari ugari biltzen ditu.
  • SOLASALDIAK/DIÁLOGOS. Gizarte gaiak hizpide, erronka jakinak aztertzeko eta haiei buruz eztabaidatzeko mahai inguruak antolazten ditu Akademiak atal honetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. La Academia Jakiunde ubica su nueva sede en la Torre Olaso de Bergara. 2012ko azaroaren 13a. Diariovasco.com (Gaztelaniaz)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]