Hermann Emil Fischer
Hermann Emil Fischer. Kimikari alemaniarra. (1852 – 1919). Nobel Saria irabazi zuen 1902an "purinen taldeko konposatuak sintetizatzeagatik".
Hezkuntza eta bizia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fischer Euskirchen herrian jaio zen, Koloniatik hurbil, eta enpresaburu baten semea zen. Berak natur zientziak ikasi nahi zituen, baina bere aitak sendiaren negozioan lan egitera behartu zuen, lan horretarako erabat desegokia zela ziurtatu arte. Fischerrek Bonngo eta Estrasburgoko unibertsitatetan 1872an ikasi ondoren, doktoretza lortu zuen 1874an. Ftaleinari buruzko lana egin ondoren, laborategi-laguntzaile postua lortu zuen Estrasburgon.
Fischer osasun kaxkarrekoa izan zen bere bizitza guztian, gastritis kroniko baten erruz. Uste denez, 18 urtetatik pairatu zuen gaixotasun hau izan zen bere biziarekin amaitu zuena, urdail-minbizia eraginez. Bestalde, ohiz kanpoko oroimena zuen Fischerrek, eta inoiz irakurritako artikulu guztiak bururatzen omen zituen.
1888.an Agnes Gerlach-ekin ezkondu zen, baina bere emaztea handik zazpi urtera hil zen. Beren hiru semeetatik zaharrena Lehen Mundu Gerran frontean hil zen, bigarrena soldadutzako ariketa militarretan hil zen 25 urte zituela eta hirugarrena, Otto Laurenz Fischer, Biokimikako irakaslea izan zen Berkeley Unibertsitatean 1960ra arte.
Irakaskuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1875.an Municheko unibertsitatera joan zen Adolf von Baeyer kimikari ospetsuaren irakasle laguntzaile gisa. Unibertsitate berean 1878.an Kimika analitikoko irakasle bihurtu zen. 1881.an Erlangengo unibertsitateko Kimika katedraduna izendatu zuten eta gero, 1888.an, Würzburgeko unibertsitatekoa. 1892.an Berlingo unibertsitateko Kimika katedraduna izan zen, A.W. Hofmann bere postuan ordezkatuz.
Ekarpen zientifikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fischer-en lehen lanak Munich-eko unibertsitatean fenilhidrazinari buruzkoak izan ziren. Bertan, trifenilmetanotik eratorritako koloratzaileak ere aztertu zituen. Erlangengo unibertsitatean Fischer-ek tea, kafea eta kokoaren zenbait osagai kimiko aztertu zituen. Eskuarki, kafeina eta teobrominaren konposizioa eta egitura aurkitu zituen.
1882 eta 1906 artean Fischer-ek bere lanik famatuenak egin zituen purina eta azukreei[1] buruz. Berak frogatu zuen zenbait landare eta animalitan agertzen diren adenina, xantina, kafeina, azido urikoa eta guanina konposatuak elkarren antzeko egitura kimikoa dutela eta guztietan purinazko eraztuna agertzen dela. Gainera, berak purina sintetizatu egin zuen eta naturan aurkitzen ez diren hainbat purina ordezkatu artifizial prestatu zituen.
Biokimikaren arloan, Fischer-ek "sarraila eta giltza"[2] eredua proposatu zuen 1894.n entzimak beren erreakziotan duten aparteko espezifizitatea azaltzeko.
Kimikari askorentzat Fischer izan da kimikari organikoen artean onenetarikoa eta bere ekarpen ugariak dira horren lekuko:
- Fischer-en indol-sintesia
- Fischer-en oxazol-sintesia
- Fischer-en peptido-sintesia
- Fischer-en glikosidazioa
- Fischer-en fenilhidrazina eta oxazonen erreakzioa
- Fischer-Speier-en esterifikazioa
- Fischer-en projekzioak (estereokimikan)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nobel Lecture Syntheses in the Purine and Sugar Group Nobelprize.org webgunetik
- Biography Nobelprize.org webguneko biografia