Gerardo Lizarraga
Gerardo Lizarraga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1905eko urriaren 30a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Mexiko, 1982ko abuztuaren 3a (76 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria eta kartelgilea |
Gerardo Lizarraga Isturitz (Iruñea, 1905, Mexiko, 1982ko abuztuaren 3a) margolaria, marrazkigilea eta kartelgilea izan zen.
Familia kultu eta aberatsean jaio zen. Aita, Eugenio Lizarraga, abokatua zen, eta Iruñeko Udaleko zinegotzia izan zen XX. mendearen hasieran. Tarteka Parisera joaten zen operara eta bere lagun Pablo Sarasate bisitatzera, batzuetan Gerardok lagunduta[1]. 1924an erabaki zuen margolaria izatea eta Iruñean bertan hasi zen pintura ikasten Javier Zigarekin, eta gero Madrileko San Fernando Arte Ederretako Akademian, Cecilio Pla, Manuel Benedito eta Julio Romero de Torres irakasleekin. Ikaskide izan zituen Remedios Varo, José Luis Florit, Francis Bartolozzi, Adela Tejero, Pilar Gamonae eta Pedro Lozano de Sotés margolariak. 1928an lau margolan aurkeztu zituen Donostiako Euskal Artisten Erakusketan, eta urte berean Nafarroako Foru Diputazioak bi urterako beka bat eman zion Parisen ikasteko. Office International de Publicité et Édition-en zuzendari artistikoa izan zen.
1932an Remedios Varo y Uranga margolariarekin ezkondu zen eta Bartzelonara joan ziren bizitzera. Antzerkirako eszenografiak egin zituen eta hainbat sari irabazi zituen afixen lehiaketetan. Erakusketetan parte hartzen jarraitu zuen, adibidez 1932an Bilbon egin zen Euskal Artisten II. Erakustaldian, beste margolari nafar batzuekin batera (Jesús Basiano, Javier Ziga, Miguel Pérez Torres, Crispín Martínez Pérez, María Teresa Gaztelu eta Karle Garmendia), eta Nafar Ateneoak Iruñean antolatu zuen beste batean, urte berean.
1936ko gerra zibila lehertu zenean, Walter Thompson Company publizitate agentziako zuzendari artistikoa zen eta Parisen zegoen, baina Bartzelonara itzuli zen armada errepublikarrean sartzera. Arte Plastikoetako irakasle izendatu zuten Kataluniako Generalitateko Eskola Bateratuan. Pedro Mari (Canción de Libertad)[2] operako eszenografia eta jantziak egin zituen. 1936an Marrazkigile Profesionalen Sindikatua sortzen parte hartu zuen. “Ediciones Antifascistas” ekoiztetxea[3] abian jartzen lagundu zuen eta gidoi batzuk landu zituen bertan, baita zuzendaritza eta muntaketa lanak ere zenbait film laburretarako (Tejados de Madrid, Un periódico Mural, Hoy hace un año), Manuel Ordoñez de Barraicúa errealizatzailearen laguntzaile gisa. 1938an José Foguésen Don Do-Re-Mi-Fa-Sol-La-Si-Do izeneko pelikula surrealistan ere parte hartu zuen eta aktore lana egin.
1939ko urtarrilean Frantziara ihes egin zuen. Kontzentrazio esparruetan preso sartu zuten, Argelès-sur-Mer-en lehenbizi, eta gero Agde-n eta Clermont Ferrand-en. Egonaldi horietan marrazki eta karikatura ugari egin zituen, asko estilo surrealistakoak eta, bere hitzetan, bere lan garrantzitsuena osatzen dutenak.
Remedios Varo emazte ohiaren bitartekaritzari esker, 1941ean libre utzi zuten; izan ere, Gerardo Argelès-sur-Merren esparruan zegoela, nazioarteko argazkilariak han izan ziren, Espainiako gerratik ihesi joandakoen egoeraren berri emanez. Horietako batek, Chiki Weiszek, ateratako argazkia Parisen dokumental batean ikusi, eta hari esker jakin ahal izan zuen emazte ohiak Gerardo bizirik zegoela[1]. Nolanahi ere, Marseillan bizitzera behartu zuten. Bere lanari ekin, eta 1941ean eta 1942an erakusketak antolatu zituen Marsellako Paradis Galerietan eta Mirian Michelle aretoan. Maketak, erretratuak eta aurkezpenak egin zituen Office de Propagande Alliée bulegoaren erakusketetarako France Librerako. Eszenografiak egin zituen hiru pelikulatarako eta Vicente Escuderoren Espainiako Balleterako.
1942an Mexikora joateko bisatua eta txartela lortu zituen. Hara iritsi ondoren, erbesteratutako zenbait artista europarrek osatzen zuten taldean sartu zen: Remedios Varo bera, Benjamin Péret, Kati Horna eta José Horna, Leonora Carrington eta Chiki Weisz, besteak beste. Bigarren mundu gerra bukatu arte Aliatuen Propaganda Bulegorako maketak egiten segitu zuen Remedios Varo eta Esteban Francésekin.[4] 1945ean, gainera, Mexiko Hiriko Arte Ederren Zirkulua sortu zuen beste errefuxiatu batzuekin batera. Mexikon lan artistiko handia egin zuen ilustrazioan nahiz pinturan. Gaztelupe Elkartea ere sortu zuten hango euskaldun batzuen artean. .
1946an berriz ezkondu zen, Mexikon errefuxiatuta zegoen Presentación Cruchaga Valdemoros argazkilari tuterarrarekin (Ikerne ezizenez ezaguna argazkilaritzaren munduan). Bi seme-alaba izan zituzten, Xabier eta Amaia[5]. Acapulcon bizi izan ziren urte batzuetan.
1957an, 20th Century Fox-entzat egin zuen lan, Henry King-en The sun also rises filmean (Hemingway-ren Fiesta liburuan oinarritua), aholkulari tekniko eta zuzendari artistiko gisa, eta pelikulan agertzen diren zezenketaren inguruko margolan guztiak ere berak egin zituen.
1963an dibortziatu zen, eta 1970eko hamarkadan Asunción Lazcorreta idazlea ezagutu zuen, emakumea Remedios Varori buruzko ikerketa lan bat egiten ari zela, eta harekin ezkondu zen, Mexikoko nazionalitatea eskuratzen laguntzeko, Gerardok ordurako lortua baitzuen. 1980ko hamarkadaren hasieran dibortziatu zen berriz.
1982ko abuztuaren 3an hil zen 76 urterekin.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Margotzeaz gain, marrazkigintzan eta publizitateko afixen arloan nabarmendu zen eta arrakasta handia lortu zuen. Olioak ere margotu zituen. Mexikon bizi zela, erretratuak, muralak eta paisaiak margotu zituen gehienbat, eta Aurelio Artetari buruzko erakusketa-omenaldi bat ere antolatu zuen Mexikoko Euskal Etxean[6].
Bere obran nabari dira kubismoaren eragina, Parisen egin zuen egonaldiaren ondorioz, naturalismorako joera eta historiako margolari handien inspirazioa. Marrazketaren teknika menderatzen zuen, eta argiaren erabilera ere azpimarratzekoa da bere margolanetan.
Batez ere kontzentrazio esparruetan egin zituen marrazkietan agerikoak dira erbestearen tragedia islatzen duten ezaugarriak, adierazkortasun handikoak[5].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b https://estrellado.es/?page_id=89. .
- ↑ https://www.zubiaurcarreno.com/pintor-gerardo-lizarraga-isturiz/. .
- ↑ «With EA Films (Ediciones Antifascistas Films) (Sorted by Popularity Ascending)» IMDb (Noiz kontsultatua: 2021-01-28).
- ↑ https://estrellado.es/?page_id=89. .
- ↑ a b https://www.unav.edu/web/catedra-patrimonio/aula-abierta/pieza-del-mes/2017/enero. .
- ↑ http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/lizarraga-isturiz-gerardo/ar-88711/. .