Etzakit
Etzakit | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Hernani (Gipuzkoa) |
Musika mota | trikiti, pop |
Urteak | 1995 - 2001 |
Taldekideak | |
Xabier Solano Jon Mari Beasain Ander Barrenetxea Aitor Zabaleta |
Etzakit 1990eko hamarkadan trikiti eta pop musika uztartu zituen musika-taldea izan zen. Hernanin sortu zen (Gipuzkoa), 1995ean, eta lehen disko grabatu aurretik hainbat plaza eta erromeriatan aritu zen. Guztira, bi disko argitaratu zituen, ehunka emanaldi egin zituen urte gutxian, eta zenbait kantu oso ezagun bilakatu ziren: "Zergatik ez", "Gurekin"... Lau taldekideetatik Xabier Solano soinu jolea nabarmendu da hurrengo urteetan, besteak beste 4 Itzal, The Solanos eta Fermin Muguruzaren taldeetako kide gisa.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xabier Solanok (ahotsa eta eskusoinua) eta Jon Mari Beasainek (panderoa) trikiti bikotea osatu zuten 90eko hamarkadaren hastapenetan. Hainbat erromeria eta lehiaketatan hartu zuten parte, eta beste zenbait garaipenen artean, Euskal Herriko txapela hiru aldiz jantzi zuten gazte mailan. Geroago batu zitzaizkien Ander Barrenetxea (bateria) eta Aitor Zabaleta (baxua), eta Etzakit sortu zen. Laukoteak 1995eko urtarrilean jo zuen lehen aldiz jendaurrean, eta urtea amaitzerako 90 ziren egindako emanaldiak. Kopuru hori gainditu egin zuten 1996an, 120 kontzertu jo baitzituzten. 1997an Estatu Batuetan aritu ziren; New Yorkeko Euskal Etxean eta New Jersey hirian, hain zuzen ere.
Etzakiten agerraldiak bat egin zuen trikitia eta pop musika ezkontzeko formula indarra hartzen ari zen garaiarekin, eta Hernaniko laukoteak lagundu zuen olatua zabaltzen. Lehendabizi, maketa grabatu zuten, eta handik bi urtera lehen diskoa kaleratu zuten. Hamazazpi urte baino ez zuen Solanok. Gisa honetako beste talde batzuek bezala (Gozategi, Maixa ta Ixiar...), pop eta rock munduko musikari batengana jo zuen laukoteak ekoizpen lanak egin zitzan. Kaki Arkarazo (M-ak, Negu Gorriak) arduratu zen Etzakit lehen diskoari (Elkar, 1998) gitarren ukitua emateaz, konposizioen freskotasuna eta bizitasuna itzali gabe. Moldaketa ugariz jantzi zituzten kantuak: mandolina, hammond organoa, alboka... Diskoak oihartzun handia izan zuen, "Gurekin" eta "Txikita" kantuei eta, batez ere, Los Tigres del Norte taldearen "Zergatik ez" kantuaren moldaketari esker. Harrera bero hori kontzertuen kopuruan nabaritu zen, 1998ko maiatzetik azarora 120 emanaldi inguru egin baitzituen; zenbait gautan bi lekutan ere jo zuten.
Xabier Solano zen taldeko konpositorea eta abeslaria. Soinu jotzaile gisa, erromerietan aritu aurretik, ezkontzetan joz trebatu zen. Ahotsa, berriz, abesbatzetan landu zuen. Lehendabizi, Hernaniko Ereñozu auzoko Ozenki abesbatzan aritu zen, eta ondoren, Irungo abesbatzan. Ahots leun eta melodikoa du, goxoa belarrirako. Solanoren arreba Kristina ere trikitilaria da; pare bat taldetan aritu da: M-n Ezten eta K.S.
Etzakiten bigarren diskoa bi urte geroago heldu zen: Goiz edo noiz? (Elkar, 2000). Aurrekoaren ildo beretik, Kaki Arkarazok egin zituen berriz ere ekoizpen lanak, eta kantuen hitz guztiak Jon Garmendia «Txuriak» idatzi zituen. Kolaboratzaile ugarien artean, Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jolea nabarmendu zen; hain zuzen, haren omenezko pieza bat sortu zuen Solanok disko horretarako. Eta Amparanoia taldeko Amparo Sanchezek eta Muñeco perkusio joleak ere parte hartu zuten. Halaber, haize eta hari moldaketak sartu zituzten bigarren diskoan. Kantu zerrendatik "Egina"-rekin dantzatu zen gehien jendea; Espainiako Auzitegi Nazionalak Egin egunkaria eta irratia itxi ostean sortutako kantua da.
Diskoa aurkezteko emanaldiak bukatuta, taldearen aroa amaituta zegoela iritzi zion laukoteak, eta banandu egin zen. "Une batean Etzakiten bidea agortu egin zela sentitu genuen eta bukatzeko garaia zela erabaki genuen. Akaso oso gazte hasi izanak ere izan zuen eragina erabaki horretan», esan du Solanok.[1] Taldekideak bestelako proiektuetan murgildu ziren; lauretatik, Solano mugitu da gehien. Lau Itzal rock taldea sortu zuen lehenengo, The Solanos gero, Fermin Muguruzaren diskoetan eta emanaldietan parte hartu du, eta une honetan Esne Beltza taldean dabil. Bertan Jon Mari Beasain eta Aitor Zabaleta Etzakiten taldekide izandakoekin elkartu da berriro. Beasainek gitarra jo zuen garai batean Mal de Ojo euskarazko rumba taldean, eta Zabaleta Izotz plaza taldean aritu da hainbat urtez. Ander Barrenetxeak, berriz, Morau eta Agotak eta Juan Mari Beltranen taldean jotzen du bateria.
Taldekideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Xabier Solano (trikitia eta ahotsa)
- Jon Mari Beasain (panderoa)
- Ander Barrenetxea (bateria)
- Aitor Zabaleta (baxua)
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Etzakit (Elkar, 1998)
- Goiz edo noiz? (Elkar, 2000)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat «Etzakit» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gara, 2008ko ekainaren 7a