Edukira joan

Esloveniako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Potok kobazuloan herrialdeko ikerketa paleolitikoei ekin zieten.

Esloveniako historia duela 250.000 urtetik kontatzen hasten da. Burdin Aroan iliriarrak bertan izan ziren eta ondoren erromatarrek populatu eta lehen hiriak sortu zituzten. VI. mendean eslaviarrak iritsi eta Karintiako dukerria sortu zuten. XIV. mendean, Habsburgotarrek lurraldea eskuratu zuten eta Austria-Hungariako Inperioaren parte bihurtu zenez, alemaniar kulturako kolonoak iritsi ziren. XX. mendean, Jugoslaviaren parte izan zen, 1992ko urtarrilean independentzia lortu zuen arte.

Aurrehistoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 250.000 urteko giza aztarnak aurkitu dira indusketa arkeologikoetan. Ljubljanako paduretan duela 4.500 urteko palafitoen hondarrak ere aurkitu dira: 2011n UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen. Bertan munduko zurezko gurpil zaharrena kontsideratzen dena ere jaso da. Burdin Aroan iliriarrek eta zeltiarrek bertako lautadak okupatu zituzten.

Erromatarren garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Emonaren eraikuntza.

Erromatarrek lurralde horiek konkistatu zituztenean, Dalmatia, Pannonia eta Noricum probintzien artean geratu zen, Venetia et Histria (X eskualdean) barnean. Hiru hiri nagusi izan ziren: Emona (Ljubljana), Poetovio (Ptuj) eta Celeia (Celje). Italiatik Pannoniara zihoazen errepide militarrek lurraldea zeharkatu zuten. Aro hori hunoen erasoekin bukatu zen, V. eta VI. mendeetan.

Eslaviarren kolonizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi egungo esloveniarren arbaso eslaviarrak gaur Eslovenia den eremura VI. mendean iritsi zirela. VII. mendean, Samo erregeak Alpeetako eta mendebaldeko eslaviarrak batu zituen eta Karantaniako Dukerria sortu zen (lehen estatu esloveniartzat har daiteke: gaur, Karintia du izena), baina 745ean independentzia galdu zuen, Frankoen Inperioaren menpe eroritakoan. Horren ondorioz, hainbat eslaviarrek kristautasuna besarkatu zuten. VIII. mendearen erdialdetik aurrera, zati bat bavariarren agindupean geratu zen eta bestea, avaroen eskuetan, harik eta 806an Karlomagnok guztia eskuratu eta bere inperioaren barnean sartu zuen arte.

Gutxi gorabehera 1000. urtean, eslovenierazko lehen dokumentua idatzi zen, Freising eskuizkribua: hortaz, latindar alfabetuaz baliatu zen lehen eslaviar hizkuntza da.

Habsburgotarren menpe

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Habsburgotarren menpeko Karniola dukerria, XVII. mendearen hasierako mapa.

Magyarrek inbaditu zuten Eslovenia X-XI. mendeetan. XIV. mendean zehar, lurralde gehienak Habsburgoren mende egon ziren eta zati txiki bat Veneziako errepublikaren menpe. Habsburgotarrek hasieran Celjeko kondeak izan zituzten aurkari, baina dinastia esloveniar honen azken kondea 1456an ondorengorik gabe hil zen eta beren lurrak habsburgotarren esku geratu ziren. Haien eraginez, germaniartzea oso sakona izan zen garai hartan. Hala ere, esloveniarrak gehiengoa osatzen zuten Karniola, Gorizia eta Gradiscako lurraldeetan, baita Istria, Karintia eta Estiriako zati batzuetan ere, baina hirietan batez ere alemaniar kultura eta hizkuntza zuten.

Austriar inperioaren garaian, esloveniar gehienak Karniola, Estiria eta Karintiako herrialdeetan banaturik zeuden. Napoleondar gerrekin Iliriako probintzia sortu zen, Ljubljana hiriburu bihurtu, eta esloveniera, hizkuntza ofizial. 1848an, Eslovenia aske eta batuaren aldeko mugimendua indartu zen, Austrian gertatu zen "Nazioen Udaberri" izeneko mugimenduaren barnean. XIX. mendearen bigarren erdialdean, esloveniarren eta hegoaldeko gainerako eslaviarren arteko harremanak hasi ziren. 1866-1867. urteetan, Esloveniako zati txiki bat Italiaren mende geratu zen, eta Hungariaren mende beste bat. Vienari lotuak geratu ziren gainerako esloveniarrak.

1918an Eslovenia, Serbia eta Kroazia Erresumaren sorrera.

1918an, Austria-Hungariako Inperioaren gainbeherarekin batera, esloveniar gehienek, kroaziarrek eta serbiarrek Esloveniar, Kroaziar eta Serbiarren Estatua sortu zuten, berehalaxe Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma izango zena. 1929an berriro ere izena aldatu eta Jugoslaviako Erresuma bilakatu zen.

1941ean naziek Jugoslavia inbaditu zuten. Esloveniarren garbiketa etnikoa egiten saiatu ziren, horretarako Serbiara 7.500 esloveniar erbesteratuz eta beste 10.000 Koaziara (biak ere nazien aldeko estatuak ziren); era berean, alemaniar kolonoak eraman zituzten, herri hustuak populatu eta germanizatzeko. 30.000 - 40.000 alemaniarrekin frontean aritzera ere behartu zituzten. Esloveniera eskoletan debekatu zuten eta adierazpen publikoak minimora mugatu. Premurje eskualdea Hungariari eman zitzaion eta Gorizia, Italiari. Erresistentzia esloveniarra eratu zen eta partisanoen laguntzaz, naziak garaitu zituztenean mendekuz milaka alemaniar, kroaziar eta serbiar akatu zituzten eta hobi komun ugari eratu ziren hiri nagusien inguruan. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren parte izan zen Eslovenia.

Independentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadarako, Esloveniako Errepublika independentziara eraman zuen dinamikan sarturik zegoen. Italiaren eta Austriaren mugan egoteak, eta emaitza ekonomiko bikainek (Jugoslavia ohi osoko biztanleriaren % 8 besterik ez izan arren, Federazio osoko BPGaren heren bat zegokion Esloveniari) mendebaldeko Europarekiko hurbiltasun-sentimendua piztu zuten esloveniarrengan. 1989an sortu zen, oposizioko alderdien artean, Esloveniar Batasun Demokratikoa (DEMOS) izeneko koalizioa, helburuetako bat Jugoslaviaren egitura federala aldatzea eta aniztasun politikoa ezartzea zuena. 1990eko otsailean, Esloveniako komunistak nabarmen aldendu ziren Jugoslaviako Liga Komunistatik. Urte bereko apirilean, DEMOS koalizioak irabazi zituen legebiltzarrerako hauteskundeak eta Milan Kucan Berrikuntza Demokratikoa alderdiko buruzagia (komunista erreformista) hautatu zuten lehendakari. Handik aurrera, Esloveniak geroz eta nabarmenago heldu zion independentziarako bideari. Lehendabizi, Jugoslaviako Federazioa konfederazio bihurtzen saiatu ziren; gero, zuzenketak proposatu zizkioten konstituzioari, eta, azkenean, burujabetza osoa aldarrikatu zuten.

Hamar eguneko gerra.

1990eko erreferendumean, biztanleen % 90ek independentziaren aldeko botoa eman zuen. Esloveniako komunikabideak gero eta haserreago zeuden Jugoslaviako armada federalarekin, eta udalerriek erreklutatze paraleloak antolatu zituzten, lurraldearen defentsarako. 1991ko ekainaren 25ean, Esloveniak eta Kroaziak beren independentziak ofizialki aldarrikatu zituzten. Jugoslaviako gobernu federalak, Ante Markovic kroaziarra buru zuela, ez zituen aldarrikapen horiek onartu, eta gudaroste federalari esku har zezan agindu zion. "Hamar eguneko gerra" deitu zuten, eta lehen gudaldietako erronka kanpoko mugen kontrola ziurtatzea izan zen. 1991ko ekainaren 28an su-etena adostu zuten hiru hilabeterako. Baina urrian, Esloveniak berretsi egin zuen burujabetza osoaren aldeko borondatea, eta Europar Batasuneko arbitratze-batzordeak aitortu egin zion eskubide hori. Alemaniak urte bereko abenduan onartu zuen Eslovenia nazio independente gisa, eta ondoren, 1992ko urtarrilean, beste hogeita hamar bat herrialdek gauza bera egin zuten, Europar Batasunekoak barne zirela. 1992ko maiatzean sartu zen Eslovenia Nazio Batuen erakundean.

1992ko legebiltzarrerako hauteskundeak kristau demokratek eta demokrata liberalek irabazi zituzten, Janez Drnovšek buru zutela, eta azken horrek gobernu-koalizio bat osatu zuen 1993ko urtarrilean, bera lehen ministro zena. Lehendakaritzari Milan Kucanek eutsi zion. Nazioarteko Diru Funtsean sartu eta Munduko Bankuko kide egin ondoren, 1996ko ekainean, Esloveniak elkartze-hitzarmen bat sinatu zuen Europar Batasunarekin, baina ez zen berretsi 1997ko uztaila arte, prozesuak atzerapena izan batzuen. 1996ko azaroko hauteskundeetan izandako emaitzak zirela-eta, gobernu berria eratzea ez zen erraza izan. Azkenean, 1997ko otsailean, Janez Drnovšek lehen ministro hautatu zuten, Alderdi Demokrata Liberalaren eta Esloveniako Herri Alderdiaren (Europar Batasunean sartzearen aurkakoa) arteko koalizioaren buruan. Azaroan, Milan Kucan errepublikako lehendakari berriro aukeratu zuten.

2004ko martxoaren 29an NATOn sartu zen, eta urte bereko maiatzaren 1ean, Europar Batasunean.

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]