Edukira joan

Bitamina

Wikipedia, Entziklopedia askea
A bitaminaren formula

Bitaminak organismo bizidunetan zenbait erreakzio metaboliko gerta daitezen behar-beharrezkoak diren sustantzia organikoak dira. Oso kopuru txikiak behar izaten diren arren, giza gorputzak sintetizatu ezin dituenez, ezinbesteko mantenugaiak dira, hau da, behar-beharrezkoa da elikagaien bidez sustantzia hauek jasotzea osasuntsu egoteko.

Gorputzean funtzio erregulatzailea betetzen dute bitaminek entzimen kofaktore lana eginez, koentzima gisa edo talde prostetiko gisa. Honela, bizidunen oinarrizko funtzioetan parte hartzen dute, metabolismoan, mineralen orekan, eta egitura eta ehunen kontserbazioan esaterako. Ez diote energiarik ematen organismoari eta egitura funtziorik ere ez dute betetzen.

Bitaminen eskasiak abitaminosi izeneko gaixotasun larriak eragin ditzake. Bestalde, zenbait bitamina behar baino gehiago hartzeak ere ondorio txarrak dakartza, hiperbitaminosia eraginez.

1913an Casimir Funk poloniarrak bitaminak deskribatu zituen lehen aldiz.

Bitaminen aurkikuntza urteak eta iturriak
Aurkikuntza urtea Bitamina Janari iturria
1913 A bitamina (Erretinola) bakailao gibelaren olioa
1910 B1 bitamina (Tiamina) Arroz zahia
1920 C bitamina(Azido askorbikoa) Zitrikoak, janari fresko gehienak
1920 D bitamina (Kaltziferola) bakailao gibelaren olioa
1920 B2 bitamina (Erriboflabina) Okela, Arrautzak
1922 E bitamina (Tokoferola) Gari hozi olioa
1926 B12 bitamina (Kobalamina) Gibela, Arrautzak
1929 K1 bitamina (Filokinona) Barazki berde hostozabalak
1931 B5 bitamina (Azido pantotenikoa) Okela, Osoko zerealak
1931 B7 bitamina (Biotina) Okela, esnekiak, Arrautzak
1934 B6 bitamina (Piridoxina) Okela, esnekiak
1936 B3 bitamina (Niazina) Okela, Arrautzak
1941 B9 bitamina (Azido folikoa) Barazki berde hostozabalak

Bitaminen aurkikuntza, eta metabolismoan duten funtzioaren ezagutza, XX. mendeko aurkikuntza handienetakoa izan dela esan ohi da, nahiz eta bitaminen historiak eskorbuto eta beriberi eritasunekin zerikusia duen, neurri handi batean. Eskorbutoa gurutzadako soldaduen bidailagun izan zen XIII. mendetik aurrera, baita itsasgizonena ere, itsas zabalean bidaia luzeak egiten hasi zirenetik beretik; Joan Sebastian Elkano esaterako, eskorbutoak jota hil zen Ozeano Barera egin zuen bigarren bidaian.

Gizakiak fruiturik eta barazki freskorik jan gabe egonaldi luzeak egiten dituenean, arazo ugari sortzen dira C bitaminaren eskasia dela-eta, eta egoera horrek, azkenean, heriotza dakar.

Beriberia eritasun arrunta zen japoniar itsasgizonen artean. Haien dieta azalik gabeko arrozean oinarritzen zen, alegia, tiamina (B) bitaminarik gabekoa zen (bitamina 12 hori laborearen azalean izaten da). Arrozaren azalarekin egindako botikaz sendatzen zen, hain zuzen, eritasun hura. Beraz, antzina ere bazekiten zenbait eritasun elikagaiekin sendatzen zirela, baina ez zuten haren zergatiaren berri.

Bitaminen izena tiaminatik dator, hura izan baitzen aurkitu zuten lehena (bitamina, bizitzeko ezinbestekoa den amina); dena dela, gaur egun jakin badakigu bitamina izenaz elkarren artean harremanik ez duten gai elkartu organikoen multzo bat izendatzen dela, eta dietan beharrezkoak direla, oso dosi txikietan bada ere, metabolismoak egoki lan egiteko eta osasuntsu egoteko. Beraz, hitz horrekin ez dira adierazten antzekoak diren gai elkartuak, baizik eta funtzio metaboliko antzekoak betetzen dituzten gaiak. Bitaminak, zenbaitetan, probitamina gisa hartzen dira janarietan, hau da, animalien metabolismoak ondoren bitamina bihurtzen dituen molekula gisa.

Bitaminak alfabetoko lehen letren bidez adierazten dira, edo bitamina horren eskasiak sortzen duen eritasunaren aipamena egiten duen izenaren bidez bestela. Askotan letra bera dute bitamina batek baino gehiagok, baina azpi-indize desberdina. Bitamina horiek antzeko ezaugarriak eta antzeko osaera dute, eta gai bakar bezala hartu ziren hasieran (adibidez, B multzoko bitaminak), baina sustantzia bat baino gehiago zirela egiaztatu zen gero.

Bitamina horietako asko koentzimak dira, hau da, entzimekin batera jarduten dute izaki bizidunen erreakzio kimikoak bizkortzeko. Beste bitamina asko koentzimen aitzindari dira, eta beste batzuek, berriz, goi mailako animalien funtzio espezializatuetan parte hartzen dute. Niazina (B multzoko bitamina), esate baterako, NAD +-aren (zelularen arnasketan eta beste prozesuetan ezinbestekoa den elektroi-garraiatzailea) osagaietako bat da.

Animalia guztiek ez dituzte bitamina berak behar, nahiz eta animalia eta landare gehienek bitamina berak behar dituzten metabolismoaren jardunerako. Bestalde, litekeena da animalia multzo guztiek behar izatea bitaminak, animalia zelulabakarretatik hasi eta zelulanitz konplexuetaraino. Tiamina, esaterako, garrantzizkoa da bai protozooentzat bai gizakientzat; C bitamina, adibidez, behar-beharrezkoa dute zenbait protozook, zenbait intsektuk eta zenbait hegaztik.

Baina organismo batentzat oinarrizkoa den bitamina bat ez da nahitaez oinarrizkoa beste batentzat ere, bi arrazoirengatik: edo bigarren organismo hori gauza da bitamina berez sintetizatzeko, edo ez du bitamina horren beharrik. Beraz, izaki bizidun guztiek ez dituzte bitaminak kanpotik hartu behar: landareak gauza dira behar dituzten bitaminak sintetizatzeko; arratoiak eta hegaztiak gauza dira C bitamina sintetizatzeko, eta hausnarkariek B multzoko bitaminak sintetizatzen dituzte. Bitaminen azken iturria landareak eta bakterioak dira, eta elikagaien bidez lortzen dira, edo bestela, hesteetako bakterio sinbiotikoek sortzen dituzte hondakin gai gisa (k bita- 3 mina).

B12 bitaminaren egitura molekularra

Bitaminaren egitura kimikoa askotarikoa da eta, oro har, oso konplexua. Bitamina liposolbagarri guztiak gai elkartu isoprenoideak dira; A bitamina esaterako, bi eratan azaltzen den diterpenoa da, A 1 eta A 2 ; K bitamina, berriz, K 1 , K 2 , K 3 eta K 4 bitaminek osatzen duten multzo bat da, eta D bitaminak hainbat esterol biltzen ditu (D 2 , D 3 , D 4 , D 5 eta D 6 bitaminak). B 12 bitamina da ezagutzen den egiturarik konplexuena.

Disolbagarritasunaren arabera, bi mota bereizten dira: liposolugarriak eta hidrosolugarriak

Bitamina liposolugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terpenoak edo esteroideak dira, uretan ezin solba daitezke, baina bai lipidoen solbatzaileetan (gantzak); horregatik, gai horien ezaugarriak dituzte. Alegia, funtzio anitzekoak dira, ez dira koentzimak eta hainbat animaliaren funtzio fisiologiko berezietan eta hainbat jardunetan parte hartzen dute. Esate baterako, ornodunetan faktore koagulatzaile baten osakeran parte hartzen dute (K bitamina), edo kaltzioaren eta fosforoaren absortzioan (D bitamina), edo ikusmeneko pigmentu baten osaketan (A bitamina).

Elikagaien gantzetan daude, eta gorputzak era egokian xurga ditzan, beharrezkoa da pankreak eta behazun xixkuak beren lana ongi egitea. Gorputzean metatu daitezke.

Mota honetakoak dira:

Bitamina hidrosolugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uretan disolbagarriak dira eta tratamentu termiko arinekin deusezta daitezke. Ez dira orokorrean gorputzean metatzen eta iraitz aparatuaren bidez kanporatzen dira.

Koentzimak dira, edo horien aitzindari bestela; uretan urtzen dira. Mugikorrak dira, eta zabaltzeko ahalmen handia dute. Gehienek funtzio berberak betetzen dituzte edonon daudela ere. Faktore katalitikoak direnez gero, garrantzizko mailak osatzen dituzte edozein izaki bizidunen erreakzio biokimikoko kateetan. Horregatik, eta adibide gisa, energia sortzeko beharrezkoa da tiamina, azukreak aerobikoki oxidatzen diren guneetan.

Talde honetakoak dira:

Elikadura: gehigitasuna eta urritasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bitaminak egunero hartu behar dira, guztiak eta dosi jakin batean; dosi horri eguneko gomendatutako kantitatea (EGK)[1] esaten zaio.

Bitamina gutxi izateak (hipobitaminosia), edo batere ez izateak (abitaminosia), hainbat eritasun ekar ditzake. Baina, hala uste ez bada ere, bitamina gehiegi izateak edo hiperbitaminosiak, bereziki liposolbagarrien gehiegitasunak, kalteak sor ditzake osasunean. Soberan dauden bitamina hidrosolbagarriak, soberako C bitamina adibidez, gernuak kanporatzen ditu, baina A eta D bitamina liposolbagarri gehiegizkoak gorputzaren gantz biltegietan pilatzen dira, eta horren ondorioz, gorakoa, beherakoa, buruko mina, pisua gutxitzea, anorexia, etab. sortzen dira. Eta emakume haurdunek D bitamina gehiegi hartu izana eta umeak adimenez atzeratuak izatea lotura duten bi gertaera dira. Beraz, esan daiteke bai bitamina urritasunak, bai gehiegitasunak, osasunaren oreka galarazten dutela.

Hainbat gorabehera eta eztabaida badira ere, uste osoa dago dieta orekatuak eta askotarikoak bitamina behar guztiak asetzen dituela, bestelako osagarrien beharrik gabe; dena dela, gutxi dira beren eguneroko dietan behar adina barazki eta fruitu hartzen dituztenak.

Kontuan hartu behar da, bestalde, antibiotikoak hartzen direnean hesteetako bakterioek sintetizatzen dituzten bitaminen urritasuna gerta daitekeela, izan ere, antibiotikoek bakterioak deusezten baitituzte.

Eguneko gomendatutako kantitateak, 1990/496 zuzentarau aldatuan[2]
Bitaminak EGK
A bitamina (erretinola) 800 µg
D3 bitamina (kolekaltziferol) 5 µg
E bitamina (tokoferola) 12 mg
K bitamina 75 µg
C bitamina (azido askorbikoa) 80 mg
B1 bitamina (tiamina) 1,1 mg
B2 bitamina (erriboflabina) 1,4 mg
B3 bitamina (edo PP, niazina) 16 mg
B6 bitamina (piridoxina) 1,4 mg
B9 bitamina (azido folikoa) 330 µg
B12 bitamina (kobalamina) 2,5 µg
Biotina 50 µg
Azido pantotenikoa 6 mg

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]