Edukira joan

Zoologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aosbot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 15:24, 15 abendua 2019
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Zoologia (grezieratik ζῷον [zóon], "animalia", eta λόγος [lógos], "ikasketa"), animaliak aztertu eta ikertzen dituen zientzia da.

Zoologoek milioi bat espezie baino gehiago identifikatu dituzte dagoeneko (1,3 milioi animalia-espezie, gutxi gorabehera). Kopuru horrek nabarmen gainditzen ditu landareen espeziena (350.000 inguru).

Animaliak sailkatzeko zoologiak hainbat tresna erabiltzen ditu. Antzina, gaur egungo aurrerapen teknologikorik ez zegoenean, irizpide morfologikoak eta anatomikoak erabakigarriak ziren animalia bat talde batean edo bestean sailkatzeko orduan. Geroago, hibridazioaren kontzeptua agertu zen Cuvierren eskutik: bi animalia espezie berekoak ziren ondorengo ugalkorrak edukitzeko gai baldin baziren. Orokorrean, Cuvier-en irizpideak zutik dirau oraindik, salbuespen batzuek betetzen ez badute ere.

Mikroskopioaren agerpenak histologiaren garrantzia taxonomia-ikerketarako agerian jarri zuen. Bestalde, eboluzioaren teoriaren garapenak enbriologia konparatiboaren ikerkuntza bultzatu zuen, oso lagungarri izango zena zoologiarentzat ikuspuntu berri bat zekarrelako.

Genetikaren aurkikuntzek, besteak beste, aplikazioak ere izan dituzte biologiaren adar honetan, espezie bateko animalia guztiek antzeko kariotipoa dutelako. Fisiologia eta biokimikaren ekarpenek ez dira nolanahikoak izan: gaur egun biokimika konparatuak, esaterako, informazio ugari ematen du espezieak desberdintzeko, irizpide kimikoak aplikatuz.

Etologiaren agerpenak, azkenik, espezieak definitzen ere lagundu du, portaeraren arau gehienak berezkoak baitira talde bereko banakoen artean.

Ikertzen duen animali taldearen arabera zoologiak adar desberdinak ditu:


Betidanik animalien artean bizi arren, gizakiak ez zuen animaliei buruzko funtsezko ikerketarik garatu Aristoteles agertu arte. Greziako filosofo honek Historia Animalium izeneko lana sortu zuen, eta bertan animalien lehenengo sailkapen zientifikoa egiten saiatu zen.

Erromako inperioaren garaian Galeno eta Plinio Zaharra nabarmendu ziren.

Erdi Aroko hutsartearen ostean, zoologiak aurrerakada nabarmena egin zuen Errenazimentuaren garaian, metodo zientifikoa sortzearen ondorioz ikerketak asko zabaldu baitziren. Aldi berean, esplorazio geografiko handiek fauna berri baten agerpena ekarri zuten, zoologiarekiko ikerlari askoren grina piztu zuena. Garai hartako zoologoak dira Belon, Rondelet, Aldrovandi eta Gessner. Horiek guztiek anatomia eta fisiologiaren aurkikuntza berriak erabili zituzten haien ikerketarako.

XVII. mendeak mikroskopioaren agerpena ekarri zuen. Tresna honi esker Anton van Leeuwenhoek-ek eta Marcello Malpighik lan baliotsuak egin zituzten. Mende horretan ere Europako herrialde askotan lehenengo museo zoologikoak eta zoologia katedrak sortu ziren. John Ray naturalista britainarrak funtsezko ekarpenak egin zizkion zoologiari, bera izan baitzen espeziearen kontzeptua definitu zuena eta ordura arteko animalien sailkapenarik zehatzena eta zorrotzena osatu zuena.

XVIII. mendean izen bat gailentzen da zoologo guztien artean: Carl von Linnéarena, taxonomia modernoaren sortzailearena. Biologo suediar honek nomenklatura binomiala asmatu zuen, generoa eta espeziea aipatuz landare zein animaliak izendatzen dituena. Botanika arloan ez ezik, zoologian ere aritu zen Aristotelesen garaietatik arlo horretan aldaketarik handiena egin zuen zientzialari hori. Buffon mende horretako beste zoologo aipagarria izen zen.

XIX. mendean anatomia konparatuaren ikerketa agertu zen Cuvier-en eskutik. Zientzialari hau zoologia modernoaren aitatzat jo dute aditu askok. Bestalde, eboluzioaren inguruko teoriek, Lamarck-ek, Wallacek eta batez ere Darwinek osatutakoek, ikuspuntu eta filosofia berri bat sartu zuten ikerkuntza zoologikoaren eremuan.

XX. mendean biokimikan, genetikan, ekologian eta etologian izandako aurrerapenek zoologiaren bilakaera baldintzatu dute. Gaur egun zoologiaren lan-eremuak anatomia eta sailkapenaren mugak gainditu ditu, eta zoologia diziplinarteko zientzia bilakatu da, biologiaren alor anitzetan eragina duena.


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]