Olmeka[1] Mesoamerikako antzinako zibilizazioa izan zen, Mexikoko golkoaren kostaldeko eskualde zabal batean garatu zena, oraingo Veracruz estatuan eta Tabasco ekialdean. [2]Ezagutzen den Amerikako lehen zibilizazioa izan zen, eta K.a. 1250. urtetik K.a. 500-400. urtera arte iraun zuen. Kultura honen hiru gune nagusiak San Lorenzo, La Venta, Cerro de las Mesas eta Tres Zapotesen daude, non eraikin erlijioso eta tenpluak izan zitezkeenen hondakinak aurkitu diren.[3] Olmeken arkitektura monumentala, harrizko eskultura eta jadez eginiko oroitarri zein zeramikarekin, eredu estetiko idealizatuak sortu zituzten, jaguarraren aurpegia protagonista izanik.[4]

Olmeka kulturako lekurik garrantzitsuenak

Historia

aldatu

Olmekak Kolon aurreko Mexikoko lehen kultura aurreratuaren moldatzaileak izan ziren. Mexikoko golkoko hegoaldeko kostalde inguruan bizi izan ziren, Papaloapan ibaiaren eta Laguna de Términos aintziraren artean, gaur egungo Veracruz eta Tabasco estatuetan. Bizibidez nekazariak, arrantzaleak eta ehiztariak ziren. Erlijio eta gizarte egitura aurreratua zuten, jaguar itxurako jainko bat gurtzen zuten, eta zenbatzeko sistema bat eta egutegia ere bazuten, gero maiek erabili zutenaren antzekoa. Baina, olmeken kultura arteagatik da ezaguna batez ere: tenpluak eta piramideak eraiki zituzten eta harria artez landuz estatuak eta goi-erliebeak egin zituzten; oso ezagunak dira eskulturak, basaltozko harri handietan landutako buru erraldoiak, bi metro baino garaiagoak, biribilak, sudur-motzak, ezpain-lodiak, eta burukoa edo kaskoa dutenak. Lehen eraikinak K.a. 1150 urte ingurukoak dira, baina olmeken kulturak K.a. 1100-800 bitartean izan zituen urterik oparoenak, eta eragin handia izan zuen Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako ondorengo kulturetan, hala nola, maia, tolteka eta zapoteka herrienetan. K.a. 800 urtetik aurrera olmeken arte estiloaren eragina ahulduz joan zen eta zibilizazioak, K. o. urteetan ere bizirik iraun arren, nagusitasuna galdu zuen.

Kultura

aldatu
 
La Ventako piramide nagusia, Mesoamerikako zaharrena

Zibilizazio olmeka izan zen, adituen ustez, Erdialdeko Amerikako lehenengoetakoa eta hark finkatu bide zituen ondorengo mendeetako eskualdeko zibilizazioen ezaugarri aipagarrienak: hiriguneak, piramide tankerako monumentuak, monolito zizelatuak, behe erliebez apainduriko aldareak, harri bitxizko estatua txikiak, idazkera eta egutegia. Politeistak ziren, piztia itxurako jainko asko zituzten (nagusia jaguarra), nekazaritzarekin, eguzkiarekin, urarekin, sumendiekin... erlazionatuak.

Idazkera hieroglifikoa garatu zuten lehen amerikarrak izan zirela uste da (adibiderik zaharrena K.a. 650. urte ingurukoa da), nahiz eta puntu hau oso eztabaidatua den adituen artean. Mesoamerikako ondorengo kulturetan ohikoa izan zen pilota jokoa asmatu zuten,[5] eta denbora neurtzeko egutegiak sortu zituzten.

Arkitektura

aldatu

Arkitektura olmeka nahiko soila da, hieratikoa eta errealista aldi berean, baina basaltoa lantzeko molde bikaina zutela erakusten dute haien monumentuek. Jainkoen gurtzarekin eta hileta erritoekin loturiko monumentu multzoetan aurkitu dira arkitektura olmekaren aztarna nagusiak; eraikin aipagarrienak piramide tankerako monumentuak dira.

Aztarnategi olmeka nagusia, arkitekturari dagokionez, La Venta multzoa da. Padurez inguraturiko uharte moduko batean dago, eta ospakizunetarako gunea, hilobiak eta jainkoei egindako eskaintzak agertu dira bertan. Monumentu nagusia piramidea da, tumulu koniko bat, 30 metroko garaiera eta 130 metro inguruko diametroa duena. Piramide olmeka gehienak bezala, puntu kardinalak ditu ardatz eta hainbat zutabez, hilarriz eta aldarez zegoen hornitua. Piramidearen iparraldean laukizuzen formako plaza bat dago, ospakizunetarako erabili bide zutena, eta plazaren alboetan bi plataforma luze; iparralderago patio moduko bat ageri da, basaltozko zutabeekikoa, eta beste tumulu txiki bat hondoan. Garrantzitsuak dira, halaber, La Ventako serpentinazko mosaiko erraldoi bikainak, jaguar jainkoari eskainiak.

Eskultura

aldatu
 
La Venta buru erraldoia (3 metro garai)

Olmeken eskulturaren ezaugarri nagusia lan erraldoiak eta miniatura lanak nahasian egin zituztela da. Lan erraldoietan buruak dira azpimarratzekoak. Harri bakarrez eginiko eskultura kubiko geometrikoak dira, 15-30 tona artekoak. Agintari jainkotuei dagozkie eskultura erraldoi gehienak, eta naturalistak dira. Begi sartuak, ezpain lodiak, asimetrikoak, masail puztuak, sudur handia baina zapala, eta oro har, jaguarraren aurpegia gogorazten duten ezaugarriak dituzte. Burua eta atzealdea larruz, jaguar atzaparrez eta suge ezaugarriz apaindua zuten; horiek ziren, hain zuzen ere, garai hartan etorkiaren sinboloak. Buru erraldoiak bereziki aipagarriak dira; izan ere, era horretako eskulturak agertu diren inguruak ez dira lurralde harritsuak, eta oso sistema aurreratua eta energia asko beharko zen harri horiek garraiatzeko; San Lorenzoko buruak egiteko erabili zuten basaltoa, esaterako, gune hartatik 80 kilometro ingurura zegoen harrobi batetik aterea da adituen ustez.

 
"La abuelita" estatua
 
Serpentinazko miniatura

Buru erraldoiez gainera hainbat aldare aurkitu dira, monolitikoak hauek ere, erlijio eszenak irudikatzen dituzten behe-erliebe eta eskultura bikainez apainduak. Laukizuzen formako oinarria izaten dute, goialdean behe-erliebeak dauzkate eta aurrealdean irudi irtenak. Aldareetako irudietan ere nabarenenak dira giza-jaguarren edo haur-jaguarren ezaugarriak. Jaguarra da, izan ere, arte olmekan gehien agertzen den irudia, eta olmeken mitologia guztia jainko felino baten gurtzan oinarritua zela adierazten du horrek. Jaguar irudiez gainera aipagarriak dira maskara irribarretsuak. Buru erraldoiak eta aldareak arte ofizialaren erakusgarritzat hartu dira, erlijio eta gertaera historikoei buruzko eszenak baitira nagusi.

Eskultura txikiak eta miniaturak ere egin ohi zituzten olmekek, harribitxizkoak: jadea eta serpentina erabili zuten batez ere (jadea urarekin eta emankortasunarekin lotzen zuten), baina baita jadeita eta diorita ere. Eskultura olmekak leunak dira eta bolumenari eman zitzaion lehentasuna, ez dute sartu-irten nabarmenik. Hilobietan agertu dira eskultura txiki gehienak; Cerro de las Mesas aztarnategian, esaterako, 782 estatuatxotik gora aurkitu dira, jaguar itxurako irudi sexugabeak islatzen dituztenak.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 190. arauaː Munduko herriak eta etniak. .
  2. «olmeka - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  3. «Olmekak - Lur Hiztegi Entziklopedikoa» www.euskadi.eus 2011-07-13 (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  4. «Olmekak | Artitz Guggenheim Bilbao» www.guggenheim-bilbao-artitz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  5. Develan pelotas olmecas. inah.gob.mx (Noiz kontsultatua: 2017-10-20).

Kanpo estekak

aldatu