Ingelesezko literatura
Ingelesezko literatura hizkuntza hartaz egindakoa da. Britainia Handiko eta AEBetako idazleak dira nagusi, nahiz eta Afrika eta Ozeanian ere egile ugari egon.
Zalantza barik, historian zehar ingelesezko idazlerik handiena William Shakespeare izan da. Halaber, beste egile handien izenen artean Lord Byron, John Ronald Reuel Tolkien, Washington Irving, Edgar Allan Poe, Mark Twain, William Faulkner, Ernest Hemingway, Tennessee Williams, Arthur Miller, Truman Capote, Robert Louis Stevenson, Oscar Wilde, Arthur Conan Doyle, Rudyard Kipling, James Joyce eta Bertrand Russell ditugu.
Historia
aldatuErdi Aroa
aldatuXII. mendean finkatu zen ingelesa nazio hizkuntzatzat, Geoffrey Chaucerren eraginez, britainiar uharteetan. Ingelesezko testu zaharrenak, anglo-saxoiak kristautu ziren garaikoak dira. Beda Ohoragarriak, Historia ecclesiastica gentis Anglorum liburuan (VIII. mendea) adierazten duenez, Caedmon izan zen, VII. mendean, anglo-saxoieraz idatzi zuen lehenbizikoa.
Hurrengo bi mendeetan, erlijio poema ugari agertu ziren, eta Cynewulf izan zen garai haietako poeta behinena. Antzinako ingelesaren garaiko literatura lan bikainena Beowulf poema da (VII. mende ingurukoa, egile ezezagun batena), eskandinabiar epopeien tankeran taxututakoa. Prosari dagokionez, Alfredo erregearen garaikoak dira (IX. mendekoak, alegia) lehenbiziko lanak, latinetik ingelesera itzulitako testuak hain zuzen. Orduan hasi zen biltzen Anglo-Saxoi Kronika (Anglo-Saxon Chronicle) delakoa, historiazko testuen bilduma, XII. mendean amaitu zena.
Gilermo Normandiakoak Ingalaterra hartu zuenean (1606), frantsesa eta latina lehenetsi ziren, anglo-saxoieraren kaltetan. Haiek erabili ziren kultura hizkuntzatzat, historiazko lanetarako batez ere. Garai horretakoa da Godofredo Monmouthekoa (XII. mendea), eta berak idatzi zuen Historia regum Britanniæ (Britainiako erregeen historia) liburua, asmatutako gertaerak biltzen dituena. Liburu hori da Artur erregeari buruzko elezaharraren iturburua.
Poesian, berriz, ingelesa erabili zen gehienbat, baina frantsesaren eta latinaren errimak hartu zituen. Normandiatarren konkistaren ondorengo poesia lan nagusiak bi hauek dira: Hontza eta urretxindorra (The Owl and the Nightingale), XII. mendearen bukaerakoa, eta Sir Gawayne eta zaldun berdea (Sir Gawayne and the Green Knight), XIV. mendearen bukaerakoa, egile ezezagunenak bi-biak. XIV. mendean zehar, normandiarren eta anglo-saxoien arteko integrazioaren eta nazio kontzientzia gero eta sakonago baten ondorioz, bestelako literatura mota bat garatu zen, garaiko errealitateari lotuagoa. Adibidez, Petri nekazaria (Piers the Plowman), ustez Wiliam Langlanden poema, nahiz eta erlijiozko alegoria bat izan, apaizen gehiegikerien kontrako adierazpena ere bazen, antzinako kristautasuna erreibindikatzen zuena.
Garai berekoak dira, halaber, Richard Rolle eta Walter Hilton mistikoak, eta John Wyclif sermoilaria. Geoffrey Chaucer izan zen, hala ere, gizartearen egoera literaturara eraman zuena, eta, era berean, literaturari berari bide berriak zabaldu zizkiona. Chaucerren lan nagusia The Canterbury Tales (Canterburyko ipuinak, 1386-1400) izan zen, bai bertan erregistro ugari erabili zituelako (burla mingotsa, sentsualitatea, etikari buruzko hausnarketa zorrotza, etab.), bai eta lan horretan ingelesaren oinarriak jarri zituelako.
Chaucerren jarraitzaile behinenak XV. mendeko idazle eskoziar batzuk izan ziren: Robert Henryson, Testament of Criseyde (Kriseideren Testamentua) idatzi zuena, eta William Dunbar, Dance of the Seivin Deidly Syneris (Zazpi Bekatu Nagusien Dantza) liburuaren egilea.
Garai horretakoa da, orobat, Artur erregeari buruzko elezaharren ildotik sortutako idazlan nagusia eta, bide batez, generoa ixten duena, Morte d’Arthur (Arturren Heriotza), Sir Thomas Maloryk idatzia. Garaiko herri literaturaren adierazpen nagusia izan ziren carol deitutako kantuak, dantzatzeko ere egokiak –polititazko eta erlijiozko gaiak zerabilzkitenak–, eta ingeles eta eskoziar tradiziozko baladak, antzinako literaturaren igorpena bermatu zutenak.
Errenazimentua
aldatuBerandu heldu zen Britainiako uharteetara Europako kultura joera hori, eta XVI. mendea arte ez ziren bertan hedatu humanismoa eta italiar kutsuko gaiak. Prosan ingeles humanismoaren lehenbiziko idazle garrantzitsua Tomas Moro (Sir Thomas More) izan zen. Utopia izeneko liburua –latinez idatzia– da bere idazlan nagusia. Moro Erreformaren etsai gogorra izan zen, eta, Eliza Anglikanoa Erramakotik banatu ondoren, hil egin zuten (1535).
Mororen garaikidea izan zen Wiliam Tyndale, eta haren etsaia teologia arazoetan. Tyndalek Biblia itzuli zuen ingelesera, eta oso ingeles eder, aberatsa eta, aldi berean, soila erabili zuen. Eliza Anglikanoaren bi korronteen (puritanoak eta episkopalistak) arteko gatazka teologikoen haritik, hitz lauzko idazlan ugari azaldu ziren. Horietan nagusia Richard Hookerren Laws of Ecclesiastical Polity (Eliza Politikaren Legeak) izan zen.
Lehenbiziko eleberriak garai hartan agertu ziren: John Lyly-en Euphues, the Anatomy of Wit (Eufues, Izpirituaren Anatomia), filosofiazko adierazpen eta aipamen jakintsuez jositako eleberria, “eufuismo” deitutako estiloaren sorburua. Errealistagoak dira, berriz, Thomas Nasheren The Unfortunate Traveller (Zoritxarreko Bidaiaria), eta Thomas Deloneyren Jacke of Newberie (Newberieko Jacke).
Errenazimentuan agertu ziren, halaber, bidaia literatura, gerora sekulako arrakasta izan duena britainiar literaturan. Genero horretako lehenbiziko idazlea Richard Hakluyt izan zen. Poesian XVI. mendeko lehenbiziko poetek (John Skelton, Thomas Wyat eta Henry Howard) italiar ereduak eta gaiak jorratu zituzten, nortasun handirik gabe. Nortasun handiagokoak izan ziren Sir Philip Sidneyren idazlanak: Astrophel and Stella (soneto bilduma), Arcadia (artzain giroko eleberria, pasarte ugari bertsotan idatziak dituena).
Berrikuntza handiena, hala ere, Edmund Spenser idazleak egin zuen, The Faerie Queene (Maitagarrien erregina) alegoriazko poemaren bidez. Metrikari dagokionez, sonetoa izan zen erabiliena, eta sonetogile nagusiak Samuel Daniel, Henry Constable eta, batez ere, William Shakespeare izan ziren.
Antzerkian William Shakespeare izan zen antzerki idazle nagusia, nahiz eta, lehenago, beste idazle batzuek ere antzerki lanak idatzi (Thomas Nortonek eta Nicholas Udallek, Senekaren eta Plautoren ereduetako tragediak eta komediak; John Lylyk, komediak; George Peelek eta Rober Greenek, errimarik gabeko bertsotan idatzitako amodiozko komediak; Thomas Kydek, mendekuari sarbidea ematen zioten melodramak; Christopher Marlowek, multzo honetako garrantzitsuenak, tragediak –berea da Doctor Faustus antzerki lana, Shakespeare aurretiko behinena–). William Shakespeareren antzerki lan nagusiak zenbait arotan banatu behar dira.
- Hasierakoak: historiari lotutako gaiak (Henrike VI.a, Rikardo III.a, Rikardo II.a) eta komedia (Veronako bi zaldunak, Akatsen komedia) jorratu zituen.
- Bigarren arokoak (1595 inguruan): garai honetan idatzi zituen Shakespearek bere lehen maisulanak: Uda gau bateko ametsa, Veneziako merkataria, Epifaniako gaua eta Romeo eta Julieta.
- 1600dik aurrerakoak: ilunago bihurtzen dira Shakespeareren antzerki lanak, humanismoaren eraginez taxututako ikuspegi bati atxikiak: Hamlet, Otelo, Macbeth, Lear errege, etab. Antzerki lan horien ondoren, izpiritu baretasun handiagoko egoera batera igaro zen Shakespeare, eta garai horren emaitza dira, besteak beste, Cimbelino, Neguko ipuina eta Ekaitza.
- Shakespeareren garaikideak. Shakespeareren mailara iritsi zen bakarra Ben Jonson komediagilea izan zen: Nor bere umorearen arabera, Volpone eta Alkimista. Shakespeareren gainerako garaikideak tragediagintzan aritu ziren, gehienbat: Francis Beaumont, John Fletcher, John Ford, John Webster, etab.
XVII. mendea
aldatuBi gertaerak baldintzatu zuten britainiar pentsamoldea eta literatura: Iraultza puritanoak eta Orangeko Gilermoren monarkia parlamentarioaren sorrerak (1688an).
Prosan britainiar filosofiaren aintzindaria Francis Bacon izan zen, eta bere idazlan nagusiak Jakintzaren aurrerabidea eta Novum organum. Thomas Hobbesek, Baconen tesien ildotik, Leviathan liburua idatzi zuen, monarkiaren absolutismoaren alde.
Garai bereko beste egile eta lanak: Sir Thomas Browne (Hilobiko ontzia); Robert Burton (Melankoliaren anatomia); Henry More eta Thomas Cudworth (“Cambridgeko platonikoak” deitutako taldeko buruak); Izaak Walton, Roger North eta Gilbert Burnet apezpikua (biografiagileak); John Bunyan puritanoa (Erromesaren ibiltzea alegoria eta Gizagaizto jaunaren bizia eta heriotza, ingelesezko lehenbiziko ohitura eleberria).
Poesian John Donne izan zen literatura joera berrien aintzindaria, bere amodiozko poemetan. Donneren ondoren, “poeta metafisikoak” izenekoen belaunaldia etorri zen, bi multzotan banatu zena: erregearen aldekoak (Thomas Carew, Sir John Suckling, Richard Lovelace) eta parlamentuaren aldekoak (George Herbert, Richard Ceashaw, Henry Vaughan).
XVII. mendeko poeta nagusia John Milton izan zen. Milton, hasieran puritanoa izan bazen ere, oso teologia berezi batera (zenbaitetan heretikotzat ere jo zitekeena) iritsi zen. Bere poema nagusiak hauek izan ziren: Paradisu galdua, Samson Agonistes eta Paradisu berriro aurkitua. Antzerkian John Dryden da garaiko antzerki idazlerik emankorrena eta aipagarriena. Bere lan nagusia Dena maitasunaren truke komedia da.
XVIII. mendea
aldatuKontinenteko literatura joerekiko harreman handia izan zuen britaniar literaturak, hein handi batean, eta eragin handia izan zuten Frantziako Ilustrazioan. Literatura soilari dagokionez, mendearen lehenbiziko erdian –aro augustanoa– frantses klasizismoari jarratu zitzaion, Alexander Popek eta Samuel Johnsonek zehaztutako ereduen arabera.
Mendeak aurrera egin ahala, arau klasizistak alde batera uzten hasi ziren idazleak, eta, horren ondorioz, narraziogintza errealista zabaldu zen. Bide batez, misteriozko “eleberri gotikoa” eta lehenbiziko idazle erromantikoak agertzen hasi ziren.
Prosan; saiakerari dagokionez, Alexander Pope eta Samuel Johnson (klasizismoaren defentsaile nagusia) izan ziren egile garrantzitsuenak. Azken honek idatzia da Ingeles poeta handien bizia izeneko literatura azterketa. Garai horretako aldizkariek –The Spectator izenekoak batez ere– bultzatu zuten ingelesezko prosa gero eta askeagoa. Historia azterketen eremuan, David Hume eta Edward Gibbon dira idazle aipagarrienak.
Eleberria izan zen gehien landu eta aurreratu zen generoa. Garai honetako lehen narratzaile handia Jonathan Swift izan zen. Idazle honek, errealismoa alde batera utzita, oso idazlan zorrotzak egin zituen, bere garaiko instituzio politikoak zein erlijiozkoak eta gizakiaren izaera eta jokabideak kritikatzeko asmoz. Bere lan nagusia Gulliverren bidaiak izan zen. Narrazio errealistari dagokionez, Daniel Defoe idazlea izan zen emaitza biribilenak lortu zituena: Robinson Crusoe, Moll Flanders, etab.
Defoeren ildotik beste idazle batzuk abiatu ziren, nor bere irizpidez: Samuel Richardson (Pamela, Clarissa eleberri melodramatikoak), Henry Fielding (Tom Jones, Joseph Andrews ekintza eta pertsonaia ugari dituzten eleberriak), Tobias Smollet (Roderick Randon, Humphry Clinker eleberri bitalista eta komikoak, Dickensen bidea zabaltzen dutenak), Lawrence Sterne (Tristam Shandy'' gizonaren esperientzietan oinarritutako eleberria).
Mendearen bigarren erdian, Horace Walpolek “eleberri gotiko” generoa sortu zuen, Otrantoko gaztelua eleberriaren bidez. Genero horren jarraitzaileak izan ziren Clara Reeve eta Ann Radcliffe, eta, literatura teknika hobea erabili zuten Matthew Lewis eta William Thomas Beckford eleberrigileak. Oso bestelakoak ziren Oliver Goldsmithek idatzitakoak (Wakefieldeko bikarioa, adibidez), idealismoaren eta etika alorreko orientabideen adierazpenak baitziren.
XIX. mendea
aldatuBi arotan banatzen da ingeles literatura: aro erromantikoa eta Victoria erreginaren aroa.
Aro erromantikoa
aldatuPoesian sentimentuen adierazpen indartsua, naturarekiko harmonia eta irudimenaren gorespena ziren aro horretako poesiagintzaren ardatz nagusiak. Bi belaunalditakoak izan ziren ingeles poeta erromantikoak: lehen belaunaldikoak “lakistak” (aintziren poetak) deituak izan ziren: William Wordsworth eta Samuel Taylor Coleridge, Balada lirikoak idatzi zituztenak; Coleridge, bestalde, urrutiko tokietan kokatutako gaiak lantzen hasi zen (Tamburlaine, Kubla Khan). Wordsworth izan zen, hala ere, lirikan eragin handiena izan zuena.
Bigarren belaunaldiari dagokionez, George Gordon, Lord Byron ezizenez ezaguna, izan zen heroi erromantikoaren eredua. Lord Byronen idazlan nagusiak hauek dira: Childe Harolden erromesaldiak eta Don Juan. Bigarren belaunaldiko poetarik erradikalena Percy Bysshe Shelley izan zen. Oso teknika malgua erabili zuen poesiagintzan, eta bere lan nagusia Prometeo kateetatik askatua izan zen. Belaunaldi honetakoa izan zen John Keats ere: Greziar kutxa bati Oda, Endymion, Hyperion, etab.
Eleberrian Charles Robert Maturin irlandarrak Melmoth ibiltaria eleberri gotikoa idatzi zuen. Mary Shelleyk, poetaren emazteak, Frankenstein eleberria, eta Jane Austenek, Northangereko Abadia eta Harrotasuna eta prejuizioa. Dena den, Walter Scott eskoziarra izan zen eleberrigile erromantiko ospetsuena. Bere idazlan nagusiak Eskozian kokatutakoak ditu: Rob Boy, Guy Mandering eta Edimburgoko kartzelak.
Garai berekoak dira, baita ere, eleberrigile hauek: Brontë ahizpak (Anne, Charlote –Jane Eyre ezizenaz ezaguna– eta Emily –Ekaitz gailurrak idatzi zuena–) eta Thomas De Quincey.
Victoria erreginaren aroa
aldatuEleberrian, garai horretako eleberri errealistaren maisua Charles Dickens izan zen. Idazle honek Ingalaterra industrializatuak sortutako auzune ilun eta lohitsuak deskribatu zituen eta irakaskuntza sistemaren ankerkeria salatu: Oliver Twist, David Copperfield, Itxaropen handiak. Umorea ere erabili zuen, hala ere, Dickensek: Pickwick klubaren hil ondoko agiriak.
William Makepeace Thackeray idazleak, Dickensek ez bezala, burgesiaren mundua erretratatu zuen: The Book of Snobs, Vanity Fair. Anthony Trollopek apaizen eta politikarien kontrako satirak idatzi zituen (Phineas Finn), eta Mary Ann Evansek –George Eliot ezizena erabili zuenak– burgesiaren balioen aurkakoak (Middelmarch). Satira idatzi zuen, baita ere, George Meredithek The Egoist eleberrian.
Garai berekoa da Thomas Hardy, Madding Crowd eta Jude, the Obscure eleberrien egilea. Bestelako generoak landu zituzten Bram Stoker (Dracula) eta Joseph Sheridan Le Fanu (beldurrezko narrazioak) irlandarrek, Wilkie Collinsek, Arthur Conan Doylek (Sherlock Holmes sortu zuenak) eta Robert Louis Stevenson eskoziarrak (Altxorraren uhartea, Dr. Jekyll and Mr. Hyde).
Haur literaturari dagokionez, Charles Lutwidge Dogson –Lewis Carroll ezizena erabili zuena– izan zen idazle nagusia, eta bere Alizia lurralde harrigarrian surrealismoaren aintzindaritzat hartu izan da. Poesian Alfred Tennyson izan zen aro horretako poeta nagusia. Idazle horrek tradizioaren balioen alde egin zuen, eta Erdi Aroko gaiak erabili zituen: Idylls of the King, The Princess.
Garai bereko beste poeta batzuk: Dante Gabriel Rossetti, Algernon Charles Swinburne, Thomas Hardy, Robert Louis Stevenson, Gerard Manley Hopkins eta Robert Browning. Kritika eta saiakeran Thomas Carlyle, John Ruskin, William Morris, Walter Pater eta Matthew Arnold.
XIX. mendearen bukaerako idazleak
aldatuRudyard Kipling eta Oscar Wilde idazleek, oso bide urrunetatik, burutu zuten XIX. mendeko literaturaren garapena, eta XX. mendekoarenari bidea zabaldu zioten. Britainiar inperioaren balioen defentsaile izan zen Kipling, baina bere idazlanetatik geratu dena naturarekiko lilura majikoa (Oihanaren liburua) eta deskribapen indartsuak (Kim). Oscar Wilde, berriz, estetizismoaren bidetik abiatu zen. Bere idazlan nagusiak hauek dira: Dorian Grayren erretratua (gizartearen hipokresia salatzen duen komedia) eta Reading kartzelako balada (kartzelan idatzitako poema).
XX. mendea
aldatuHiru motatakoak dira mende horretako britainiar literatura balditzatu duten gertaerak: bi Mundu Gerrak, gizarte eta ekonomia krisi gero eta sakonagoa, eta inperioaren deuseztatzea.
Poesian William Butler Yeats irlandarrak tonu sinesgarriago bat eman zion XIX. mendetik zetorren poesia estetizistari (The Shadowy Waters). “Poeta georgiano” deitutakoek (Rupert Brookek eta Walter de La Marek, batez ere) naturaren deskribapen melankoliatsuak landu zituzten.
Ezra Pound eta T. S. Eliot Estatu Batuetako poetek eragin handia izan zuten britainiar poesian, zehaztasun intelektualari eta sakontasun filosofikoari sarbidea eman baitzioten. Eraginkortasun horren eredu nagusiak Elioten Waste Land eta Four Quartets poesia lirikoak dira. Surrealismoaren eragina, bestalde, 1930eko hamarkadan agertu zen, William Empsonen eta, batez ere, Dylan Thomas (The Map of Love) galestarraren bitartez. Beste poeta garrantzitsu batzuk: Robert Graves (Claudius the God), Ted Hughes eta Thom Gunn.
Antzerkian, Oscar Wilde irlandarrak hasitako berrikuntzaren bidetik, beste hiru irlandar abiatu ziren: W.B. Yeats (The Countess Cathleen), John Synge (Riders to the Sea) eta George Bernard Shaw (Man and Superman, Major Barbara, Pygmalion). Hiru horiez gainera, badira aipatu beharreko beste antzerki idazle batzuk: Joseph Priestley, John Glasworthy eta T.S. Eliot. Azken honek, eragin handiko drama erlijioso bat izatzi zuen: Murder in the Cathedral.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, antzerki soziala idatzi zuen idazle multzo bat agertu zen (angry young men, “gazte haserreak”, euskaraz): John Osborne (Looking Back with Anger), Arnold Wesker, John Arden, etab. Bestalde, absurdoaren antzerkia landu dute Ann Jellicoek eta Harold Pinterrek, besteak beste.
Eleberrian, errealismoari jarraitu dio eleberrigintzak XX. mendearen lehenbiziko hamarkadetan. Polonian jaiotako Joseph Conrad idazleak giro exotikoetan kokatu zituen bere narrazioak (Lord Jim, Heart of Darknees). Henry Jamesek, Estatu Batuetan jaioak, gizartearen kontraesanak aztertu zituen Daisy Miller, The Golden Bowl eta, batez ere, The Turn of the Screw eleberrietan. H.G. Wellsek fikziozko eleberria landu zuen: The Firts Men in the Moon, The Island of Dr. Moreau.
Wellsen ideia progresistak Arnold Benneten narazioetan ere agertzen dira. G.K. Chesterton katolikoak paradoxaren bidez adierazi zituen bere ideia etikoak eta erlijiosoak ('The Innocence of Father Brown). D.H. Lawrence, garaiko narratzailerik erradikalena, gizartearen konbentzionalismoaren kontra aritu zen: Sons and Lovers, Lady Chatterley’s Lover (azken hori debekatua izan zen, bere edukin erotikoarengatik).
1920ko hamarkadako liberalismo ekonomikoaren emaitza dira E.M. Forster eta Aldous Huxley. Huxleyren Brave New World satira futuristak badu George Orwellen 1984 eleberriarekiko kidetasunik. Britainiar literaturaren berritzailerik handiena James Joyce irlandarra izan zen, berak idatzitako Ulysses eleberriak aurreko narrazioen eredu guztiak apurtu baitzituen. Finnegans Wake eleberrian areagotu egin zuen Joycek, hermetismo irakurgatitz bateraino, bere lieratura hizkera nahasi eta hautsia. Virginia Wolfek inpresionismoa landu zuen: To the Lighthouse, Orlando, The Waves, Room of One’s Own.
Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan oso literatura kritikoa agertu zen, eta garai horretako idazlerik adierazkorrena Evelyn Waugh, idazle katoliko kontserbadorea, izan zen, 1930eko hamarkadako britainiar gizartearen satira zorrotzak (A Handful of Dust) eta eleberri sinbolistak (Brideshead Revisited) idatzi zituena. Waughek eragina izan zuen, batez ere, Graham Greene (Human Factor) eta Anthony Burgess (A Clockwork Orange) idazle katolikoengan. Esperimentalistagoak izan ziren Lawrence Durrell (The Alexandria Quartet tetralogia idatzi zuena) eta Malcom Lowry (Under the Volcano).
1950eko hamarkadatik aurrera,”gazte haserreak” izeneko taldeak izan zuen, eleberrigintzan ere, eragina, eta “eleberri proletarioa” bideratu zuen: Allan Sillitoe, David Storey (This Sporting Life), etab. Frantses existentzialismoak eragin nabarmena izan zuen Iris Murdoch irlandarrarengan. Angus Wilsonek eta Mervyn Peakek, berriz, britainiar gizartea aztertu zuten. Samuel Beckett irlandarrak –gehienbat frantsesez idatzi zuenak– Joyceren bidetik jarraitu zuen. Tom Sharpek umorezko eleberriak idatzi ditu.
Idazleak
aldatuKontinenteka sailkatuko ditugu egileak, jaiotze-lekuaren arabera eta kronologikoki.
Afrika
aldatu- John Ronald Reuel Tolkien. Hegoafrika. (1892-1973).
- Nadine Gordimer. Hegoafrika. (1923-2014).
- Dennis Brutus. Hegoafrika. (1924-2009).
- Chinua Achebe. Nigeria. (1930-2013).
- Christopher Okigbo. Nigeria. (1932-1967).
- Lenrie Peters. Gambia. (1932-2009).
- Wole Soyinka. Nigeria. (1934-...).
- John Maxwell Coetzee. Hegoafrika. (1940-...).
- Konfi Anyidoho. Ghana. (1947-...).
Amerika
aldatuIdazle klasikoak
aldatu- Washington Irving. AEB. (1783-1859).
- Edgar Allan Poe. AEB. (1809-1849).
- Herman Melville. AEB. (1819–1891).
- Walt Whitman AEB. (1819-1892).
- Emily Dickinson. AEB. (1830-1886).
- Mark Twain. AEB. (1835-1910).
- Henry James. AEB. (1843-1916).
- Zane Grey. AEB. (1872-1939).
- Lucy Maud Montgomery. Kanada. (1874-1942).
- Jack London. AEB. (1876-1916).
- Carl Sandburg. AEB. (1878-1967).
- Helen Keller. AEB. (1880-1968).
- Eugene O'Neill. AEB. (1888-1953).
- Raymond Chandler. AEB. (1888-1959).
- Pearl S. Buck. AEB. (1892-1973).
- James M. Cain. AEB. (1892-1977).
- Edna St. Vincent Millay. AEB. (1892-1950).
- Dashiell Hammett. AEB. (1894-1961).
- Francis Scott Fitzgerald. AEB. (1896-1940).
- William Faulkner. AEB. (1897-1962).
- Ernest Hemingway. AEB. (1899-1961).
- Langston Hughes. AEB. (1902–1967).
- John Steinbeck. AEB. (1902-1968).
Idazle garaikideak
aldatu- Frances Marion. AEB. (1888-1973).
- Thornton Wilder AEB. (1897- 1975).
- Tennessee Williams. AEB. (1911-1983).
- Saul Bellow. Kanada. (1915-2005).
- Arthur Miller. AEB. (1915-2005).
- Jerome David Salinger. AEB. (1919-2010).
- Isaac Asimov. AEB. (1920-1992).
- Truman Capote. AEB. (1924-1984).
- James Baldwin. AEB. (1924-1987).
- Flannery O'Connor. AEB. (1925-1964).
- Frank McCourt. AEB. (1930-2009).
- Derek Walcott. Santa Luzia. (1930-2017).
- Toni Morrison. AEB. (1931-2019).
- Alice Munro. Kanada. (1931-).
- Raymond Carver. AEB. (1938-1988).
- Margaret Atwood. Kanada. (1939-).
- Harvey Pekar. AEB. (1939-).
- Jim Davis. AEB. (1945-).
- Tim O'Brien. AEB. (1946-).
- Paul Auster. AEB. (1947-).
- Stephen King. AEB. (1947-).
- Art Spiegelman. AEB. (1948-).
Asia
aldatu- Doris Lessing. Persia/Hego Rhodesia/Britainia Handia. (1919-2013).
- Kazuo Ishiguro. Japonia/Ingalaterra- (1954-).
Europa
aldatuKlasikoak
aldatu- William Shakespeare. Ingalaterra. (1564-1616).
- Daniel Defoe. Ingalaterra. (1660-1731). "Robinson Crusoe" (1719).
- Jonathan Swift. Irlanda. (1667-1745).
- William Blake. Ingalaterra. (1757–1827).
- Jane Austen. Ingalaterra. (1775–1817).
- Lord Byron. Ingalaterra. (1788-1824).
- Mary Shelley. Ingalaterra. (1797-1851): "Frankenstein" (1818).
- Charles Dickens. Ingalaterra. (1812-1870).
- Lewis Carroll. Ingalaterra. (1832-1898): "Alice in Wonderland" (1865).
- Robert Louis Stevenson. Eskozia. (1850-1894): "Treasure Island" (Altxorraren uhartea), 1883.
- Oscar Wilde. Irlanda. (1854-1900): "The Importance of Being Earnest" (1895).
- George Bernard Shaw. Irlanda. (1856-1950).
- Joseph Conrad. Polonia (1857-1924)
- Arthur Conan Doyle. Eskozia. (1859-1930): "Sherlock Homes" (1887).
- James Matthew Barrie. Eskozia. (1860-1937): "Peter Pan" (1906).
- Rudyard Kipling. India. (1865-1936): "The Jungle Book" (1894).
- William Butler Yeats. Irlanda. (1865-1939).
- James Joyce. Irlanda. (1882-1941).
- Isak Dinisen. Danimarka. (1885-1962): "Out in Africa" (1938).
- Aldous Huxley. Ingalaterra. (1894–1963).
- Vladimir Nabokov. Errusia. (1899-1977).
- Dylan Thomas. Gales. (1914–1953).
Garaikideak
aldatu- Bertrand Russell. Gales. (1872-1970).
- Rhys Davies. Gales. (1901-1978).
- W. H. Auden. Ingalaterra. (1907-1973).
- Roald Dahl. Gales. (1916-1990).
- Harold Pinter. Ingalaterra. (1930-2008).
- Art Spiegelman Suedia/AEB. (1948-).
- Ken Follett. Gales. (1949-).
- Dave Gibbons. Ingalaterra. (1949-).
- Alan Moore. Ingalaterra. (1953-).
- Hanif Kureishi. Ingalaterra. (1954-).
- J. K. Rowling. Ingalaterra. (1965-).
Ozeania
aldatu- Banjo Paterson. Australia. (1864–1941).
- Henry Lawson. Australia. (1867–1922).
- Miles Franklin. Australia. (1879–1954).
- Katherine Mansfield. Zeelanda Berria. (1888–1923).
- Patrick White. Australia. (1912–1990).
- Janet Frame. Zeelanda Berria. (1924–2004).
- Fleur Adcock. Zeelanda Berria. (1934–).
- Witi Ihimaera. Zeelanda Berria. (1944–).
Euskaraz
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/12 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.