Arte higigarri edo arte eramangarri, Historiaurreko artearen ikerketa esparruaren barnean, neurri mugatu eta erabilerrazeko, hau da, gizakiek garraiatzeko moduko objektu batean eginiko edozein artelani (zentzu zabalean) deritzo.

Arte higigarri kontzeptua, beraz, paleolitoko labar artearekin alderatzen da. Azken hau ezin eraman daiteke, haitzulo edo harkaitzetan egina dagoelako. Neolitoko eta Metalen Aroetako estatua-zutarriak eta hilarriak bezalako tamaina handiko lanak ere ez dira arte higigarritzat hartu behar.

Arte higigarria biziki dibertsoa da, ez baititu soilik artelanak hartzen (estatuatxoak eta apaindurak kasu), baina baita objektu funtzional eta tresna apainduak ere. Honela, Paleolitoko arte higigarria dago, non, esate baterako, plakatxo grabatuak, paleolitoko Venusak, apaingarriak eta arpoi, azagaia eta bultzagailu apainduak dauden. Europar epipaleolitoan errekarri margotu aziliarrak oso bereizgarriak dira.

Neolitoan, gainera, buztin egosizko objektuak agertzen dira (hau da, pitxer apainduak, zeramikazko iruditxoak), idolotxoak, ehunak, irudi geometriko edo figuratibodun esterak, etab...

Metalen Aroan, elementu guzti hauei metalezko objektuak, objektu harranditsu eta erritualak, paparrekoak eta armak gehitzen zaizkie; guztiak biziki sofistikatuak ziren apainketa teknikekin eginak: zilar nielatua, filigranak, bozelketa, damaskinatua, moldeoa argizari galdura, eta abar.

Paleolitoa

aldatu

Paleolitoko Venusak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Paleolitoko Venus»

Venusen estatuatxoak Cro-Magnonei lotuta egon ohi dira, eta giza irudien lehen irudikapen ezaguna dira. Maizago aurkitzen dira Gravettiarrean (batez ere Frantziako Goi Périgordiarrean, Txekiar Pavloviarrean eta Errusia mendebaldeko Kostenkiarrean) eta gehienak duela 29 eta 23 mila urte bitartekoak dira. Ia Venus guztiek emakume biluziak irudikatzen dituzte, eta esku baten tamaina izaten dute. Burua beherantz okertuta dute, aurpegirik gabe, beso meheak bular handien gainean amaitzen edo gurutzatzen dira, ipurmasail irmoak dituzte, sabelaldea zabala (haurdunaldi gisa ulertuta), hanka txiki-txikiak dituzte eta tolestuta, eta oinak iltzatuta edo nabarmenki motz. Venusen proportzioak aldatu egiten dira, eta horren arrazoia izan daiteke material batzuk erabiltzeko mugak izatea, beste batzuen kaltetan, edo nahita egindako diseinu-aukerak[1]. Ekialdeko Europako Venusek bularrak eta sabela azpimarratzen dituztela dirudi; Mendebaldeko Europakoek, berriz, aldakak eta izterrak[2].

Venusen lehen interpretazioek obesitatea edo esteatopigia zuten emakumeen irudikapenak zirela uste zuten (afekzio horretan, emakumearen gorputzak gantz gehiago metatzen du izterretan eta ipurmasailetan, eta, ondorioz, nabarmenagoak dira). Lehen hipotesietako baten arabera, cromagnonentzat emakume-idealak obesitatea zuwn, edo Venusak erotismo gisa erabiltzen zituzten gizonek, mendebaldeko kulturan sexualizatu ohi diren gorputz-atalak puztu egiten zirelako (baita xehetasunik ez zegoelako ere aurpegia eta gorputz-adarrak bezalako ezaugarriak indibidualizatzeko). Mendebaldeko egungo ereduak Paleolitoko herrietara zabaltzea zalantzan jarri zuten, eta kontrako interpretazio bat egin zuten: edo Venusak Ama Jainkosak ziren, edo cromagnonek uste zuten gauzen irudikapenek propietate magikoak zituztela subjektuaren gainean, eta emakume haurdun baten irudikapen horrek ugalkortasuna eta emankortasuna erraztuko zituela. Hori ere zalantzan jartzen da, seme-alabak hazteari dagokionez soilik emakumeengan pentsatzen dela suposatzen baitu[1].

Zulatutako makilak

aldatu

Cromagnonek ere adarrez, hezurrez edo harriz zulatutako makilak zizelkatu zituzten, batez ere Solutre eta Madeleine aldietan. Makil horiek Madeleine aldiaren amaieran desagertzen dira erregistro arkeologikotik. Makila batzuek izaera falikokoak dirudite. 2010ean, 60 bastoi inguru zakilen irudikapenak zirela (denak erekzioekin) planteatu zen; horietatik 30ek dekorazioa dute, eta 23k zulatuta daude. Makila faliko batzuk zirkunzidatuta agertzen dira eta ornamentazio motaren bat daramatela dirudi, piercingak, eskarifikazioak edo tatuajeak adibidez. Makila zulatuen xedea eztabaidatu da, helburu espiritualak edo erlijiosoak, apaindura edo estatus ikurra, txanpona, baketak, dendetako euskarriak, ehuntzeko tresnak[3], lantza-zuzengailuak, lantza-jaurtigailuak[4] edo kontsolagailuak izan daitezkeela proposatu da. Zulatu gabeko bastoi falikoak zentimetro gutxi batzuetatik 30 cm-ra bitartekoak ziren, eta berehala jostailu sexual gisa interpretatu ziren[5].

Animalia eskulturak

aldatu

Animalien irudikapenak arruntak ziren cromagnonen artean. 2015ean, 50 marfil aurignaziar figura eta zati berreskuratu zituzten Suabiako (Alemania) Juran. Ikus daitezkeen irudietatik, gehienek mamutak eta lehoiak irudikatzen dituzte, eta zaldi gutxi batzuk, bisonteak, errinozeronte bat ziurrenik, uretako hegaztiak, arrainak eta ugaztun txikiak. Eskultura hauek esku baten tamaina dute eta lan eramangarriak izango ziren, eta iruditxo batzuk zintzilikario bihurtu ziren. Iruditxo batzuek grabatu enigmatikoak, puntuak, markak, lerroak, kakoak eta motibo gurutzatuak ere bazituzten[6].

Grabatu sinbolikoak

aldatu

Cromagnonek grabatu sinboliko hutsak ere egin zituzten. Hezur edo adarrezko hainbat plaka daude (leuntzaileak, espatulak, paletak edo ganibetak deiturikoak), koska serie distantziakideak dituztenak; horien artean, Blanchardeko plaka nabarmentzen da, ondo kontserbatuta dagoena, 32.000 urtekoa, Abri Blanchardetik (Frantzia) datorrena; 24 marka ditu itxuraz sigi-saga egiten duen patroi batean. Bere aurkitzaileak, Thomas Rupert Jones paleontologo britainiarrak, 1875ean espekulatu zuen elementuak zenbatzeko sistema primitibo bat izan zitekeela, hala nola animalia hilak, edo beste anotazio-sistemaren bat. 1957an, Karel Absolon arkeologo txekiarrak aritmetika irudikatzen zutela iradoki zuen[7]. 1972an ere, Marshackek 15.000 eta 13.000 urte bitarteko Madeleine plakak identifikatu zituen, itxuraz bloke edo multzotan antolatutako sinbolo abstraktu txikiekin, eta idazkera sistema primitibo baten irudikapen gisa interpretatu zuen[8].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Ingelesez) McDermott, LeRoy. (1996-04). «Self-Representation in Upper Paleolithic Female Figurines» Current Anthropology 37 (2): 227–275.  doi:10.1086/204491. ISSN 0011-3204. (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  2. (Ingelesez) Soffer, O.; Adovasio, J. M.; Hyland, D. C.. (2000-08). «The “Venus” Figurines: Textiles, Basketry, Gender, and Status in the Upper Paleolithic» Current Anthropology 41 (4): 511–537.  doi:10.1086/317381. ISSN 0011-3204. (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  3. (Ingelesez) Lazaro, Enrico de. (2016-07-22). «Archaeologists Find 40,000-Year-Old Rope-Making Tool in Germany | Sci.News» Sci.News: Breaking Science News (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  4. Underwood, Leon. (1965). «143. 'Le bâton de commandement.'» Man 65 (4): 140–143.  doi:10.2307/2796077. ISSN 0025-1496. (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  5. (Ingelesez) Angulo, Javier C.; García-Díez, Marcos; Martínez, Marc. (2011-12). «Phallic Decoration in Paleolithic Art: Genital Scarification, Piercing and Tattoos» Journal of Urology 186 (6): 2498–2503.  doi:10.1016/j.juro.2011.07.077. ISSN 0022-5347. (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  6. (Ingelesez) Floss, Harald. (2015-12-12). «The Oldest Portable Art: the Aurignacian Ivory Figurines from the Swabian Jura (Southwest Germany)» Palethnologie. Archéologie et sciences humaines (7)  doi:10.4000/palethnologie.888. ISSN 2108-6532. (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  7. (Ingelesez) Marshack, Alexander. (1972-06). «Cognitive Aspects of Upper Paleolithic Engraving» Current Anthropology 13 (3/4): 445–477.  doi:10.1086/201311. ISSN 0011-3204. (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).
  8. Marshack, Alexander. (1972-11-01). «Upper Paleolithic Notation and Symbol» Science 178: 817–828.  doi:10.1126/science.178.4063.817. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2024-09-18).

Kanpo estekak

aldatu