Damaskinatua burdinazko, kobrezko edo altzairuzko azal batean (normalean txarolatua) zilarrezko, urrezko edo kobrezko hariak txertatzearen artisau teknika bat da.

Eibarko damaskinatu pieza bat.

Aurrekariak

aldatu
 
Vacceoen pieza nielatua (K.a. IV mendea).

Metal bitxiak metal arruntean txertatzeko teknikak ezagunak dira antzinatik: Egipton, Grezian eta Erroman egin izanaren lekukotasunak daude. Grezian metal preziatuak txertatzearen teknikaren sorrera Kioseko Glaukori egozten zaio.[1] Txina eta Japonen ere erabili izan da, azken honetan katanak apaintzeko erabili izan delarik.

Iberiar Penintsulan erromatarren garaiaren aurretik erabilia izan zen, vacceoen (Pintia, Valladolid)[2] eta iberiarren (Almedinilla, Kordoba)[3] aztarnategietan aurkitu denez, nielatu izeneko teknikarekin.[4] Al Andalus garaian indarra hartu zuen, batez ere Toledon (ataujia izeneko teknika[5]), arte hispaniar-arabiarraren ezaugarri bihurtzeraino. Baina, mendeekin eskulangintza hau galdu zen, XIX. mendean artisau eibartarren eskutik berpiztu zen arte.[6]

Damaskinatuaren historia

aldatu

XIX. mende erdikaldean, Eusebio Zuloaga armaginak Madrilgo Erret Museoan erakusgai zeuden armadura batzuk ikusi zituen. Haien apaindurak aztertu eta gero, Eibarren puntzetaz pikatuz horrelakoak egiten hasi zen. Bere seme Plácido Zuloagak teknika hobetu zuen, metalean labainarekin ildoak eginez; horrela lana bizkorrago egitea eta akabera finagoa lortu zuen. Teknika berri honi damaskinatu izena eman zitzaion, Erret Museotik ekarritako armadura Damaskoko (Siria) gudari batena baitzen; eta pieza handiagoak apaintzen hasi ziren (pitxerrak, kutxak, erlojuak...), emaitza ikusgarriekin, hala nola Prim jeneralaren panteoia (Reus) eta Loiolako Santutegiaren aldarea (Azpeitia). Zuloagatarren pieza gehienak Madrilgo Erret Museoan eta Khalili bilduma pribatuan daude gaur egun.[7]

Toledotik armak Eibarrera bidaltzen hasi ziren, damaskinatzeko; honek garraio arazoak ekarri zituen, eta epeak laburtzeko 1875ean Eibarko artisau talde bat Toledora aldatu zen.[5] Ondorioz, bertako artisauek damaskinatuaren teknika berreskuratu eta hedatu zuten.[6] Azken hamarkadetan ekoizpena asko handitu da, eta neurri handian industrializatu egin da;[7] halere, badira artisau erara aritzen diren tailer txikiak ere.

Euskal Herrian, berriz, eskulangintza mota hau azkenetan dago,[8] eta batez ere museoetako erakusgaia da, Eibarko Armagintzaren Museoan adibidez.[9]

Eibarren eta Soraluzen, damaskinatua batez ere armak apaintzeko erabili izan da (eskopetak, pistolak, fusilak...), eta neurri txikiagoan bitxigintzarako.

Teknika

aldatu
 
Damaskinatzaile baten tresnak, Eibarko Armagintza Museoan.

Damaskinatuaren prozedura hauxe da:[6]

  • Pikatzea: apaindu beharreko piezaren azala labainez erreiatzea.[5] Batzuetan, honen ordez pieza azido nitrikoan murgiltzen da azalari laztasun hori emateko.[5]
  • Sartzea: artisauak metal bitxia ildoetan sarrarazten du, diseinatutako marrazkiaren arabera.[10]
  • Mateatzea: punta lauzko puntzoia mailukarekin leunki jotzen da, urrea ildo barruan tinkatzeko.[11]
  • Txarolatzea: ostean, damaskinatutako pieza sosa kaustiko eta nitrato potasiko bainu bero batean sartzen da; era horretan, oinarrizko metalak kolore iluna hartzen du, eta metal bitxia nabarmenago gelditzen da.[12]
  • Sonbreatzea: erliebe itxura hartzeko, gubil eta mailukarekin urreztatutako irudiak osatzen dira.[13]
  • Perleatzea: aukerakoa (ez da beti egiten). Puntzeta batekin kanala egitea, eta puska-kentzaile batekin bolak ateratzea.[14]

Lan tresnak

aldatu
 
Grabatzeko gubilak, puntzoia eta labainak.

Damaskinatu lanetarako erabiltzen diren tresna batzuk:[5]

  • Grabatzeko bola: 15 bat kilotako burdinurtuzko esfera, erdian kanal torlojudun bat duena. Bertan egur zati bat oratzen da, eta bere gainean bikez itsatsirik grabatu beharreko pieza. Bola egurrezko hiruki baten gainean ezartzen da, pieza behar bezala kokatzeko norabide guztietan mugitu ahal izateko.
  • Bikea: artisauak prestatzen duen gai itsaskorra, grabatu beharreko pieza immobilizatzeko, normalean erretxinaz, gantzez eta okrez egina.
  • Gubila.
  • Labaina.
  • Punta desberdinetako puntzoiak.
  • Mailuka.

Erreferentziak

aldatu
  1. «Glauco (s. VI a.C.). » MCNBiografias.com» www.mcnbiografias.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).
  2. Vaccea 2013 urtekaria. https://pintiavaccea.es/.
  3. Gabaldón, Mar. (2003). La falcata de Almedinilla. .
  4. «ARMAS DE CAZA - HUNTING GUNS: Página 1 - EL GRABADO, sus diferentes técnicas artesanales» ARMAS DE CAZA - HUNTING GUNS (Noiz kontsultatua: 2019-06-11).
  5. a b c d e Larrañaga, Ramiro. El damasquinado de Eibar. .
  6. a b c (Gaztelaniaz) Alonso, Juan Luis. (2009-03-15). «El damasquinado o damasquino de Toledo» Leyendas de Toledo (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).
  7. a b (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2007-12-08). «Reportaje | Los últimos damasquinadores de Eibar» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).
  8. (Gaztelaniaz) «La última damasquinadora» El Diario Vasco 2018-11-25 (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).
  9. (Gaztelaniaz) «El Museo tiene mucho más damasquinado» El Diario Vasco 2018-04-22 (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).
  10. «Eibar aldeko hiztegia | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).
  11. «Eibar aldeko hiztegia | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).
  12. (Gaztelaniaz) Artesanía, Admin. (2016-03-21). «La tradición ancestral del damasquinado, oro y cultura de Toledo» Artesanía Tradicional Toledana (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).
  13. «Eibar aldeko hiztegia | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).
  14. «Eibar aldeko hiztegia | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-10).

Kanpo estekak

aldatu