Epipaleolitoa

garai arkeologiko
Epipaleolito» orritik birbideratua)

Epipaleolitoa (Antzinako grezieraz: Epi=gainean) gizakien teknologiaren garapenean Harri Aroko Neolitoaren aurrean doan garaia da.

Aziliar puntak

Pleistozenoa duela 10.000 urte inguru hasi zen, eta nekazaritzaren sarrerarekin bukatu, duela zortzi bat mila urte. Ekialde Hurbileko, Anatoliako eta Zipreko aztarnategietarako erabiltzen da Epipaleolito terminoa. Izan ere, hor glaziarren ondoko klima aldaketa ez zen oso nabarmena izan, eta Neolito Iraultza (nekazaritza eta abeltzaintza teknikak sartzea) goiz gertatu zen.

Epipaleolitoko ehiztari-biltzaileek erlatiboki garatutako tresnak ekoiztu zituzten, mikrolito izenekoak, silexez edo obsidianaz eginak. Eskuarki nomadak izaten ziren, nahiz eta Natufiar kulturan herrixkak egon ziren.

Epipaleolitoa, Mesolitoa eta terminologiaren nahasmena

aldatu

Urte askotan, Paleolitoaren (Harri zaharra) eta Neolitoaren (harri berria) arteko trantsizio-aldia Mesolitikoa (Harri ertaina) izan zen. Termino horiek eta «historiaurrea» terminoa John Lubbock (1834-1913) matematikari eta dibulgatzaile zientifikoak zabaldu zituen. XX. mendearen hasieran, ordea, autore batzuk Epipaleolito hitza erabiltzen hasi ziren, "Paleolitoaren gainetik" esan nahi duena. Eta orduan nahasmena hasi zen.[1]

 
Kebaratar kulturako basaltozko motrailua. 22.000 - 18.000 B.P. Israelgo Museoa.

Glaziarrek eragin mugatua izan zuten lekuetarako, Mesolitoa beharrean, Epipaleolitoa izendapena hobesten da. Hori ondo egokitzen zaio Ekialde Hurbileko kulturei, Natufiar kulturari eta Kébarar kulturari, besteak beste.

Hitz bat ala bestea zehazki aplikatzeko irizpideetan adostasunik ez dago. Batzuentzat, garai berean garatzen dira baina eskualde ezberdinetan, eta beste batzuentzat, aldiz, Mesolitoa Epipaleolitoaren ondoren sortu zen[2]. Oro har, Ekialde Hurbileko (Asia mendebaldeko) kulturetarako Epipaleolito hitza erabili izan da eta Europakoentzat Mesolitoa.

Larousee entziklopediaren arabera, gaur egun, bereizi egiten dira epipaleolitoa, glaziazio osteko fazies guztiak biltzen dituena, eta ehiztari-arrantzaleen ekonomia eta teknologia erabiltzen jarraitzen dutenak, eta Mesolitikoa, ekoizpenak ezaugarritzen duen sistema ekonomikoa duena: etxegintza, abeltzaintza eta sedentarizazioa dakarren nekazaritzaren hasiera.[3]

Romain Sivignon arkeologoak, azken glaziazioaren ondoren agertu eta Neolitoa arte iraun zuten gizarteak izendatzeko Epipeleolitoa hitza erabiltzen du, eta ondoren, kultura edo gizarte mesolitikoak agertzen dira.[4] Epipaleotiko kulturak, neurri handi batean, erabili zuten mikrolitoez osatutako tresneriari esker identifikatzen dira.

Gaur egun, izendapen hori Ekialde Hurbilari dagokionez batez ere, Goi Paleolitoaren amaieran sortu zen mikrolito-nagusitasuna duen industria oro epipaleolitotzat jotzen da, nahiz eta azken glaziarraren amaiera baino lehenagokoa izan (K.a. 8300). Euskal herrirako ere erabili izan da izendapen hau, eta Aziliensea, besteak beste, Epipaleolitikoko kulturen artean sailkatzen da.[5][6]

Azkenik, beste izendapen berri bat azaldu da: Azpineolitoa edo Paraneolitoa; Mesolitoaren azken aroa izango litzateke, Neolitoaren ezaugarri batzuk dituena eta Europa ipar eta ipar-ekialdean identifikatu dena[7].

Javier Rubi historia dibulgatzailearen esanetan, Epipaleolitoa ez du onartzen komunitate zientifiko osoak, eta, gaur egun, hainbat modutan erabiltzen da:

  • Eremu anglosaxoian, oro har, Mesolitikoaren sinonimo gisa erabiltzen da.
  • Frantziako eragin akademikoko eremuan alde nabarmena ezarri ohi da bien artean:
    • Mesolitikoa ehiztari-biltzaile elkarteentzat izango zen, beren kabuz, denboran zehar beren barne-prozesuengatik, azkenean nekazari bihurtu zirenentzat.
    • Epipaleolitoa, kanpoko eraginen ondorioz (jada neolitizatuta dauden herriekiko kontaktuen bidez) beren hasierako ekonomia harrapariaren ordez ekonomia ekoizlea hartu zutenei aplikatuko litzaieke, hau da, Epipaleolitotik Neolitora pasa ziren.
    • Hirugarren joera epipaleolitikoa tradizio paleolitiko argiko hasierako Holozenoko gizarteekin eta Mesolitikoa ondorengoekin identifikatzen duten autoreena litzateke.[1]

1987an, Ignacio Barandiarán Maestu gipuzkoar arkeologoak, Epipalolitoa eta Mesolitoa sinonimotzat hartzen zituen bere "La Prehistoria de Navarra : estado actual de los estudios" artikuluan.[8] Baina indusketek aurrera egin hala, ikuspuntua eta interpretazioa aldatu dira. Adrian Carretón arkeologoak honela bereizten ditu bi kontzeptuok: Epipeleolitoko gizarteek, Paleolitoko bizimodua gordetzen du, gizarte mesolitikoek ordea, zenbait abere eta animali ekoizpen sartzen dituzte,[9] baina oraindik ez dira neolitikoak. Antzeko moduan ulertzen ditu Epipaleolitoa eta Mesolitoa arteko desberdintasuna Miguel Angel Fano arkeologoak Iberiar penintsulako Iparralderako aztarnategiei buruzko bere azterlanean: gizarte eipipaleolitikoetan Goi Paleolito amaieraren ostean sortzen dira Paleolitoaren ezaugarri asko gordetzen dituzte, eta Europa hegoaldean aurkitutako kulturak sailkatzeko erabili izan da, hala nola Aziliensea eta Mediterraneoko mikroxaflen Epipaleolitoa. Europa iparraldean Mesolitoa izan da ia beti erabili izan dena, seguruenik, paleolitoaren kulturaren ezaugarriak gordetzen dituzten kulturalak aurkitzea oso zaila delako. Gizarte mesolitikoetan Peleolitoko kultura desagertu da eta bizimodu berriak islatzen duten kultura material uzten dute erregistro arkeologikoan. Iberiar Penintsulako iparraldean maila mesolitikoak dituzten aztarnategiak ere atzeman dira.[10]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Gaztelaniaz) Donzé, Javier Rubio. (2017-11-29). «¿Qué significan los términos "Epipaleolítico" y "Mesolítico"?» ACADEMIA PLAY! (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  2. The Penguin archaeology guide. London : Penguin Books ; New York, N.Y. : Penguin Putnam 2001 ISBN 978-0-14-029308-1. (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  3. (Frantsesez) Larousse, Éditions. «mésolithique - LAROUSSE» www.larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  4. Sivignon, Romain. Chronologie générale de l'épipaléolithique, mésolithique et néolithique. (Noiz kontsultatua: 2023-05-12).
  5. (Gaztelaniaz) Berganza, Eduardo. (1990). «El Epipaleolítico en el País Vasco» MUNIBE (Antropologia - Arkeologia) 42: 81-89. ISSN - 3414 0027 - 3414..
  6. (Gaztelaniaz) «Aportavciones recientes al Epipaleolítico en Bizkaia» Kobie (Serie Anejos) (Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia) 6 (1 lib.): 151-160. ISSN 0214-7971..
  7. (Ingelesez) Piličiauskas, Gytis; Kisielienė, Dalia; Piličiauskienė, Giedrė. (2017-03-01). «Deconstructing the concept of Subneolithic farming in the southeastern Baltic» Vegetation History and Archaeobotany 26 (2): 183–193.  doi:10.1007/s00334-016-0584-9. ISSN 1617-6278. (Noiz kontsultatua: 2023-05-30).
  8. (Gaztelaniaz) Barandiaran Maestu, Ignacio. (1987). «La Prehistoria de Navarra: estado actual de los estudios» Príncipe de Viana. Anejo 6 (6): 63–88. ISSN 1137-7054. (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  9. (Gaztelaniaz) Carreton, Adrian. (2018-10-11). «¿Qué fue el Epipaleolítico?» Patrimonio Inteligente (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  10. (Gaztelaniaz) Fano Martínez, Miguel Angel. (2004). «Un nuevo tiempo: El Mesolítico en la región cantábrica» Las sociedades del Paleolítico en la región cantábrica (Bilbao: Bizkaiako Foru Aldundia) 8: 337–402. ISSN 0214-7971. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu