1981eko otsailaren 23ko Espainiako estatu-kolpea
1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpea, ezagunago 23-F izenez, Espainian garai hartako agintari militar batzuek arrakastarik gabe gauzatutako estatu-kolpea izan zen. Gertakaririk ezagunena Espainiako Diputatuen Kongresua erasotzea eta hartzea izan zen: guardia zibil talde batek, Antonio Tejero lotinant koronela buru zuela, Kongresua hartu zuen, Leopoldo Calvo-Sotelo presidente izendatzeko bozkatzen ari zirenean.
1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpea | |||
---|---|---|---|
Espainiako trantsizioa | |||
Data | 1981eko otsailaren 23-24 | ||
Lekua | Nagusiki Madril eta Valentzia | ||
Koordenatuak | 40°25′N 3°42′W / 40.42°N 3.7°W | ||
Emaitza | Arrakastarik gabeko estatu-kolpea
| ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
El Tejerazo ("Tejerokada") ezizenez ere ezaguna izan zen, egile nagusia Tejero izan zelako.
Aurrekariak
aldatu1981eko estatu-kolpea Espainiako Trantsizio Demokratikoan izandako gertakariekin lotura estatua da. Lau elementuk etengabeko tirabirak sortzen zituzten, UCDko gobernuak kontrolatu ezin zituenak: krisi ekonomikotik eratorritako arazoak[1], Estaturako banaketa administratibo berria sortzeko zailtasunak, ETAren ekintza terroristak eta sistema demokratiko bat onartzeko armadako hainbat sektorek agertu zuten erresistentzia.
Galaxia operazioa
aldatu1977ko apirilean indar armatuen egonezinaren lehen sintomak azaltzen hasi ziren, PCEren legeztapena zela eta. Urte hartako apirilaren 9an armadako almirante, Marinako ministro eta Armadako Kontseilu Gorenak dimisioa aurkeztu zuten Alderdi Komunista legeztatzearekin ados ez zeudelako. 1978ko azaroan Galaxia operazioa desegin eragin zuten, saiakera kolpista bat; ondorioz, arduradun nagusiari, Antonio Tejerori, zazpi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zitzaion.
Suárezen dimisioa
aldatu1981eko urtarrilaren 29an Adolfo Suárezek Gobernuko presidenteak dimisioa eman zuen. Hainbat gertakari izan ziren eragileak. Otsailaren 1ean "Almendros" kolektiboak egunkari batean kolpearen aldeko artikulu bat argitaratu zuen; otsailaren 2tik 4ra, Espainiako erregeek Gernikako Batzar Etxea bisitatu zuten eta oihukatuak izan ziren. Otsailaren 6an, Lemoizko zentral nuklearreko Jose Maria Ryan ingeniaria hil zuen ETA militarrak.
Garai zail hartan, militarrek Suárezen ordezkapena martxan jarri zuten. UCDko II. Kongresua egin zuten Mallorcan, eta Agustín Rodríguez Sahagún alderdiko presidente aukeratu zuten, baina otsailaren 10ean Leopoldo Calvo-Sotelo Espainiako Gobernuko buru izan zen izendatua.
Euskal gatazka
aldatuEuskal gatazka puri-purian zen, tartean zirela atentatuak, errepresioa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutuari eta ekonomia itunei buruzko negoziazio bihurriak, Suarezek zuzenduak. Bilakaera horiek asaldatu egin zituzten estatuko sektore frankistenak, bereziki militar talde batzuk. Urtarrilaren 29an, Suarezek dimititu berritan, ETA militarrak Jose Maria Ryan Lemoiz zentral nuklearreko ingeniari burua bahitu zuen, astebeteko epea emanez Lemoizko zentral nuklearreko obrak bertan behera uzteko. ETAren kontrako manifestazio handi bat egin zen Bilbon, aske utz zezaten eskatzeko.
Aldi berean, Espainiako poliziak sarekada bat egin zuen Madrilen eta ustezko hainbat etakide atxilotu otsailaren 4an, tartean zela Joxe Arregi. Bi egun geroago, ETAk Ryan erail zuen buruan tiro eginez, eta gorpua Zaratamon basoko bide batean agertu zen. Otsailaren 13an, Joxe Arregi polizia etxean bederatzi egunez torturatu ondoren hil zen. Euskal Herriko kaleetan mobilizazioa eragin zituen. Horrek polizia frankistaren iraupenari eta haren tortura praktikei buruzko eztabaida bizia eraman zuen Espainiako Kongresura. Otsailaren 20an, ETA politiko-militarrak hiru atzerriko kontsul bahitu zituen.
Inbestidura saioa
aldatuOtsailaren 18an, Calvo-Sotelok bere gobernua aurkeztu zuen, baina otsailaren 20ko bozketan ez zuen gehiengoa lortu presidentetza lortzeko. Horregatik, otsailaren 23an berriz bozkatu behar izan zuten, baina kolpezaleek egun hori aukeratu zuten estatu-kolpea egiteko.
Otsailak 23
- 17:00.— Leopoldo Calvo Soteloren inbestidura saioa hasten da Kongresuan.
- 18:00.— Bozketa hasten da.
- 18:23.— Tejero aretoan sartzen da hainbat guardia zibilekin.
- 19:00.— Valentzian, Milans del Bosch teniente jeneralak salbuespen egoera ezartzen du.
- 19:30.— Milans del Boschen militarrak desplegatzen ditu Valentzian.
- 21:00.— Behin-behineko gobernuaren eraketa.
- 23:50.— Alfonso Armada Kongresuan sartzen da.
Otsailak 24
- 01:14.— Erregearen mezua telebista bidez.
- 01:18-01:30.— Armada Kongresutik irtetzen da.
- 05:45.— Milans del Boschek salbuespen egoera deuseztatzen du.
- 10:00.— Emakumezko diputatuak irtetzen dira Kongresutik.
- 12:15.— Gizonezko diputatuak irtetzen dira Kongresutik.
Diputatuen Kongresuko erasoa
aldatuTrantsizioko hainbat indar kolpista batu ziren otsailaren 23ko estatu-kolpeko erasoan, ekintza koordinatu baten bidez. Arratsaldeko 6etan Leopoldo Calvo-Soteloren Espainiako presidenterako inbestidura bozketa hasi zen. 18:22etan Manuel Nuñez diputatu sozialistak bere botoa ematera zihoanean, "Duque de Ahumada" operazioa martxan jarri zen. Guardia zibil talde bat metrailetekin Madrilgo Diputatuen Kongresuko hemizikloan indarka sartu ziren Antonio Tejero lotinant koronela buru zela. Honek "¡Quieto todo el mundo!" (Geldi denokǃ) oihua bota zuen eta denak lurrera botatzeko agindua eman zuen.
Manuel Gutiérrez Mellado bere eserlekutik altxatu eta Tejerori zuzendu zitzaion armak uzteko eskatuz. Tejerok bere aginduak berresteko tiro bat bota zuen airera eta beste guardia zibil erasotzaileek ere hainbat tiro bota zituzten euren su-armekin. Diputatu guztiek aginduak jarraitu zituzten eta beren burua lurrera bota zuten, Adolfo Suárezek eta Santiago Carrillok izan ezik, biek nork bere eserlekuan eseririk jarraitu baitzuten.
Grabazioa zuzenean
aldatuTelevisión Españolako langile bat inbestidura grabatzen ari zela, bere bizia arriskatu zuen estatu-kolpeko ordu erdi grabatuz. Gau hura "la noche de los transistores" (euskaraz transistoreen gaua) bezala deitu zuten Espainiako biztanleriaren kopuru handi batek Cadena SER irrati-katearen bitartez estatu-kolpea jarraitu baitzuten.
Valentziako altxamendua eta behin-behineko gobernua
aldatuPlan golpistari jarraituz Valentzian Jaime Milans del Bosch kapitan jeneralak altxamendua eragin zuen kalera tankeak ateraz eta eraikin publiko guztiak setiatuz, hala nola udaletxea eta Valentziar Gorteak. Salbuespen egoera ezarri zuen eta beste militar batzuek altxamendua jarraitzen saiatu zen.
Gaueko bederatzietan Barne Ministroak idatzi bat pasa zien komunikabideei Espainiako Gobernuko idazkariordeen behin-behineko gobernua dekretatuz. Francisco Láina Estatuko Segurtasun zuzendaria buru zela.
Erregearen eskuhartzea
aldatuJoan Karlos Ia. erregearen posizioak hizpidea jarri du. Otsailaren 24ko ordu txikietan telebistan agertu zen mezu epel batean agintari zibil eta militarrei "ordena konstituzionala mantentzeko" aginduz. Gestioak egin zituen Madrilgo Palace hotelean Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren orduko zuzendari nagusiekin. Jordi Pujol orduko Generalitateko presidenteak RNE irratiaren bitartez lasaitasunerako deia eman zuen.
Erregeak ere Sabino Férnandez Camporen laguntza izan zuen, orduko Errege Etxeko Idazkari Nagusia, eta erregeri lagundu zion hainbat sektore militarri dei eginez: kapitaintza nagusiei, estatu nagusiari, eta abarri.
Hainbat gestioaren ondoren eta Alfonso Armadaren laguntzaz, otsailaren 24ko goizaldean RTVEn saioa berezia emititu zen zuzenean, non Erregeak Indar Armatuen indarra kolpisten aurka, konstituzioaren defentsa eta Jaime Milans del Boschen desautorizazioa agindu zuen. Une hartarik aurrera, estatu-kolpea porrot egin zuen. Antonio Tejero eta Bosch atxilotuak izan ziren eta azkenik, diputatuak aske utzi zituzten 24ko arratsaldean.
Erregearen mintzaldia otsailaren 23an
aldatu« | Espainiar guztientzako hitz hauen bidez, labur eta zehatz, une hauetan bizitzen ari garen ezohiko baldintzak direla-eta, guztioi lasaitasun eta konfiantza handiena eskatu nahi dizuet, eta jakinarazi nahi dizuet honako agindu hau helarazi diedala eskualde militarretako, itsas zonetako eta aire-eskualdeetako kapitain jeneraleiː
Kongresuaren Jauregian gertatu direnek sorrarazitako egoera ikusita, eta nahasmendu oro sahiestearren, baieztatzen dut agindua eman diedala agintari zibilei eta Estatu Nagusiko Buruen Biltzarrari, behar adina neurri har ditzaten antolamendu konstituzionalari eusteko, indarrean dagoen legeriarekin bat. Izaera militarreko neurririk hartu beharko balitz,Estatu Nagusiko Buruzagien Bilztzarraren onarpenarekin izan beharko luke. Koroak, aberriaren iraunkortasunaren eta batasunaren ikurra denez gero, ez du inola ere onartuko espainiarrek bozkaturiko Konstituzioak bere garaian erreferendum bidez ezarritako demokrazia-prozesua indarrez eten egin nahi duen inoren ekintzarik edo jarrerarik. Hain zuzen, Konstituzioak (Espainiako herriak bozkatuta) erreferendum bidez bere garaian ezarritako prozesu demokratikoaa eteteko asmoa dutenak. |
» |
Joan Karlos I.a, Espainiako erregearen mintzaldia, 1981eko otsailaren 24ko 1:30ean. |
Nazioarteko erreakzioak
aldatuKongresuko erasoa gertatu bezain laster, Europar Ekonomia Elkarteko estatuek gogor salatu zuten estatu-kolpea. Orduan Espainia ez zegoen Batasunean sartuta; 1986ean sartu zen. Erresuma Batuko lehen ministro Margaret Thatcherek "ekintza terroristatzat" jo zuen Madrilen gertatzen ari zena.
Ameriketako Estatu Batuak neutral agertu ziren gertakari guztietan. Estatu Idazkariak esan zuen "Diputatuen Kongresuko erasoa espainiarren barne arazo bat da". Hori bai, kolpe saiakera amaitzean iritzia aldatu zuten eta "Poztu behar dugu Espainiako demokraziak irabazi duelako" esan zuten.[4]
Santiago Carrilloren arabera, Vatikanoak "bazekien gertatu behar zena". Otsailaren 23an Espainiako Apezpiku Batzarra bilduta zegoen, baina ez zuen adierazpenik egin 24ra arte, orduan porrot egindako estatu-kolpea kondenatu zuten.
Epaia eta kolpearen ondorioak
aldatuKolpeak parte hartu zuten 30 kideen aurka epaia ospatu zen Madrilen. Honakoa izan ziren militarrak eta kartzela-zigorrak:
- Indar Armatuetako kideak
- Jaime Milans del Bosch y Ussía. lotinant Jenerala eta III. Eskualde Militarrekin Kapitain Jenerala. 30 urteko kartzela-zigorra.
- Alfonso Armada y Comyn. Dibisio Jenerala eta Lehor Armadako 2. Estatu Nagusiko kidea. 6 urteko kartzela-zigorra, 30 urtera luzatua Auzitegi Gorenak (TS), 1988an indultatua.
- Luis Torres Rojas. Dibisio Jenerala eta A Coruñako Gobernadore Militarra. 6 urteko kartzela-zigorra, 12ra luzatua Auzitegi Gorena (TS), 1988an indultatua.
- Diego Ibáñez Inglés. Ingeniarien Koronela eta III. Eskualde Militarreko 2. Estatu Nagusia. 5 urteko kartzela-zigorra, 10era luzatua Gorenak.
- José Ignacio San Martín López. Artilleriako koronela eta Brunete Dibisio Korazatuko Estatu Nagusiko kidea. 6 urteko kartzela-zigorra, 10era luzatua Gorenak.
- Pedro Mas Oliver. Infanteriako lotinant koronela. 6 urteko kartzela-zigorra.
- Camilo Menéndez Vives. Itsas Armadako ontzi kapitaina. Urtebeteko kartzela-zigorra.
- Ricardo Pardo Zancada. Infanteriako komandantea. 6 urteko kartzela-zigorra, Auzitegi Gorenak 12ra luzatua, 1989an indultatua.
- Carlos Alvárez-Arenas y Pardina. Infanteriako kapitaina. 3 urteko lan-zigorra.
- José Pascual Gálvez. Infanteriako kapitaina. 3 urteko lan-zigorra.
- Francisco Dusmet García-Figueras. Infanteriako kapitaina. 2 urteko lan-zigorra.
- José Cid Fortea. Intendentziako kapitaina. 2 urteko lan-zigorra.
- Guardia Zibileko kideak
- Miguel Manchado García. Koronela. 6 urteko kartzela-zigorra, 8ra luzatua Gorenak.
- Antonio Tejero Molina. lotinant koronela. 30 urteko kartzela-zigorra.
- Vicente Gómez Iglesias. Kapitaina. 6 urteko kartzela-zigorra.
- Jesús Muñecas Aguilar. Kapitaina. 5 urteko kartzela-zigorra.
- José Luis Abad Gutiérrez. Kapitaina. 5 urteko kartzela-zigorra.
- Enrique Bobis González. Kapitaina. 3 urteko kartzela-zigorra.
- Francisco Acera Martín. Kapitaina. 3 urteko kartzela-zigorra.
- Carlos Lázaro Corthay. Kapitaina. 3 urteko lan-zigorra.
- Juan Pérez de la Lastra. Kapitaina. 3 urteko lan-zigorra.
- César Alvárez Fernández. lotinanta. Urtebeteko kartzela-zigorra.
- Pedro Izquierdo Sánchez. lotinanta. Urtebeteko kartzela-zigorra.
- Vicente Ramos Rueda. lotinanta. Urtebeteko kartzela-zigorra.
- Santiago Vecino Núñez. lotinanta. Urtebeteko kartzela-zigorra.
- Miguel Boza Carranco. lotinanta. Urtebeteko kartzela-zigorra.
- Jesús Alonso Hernaiz. lotinanta. Urtebeteko kartzela-zigorra.
- José Núñez Ruano. lotinanta. Urtebeteko lan-zigorra.
- Vicente Carricondo Sánchez. lotinanta. Urtebeteko lan-zigorra.
- Zibilak
- Juan García Carrés. Sindicatos Verticales alderdi frankistako kide ohia. 2 urteko kartzela-zigorra.
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ El Gobierno nombra Comisario Provincial de Tenerife a un convicto por torturas, Armando Quiñones Canarias Semanal-ean, 2005-03-29 (Gaztelaniaz)
- ↑ «Las 18 horas que pusieron en vilo a la democracia» La Vanguardia 22 de febrero de 2011 (Noiz kontsultatua: 27 de marzo de 2016).
- ↑ «Cronología de los hechos» Levante-El Mercantil Valenciano (Noiz kontsultatua: 27 de marzo de 2016).
- ↑ (Gaztelaniaz) Reagan felicita a Su Majestad. La Vanguardia, 16 or. (Noiz kontsultatua: 2010-03-06).
Bibliografia
aldatu- Cacho, Jesús. El negocio de la libertad. 1999. ISBN 84-930481-9-4.
- Busquets, Julio; Aguilar, Miguel A.; Puche, Ignacio. El golpe: anatomía y claves del asalto al congreso. 1981 (kolpea gertatu eta egun gutxira idatzitakoa).
- Medina, Francisco. 23F, la verdad. 2006 (kolpetik 25 urteetara idatzitakoa).
- Segura, Santiago y Merino, Julio. Jaque al Rey. Los “enigmas” y las “incongruencias” del 23-F ... dos años después. Bartzelona: Planeta, 1983. ISBN 84-320-5692-8.
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) El Mundoren atal berezia 23-Fren inguruan