Lemoizko zentral nuklearra
Lemoizko zentral nuklearra Lemoizen 1970eko hamarkadan Iberduerok eraiki zuen zentral nuklearra da. Proiektu nuklear handiago baten parte zen, eta horren arabera, Lemoizko zentralaren ondoren Ispasterkoa eta Debakoa ere eraikiko ziren.[2] Zentralen aurka sorturiko mugimenduak Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsua markatu zuen. Herri mugimendu berri baten sorrera irudikatu zen eta ETAk hainbat arduradun eta langile hil zituen, zentralaren aurka ere erasoak eginez. Zentralean eraikitzekoak ziren PWR motako 930 MWeko bi erreaktoreetatik lehenengoa guztiz eraiki zen, baina ez zen inoiz martxan jarri, eta bigarrena ia bukatu zen.[3][4]
Lemoizko zentral nuklearra | |
---|---|
Lemoizko zentral nuklearra | |
Informazio orokorra | |
Koordenatuak | 43°26′00″N 2°52′21″W / 43.4333°N 2.8725°W |
Udalerria | Lemoiz Euskal Herria |
Energia mota | Zentral nuklearra |
Jabea | Iberdrola |
Eragilea | Iberdrola |
Eraikitze urtea | 1972 |
Martxan jartzea | - |
Gelditzea | 1984 |
Potentzia | |
Ekoizlea | General Electric |
Mota | PWR |
Erreaktoreak martxan | 0 |
Kapazitatea | 1.860 MW[1] |
Sortzaileak | 2 |
Funtzionamendua | |
Egoera | Zerbitzuz kanpo |
Talde kopurua | 2 |
Erregaia | Uranio aberastua |
Bestelakoak | Proiektu baztertua |
Historia
aldatuProiektuaren hasiera
aldatuProiektua 1972ko apirilaren 18an abiatu zen. Egun hartan Iberduerok Mungiako alkateari zentral nuklear bat eraikitzeko nahia agertzen zuen gutuna bidali zion. Gutunak apirilaren 26n izan zuen erantzuna: Mungiako Udalak obren baimena ukatu zuen, eskatutako zonaldea Hiri Antolaketa Planean «nekazaritza eremua» zelako. Hala ere, Espainiako Energia Zuzendaritza Nagusiak Iberduerori baimena eman zion Basordas kalan bi erreaktore nuklear jar zitzan. Abuztuaren 3an obrak jada hasiak ziren, eta orduan jaso zuten eraikitzeko baimena, 5.500.000 pezetaren truke.[5]
Obrak jada martxan zeuden eta 1973ko irailaren 27n beste hiru zentral irekitzeko asmoz azaldu zuen, Debako zentral nuklearra (Itziar-Deban), Ispasterko zentral nuklearra (Ea eta Ispaster bitartean) eta Tuterako zentral nuklearra (Arguedasen).
Aurkako herri mugimenduaren abiatzea
aldatuProiektuak geroz eta kontrako jarrera gehiago piztu zituen herritar askoren artean. Hori dela eta herri mugimendu bat osatzen hasi zen. 1974ko martxoaren 14an Espainiako Industria Ministerioak bi erreaktoreak Lemoizen jartzeko baimena eman zuen. Ekainaren 10ean Debako Udalak aurka bozkatu zuen eta 28an Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bere kezka azaldu zuen, baita Donostiako udalak ere. Uztaila eta Abuztuan Debako hainbat herritarrek, egoera ikusita hitzaldi ziklo bat abiarazi zuten eta Debako Udalak Informe sobre la proyectada central nuclear de Deva edo geroago Liburu Beltza gisa ezagutu zena kaleratu zuen. Bertan ikerketa luze bat egiten da proiektuaren inguruan. Testuak bere ondorioetan honako hau dio hitzez hitz:[6]
« |
Eragin eskualdean dagoen dentsitate demografiko handia kontuan hartuz, Debako Zentral Nuklearra jartzeko erabaki den lekua guztiz desegokia dela uste dugu, are eta gehiago Lemoizko Zentral Nuklearraren (eraikuntzan) gertutasuna ikusita. Basándonos y fijándonos en la fuerte densidad demográfica de la zona afectada, estimamos que el emplazamiento elegido para la instalación de una Central Nuclear en Deva, es totalmente inadecuado, y mas teniendo en cuenta la proximidad de la Central Nuclear de Lemóniz (en construcción). |
» |
—Deban aurreikusita dagoen zentral nukleararen txostena. Informe sobre la proyectada central nuclear de Deva[oh 1] |
Kexak direla eta abuztuaren 29an Iberduero bera hasi zen hitzaldiak ematen. Handik hilabete batera La Gaceta del Norteren kontrako erantzun bat agertu zen, 38 orrialdeko informearen laburpen batekin.
1975an oraindik ere zentralaren aurkako mugimendua antolatzen zegoen eta Tuteran hainbat ekimen egin ziren. Txillidak logotipo bat diseinatu zuen eta oso ohikoa bilakatu zen. 1976an Gipuzkoak Foru Aldundiak informe bat argitaratu zuen Debako zentralaren desegokitasuna azaltzen. Maiatzean Euskal Kosta ez-nuklearra elkartea sortu zen Bizkaian eta uztailaren 3n 150.000 sinadura aurkeztu zituzten proiektuaren aurka. Abuztuaren 29an lehenengo martxa izan zen, guztira 50.000 pertsonek hartu zuten parte[5] Plentzia eta Gorlizen artean egin zen martxan. Mungia eta Lemoizko biztanleek ia osotasunak testu bat aurkeztu zuen zentralaren aurka eta udalaren erantzun eza ikusita salaketa egin zuten udalen aurka.
1975 eta 1976an Ea/Ispaster, Deba eta Tuterako zentralak gelditu zituzten, presioak zirela eta lehenengo biak eta Gobernuaren erabakiz hirugarrena. Modu honetan Lemoizkoa baino ez zen geratzen egin behar ziren proiektuen artean.
1977ak aldaketa bat suposatu zuen. Mobilizazioak handiagotzen joan ziren eta ETAk lehenengo ekimena egin zuen zentralaren aurka. Martxoaren 31n Bizkaiko Foru Aldundiak zentrala egin behar zen ingurunea parke izateari utzi eta orube industrial bilakatu zuen. Ekainaren 3an ETAk El Correon deia egin eta gero 3 lehergailuk egin zuten eztanda zentral nuklearraren jantokietan. Lehenengo ekintza izan zen. Ekainaren 8 eta 18an Mungia eta Lemoizko udalek Bizkaiko Aldundiari kontra egin eta lurrak berriro parke bilakatu zituzten. Egun horietan ere ekainaren 30ean Bilbon manifestaldi bat egiteko baimena eskatu zuten eta debekatu zuten. Azkenean uztailaren 14n baimendu zuten, eta 150.000 manifestari bildu ziren,[7] lanak gera zitezen eskatzeko. Irailaren 29an Eginek John Componer ekologistari elkarrizketa egin zion, eta "honelako zentrala ez luke inork aseguratuko AEBetan" esan zuen.
Urriaren 1ean zentralean isuri-elektriko etxola batean bonba batek eztanda egin zuen. Hiru egun geroago 2 diputatu eta parlamentari batek Iberdueroekin harremanak zituztela jakin zen. Abenduaren 18an ETAko komando bat Lemoizko zentral nuklearrean sartzen saiatu zen. Guardia Zibilarekin tiroketa bat izan eta gero, David Álvarez Peña zauritu zuten. Ospitalera eraman zuten. Hurrengo egunak tentsio-egunak izan ziren: abenduaren 19an manifestaldia egon zen Plentzian eta komertzio askok itxi zuten. Hurrengo egunean manifestaldia egin zen Algortan. 21ean 7 pertsona atxilotu zituzten, euren artean Mario Álvarez Peña, zaurituaren anaia. Kartzelan sartu zuten Goardia Zibilak iraintzeagatik. Bilbon manifestaldia egin zen bere alde eta jende asko joan zen ospitalera odola ematera. Abenduaren 27an EIA lehen aldiz agertu zen zentral nuklearren aurka.
Gatazkaren areagotzea
aldatu1978a urte gogorra izan zen Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntzan. Aurreko urtea zauritu larri batekin bukatu eta gero, urtarrilaren 14an izan zen 1978ko lehenengo hila. Hori baino lehenago, urtarrilaren 1ean Iberduerok bere buruaren defentsa egin zuen, zentral nuklearrik gabe txirotasun ekonomikoa egongo zela esanez. Hurrengo egunean "Ez, ez, ez" izeneko agerkaria egin zuten zentralaren aurkariek. Urtarrilaren 5ean Mungiako udalak bere dimisioa aurkeztu zuen. Urtarrilaren 8an 3.000 pertsona bildu ziren Bermeon egin zen manifestaldian. Urtarrilaren 11n HASIk zentralaren aurka zegoela esan zuen.
Goian esan bezala urtarrilaren 14an David Alvarez Peña hil zen, Lemoizen egoeragatik egondako lehenengo hildakoa. Ondoren istilu larriak egin ziren Iruñea eta Gasteizen. Donostian Iberdueroren bulegoak txikitu zituzten. Hurrengo egunean Plentzian David Alvarezen hileta izan zen eta bertan milaka pertsona bildu ziren, hiriburuetan bezala. Azpeitia, Durango eta Tolosan Iberdueroren aurkako ekintzak egon ziren. Urtarrilaren 19an beste manifestaldi bat egon zen Bilbon eta Espainiako Polizia gogorki oldartu zen manifestarien aurka, hainbat zauritu sortuz.
Urtarrilaren 25ean bigarren aldiz eskatu zen Bizkaiko Gobernu Zibilaren aurrean zentralaren inguruko adostasun bat bila zedila. PSOEk eta EAJk ere idazkia sinatu zuten. Hiru egun geroago hainbat mobilizazio egon ziren eta Eibarren molotov koktelak jaurtiki zizkioten Iberdueroren egoitzari. Otsailaren 7an Iberduerok eztabaida publiko bat onartu zuen, Getxoko Erromo auzoan. Azken aldia ere izango zen. Otsailaren 18tik aurrera Donostian egunero egin zituzten kontzentrazioak Iberdueroko egoitzaren aurrean.
« | Lemoizko zentral nuklearrak ziurtasun maila handia eskaintzen du, eta guztiz onuragarria izango da Euskal Herriarentzako | » |
Otsailaren 25ean manifestaldiak egin ziren Euskal Herriko hainbat puntutan eta itxialdiak egon ziren hainbat udaletxetan. Otsailaren 28an ETA (m) eta ETA (pm)k lehergailuak jarri zituzten Iruñea, Barakaldo, Gernika, Gasteiz, Amurrio, Zarautz, Deba, Azpeitia, Egia eta Erromoko enpresa elektrikoetan. Bi egun geroago Donostian gose-greba bat hasi zen eta CCOO sindikatua zentralaren aurka agertu zen. Martxoaren 5ean beste hainbat manifestaldi oso jendetsu egin ziren herri askotan. Martxoaren 12n Trokan martxan egin zen, zentraletik kilometro batera igaroz eta 100.000 lagun bildu ziren bertan. Goardia Zibilarekin tentsio-une handiak bizi izan ziren. Manifestaldiaren bukaeran Pako Letamendia eta Juan Maria Bandresek hitz egin zuten, biak Euskadiko Ezkerrako hautetsiak.[8]
Martxoaren 17an ETAk berriro ere ekintza egin zuen zentralaren aurka, erreaktorean bertan. Gero jakin izan zenez zentralari abisua eman zioten eta gero Radio Popularri. Hala ere Goma2ak lehertu zuenean Alberto Negro eta Andres Guerra langileak hil ziren. Hildakoak eragin zituen lehenengo ekintza armatu honek larritasun handia sortu zuen. Deia egunkariaren arabera eragindako kaltea 500 eta 600 milioi pezeta artekoa izan zen. Martxoaren 20an Lemoizko zentrala eraikitzen ari ziren langileek erreferendum bat eskatu zuten. Martxoaren 22n Alianza Popular alderdia zentralaren alde agertu zen. Momentu horretan proiektu osoaren kostea 80.000 milioi pezetatan kalkulatzen zen. Apirilaren 4an Euskal Herriko Erakunde Unitarioa sortu zen, zentralaren aurka zeuden alderdi, sindikatu eta komiteekin. Hiru egun geroago Gatika eta Lemoizen Iberduerok zituen 4 elektraindar zutaberen aurkako lehergailuak jarri zituen ETAk.
« | (Erreferenduma egitea) Madrilek ez luke onartuko, arazoa, Estatuko beste zonaldetan errepikatuko litzatekeelako. | » |
Maiatzaren 3an Juan de Ajuriagerra eta Txiki Benegas Espainiako Energia Nuklearreko Batzordearekin bildu ziren, eta Eximbankek dirua eman zuen zentrala eraiki ahal izateko. Maiatzaren 9an berriro ere Goma2a jarri zuten Iberdueroren azpiestazio batean, Usurbilen. Maiatzaren 24an lehenengo aldiz iritsi zen Lemoizko kasua Espainiako Gorteetara, Francisco Letamendiaren eskutik.
Udan ekimen gutxiago egon ziren, baina urriaren 8an berriro ere nuklearren aurkako dinamika hasi zen, Itziarren kontzentrazioa eta martxa eginez. Egun horretan lehenengo aldiz proposatu zuten argindarra ez ordaintzea. Abenduaren 12an bi lehergailu indargabetu zituzten. 15ean Jose Antonio Torre Altonaga (Medius) atxilotu zuten Mungian.
1979a aurreko urtea bezain bortitza izan zen. Urtarrilaren 12an Mungian manifestaldi bat debekatu zen, eta urtarrilaren 14n David Alvarezen heriotzaren urteurrenean Guardia Zibilak kontzentrazio bat galarazi zuen. Hainbat zauritu izan ziren hainbat herritan, eta Donostian Jaime Chivite koma-egoeran sartu zen. Otsailaren 25etik 28ra Ezkerraldean hainbat mobilizazio egon ziren, itxialdiekin. Martxoaren 13n ETAko bi militante atxilotu zituzten Frantzian. Martxoaren 20an Iberduerok Santurtzin zuen itsasontzi baten sokak askatu zituzten. Martxoaren 23an Albisturren ETA (pm)k ekintza egin zuen Iberdueroren dorre baten aurka.
Martxoaren 28an, ordea, nazioarte mailako gertakari batek izua zabaldu zuen. Harrisburgen dagoen Three Mile Island zentral nuklearrak istripua izan zuen, adituek ezinezko gisa jotzen zutena motakoa. Hilabete batzuk geroago Jimmy Carter presidenteari txosten bat aurkeztu zioten non horrelako 57 istripu jada egon zirela esaten zen, guztiak ezkutuan gordeak. Egoera honek aldaketa handia suposatu zuen nuklearren inguruko eztabaidan.
Martxoaren 30ean Bilbon alderdiak biltzen zituen eztabaida bat antolatu zen. Bertan EAJk "ez gaude alde, kontra ezta ere, txosten baten zain..." esan zuen. Hau oso loturik zegoen Harrisburgen bi egun lehenago gertatutakoarekin. Hala ere tentsioak jarraitu zuen eta apirilaren 8an Donostian egin zen manifestazio batean poliziek Juan de Heredia soldadua balaz zauritu zuten. Egun horretan bertan PSOE zentral nuklearren aurka agertu zen eta Lemoizkoa ixtea eskatu zuen. Apirilaren 22an mobilizazioak egon ziren han-hemenka eta herri batzuetako udalek (adibidez, Barakaldo) geldiaraztea eskatu zuten. Horren guztiaren emaitza apirilaren 23an Eusko Kontseilu Nagusiak kontsulta bat egitea adostea izan zen.
Apirilaren 27an Bilbon Euskadi ala Lemoiz lelopean manifestaldia egin zen eta 100.000 lagun bildu ziren. Hurrengo egunean Larrabetzun zentrala gelditzea eskatu zuen udalak eta Frantziako Hego-Mendebaldeko Garapen Planean Baionatik 40 kilometrotara beste zentral bat egin behar zela ezagutu zen. Ildo berean maiatzaren 5ean Iberduerok zentral gehiago irekitzeko baimena eskatu zion Gobernuari.
Maiatzaren 11n Lemoizerako zen materiala portuan deskargatzeari uko egin zioten bertako langileek. Bilbo, Santurtzi, Portugalete, Leioa eta Antsoaingo udalek Lemoiz geldiarazteko eskatu zuten, hiru egun geroago Lizarrak ere berdin egin zuen. Egun horretan Santurtzin deskargatu ezin zuen Covadonga itsasontzia Bordelera joan zen, baina bertan langileek ere materiala deskargatzeari uko egin zioten, euskal langileekin harreman baitzuten.
Maiatzaren 15ean Covadongako kapitainak itsasontzia Noreña III portura eraman zuen, bertan deskargatuz. Santanderren poliziaren begiradapean deskargatu zuten dena, portuetako langileen protestarekin. Hurrengo egunean Espainiako Kongresuan eztabaida egin zen proiektuaren inguruan. Txiki Benegasek "Lemoizko berehalako geldiaraztea" eskatu zuen, Marcos Vizcayak "Herriak erabaki dezala" esan zuen.
« | Lemoizkoa bezalako zentralak inposatzea estatu-terrorismoa da. | » |
—Juan Maria Bandres, Espainiako Legebiltzarra, 1979ko maiatzaren 16a |
Maiatzaren 22n Diario 16 egunkariak Zamaketarien Estatu Koordinadorak ETArekin bat egin zuela salatu zuen, ez baitzuten materiala porturatu nahi izan. Maiatzaren 24an Nafarroako 5 alkate (Agoitz, Oltza, Kaseda, Galipentzu eta Oibar) Tuterako zentralaren aurka eta Bardeako Poligonoaren aurka agertu ziren. Bost egun geroago Arabako Foru Aldundia Lemoizko eta Garoñako zentral nuklearren aurka azaldu zen. Maiatzaren 31n Lemoizko langileen paroa eta manifestaldia egin zen eta LABeko 5 kide atxilotu zituzten.
Ekainaren 2n Tuteran Euskal Herriko Nuklearren aurkako Komiteak jaialdia deitu zuen Energia Nuklearraren aurkako ekintzaren Nazioarteko Eguna zela eta. Jai egunak ziren, baina ekainaren 3an Guardia Zibilak Gladys del Estal hil zuen tiro bat jota. Honen ondoren istilu larriak egon ziren herri eta hiri askotan. Hurrengo egunean greba orokorra egin zen Tuteran. Herriko alderdi batzuek (PSOE, PCE, Ezker Abertzalea eta UGT eta ELA besteak beste) Nafarroako Gobernadoreren dimisioa eskatu zuten eta Bardeetatik AEBetako armadak ihes egin zezala eskatu zuten, Euskal Herritik Espainiako indar polizialen desagertzea eta talde errepresiboen disoluzioa. Hurrengo egunean Greba Orokorra Hego Euskal Herrian hedatu zen, istilu ugarirekin. Hala ere gertakariak ez zituen boterean zeudenak mugiarazi. Ekainaren 7an Nafarroako Foru Erkidegoak ez zuen gertaera gaitzetsi eta ekainaren 9an UCDko kide batek "Tuterako kontzentrazio antinuklearra, Nafarroari egindako probokazio bat izan zen" adierazi zuen.
Ekainaren 13an ETAk zentraleko turbinetan bonba bat jarri zuen. Zentrala jendez hustu zuten, baina oraindik atera gabe zegoen Angel Baños Espada langilea hil zen. Egoera asko okertu zen honen ondorioz eta ekainaren 21ean Lemoizko langileek euren lan-eskubidea bermatzen bazen erreferendum batean erabakitzen zena onartuko zutela esan zuten. Ekainaren 26n desobedientzia zibilerako lehenengo deialdi zabala egon zen, 100.000 azalpen-orriren banaketarekin.
« | Lemoiz geldiaraztea gizarte hondamena izango litzateke | » |
Uztailaren 18n Harrisburgera joan zen Eusko Kontseilu Nagusiko Batzordeak Lemoiz gelditzea hobe zela esan zuen. Uztailaren 24an Lemoizera martxa egin zen, Baionatik abiatua. Donostia eta Zarautzen egin behar ziren ekitaldiak debekatu zituzten. Zutabearen izena David Alvarez zen. Uztailaren 28an Tuteratik Gladys del Estal zutabea abiatu zen. Egun horretan bertan Donostiako Egia auzoan zegoen oroitarria puskatu zuten eta zuhaitzak apurtu. Uztailaren 30ean David Alvarez zutabearen aurka oldartu ziren lehenengo CRSak eta muga gurutzatu ondoren (Ipar Euskal Herriko hiritarrek ezin izan zuten) Guardia Zibilak. Iruñean, hala ere, Gladys del Estal zutabeari ongietorria emateko milaka pertsona bildu ziren. Hurrengo egunean Guardia Zibilak bizkarrean tiro batez zauritu zuen Usurbilgo gazte bat. Abuztuaren 10ean Mungian martxako 3 zutabeak bildu ziren eta azkeneko egunean 20.000 lagun bildu ziren. Abuztuaren 31n ur-biltegian lanean ari ziren bi langilea balaz zauritu zituen Polizia Nazionalak.
Urriaren 8an Txantrean argi-itzalketa orokorra egin zen eta Iberduerok eraikitzen zuen eraikin baten aurkako ekintzak egin zituzten. Hilabete honetan argia ez ordaintzea, bulegoak telefono dei masiboz kolapsatzea, kobratzaileei atea ez irekitzea eta argia nola lapurtu azaltzen zuten milaka eskuorri banatu zituzten.
« | Lemoiz ezinbestekoa da Euskal Herriko ekonomia aurrera atera ahal izateko | » |
Azaroaren 11n ETAk Santanderreko Equipos Nucleares enpresa indarrez hartu zuen eta 50 kilo dinamita jarri zituen, Lemoizko zentralera eraman behar zuten eta eraikitze nahiz konpontze lanetan zegoen materialean: galera 400 milioikoa izan zen. Azaroaren 18an txirrindulari martxa egon zen Eibarren eta Altsasun manifestaldia egon zen eta udalbatzaren aurrean mozioa aurkeztu zuten. Azaroaren 22n argi-itzalketa handia egon zen Deba ibarrean, eta hiru egun beranduago Egian. Azaroaren 29n Mungiako Udalak geldiaraztea eskatu zuen berriz ere, dekretuz, baina abenduaren 5ean Gobernu Zibilak atzera bota zuen erabakia. Egun horretan bertan zaurituak egon ziren egin ziren hainbat manifestalditan. Lea-Artibain argi-itzalketa masiboa egin zuten.
Abenduaren 9an Lemoizen aurkako Euskal Herriko Hautetsien 1. Biltzarra egin zen Mungian. 55 udaletako 115 hautetsi agertu ziren. Abenduaren 27an Lemoizko Udal Batzak, obrak geldiaraztea adostu zuen, eta udaltzaingoei erabakia hau betetzeko agindu zien.
Desobedientzia zibila eta EAJren aldeko jarrera
aldatu1980. urtean aurreko urtean abiatutako desobedientzia zibilak jarraitu zuen. Urtarrilaren 7an Gasteizko udalak nuklearren aurkako mozioa atzera bota zuen EAJ eta UCDren bozkekin, eskumen eza argudiatuz. Urtarrilaren 12an David Alvarezen heriotza gogoratzeko hainbat ekimen egin ziren han-hemenka. Hurrengo egunean 1000 pertsonek omenaldia eskaini zioten Barrikan. Urtarrilaren 28an Mungiako udalean EAJk bere botoa aldatu zuen eta nuklearren aldeko jarrera azaldu zuen. Hurrengo egunean Bizkaiko Gobernadore Zibilak 8 udalerriren erabakiak atzera bota zituen, tartean Mungiakoa.
Otsailaren 3an ETAk Lemoizen jartzekoak ziren 800 metagailu lehertu zituen Gasteizen. Otsailaren 13n nuklearren aurkako astea hasi zen Altsasun. Hurrengo astean itzalketa egon zen Hernani eta Tolosaldean. Martxoaren 15an Garoña eta Lemoizen aurkako manifestaldia egon zen Gasteizen. Martxoaren 22an Udaberri Jaia osatu zen Anoetako belodromoan. Bertan 6000 pertsona bildu ziren. Hurrengo egunean Bizkaiko Diputazioan Euskal Herriko Hautetsien II. Asanblada egin zen. Bertaratu ziren 233 hautetsietatik 129 Herri Batasunakoak ziren, 22 Euskadiko Ezkerrakoak eta 19 PCEkoak. Bertan ordainagiria ez-ordaintzea erabaki zuten hautetsien zerrenda publiko egingo zutela adostu zuten.
Apirilaren 19an Iberduerok Zizurkilgo udala argia moztearekin mehatxatu zuen. 25ean Gipuzkoako Foru Aldundian itxialdia egin zen eta Bizkaian egiten saiatu ziren, baina poliziak eta Ahaldun Nagusiak oztopatu zuten. Apirilaren 27an Eibar, Mungia eta Donostian manifestaldiak egin ziren eta bizikleta martxa Bilbon. Martxa Areatzan bukatu zen, poliziaren oldarraldiarekin. Hainbat zauritu egon ziren.
Maiatzaren 4an Iberdueroren ordainagiriak ordaintzeko prest ez zeuden 180 hautetsien zerrenda aurkeztu zen. Egun berean ere Lemoizko zentralerako lana egiten zuten enpresen zerrenda argitaratu zen. Hurrengo egunetan hainbati argia moztu zieten, tartean Joxerra Etxebarria HBko parlamentariarena. Maiatzaren 8an prezintoa kendu zuen publikoki Iberdueroren kontadoretik.
Maiatzaren 14an Everesten gainera iritsi zen lehenengo euskal herritarrak, Martin Zabaletak, Euskal Herriko ikurrina jarri zuen goian, zentral nuklearren aurkako bandera batekin eta ETAren ikurrarekin batera. Goian zegoela, «Gora Euskadi askatuta. Gora Euskadi antinuklearra!» oihukatu zuen.
Maiatzaren 25ean txirrindulari martxak egin ziren herri askotan. Gainera jaialdiak egin ziren Mungia, Txantrea eta Bilbon. Maiatzaren 27n hedabide askotako langileen komiteek editorial bateratua egin zuten zentralaren aurka. Maiatzaren 30ean 15.000 lagun bildu ziren Bilbon eginiko manifestaldian, "Helburu bat, Lemoiz paralizazioa. Bide bat, desobedientzia zibila" lelopean. Hurrengo egunean Iberduerok Santi Brouardi argia moztu zion bere kontsultan.
Ekainaren 1ean Gladys del Estalen heriotzaren urteurrena zela eta 4.000 manifestari egon ziren Tuteran. Hainbat kontzertu eta ekimen kultural egon ziren eta gauean Guardia Zibilek bere omenezko harria suntsitu zuten. Hurrengo egunean General Franco izeneko kaleari Gladys del Estal izena jarri zioten Tuteran bertan. Ekainaren 3an hainbat manifestazio egon ziren eta Donostiako Udal Batzarrean UCD eta EAJren aurkako oihuak zirela eta poliziak bertan behera utzi zuen. Poliziak ere Donostia, Iruñea eta Tuterako manifestaldien aurka oldartu zen. Eskoriatzan ETAk Iberdueroren transformadore bat suntsitu zuen. Ekainaren 5ean HBko bi hautetsiri (Tasio Erkizia eta Juan Antonio Nicolas Ruiz) argia moztu zien. Ekainaren 13an Gasteizko Lebebiltzarrak erreferendum bat egitea adostu zuen. Ekainaren 21ean poliziek Itsasondoko alkatea jipoitu zuten pankarta bat kendu ondoren. Bi egun geroago ELAren IV. Biltzarrak Lemoizen paralizazioa eskatu zuen.
« | Lemoiz beharrezkoa da. | » |
Uztailaren 9an Xabier Arzalluz publikoki atera zen zentralaren alde. Hurrengo egunean Komando Autonomo Antikapitalistek Iberdueroren transformadore bat lehertu zuten. Uztailaren 15ean Guardia Zibilak Lemoizko langileek eginiko mobilizazio batean parte hartzen zeudenak kolpatu zituen. Uztailaren 21ean Mungiako alkateak behin betiko ukatu zuen baimena. Uztailaren bukaeran greba patronala egon zen. Greba hau uranioa sartzeko erabili ote zen zurrumurruak zabaldu ziren. Abuztuaren 3an langileak zentralera itzuli ziren. Abuztuaren 13an Iberduerok hainbat bulego itxi zituen ETAren ekintzen beldur. Hurrengo egunean ETAk furgoneta bat erre zuen Durangon. Abuztuaren 15ean zaindari batek Carmen Lezama Arregi langilea balaz zauritu zuen nahi gabe. Irailaren 24an beste bi zinegotzi argirik gabe geratu ziren.
Urriaren 1ean ETAk beste transformadore bat lehertu zuen Donostian. Hurrengo egunean Pablo Gorostiaga Laudioko alkateari argia moztu zioten eta bizilagun batzuek berea eman zioten. Hilabete horretan Asterixen komiki bat argitaratu zuten, zentral nuklearren aurka.
José María Ryanen hilketa
aldatu1981eko urtarrilaren 29an, ETAk José María Ryan bahitu zuen, Iberdueroren aldetik, Lemoizko zentraleko eraikuntzen ingeniari burua. ETAk aste bateko epea eman zuen obrak bertan behera geratu zitezen, bestela hil egingo zuela idatzi zuen. Espainiako Gobernuak ez zuen men egin eta horren ondorioz, eta nahiz eta erakunde ugarik Ryanen askatasunaren aldeko manifestazioak egin (besteak beste, Amnistia Internazionalak) ETAk bere hitza bete zuen, eta tiro bat buruan emanda hil zuten.
Gertakari horrek behin betiko ondorioa izan zuen zentralarentzat. Jadanik inor ez zen ziur sentitzen eta nahiz eta langileek egiten zuten lanagatik hirukoitza eta laukoitza irabazi, beldurraren eraginez ezin izan zituzten arkitekto gehiagorik lortu. Hasiera batean, lanak behin behinean bertan behera geratu ziren eta azkenean, handik urte batzuetara, 1984an bertan behera geratu ziren.
Argazki galeria
aldatuOharrak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Alfonso García Pérez eta Pedro Costa Morata. (1976-09-18). «Faltan criterios de elección para el emplazamiento de centrales nucleares» El País (Noiz kontsultatua: 2013-06-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Jose Allende. (1989). Política de ubicación de centrales nucleares. Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitarapen Zerbitzua (Noiz kontsultatua: 2013-06-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Greenpeace. (2008). «Yo soy antinuclear» Green: 21. (Noiz kontsultatua: 2013-06-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) José A. del Moral, Gananzia.com. (2008-03-26). «¿Fue un error paralizar Lemóniz?» Gananzia (Noiz kontsultatua: 2013-06-20).
- ↑ a b Eguzkik Gaztesarean eginiko erreportajea. Data eta datu asko hortik atera dira.
- ↑ (Gaztelaniaz) Informe sobre la proyectada central nuclear de Deva[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Gaztelaniaz) Borja Hermoso: «Viaje a la central dormida de Lemóniz», El Mundo, 2006-02-26.
- ↑ (Gaztelaniaz) «El atentado de Lemóniz», El País, 1978-03-19.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) Javier Gutiérrez: Lemóniz, la central fantasma dokumentala, ETB, 2006.
- (Gaztelaniaz) Central nuclear de Lemoiz. Basordas el no-territorio. Lurraldea ez dena. Roge Blasco - Youtube 2023
- (Gaztelaniaz) Acantilados Lemoiz. Más allá de la central nuclear.. Roge Blasco - Youtube 2023