Edukira joan

Zarama

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Zarama
Zaramaren kontzertua Irunen (1986)
Datuak
JatorriaSanturtzi
Musika motaRock, Punk, Ska
Urteak1977 - 1994
2009 - gaur egun
Produkzioa
Diskoetxea(k)Discos Suicidas, Elkar
Taldekideak
Roberto Moso
Tontxu
Txus
Javi
Ernesto
Joseba Lafuente
Lehengo taldekideak
Iosu Esposito
Nekane
Alfonso
Informazio gehigarria
Badok: zarama Spotify: 0WbAoxAS5475xGxyiwqOd9 iTunes: 188259763 Last fm: Zarama Musicbrainz: 7a3232b1-bf1f-4b39-a8c7-1150cf41dd9b Songkick: 304137 Discogs: 1490284 Musikasten: zarama Edit the value on Wikidata

Zarama 1977an Santurtzin (Bizkaia) sortutako euskal rock taldea da. Euskal Rock Radikala mugimenduan sartuta dago.

1977tik 1994ra jardunean egon ziren. Hala ere, 2009ko otsailean taldearen itzuleraren berri eman zuten eta 2009ko apirilaren 18an Zarama Birziklatua izeneko birari hasiera eman zioten Bermeon emandako kontzertuan.

Zarama Santurtzin sortu zen 70ko hamarkadaren amaieran, hasieran hiru partaide zirelarik: Rober (Roberto Moso, ahotsa), "Txus" (gitarra) eta Ernesto Alava (bateria).

Hasieran, taldekide dezente pasatu ziren taldetik, harik eta 80ko hamarkadaren hasieran egonkortu zen arte. Hastapenetako urte zalapartatsu horietan, euskarazko rockaren aitzindaritzat jo zuten. Hertzainak taldean gertatu zen bezala, Roberto Moso abeslariak euskaraz ikasteko erabakia hartu zuen taldean abestu ahal izateko. Zaramak (bizkaieraz, zaborra) izandako lehen talde iraunkorra honako hauek osatu zuten: Roberto Moso (ahotsa), Ernesto Alaba (bateria), Jesus Alonso "Txus" (gitarra) eta Javi Alvarezek (baxua).

"Bildur naiz" izan zen taldeak grabatu zuen lehen kantua. Itziarko (Gipuzkoa) Mandiope dantzalekuan Euskal Musika 80 lehiaketan bigarren sailkatzeagatik zegokion saria izan zen. Garai hartan ugariak ziren horrelako sariketak, eta rock talde hasiberri askok bide hori hartu zuten: Ziper, Hertzainak, La Polla Records eta Zaramak, esaterako. Kantua lehiaketaren izen bereko bilduman argitaratu ostean, beste pauso txiki bat eman zuen taldeak: Nahiko single mitikoa grabatu zuen. Alde batean, "Nahiko" kantua, eta bestean, "Ezkerralde". Lan hori argitaratzeko, gerora zeresan handia eman zuen diskoetxe baten babesa izan zuen Zaramak, Discos Suicidas zigilu independentearena. Oscar Amezagak (Muskaria aldizkariko sortzaileetariko bat) anaiarekin batera sortu zuen Discos Suicidas, hain zuzen ere Zaramaren kantuak argitaratzeko. Jean Phocas soinu teknikaria eta Errobi taldeko orduko baxu jotzailea arduratu zen diskoa grabatzeaz. Diskoa grabatzearekin batera, etenaldi bat izan zuen taldeak, Espainiako armadarekin soldadutza egitera joan beharrak eraginda. Garai hartako musika taldeen buruhauste handienetariko bat izan zen soldadutza, baita talde askoren amaiera ere. Zaramak, ordea, aurrera jarraitu zuen.

1983an argitaratu zuen taldeak bigarren singlea, "Zaramaren erdian" eta "Gasteizko gaua" kantuekin (1976ko martxoaren 3an hil zituzten langileen omenez egindakoa hori). Ordurako, Zarama lehen diskoa argitaratzeko prest zegoen, eta luze gabe atera zuen.

Indarrez (Discos Suicidas, 1984) izan zen taldearen iraupen luzeko lehen diskoa. Zaramaren garairik indartsuena islatzen du. Pixkanaka musika tresnak ondo jotzen hasiak ziren santurtziarrak, eta, kontzertuetan eskarmentua lortuta eta taldearen egoera ona izanik, disko indartsua egin zuten. Izenak berak energia hori transmititzen zuen. Bertan daude lehen garaiko kantu esanguratsu asko, tartean "Gasteizko gaua", "Goazen borrokara" eta "Itxoiten" ereserkiak. Disko horretarako, Angel Altolagirre (Negativo taldean ariturikoa eta orduan Alaska abeslariaren gitarrista zena) hartu zuten produktore lanerako, eta azken emaitzan eragin nabarmena izan zuen. Zaramaren lehen diskoa Hertzainak eta La Polla Recordsen estreinakoen garai berean atera zen. Laster eztanda egin behar zuen mugimendu baten lehen erreferentziak ziren hirurak. Urte berean, 1984an, Egin egunkariak antolatutako lehiaketan Zaramak lortu zuen boto gehien Bizkaiko taldeen artean, eta, horren ondorioz, Gasteizko Mendizorrotzeko kiroldegian egindako jaialdian jo zuen, Hegoaldeko beste hiru lurraldeetako irabazleekin: Hertzainak (Araba), RIP (Gipuzkoa) eta Barricada (Nafarroa).

Gaua apurtu arte (Discos Suicidas, 1986) izan zen estudioko hurrengo lana. Alta, aurretik Altos Hornos de Vizcaya taldeko Antonio Curiel El Curi abeslariarekin partekatutako diskoan hartu zuen parte Zaramak. El Curi Valladolid (Espainia) hiriko semea zen eta musika abentura askotan aritu zen gerora. Taldearen soinua indartu nahian, Tontxu Tabares gitarristak lagundu zuen taldea bigarren diskoan, baita ondoren kontzertuetan ere. Diskoa Frantziako Landetan grabatu zuten, garai hartan euskal talde ugarik egin zuten bezala. Rock diskoak grabatzen esperientzia handiagoa zuten Landetan, eta, kalitatearekin alderatuta, merkea zen han grabatzea.

Dena ongi dabil (Elkar, 1988) hirugarren diskoan onena eman zuen Zaramak, taldekideen ustez. Aipagarria da diskoari izena ematen dion kantua, Josu Exposito Eskorbuto taldeko kideak egin baitzuen (garai batean, 1977tik 1980ra bitartean, Zaramako baxu jotzailea izan zen Exposito). Disko horretan, Expositoren beste kantu bat ere badago: "Elkarrekin". Disko biribila izan zen Dena ongi dabil. Diskoetxeak bultzada handia eman zion diskoari, eta bertan bildutako kantu esanguratsu eta ederrak ziren aurkezpen txartel hoberena. "Bihotzak sutan", "Maiatzaren lehena", "Kilikiz 'kil' nazazu" eta diskoari izena ematen zion kantua egin ziren ezagunenak. Behin baino gehiagotan berrargitaratu dute, baina, hala ere, ez da taldeak gehien saldu duen diskoa.

Diskoaren arrakastak bultzaturik, Bostak bat (Elkar, 1990) laugarren diskoan giro berriak asmatzeko ahalegina egin zuen taldeak, neurri batean hasierako zarata eta abiadura alde batera utziz. Diskoak hamar kantu zituen, eta horietako batean, "Txakurremea" izenekoan, David Bowieren musika erabili zuten. Bide horri eutsi zioten hurrengoan, Sexkalextrik lanean (Elkar, 1992). Teklatuek leku nabarmena hartu zuten lan horretan, eta "Iñaki, ze urrun dagoen Kamerun" eta "Zoaz Euskal Herrira", kantuek oihartzun handia lortu zuten. Euskal Herriko musika panorama ordurako ez zen hasierakoa eta Zaramaren musika ez zen garai batean bezain oldarkorra eta indartsua. Talde gazteek gogor jotzen zuten eta Zaramaren musika biguntzen hasia zela esan daiteke. Horren arrazoi nagusietako bat teklatuak sartzea izan zen, eta, batez ere, bestelako musika estiloak saiatu izana.

Binilo bala diskoan, ordea (Elkar, 1994), gitarrek garrantzia berreskuratu zuten. Erraietara itzuli zen taldea eta Tontxu Tabares arduratu zen diskoa ekoizteaz. "Nahiz eta batzuetan beste estilo batzuekin ibili, benetako orduan gehien gustatzen zaiguna eta gure benetako emaztea rock&rolla da" (1). Urtain boxeolariaren omenez eginiko kantua eta Asturiasko (Espainia) Los Berrones taldearen "Txatxo" kantuaren bertsioa nabarmendu ziren lan honetan. Hala ere, Binilo bala izan zen Zaramaren estudioko azken diskoa.

Taldeak Santurtzin eman zuen azken kontzertua, 1994ko Ibilaldiaren barnean, non milaka euskaltzale gaztek bat egin zuten Zaramaren hilotza lurperatzeko. Tontxu Tabares (gitarra), Joseba Lafuente (teklatua), Roberto Moso (ahotsa), Txus Alonso (gitarra), Alfonso Herrero (baxua) eta Ernesto Alabak (bateria) osatu zuten azken Zarama, baina taldean aritutako hainbat musikari eta lagun gonbidatu zituzten agurreko kontzerturako.

Birziklatuaren biraren lehenengo kontzertua Bermeoko Kafe Antzokian 2009-04-18.

2009ko otsailean Zaramaren itzulera iragarri zuen Roberto Mosok, eta apirilaren 18an lehen kontzertua eman zuen Bermeoko Kafe Antzokian. Taldearen bigarren aro honetan Tontxu Tabares (gitarra), Joseba Lafuente (teklatua), Roberto Moso (ahotsa), Javi Alvarez (baxua) eta Ernesto Alabak (bateria) osatu zuten Zarama. Abuztuaren 18an Bilboko Aste Nagusian emandako kontzertua grabatu eta Zarama zuzen! zuzeneko disko eta DVDan argitaratu zuten (Elkar, 2009).

Abestien hitzetan umorea eta kritika soziala uztartu zituen beti Zaramak, amodio eta desamodioari buruzko kantuak ere tartekatuz. Abestietako hitz gehienak Roberto Mosoren burutapenetatik atera ziren, baina Xabier Montoia, Jon Mirande, Xabier Euzkitze, Joseba Egiguren eta Jorge Cerrato idazle, kazetari eta adiskideen hitzak ere erabili zituzten kantuak osatzeko unean. Era berean, bideogintzan ere muturra sartu zuten urte horietan guztietan, besteak beste Manolo Gil, Jesus Mari Arruabarrena eta Mikel Clemente bideogileen esku jarriz euren kantuak.

Roberto Mosok Loreak Zaraman. Rock erradikal egunak (Hilargi Edizioak, 2004) liburuan bildu zituen Zaramaren garaiko pasarte eta pasadizo ugari. Hor, emandako kontzertuak gogoratzeaz gain, taldearen inguruko abenturak eta garai hartako bizitza soziopolitikoa islatu zituen, Mosok ohikoa duen idazkera azido eta umoretsuarekin.

Zaramaren kantu batzuen bertsioak ere egin izan dituzte. Esaterako, Betagarri taldeak, 80/00 diskoan, "Bihotzak sutan" kantua moldatu zuen, eta "Iñaki, ze urrun dago Kamerun" ETBko umeentzako karaoke saioetako kantu izarra izan zen urte askoan.

Hertzainak, Itoiz eta Errobi taldeekin egin bezala, Elkar diskoetxeak taldearen sei diskoak kutxa batean bildurik argitaratu zituen 2004an, eta Discos Suicidas zigiluak Zaramaren erdian bilduma osatu zuen taldearen lehen bi diskoetako kanturik esanguratsuenekin.

Beste taldekideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hasierak 1980 1982 1984 1986 1988 1990 1992 1994 2009
Roberto Moso Roberto Moso
Iosu Exposito Javi Alfonso Javi
Nekane Txus
Tontxu Tontxu
Joseba Lafuente Joseba Lafuente
Juan Pablo Ernesto Alava Ernesto Alava
Ahotsa Baxua Gitarrak Teklatua Bateria
  • Naiko / Ezkerralde (Discos Suicidas, 1982). 7".
  • Gaua Apurtu Arte (Discos Suicidas, 1985). 7". "Oianone" eta "Bidea Eratzen" abestiak ditu.

Partekatutako diskoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Zarama eta El Curi Altos Hornos de Vizcaya (Discos Suicidas, 1985)

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal musika
Euskal musika
Artikulu hau Euskal musika Wikiproiektuari lotuta dago. Honelako artikuluekin lagundu nahi baduzu, jo ezazu wikiproiektuaren orrira.