Voyager programa
Voyager programa AEBetako zientzia-programa bat da, eta bi izarren arteko zunda robotiko barnebiltzen ditu: Voyager 1 eta Voyager 2. 1977an jaurti zituzten, Jupiterren eta Saturnoren aldeko lerrokadura aprobetxatzeko, horrela haietatik hurbil hegan egin eta Lurrera itzultzeko datuak biltzen zituzten bitartean. Jaurtiketaren ondoren, Voyager 2 Urano eta Neptunotik gertu bidaltzea erabaki zen, Lurrera transmititzeko datuak biltzeko.[1]
2021ean, bi zundak kanpo-espazioan, heliosfera baino haratago, jarduten dute. Biek datu erabilgarriak biltzen eta Lurrera transmititzen jarraitzen dute. 2021eko apirilaren 24ean, Voyager 1, eguzkiarekiko 61,044 km/o abiaduran mugitzen ari zen, eta eguzkitik 22,676 milioi kilometrotara zegoen, Lurretik 152,6 UAra. Voyager 2aren kasuan, eguzkiarekiko 55.150 km/o abiaduran mugitzen ari zen eta eguzkitik 18.980 milioi kilometrotara zegoen, Lurretik 126,9 UAra.
2012ko abuztuaren 25ean, Voyager 1 zundak bidalitako datuek kanpo-espaziora sartu zela adierazi zuten. Beste zundaren kasuan 2019ko azaroaren 5ean gertatu zen.
Voyager zundak eguzki haizearen eraginetik haratago joan diren arren, oraindik bide luzea dute egiteko eguzki-sistematik atera aurretik. NASAk adierazten duenez, "Gure eguzki-sistema Eguzkia eta, batez ere, Eguzkia orbitatzen duen guztia gisa definitzen badugu; Voyager 1 eguzki-sistemaren mugen barnean egongo da beste 14.000 eta 28.000 urte bitartean, Oorten hodeitik atera arte".[2]
Kamerek, magnetometroek eta Voyager zunden beste instrumentu batzuek bildutako datuek eta argazkiek lau planeta erraldoiei eta haien ilargiei buruzko xehetasun ezezagunak eman zituzten. Espazio-ontzitik ateratako hurbileko argazkiek Jupiterren hodei konplexuen formak, haizeak eta ekaitz-sistemak marraztu zituzten, eta sumendien jarduera aurkitu zuten Io ilargian. Saturnoren eraztunek txirikorda enigmatikoak, tolesturak eta erradioak zituztela aurkitu zen baita ere.
Uranon, Voyager 2k eremu magnetiko garrantzitsu bat aurkitu zuen planetaren inguruan eta beste hamar ilargi. Neptunoren inguruan egindako hegaldiak ordura arte ezezagunak ziren hiru eraztun eta sei ilargi, eremu magnetiko planetario bat eta aurora konplexu eta oso sakabanatuak aurkitu zituen. 2021ean, Voyager 2 da Urano eta Neptuno izotz planetak bisitatu dituen espazio-ontzi bakarra.
2018ko abuztuan, NASAk baieztatu zuen, New Horizons espazio-ontziaren emaitzetan oinarrituta, "hidrogeno-horma" bat zegoela eguzki-sistemaren kanpoko bazterretan. 1992an aurkitu zuten lehenengo aldiz bi Voyager espazio-ontziek.[3][4]
Voyager espazio-ontziak Kaliforniako hegoaldeko Jet Propulsion Laboratoryn eraiki ziren, eta Aeronautika eta Espazioko Administrazio Nazionalak (NASAk) finantzatu zuen. Halaber, Cañaveral lurmuturretik (Florida) egindako jaurtiketak, segimendua eta zundei buruzko gainerako guztia finantzatu zituen.
Jatorrizko programaren kostua $865 milioikoa izan zen, eta Izarrarteko Voyager Misioak, geroago gehituak, $30 milioi gehiago kostatu zuen.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «The Fantastic Voyage of Voyager» The Attic.
- ↑ Solar System Exploration. JPL-NASA.
- ↑ Gladstone, G. Randall. (7 August 2018). «The Lyman‐α Sky Background as Observed by New Horizons» Geophysical Research Letters 45 (16): 8022–8028. doi: . Bibcode: 2018GeoRL..45.8022G..
- ↑ Letzter, Rafi. (9 August 2018). «NASA Spotted a Vast, Glowing 'Hydrogen Wall' at the Edge of Our Solar System» Live Science.
- ↑ «Voyager - Fact Sheet» voyager.jpl.nasa.gov.