Uribarriko Andra Mariaren basilika
Uribarriko Andra Mariaren basilika | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Alde Zaharra (Durango) | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Durango |
Koordenatuak | 43°10′05″N 2°37′53″W / 43.168°N 2.6313°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XIV. mendea |
Erlijioa | katolizismoa |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0001629 |
37 | |
Uribarriko Andra Mariaren basilika Durangoko (Bizkaia) eraikin erlijiosorik ederrenetarikoa da, herriko erdigune historikoan kokatutakoa, eliza honetatik Goienkalea, Artekalea eta Barrenkalea Santa Ana plazarantz abiatzen direlarik. Monumentu hau XIV. mendean eraiki zuten eta ordutik mantentzen ditu gaur egun ere nagusi diren osagai gotikoak, XVI. mendeko pizkundetar ukituekin batera.
Arandoñoko antzinako dorrearen ondoan eraiki zuten eta horixe kanpandorre moduan erabili zuten. Barrualdeko erretaulak eta gainontzeko elementuen gainetik, egurrezko atari edo arkupe handia oso nabarmentzekoa da, durangarrek pasealeku eta azokarako toki gisa erabili ohi dutena. Izan ere, lehenengo Durangoko Azoka bertan antolatu zuten 1965ean.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uribarriko Andra Mariaren basilika XV. mendearen amaieran eraikia zegoen jadanik, Elisabet I.a Gaztelakoak Durangora egin zuen bidaiaren kronikan aipatzen denez.
XV. mendean Durangon mugimendu heretikoa hedatu zen, Durangoko heresia gisa ezaguna, Frai Alonso de Mella buru zuena. Bertako partaide izandako ehun herritar epaitu zituzten, eta horietatik 13 bizirik erre zituzten Andra Mari inguruan.
Joseba Sarrionandia "Narrazioak" liburuan idatzitako "Kristalezko bihotz bat" ipuinean, durangon gertatzen den heresia baten ipuina kontatzen du (Durangoko heresiaren elementuak dituen arren, fikziozkoa da ipuina). Ipuinaren amaieran Andra Marin erretzen dituzte hainbat hereje. Ipuinaren pasarte batek honela dio:
"Andramariko elizaren aurrean, sei egur pilo, haga banaren inguruan, populua bildurik zegoen iadanik, eta tribunala eta bere kondenatuak falta ziren soilik"
1554ko sutean eraikina salbatu bazen ere, kalteak jasan zituen. Beranduago bigarren eraikitze fasea hasiko zuten, zeinaren baitan eraiki zuten egurrezko portikoa, Euskal Herrian dagoen egurrezko aterperik handiena dena, Barainkua eta Gabiriaren esanetara.
1937ko Martxoaren 31an italiar abiazioak Durango bonbardatu zuen, frankisten esanetara. Eraso hartan Andra Mariaren basilika ere suntsitu zuten. Meza ospatzen ari ziren barruan, eta merkatua kanpoaldean. Kontatzen dutenez abadeak kaliza gora zuela erori zen sabaia koroarekin eta hormekin batera abadearen eta jendearen gainera.
1965eko azaroaren 1ean, arratsaldez, Andra Mariko portikoaren azpian ospatu zen lehenengo euskal liburu eta disko azoka, Gerediaga Elkarteak antolatuta. Azokaren helburua Frankismoaren diktadurapean Euskal Herriko kultur ekoizpena ezagutzera ematea zen. Baina azokak hartutako oihartzuna ez zen sasoiko gobernadore zibilaren gustokoa izan eta 1974an, aitzakia bila, erlijio arrazoiak aipatu eta bertan egitea galaraziko zuen. Merkatu plazan egitea izan zen irtenbidea.
1978ko Maiatzaren 11an Guardi Zibilak Durangoko ETAko bi militante hil zituen Gernikan, Jesus Maria Arrazola Ania "Txiki" eta Alberto Garcia Marmol "Ruso". Gertaera horren harira, asanblada bat ospatu zuten gauerdian Andra Mariko elizan, gertatutakoaren berri eman eta biharamunerako greba eguna antolatzeko. Bapatean hainbat tiro entzun ziren kanpoaldean eta ihes egin zuten denek bertatik. Hurrengo egunetan bertan egin zitzaien elizkizuna hildako militanteei, eta kanpoaldean Telesforo Monzonek hartu zuen hitza.
Andra Mariko elizpea hainbat elkarte eta eragileren elkartzeko tokia izan da azken urteetan, tartean bertan egin zen 2018ko Greba Feministako ekitaldia.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Eliz ataria.
-
Aldare nagusia.
-
Andra Mariaren irudia.
-
Kanpandorrea.
-
Elizaren sarrera.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Historia» www.durangokoazoka.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-04).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz)Durangoko gida turistikoa