Genozidioa pertsona-talde baten hilketa da, aurrez prestatu eta antolatutakoa. Genozidioen biktimak beren arraza, erlijio, etnia (jatorria) edo nazionalitateagatik hiltzen dituzte. Genozidioa garbiketa etnikoarekin alderatu izan da; garbiketa etnikoa gertatzen da halako gizatalde bateko kideak leku batetik alde egin behar izaten dutenean, beste gizatalde bati uzteko eta, beraz, leku hori etnikoki “garbitzeko”.
Lehen aldiz, 1944 inguruan erabili zen genozidio hitza, Alemaniako naziek pertsona-talde batzuk suntsitzeko egin zutenari buruz hitz egiteko; bereziki, juduen Holokaustoa aipatzeko: naziek ia Europa osoko 6 milioi judu inguru hil zituzten. Holokaustoa da nazien genozidioaren adibiderik ezagunena. Guztira, naziek gutxienez 12 milioi pertsona hil zituzten; juduez gain, eslaviarrak, erromaniak (ijitoak), homosexualak eta desgaituak zeuden naziek desagertarazi nahi izan zituzten pertsona-taldeen artean.
Nola gertatzen dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Genozidioa izan daiteke, alde batetik, jende-kopuru handi bat hiltzea, baina baita herri baten kultura suntsitzea ere metodo ez hain bortitzen bidez. Askotan, gobernu batzuek bultzatutako politikak izaten dira. Halaxe gertatu zen Alemania nazian, Sobietar Batasunean Josif Stalinen agintaldian eta baita historian zehar gertatu diren gainerako genozidioetan ere.
Genozidioa beti da gizataldeen aurkako krimena, eta ez norbanakoen aurkakoa. Norbanakoak talde baten parte izateagatik soilik dira biktimak. Hiltzaileen begietan, biktimak ez dira gizakiak bezala tratatuak izateko eskubiderik.
Genozidioak egiten dituztenek normalean ez dute onartzen euren helburua jendea hiltzea denik. Horren ordez, esaten dute jendartea hobetzen ari direla. Alemania naziaren kasuan, helburua Alemaniako “arraza garbia” mantentzea zen.
Gaur egungo nazioarteko zuzenbidean, genozidioa kategoria zabalago baten barruan sartzen da, “gizateriaren aurkako krimenak” direlakoen barruan. Krimen horiek horrela izendatu zituzten erregimen naziaren ekintza ankerrei erantzuteko. 1951n Nazio Batuek indarrean jarri zuten genozidioari buruzko hitzarmena. Hitzarmen edo konbentzio horrek eragin zuen nazioarteko zuzenbideak zigortu ahal izatea bai genozidioa bera eta baita genozidioa bultzatzen duen beste edozein politika ere.
Adibide gehiago
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Genozidioa behin baino gehiagotan gertatu izan da historian zehar. Antzina, gerrako garaileek konkistatzen zuten herriko biztanle guztiak hiltzen zituzten askotan. XV. mendetik aurrera europarrek Amerikako, Afrikako eta Australiako lurrak konkistatu zituztenean, bertako milioika biztanle hil ziren. Jende askok uste du herri horien suntsipena genozidioa izan zela.
Alabaina, orokorrean, genozidio hitza gertakari berriagoei buruz erabiltzen da. Joan den mendeko 90eko hamarkadan, soldadu serbiarrek birritan egin zieten eraso jende-talde jakin batzuei: lehenik musulmanei Bosnian, eta ondoren albaniar etniakoei Kosovon. Ruandan, Afrikan, talde etniko bat (hutuak) beste talde bat suntsitzen saiatu zen (tutsiak), 90eko hamarkada erdialdean. Milioi bat pertsona baino gehiago hil zituzten, edota euren etxeetatik alde egitera behartu. Afrikako beste leku batean, Sudango gobernuari genozidioa leporatu zioten 2000ko hamarkada hasieran. Diotenez, gobernuak talde etniko baten aurkako erasoak antolatu zituen Darfurgo eskualdean.