Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea


Euskal balea edo Ozeano Atlantikoko sardako balea animalia ugaztuna da. Normalean, 15 m-ko luzera eta 60 tonako pisu ingurukoak izaten dira. Gris oso iluna edo beltza izaten da, baina orbain zuri batzuk ere izan ditzake sabelean. Beste baleekiko duen bereizgarri nagusia burualdean du: buru handia eta buru gainean bizkarroiez betea egon ohi den gangarra du.

Ahoak kurba handia du eta bertan, 2,5 m-ko luzera duten bizarrak ditu. Bizarrak hortzak dira. Goiko barailaren bi aldeetan kokatzen dira eta alde bakoitzean 270 inguru ditu. Baleak ahoa erdi irekia duela egiten du igeri eta bizarrak bahe modura erabiltzen ditu, bere janaria harrapatzeko. Arnasa hartzeko, bizkarrean bi ostiolo (zulo) ditu.



Non egon ohi da?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migratzailea da. Uda iparraldeko itsasoetan igarotzen du. Ozeano Atlantikoan (AEB eta Kanada artean) 300-450 ren bat euskal balea bizi dira. Udan elikagai asko metatu behar du, negua eta migrazioko joan-etorria ia jan gabe igarotzen dituelako. Iparraldeko itsasoko urak hotzegi bihurtzen direnean, urteroko migrazioari ekiten diote, Georgia eta Floridarantz.

   Ba al dakizu   

Balea bakoitzak bere eskualdea du negua igarotzeko eta urtero bertara itzultzen da.


Nola ugaltzen dira?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neguan eta taldean ugaltzen dira, eme bat eta 2-7 arren artean. Ernalketaren ondoren, haurdunaldia urtebete ingurukoa da. Erditzea neguaren hasieran eta sakonera txikiko guneren batean gertatzen da. Kumeak 5-6 m-ko luzera eta 2 tonako pisua izaten du. Bere lehen 6-10 hilabeteetan, amaren esneari esker biziko da (ugaztunen ezaugarri nagusia). Euskal balearen bizi-itxaropena, gutxienez, 50 urtekoa da.

Uste da baleak duela 55 milioi urte baino gehiago daramala planetan. Munduan aldaketa nabariak eman arren, bere ingurunera moldatzeko eta aurrera egiteko gai izan da. Milioika urteetan zehar, baleek haien bizitza uretan pasa dute. Hala ere, animalia hauen arbasoak noizbait lurrean ibiltzeko gai izan zirela uste da. Lurreko baldintzek uretan denbora gehiago pasatzera bortxa zitzaketen. Adibidez, lurrean elikagaiak bilatzeko zailtasuna zela eta, edo gehiegizko beroarengatik.

Gaur egungo egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, euskal balea galzorian dago, munduan dauden beste balea espezie asko bezala. Hori horrela izateko, hainbat arrazoi daude, besteak beste:

Balea-arrantza. Orion harrapatutako azken balea (1901).
  • Ustekabeko baleen harrapaketak.
  • Ehizatutako produktuen merkataritza (adibidez, baleen olioa eta haragia saltzen dute).
  • Itsasontziekin izaten dituzten talkak.
  • Berotze globala.
  • Kutsadura eta toxikoak.

Arrazoi horiek baleentzat oztopoak dira, jateko elikagairik gabe gelditzen direlako edo ugalketan zailtasun gehiago izaten dituztelako. Gero eta balea gutxiago jaiotzen dira eta jada daudenak hiltzen badira (gehien bat gizakion erruarengatik), euskal balea desagertu egingo da.

Balearen garrantzia Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
   Ba al dakizu   

Kondairak dioenez, bikingoek irakatsi zieten euskaldunei baleak ehiztatzen.

Erdi Aro garaietan, baleak Euskal kostaldetik hurbil pasatzen ziren, negua pasatzeko leku epelagoen bila. Euskaldunek balea kopuru handiak harrapatzen zituzten bertatik pasatzen zirenean.

Hil ondoren, animaliatik produktu ezberdinak ateratzen zituzten bertakoentzat, baina preziatuena balearen koipetik lortzen zen olioa zen. Olio hau saldu egiten zuten batez ere Espainia eta Frantzian, baina Ingalaterraraino ere ailegatu izan zen salmenta.

XVI. eta XVII. mendeetan, baleak euskal kostaldetik gero eta urrunago igarotzen zirenez, euskal marinelak haien bila joan behar izaten ziren, Ternuaraino ailegatu ziren arte. Ternua Kanadako ekialdean, Ipar Ozeano Atlantikoan, dagoen uhartea da.

Horrela, balea-arrantza Euskal Herriko ekonomiarentzat oinarri garrantzitsua bihurtu zen.

Euskal Herriko baleazaleak sardako balea harrapatzen lehenak izan ziren Kanada ekialdean. Urteetan zehar, euskal balea elikagai bat bihurtu zen. Baleetatik lortzen ziren lehengaien artean koipea zen nagusi, pisuaren % 40 koipea baita. Bestalde, duen bizarra fina, luzea eta ugaria denez, aterkiak egiteko erabiltzen zen.

Balea-arrantza areagotzen joan zen neurrian, euskal balearen populazioa murrizten joan zen. Horregatik, 1937. urteaz geroztik, mundu osoan haren arrantza erabat debekatuta dago.

Entzun ezazu euskal balearen kanta bereizgarria!

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
      Entzun!