Tesalonikarrei Lehen Gutuna
Tesalonikarrei Lehen Gutuna | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Paulo Tartsokoa |
Sorrera-urtea | 50 |
Izenburua | Α' Ἐπιστολή πρὸς Θεσσαλονικεῖς eta 1. Brief des Paulus an die Thessalonicher |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | Epistola |
Deskribapena | |
Honen parte da | Itun Berria Pauline epistles (en) epistles to the Thessalonians (en) |
Tesalonikarrei Lehen Gutuna edo, labur, 1 Tesalonikarrei (1 Ts) Bibliako Itun Berriko liburu bat da. Gutunak bost kapitulu dauzka, eta koinez idatzita dago. Liburu honi Tesalonikarrei Bigarren Gutunak jarraitzen dio.
Testuinguru historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tesalonikarrei Lehen Gutuna, seguruenik, 50aren inguruan idatzi zen, eta, horren ondorioz, litekeena da gordetzen den Paulo Apostoluaren gutunik zaharrena izatea bai eta gorde den jatorrizko kristau-idazlanik zaharrena ere.[1]
Paulok gutuna Timoteo Mazedoniara itzuli ostean idatzi zuen, eta bertan kokatutako Tesalonika hiriaren egoeraren berri eman zion (Eg 18:1-5, 1 Ts 3:6). Timoteoren berriak oro har bihotz-altxagarriak izan ziren, baina, horretaz gain, Paulok kristau-fedean, berak irakatsi zuen eran, aditu ezinak eta errakuntzak sortzen ari zirela ulertu zuen. Paulok gutun hau Tesalonikako eliza artezteko idatzi zuen, bizi garbi bat izan zezaten akuilatzeko eta Jainkoak haien bizitzak donestea nahi zuela gomutaratzeko.
Hartzaileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eginetan Pauloren bigarren misio-bidaia kontatzen da; Paulok eta Silasek egoitza Filipostik Tesalonikara aldatu zuten, beharbada, bertan sinagoga bat egoteagatik. Hiri hura Mazedoniako erromatar probintziako hiriburua izan zen. Paulo Berri Ona aditzera ematen hasi zen judu nahi jentilei. Hiru Sabbatez sinagogan Kristorenak izan ziren Itun Zaharreko atalak estali zituen.
Liburuaren edukia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
JAINKOARI ESKER ONA (1:2–3:13)
|
AHOLKUAK JAUNAREN ETORRERARI BEGIRA (4:1–5:11)
AMAIERA (5:12-28)
|
Antza denez, kontraesana dago lehen gutunean adierazitako Jesus arin itzuliko zelako itxaropenaren eta bigarren gutuneko itzuliko zelako itxaropen puztuegien aurkako ohartarazpenaren artean. Interpretazio klasikoaren arabera, bigarren gutuna lehenarentzako erantzuna da, ezen, lehenak gehiegizko itxaropenak isiotu zituenez, bigarrena hura artezteko idatzi baitzuen. Kontraesan hark, jazarpena aitatu izanarekin batera, XIX. gizaldiaren erdiko teologo liberalak bigarren gutuna Paulok idatzi ez zuela ondorioztatzera eroan zituen, ezpada II. gizaldiaren lehenengo erdian idatzitakoa izango zatekeen.
Antijudaismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gutunaren pasarte bat sarri aitatzen da, kristau-antijudaismoaren sorburu lez:[2]
« | 15 Juduek Jesus Jauna eta profetak hil zituzten, eta orain gu pertsegitzen gaituzte. Ez zaizkio Jainkoari atsegin eta gizon-emakumeentzat etsai dira, | » |
1 Ts 2:15 |
Dena dela, hori Paulo, jentilen edo paganoen –ez-juduen– apostolua, hebrear kristauen arteko gatazken testuinguruan kokatu beharra dago, ezen hebrearrek jentilei kristautzean euren ohiturak inposatu nahi baitzizkieten.[3] Ohitura haietako batzuk erdainkuntza (brit milah) eta elikagai batzuk jateko debekuak (e. b. txerrikia) ziren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Brown, Raymond E.. (1997). An Introduction to the New Testament. Anchor Bible, 456-466 or..
- ↑ (Frantsesez) Tincq, Henri. (2017ko martxoaren 7a). La fin de l'antijudaïsme chrétien. .
- ↑ «Ga 2:1-16 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2021-04-28).