Edukira joan

Sobietar Batasuneko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sobietar Batasuneko historia 1922ko abenduaren hasi zen, Errusiako, Ukrainako, Bielorrusiako eta Transkaukasiako Sobietar Errepublika Sozialistak batu zirelarik. 1991n desegin zen, errepublika batzuek independentzia aldarrikatu zutenean. 1991ko abenduaren 8an Errusia, Bielorrusia eta Ukrainak Estatu Burujabeen Erkidegoa eratu zuten, praktikan Sobietar Batasunaren amaiera izan zena.

SESBren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917ko azaroaren 7ko (edo urriaren 24, orduko egutegiaren arabera) iraultzaren ondoren, boltxebikeek gobernua (Herriaren Komisarien Kontseilua) osatu zuten Leninen buruzagitzapean. Garrantzi handiko dekretu zenbait aldarrikatu zuten berehala: bakea ezartzearen aldekoa, lurrari buruzkoa (jabetza handiak deuseztea), langileen kontrola (desjabetzarik gabe), nazionalitateei buruzkoa (herrialdeen berdintasuna eta burujabetza).

1917ko abendutik 1918ko azarora bitartean, gobernu sobietarraren aginpide berria eratuz joan zen: kontrairaultzaren eta sabotaiaren aurkako Batzordearen (Txeka) eta Armada Gorriaren sorrera; Elizaren eta Estatuaren bereizketa; emakumeen askapen politikoa; tsarrak eta Gobernu Probisionalak hartutako zorrak ez onartzea; Nazio Ekonomiaren Kontseilu Gorenaren sorrera; nazionalizazioen hasiera (bankuak, burdinbide sareak, barneko eta kanpoko merkataritza, industria).

Lehen Mundu Gerratik irteteko, Leninek Brest-Litovskeko Ituna sinatu zuen 1918ko martxoaren 3an, lurralde asko utzi behar izan zituztelarik: Kurlandia, Herrialde Baltikoak, Polonia, Finlandia, Ukraina eta Besarabia. Gerrak eta nahasmenduak deuseztutako industria berreraikitzen hasi orduko, berriro gerraren aurrean aurkitu ziren Aliatuak herrialdean sartu baitziren kontrairaultzaileen Armada Zuriari laguntzeko prest.

Gainera, 1918ko apirilean alemanek, Ukrainan sarturik, beren aldeko gobernua ezarri zuten bertan eta japoniarrak Vladivostokez jabetu ziren. Uztailean, Sobieten V. Kongresuan Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federalaren (ESESF) lehen konstituzioa onartu zuten. Kinka horretan, “gerra-komunismoa” izeneko neurri multzo gogorra hartu zuten boltxebikeek, hirien mantenua ziurtatu behar zuen nekazaritza produktuen konfiskazioa bereziki. Hiru urteko gerra hura aldi berean izan zen zibila eta kanpoko erasoaren aurkakoa, eta, haren ondorioz, gosetea eta izurriteak izan ziren eta milioika pertsona hil ziren.

Lurraldeak askatu ahala, haiek ESESFean sartuz joan ziren: Ukraina (1920 abendua), Bielorrusia (1921eko urtarrila), Azerbaijan (1920ko iraila), Georgia (1921eko maiatza), Armenia (1921ko abendua); 1922ko abenduan SESB sortu zen. Bestalde, Poloniak bere independentzia berreskuratu zuen eta Lituania, Letonia, Estonia eta Finlandia estatu gisa eratu ziren. Gerraren ondorioz, halaber, lehengo erregimenarekin loturiko milioi inguru pertsonak -aristokratek, funtzionarioek, burgesek- alde egin zuten.

Politika ekonomiko berria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zazpi urteko gerra etengabearen ondoren, estatuaren ekonomia lur jota zegoen: industria produkzioa –1913ko zazpirena–, meategiak eta burdinbide sarea deseginik zeuden eta landetako produkzioa ere asko apaldu zen. Krisi ekonomikoari krisi politikoa gaineratu zitzaion: alde batetik nekazari talde batzuk matxinatzen hasi ziren eta, bestetik, Armada Gorriak zanpatu zuen Kronstadteko marinelen matxinada (1921eko martxoa) boltxebikeen aurkako ezkerreko oposizioaren adierazpena izan zen.

Egoera horren aurrean, Leninek produkzioa berpiztea helburu zuen politika ekonomiko berria onartarazi zuen Alderdi Komunistaren X. Kongresuan (1921eko martxoa). Politika Ekonomiko Berriak ekimen lerro bikoitza bideratu zuen: kapitalismo pribatuaren itzulera mugatua eta kontrolatua, alde batetik, eta produkzioaren sektore sozialista azkartzea, bestetik. Hala, nekazaritzan erdi mailako ekoizleek eta industrian, berriz, enpresari txikiek bultzada handia izan zuten. 1927rako produkzioa gerra aurreko mailara iritsia zen. 1919an Komintern delakoa eratu zen.

« 1. Kongresuak alderdiko kide guztiei dei egin nahi die, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren batasunerako (...).

6. Azaldutako arrazoiengatik, plataforma batean zein bestean oinarrituz eratutako talde guztiak, salbuespenik gabe, desegintzat jotzen ditu eta desegitea agintzen du Kongresuak. Kongresuaren itun hori betetzen ez duena alderditik kanporatu egingo da berehala..

»

—Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren X. Kongresuaren hasierako ebazpen-proiektua alderdiaren batasunari buruzkoa, 1921eko martxoak 3


1924tik Bigarren Mundu Gerra arte

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lenin 1924an hil zen. Handik aurerra, buruzagien arteko aurkakotasun ideologikoak eta etsaigo pertsonalak agerian geratu ziren. Iosif Stalin Alderdi Komunistaren idazkari nagusia zen 1922tik, eta Leon Trotskiren inguruan haren zuzendaritzaren aurkako taldea eratu zen. Eztabaidagune nagusia iraultzaren hedapena zen: batetik, mendebaldeko Europara zabaldu beharra Trotskiren arabera, eta Stalinek aldarrikatzen zuen “sozialismoa herrialde bakarrean” bestetik, iraultza SESBn lehenik sakondu beharra azpimarratzen zuena.

Stalinen jarrera garaiturik, 1927ko azaroan alderditik egotzi zituzten Kamenev, Zinoviev eta Trotski buru zuen ezkerra (Radek, Preobrazhenski, Rakovski). Hala berean, Stalin aukera hartaz baliatu zen eskuineko oposizioa ere alderditik kanpo uzteko (Bukharin, Rikov, Tomski).

Ekonomiari eta gizarteari dagokienez, 1927tik 1939 arteko aldiaren ezaugarriak planifikazioa eta nekazaritzaren kolektibizazioa dira. 1928an indarrean sartu zen lehen bost urteko plana (1928-1933). Industria ekoizpenaren hazkundea izugarria izan zen, industria astunarena gehienbat. 1930ean abiaturik, nekazaritzaren kolektibizazioak ekonomia politiko berriaren garaian aberasturiko nekazarien (kulak) erresistentzia ekarri zuen; haien ekintzei –uztak erretzea, aziendak pozoitzea, komunisten hilketa…–, errepresio izugarria eta ehunka mila kulaken deportazioa jarraitu zitzaizkien. Industriaren garapen azkarrarekin batera, ikatzaren eta burdinaren produkzioa bikoiztu zen, industria kimikoa sortu zen, komunikabide berriak ireki ziren. Stalinek 1933an, bost urteko planaren ondorio gisa, adierazi zuenez,

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Iosif Stalin-en hitzaldia
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009
« Sobietar Batasuna, defentsa ikuspegitik, gaizki prestatutako estatu ahula izatetik indartsua izatera pasatu da. Prest gaude edozein gertakizunetarako; gai gara defentsarako beharrezkoak diren bitarteko moderno guztiak masan sortzeko, eta baita armada behar bezala hornitzeko ere, kanpoko erasoei aurre egiteko. »

[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri


Bigarren planak (1933-1938) industria arinaren garapena ekarri zuen, nahiz eta lehentasuna betiere industria astunari eman zitzaion. Lehen bi planen arrakastak sobieten aginpidea eta Stalinen omena sendotu zituen sobietarren artean. 1934ko irailean sobieten herrialdea Nazioen Ligan onartua izan zen. Espainiako Gerra Zibilean SESBk errepublikako gobernuari lagundu zion.

Barnealdeko giroa itxuraz bare zela, 1934ko abenduan Sergei Kirov, Leningradoko idazkaria, hil zuten. Horren ondorioz, alderdiko koadro asko kontzentrazio esparruetara deportatuak izan ziren eta, Moskuko prozesuen ondoren (1936-1938), armadako eta goardia zaharreko lehen mailako buruzagiak fusilatu zituzten: Zinoviev, Kamenev, Piatakov, Radek, Bukharin, Rikov, Tukhatxevski

1939ko abuztuan, Alemaniak eta Sobietar Batasunak elkarri ez erasotzeko Molotov-Ribbentrop Ituna sinatu zuten, beraren klausula sekretuek Poloniaren banaketa ezartzen zutela.

Bigarren Mundu Gerra eta gerraondoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939ko irailaren 1ean naziak Polonian sartu ziren eta Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Irailaren 17an sobietarrak Poloniako ekialdean sartu ziren, eta 1940ko uztailean Estonia, Letonia eta Lituaniaz jabetu ziren. Halaber, Finlandiari eraso zioten eta Kareliako istmoa hartu zuten; hori zela-eta, SESB Nazioen Ligatik egotzi zuten.

1941eko uztailean, Alemaniak Sobietar Batasunari eraso zion. Alemaniako gudarostea hasieran garaile agertu bazen ere (Ukraina, Leningradeko setioa), 1941-1942ko neguan Armada Gorriak kontrerasoa jo eta Mosku salbatu zuen. Hurrengo neguan Stalingradoko setioa desegin zuen. Handik aurrera, herrialde osoa eta Ekialdeko Europa askatu zuen, Berlineraino iritsiz (1945eko maiatzak 8an). Ekialdean, Sakhalin uharteko hegoaldea eta Kuril uhartedia beretu zituzten.

Gerrak ondorio latzak ekarri zituen, hogei milioi sobietar hil baitziren. Laugarren bost urteko planarekin herrialdearen berrerarikitze lanak hasi ziren. 1948rako, gerra aurreko ekonomia maila iritsia zuen, eta 1950etik aurrera munduko bigarren herrialde indartsuena bilakatu zen.

1945etik 1948ra komunistek aginpidea hartu zuten ekialdeko Europako herrialdeetan. 1949an Txinan ere komunistak garaile irten ziren. Estatu sozialisten barrutia hedatuz joan ahala, mendebaldeko herrialde kapitalistekiko harremanek txarrera jo zuten, eta 1946an Gerra Hotza hasi zen. Garai horretakoak dira, besteak beste: Kominform erakundearen sorrera (1947), Berlingo Blokeoa (1948), Comeconen sorrera (1949), Koreako Gerra (1950). 1948an, Josip Titoren Jugoslaviarekiko harremanak hautsi zituzten.

Stalinen ondorengo garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1953 Sobietar Batasunaren gune ekonomiko garrantzitsuenak.[1]

1953ko martxoan Stalin hil zen. Nikita Khrustxev, 1953tik Alderdi Komunistako idazkari nagusia, arian-arian nagusituz joan zen Sobietar Batasunaren politikan. Haren eskutik desestalinizazio prozesua abiatu zen. Barne politikaren bide berri horren funtsezko gunea Khruschov-ek Alderdiaren XX. Kongresuaren aurrean (1956ko abendua) irakurritako txostena izan zen. Bertan aurreko gehiegikeriak salatzen zituen. Hala, aurreko aldiko zenbait buruzagik –Molotov, Malenkov, Txepilov, Kaganovitx, Zukov…–, beren karguak utzi behar izan zituzten, eta antzinako kondenatu politikoen izen ona berretsi zen.

Sakontzeko, irakurri: «Kyshtymeko ezbeharra»

Ekonomiaren arloan nekazaritza indartzeko plan ekonomiko berezia ezarri zen (1959-1965) eta deszentralizazioaren aldeko neurri zenbait hartu ziren. Herrialde komunistekiko harremanak molde desberdinekoak izan ziren: Jugoslaviarekin harremanak normaldu baziren ere (1955), Armada Gorria Hungarian sartu zen bertako askatasuna lortzeko ahalegina zapalduz (1956ko urria-azaroa).

1961ean Txinarekin eta Albaniarekin harremanak eten zituzten, haiek desestalinizazioan urrunegi joan izana salatzen baitzuten. Mendebalarekiko tentsioa areagotu egin zuten gertakari jakin batzuek: Kongoko gerra zibilak (1960), Berlingo harresia eraikitzeak (1961) eta, batez ere, Kubako misilen krisiak (1962).

Oro har, ekialdeko herri demokraziekiko loturak indartu ziren: mendebalak NATO sortu izanari Varsoviako Itunaz erantzun zioten (1955eko maiatza). Hala eta guztiz ere, orduko mendebalarekiko politika “bakezko elkarbizitza” deitua izan zen. 1960 inguruan SESBren egoera ekonomikoa larritu egin zen, bereziki nekazaritzaren alorrean. Horren ondorioz, Krhustxov aginpidetik alboratua izan zen eta herrialdearen gidaritza hiruko baten esku geratu zen: Kosigin, Breznev, Podgorny. Laster Breznev nagusitu zen.

Lehengo orientabideak erabat aldatu ez baziren ere, bost urteko plan berri bat ezarri zen (1965-1970). Ideologiari dagokionez, liberalizazio prozesua moztu zen. Bestalde, barneko nazioen abertzaletasuna berpizten hasi zen (Ukrainan eta Lituanian bereziki). Kanpora begira, mendebaleko herrialdeekiko politika eta merkataritza harremanak garatu ziren. 1972ko maiatzean Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak armamentu estrategikoa murrizteko itun partzial bat sinatu zuten. Aldi berean, Hirugarren Munduko zenbait gatazka gunetan (Vietnam, Angola, Etiopia…) zeharka eskuhartu zuen. Txinarekiko harremanak txartuz joan ziren eta gudu gogorrak lehertu ziren bien arteko mugan (Amur ibai aldean). Halaber, Armada Gorria 1968ko abuztuan Txekoslovakian sartu zen bertako liberalizazioa moztearren. Barneko disidenteen aurkako neurriek (deportazioa, psikiatrikoan sartzea) oihartzun handia zuten mendebalean.

SESBren desegitea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Sobietar Batasunaren desegitea»

Breznev-en ondorengo buruzagiek –I. Andropov (1982-1984), C. Txernenko eta, batez ere, Gorbatxov– aginpidea beretu bezain laster ekonomia erreformatzeko eta burokraziaren gaitasun eza eta ustelkeria ezabatzeko asmoak agertu zituzten. 1979an Armada Gorriak Afganistango gerran eskuhartu zuen, arabiar herrien erreakzio biziak sortuz.

1985ean, M. Gorbatxov zuzendaritzarako –Alderdi Komunistako idazkari nagusi eta estatu buruzagi goren– izendaturik, herrialdearen bilakabidea errotik aldatu zen. Gorbatxovek berregituratze (perestroika) eta gardentasun (glasnost) politikari ekin zion. Desestalinizazioa sakondu zuen, berriz eman zien hiritartasuna 1966-1988 aldian estatuak horretaz gabetutako hiritar guztiei, eta hainbat erreforma egin zizkion konstituzioari (erregimen presidentziala ezarri, alderdien aniztasuna eta alderdi komunistaren nagusitasuna ezabatu, jabetza pribatua).

Neurri horien guztien ondorioz, 1989ko martxoan legebiltzarrerako hauteskunde irekiak egin ziren, eta erreformatzaileak eta nazionalistak atera ziren garaile. 1987an desarme nuklearrerako lehen ituna sinatu zuten Estatu Batuekin. 1988an Afganistandik atera ziren, Txinarekiko hurbilketa jarraitzen zen bitartean. Barnean, antolamendu ekonomikorik ezak merkatu ekonomia ezartzea helburu zuten erreformak trabatzen zituen. 1991ko martxoaren 15ean alderdiko zenbait kidek antolaturiko estatu kolpea ez zen garaile irten, batez ere B. Ieltsin-ek zuzenduriko erresistentziagatik. Abuztuan bertan Alderdi Komunista desegin zuten. Abenduan SESB desegin zen, Estatu Independenteen Erkidegoa sortu zen eta Gorbatxovek dimititu zuen. Bitartean, SESB osatzen zuten hainbat herrialdek beren burujabetasuna edota independentzia aldarrikatu zuten.

«

Horrek azaltzen du, independentzia bat-batean lortzean, zergatik izan dituzten hainbeste tentsio. (...) Nahiz eta sobietar erregimenak errusiar nazioa ere zapaldu zuen, egia da errusiarrek errealitate pribilegiatua bizi izan zutela. Gainera, SESBko gainerako nazioentzat oso zaila zen bereiztea zer zen errusiarra eta zer sobietarra. [...] Nazio berriak eraikitzeko beharrak hainbat sustrai edo jatorri historiko bilatzea eragin du. Horren ondorioz, errusiarren irudia goitik behera aldatu da; gaur egun, okupatzailetzat edo kolonizatzailetzat hartzen dituzte, toki batzuetan besteetan baino gehiago..

Ángel Pérez González (2001).

»

[1].


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]