Saba Sahar
Saba Sahar | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Kabul, 1975eko abuztuaren 28a (49 urte) |
Herrialdea | Afganistan |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea, film-zuzendaria eta zinema ekoizlea |
Saba Sahar (Kabul, Afganistan, 1975eko abuztuaren 28a) Afganistango aktorea, gidoilaria, zuzendaria, zinema ekoizlea eta genero gaietarako polizia da. Herrialdeko lehen emakume zinema zuzendaria da. Bere ibilbide zinematografikoan Afganistango emakumeen eskubideen aldeko aktibismoarengatik nabarmendu da. Polizia ofiziala ere bada, Kabulen Genero Gaietarako Polizia Bereziko buruordea.[1][2] 2020ko abuztuaren 25ean tirokatu zuten Kabulen, lanera zihoala. Larri zauritua izan zen.[3]
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sahar polizia ofizial gisa trebatu zen, eta 14 urterekin hasi zen Barne Ministerioan lanean, 90eko hamarkadaren hasieran. Denboraz teniente maila izatea lortu du, eta Genero Gaietarako Polizia Bereziko buruordea da, aktore, zuzendari eta zinema-ekoizle lanak egiten jarraitzen duen bitartean.[1] Sarritan, bere ekoizpenak drama polizialak dira, eta berak interpretatzen duen «emakume-heroia» emakume ofiziala da, ustelkeriaren, talibanen, narkotrafikatzaileen edo jauntxoen aurrean justizia eta osotasuna defendatzen dituena.[4]
Kabulen hazi zen Afganistango hiriburuan, antzokiak eta zinemak zeuden garaian. Txikitatik nahi zuen aktore izan. 8 urte zituela igo zen lehen aldiz Kabuleko antzokiko eszenatokira, familiaren baimenik gabe, baina aitak antzezten ikusi zuenean, azkenean, baimena eman zion.
1996an idatzi zuen bere lehen gidoia, talibanen gobernuak zinema debekatu zuenean, ustelkeria morala zela esanez. Talibanen miliziak Afganistango zinema konpainia estatalaren bulegoetan sartu ziren, aurkitu zuten guztia erre zuten eta herrialdeko artxibo gehienak suntsitu zituzten. Saharrek Pakistanera ihes egin zuen. Bere lagun batzuek ez zuten hainbesteko zorterik izan, hil egin baitzituzten.[4]
Asiloa eskatu zuen Ameriketako Estatu Batuetan eta 2001ean bisa bat eman zioten, baina gobernu talibana erori zenean, Kabulera itzuli zen eta bere ekoiztetxea sortu zuen Afganistango industria zinematografikoa berreraikitzeko helburuaz.[4]
Emakumeen eskubideen defendatzailea jakitun da arriskuan dagoela. 2014an Sahararrek hauxe adierazi zuen:
«Goizero, etxetik irteten naizenean, badakit hil nazaketela, beharbada ez dudala inoiz nire familia berriz ikusiko.»
, honako erronka hau azpimarratzen zuen bitartean:
«Afganistango emakumeak gizonek egiten duten edozer egiteko gai dira» , (...) «Alabak eta emazteak etxean giltzapetzen dituzten kontserbadoreei erakutsi nahi diet hezten utzi behar dietela, diru apur bat irabazten eta Afganistan berreraikitzen laguntzen.»[4]
Urteetan zehar hainbat mehatxu jaso ditu, esaterako, 2014an..
«Maite nituenei agur esateko esan zidaten, laster hilko nindutela eta.»
Bere lehen filmak, The Law, (2004) arrakasta handia izan zen. Erbestetik itzuli zen Afganistanera, ekiteko asmoz.[4][5][6]
Bere Passing the Rainbow filma Chelsea College of Art and Design-eko arte instalazio batean aurkeztu zen 2010ean.[7]
Atentatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2020ko abuztuaren 25ean, hiru gizon armatuk tiro egin zioten Sahar zihoan autoari, Kabul mendebaldean, Emal Zaki senarrak azaldu zuenez, Kabulen lanera zihoala, bizkartzainarekin eta gidariarekin. Ustez, erasoa Afganistanen emakumeen eskubideak defendatzearekin lotuta egon zen. Urdailean larri zauritu eta ospitale batera eraman zuten.[8]
Amnistia Internazionalak atentatua ikertzeko eskatuz ekintzaile politikoak, giza eskubideen defendatzaileak, kazetariak eta aktoreak hiltzeko saiakerak gaitzetsi zituen.[2]
Bi aste lehenago Fawzia Koofi emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea ere zauritu zuten atentatu batean. Koofi talde negoziatzaileko kidea zen Afganistango bake elkarrizketetan.[9]
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Commissioner Amanullah (Afganistango poliziari buruzko 24 kapituluko telesaila)[4]
- The Law, 2004
- Passing the Rainbow, 2008 (emakume polizia eta zuzendari lanetan)[10]
- Kabul Dream Factory, 2011[11]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Welle (www.dw.com), Deutsche. «صبا سحر، سینماگر و افسر پولیس در حمله مسلحانه زخمی شد | DW | 25.08.2020» DW.COM.
- ↑ a b «Saba Sahar, Afghan Police Officer and Actress, Wounded in Attack» TOLOnews.
- ↑ (Ingelesez) Saba Sahar: 'I survived a Taliban assassination attempt'. (Noiz kontsultatua: 2024-09-10).
- ↑ a b c d e f Kleeman, Jenny. (22 de abril de 2012). Saba Sahar: 'Afghan women are capable of doing anything men do'. .
- ↑ Wildermann, Patrick. (18 de febrero de 2011). Wer wenn nicht sie. .
- ↑ Biswas, Soutik. (12 de noviembre de 2004). Women struggle in Afghan cinema. BBC.
- ↑ »Are you recording?«. Transnational.
- ↑ Saba Sahar: Afghan actress and film director shot in Kabul. 25 de agosto de 2020.
- ↑ «Gobierno afgano condena ataque contra una integrante de su equipo negociador» La Vanguardia 15 de agosto de 2020.
- ↑ Passing the Rainbow. IMDb.
- ↑ Kabul Dream Factory. German Documentaries.