Rexu Mazusta Astibia
Rexu Mazusta Astibia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Errenteria, 1953ko apirilaren 7a (71 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Bizilekua | Oiartzun |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea psikologia Yoga |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | psikologoa eta yoga irakaslea |
Rexu Mazusta Astibia. (Errenteria, 1953ko apirilaren 7a). Frankismoaren garaiko langile borrokalaria eta Errenteriako mugimendu asanblearioko partaide. Psikologoa formazioz eta yoga irakaslea.
Bizialdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errenteriako Masti/Loidi auzoan jaio zen, Itziar Astibia Olaizek eta Xanti Mazusta Nataldek sortutako familian. Hiru anai-arreba izan ziren eta bera zaharrena. Ama, Errenteriako Fanderia errotakoa zen, Nafarroatik etorritako errotariaren iloba eta administrari lanak egiten zituenaren alaba. Familiak gerra garaian ihes egin behar izan zuen Bilbora eta handik itzuli zirenean, bizilekurik gabe aurkitu ziren, errota kendu eta beste batzuen esku zegoelako. Liho fabrikan hasi zen lanean ama, gerra ondoren. Jostuna zen. Ezkondu zenean fabrika utzi zuen eta jostun gisa jarraitu zuen. Aita berriz, Loidi baserrikoa zen eta Errenteriako Papeleran lan egiten zuen.
Rexu txikitan Errenteriako Rosa Esnaolaren eskolara joan zen, Topoko aldapan. Rosanea edo Las Rosas izenez ezaguna, eskola unitarioa zen. Bi gela handitan biltzen ziren ume guztiak batera, handienak txikienei erakutsiz. Klaseak gaztelaniaz izaten ziren, euskaraz ematen zuten klase bakarra Kristau-ikasbidea zen eta horretaz baliatu ziren gurasoak ere euren seme-alabei euskara gehitzeko. Madalen kalean JOC-ek (Langile Gazte Kristauak) zituen lokaletan ematen zieten, parrokiako apaizak ziren Don Marcos eta Don Antonio Munduateren eskutik.
Miren Gezalaren eskolan jarraitu zuen administratibo ikasketak egiten eta horri esker 17 urterekin hasi zen lanean tailer txiki bateko kontabilitatea eramaten.[1]
70. hamarkada eta Errenteriako giro politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klase eta Nazio arazoak ziren punta-puntako gaiak. Kezka soziala nabarmena eta herri-mugimendu garrantzitsua, Asanblada izeneko herri-kontrabotere saiakeran islatu zena. 1976tik aurrera herria erreferentea izan zen hainbat borroka mailatan (politikoa, langileena, auzoena, euskararena, feminismoarena…)[2] (92 orr).
Testuinguru horretan murgildu zen Rexu langile mugimenduetan. JOC-ek izan zuen eragina, izan ere bertan eman baitzituen lehen urratsak eta ordukoa izan zen bulegoko lana utzi eta fabrikara pasatzeko erabakia. Oiartzungo Beta enpresan hasi zen lanean, produkzioan. Langile kontzientzia mamitzearekin batera, feminismoa mamitzeko aukera ere eman zion lanbide berriak. 14 urte eman zituen bertan lanean. Emakumeez osaturiko taldea sortu zuten eta antzematen zituzten jokabide paternalista-matxista-kapitalistak aldatzea zuten helburu. Langile Batzordean jardun zuen lanean 10 urtez.
Militantziarako garai zailak ziren eta errepresioa oso handia zen, Errenterian bereziki. Asko eta asko kaleratu egiten zituzten greba egiteagatik. Frankismoaren amaiera zen, Burgosko prozesuaren garaia, borroka ekologista zegoen… borroka horietako asko langile mugimenduetatik bideratzen ziren eta Herriko Asanbladatik.
Errenteriako mugimendu asanblearioaren hasiera mendia izan zen, Arramendiko kaxkoa, Lezoko ingurua, kanposantu berriaren ingurua… Guardia Zibila nola saihestu estrategia desberdinak erabiltzen ziren. Klandestinitatean bizitzeko garaia. Horrek gerora forma hartu zuen eta asanbladak herriko plazan egiten ziren oso modu antolatuan. Oso jendetsuak izaten ziren, eztabaida interesgarriekin.[3]
Oiartzungo Iturburu udal haur-eskolaren sortzaile taldekoa izan zen.[4]
21 urte zituela Iñaki Pikabea Lasarekin ezkondu eta hiru urtera familia osatu zuten, Oskitz semea jaiota. Bera izan zen lehena lanaldi murriztua eskatzen lantegian, horretarako abokatu laboralista baten laguntza behar izan bazuen ere. Aitzindaria izan zen ere, ezkondu eta gero lanean jarraitzen, garai haietan ezkontzen ziren neska guztiak uzten baitzuten lantegia. Rexuk 32 urterekin utzi zion fabrikako lanari, enpresa krisian sartuta, beste langile askorekin batera kalera joatea erabaki zuenean.[1]
Psikologo lanetan eta Yogako irakasle
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizitzak beste bidetatik eraman zuen Rexu. Unibertsitatean sartzeko prestakuntza egin zuen eta 25 urtetik gorako sarbidea gaindituta, psikologia ikasi zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean, 1988tik 1992ra.
Garai horretan arazo fisikoak zituela-eta hainbat sendabide alternatiboak ezagutzeko aukera izan zuen, tartean Yogarena. Ikasle izatetik irakasle izatera pasa zen eta psikologiarekin batera Yogako ikasketak egin zituen Asociación de Yoga Sanandak Pontevedran eta Bartzelonan zituen zentroetan. 1995-1997 bitartean.
1992tik 2011 arte psikologiako bulego batean lan egin zuen Errenteriko Haurkide Kabinete Psikologikoan. Batez ere genero indarkeriazko kasuak landu zituen, tartean Psikologiako elkargo eta Gipuzkoako Foru Aldundiko programa baten barruan.
1995 urtean hasi zen yogako irakasle. Oiartzungo Laboral Kutxako lokalean hasieran eta kiroldegian gero.[5][6] 2008tik Oiartzunen bizi da.
Astean bitan bilduz, hiru talderekin hasi zen eta pixkanaka herritik kanpo: Lezoko Gaxuxa emakume taldera astean bitan, Anoeta herrira euskaraz ematearren, Larraulgo barnetegiko ikasleei, Fanderian... Pixkanaka joan zen, ordea, lan guztia hauek uzten, 2018an 65 urte zituela jubilatzea erabaki zuen arte.[1]
Jubilatu ondorengoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berriro yogaren arra piztuta ekin zion klaseak emateari. Ikasle-ohien demanda bazuen eta Gazte izanak jubilatuen lokal berriak aukera onak eskaintzen zituela ikusita, berreskuratu zituen yogako eskolak. Horretan dabil 2023tik, klaseak muxutruk eskainiz.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Olaziregi Bagües, Jexus. (2024). «Xanistebanak 2024» Xanistebanak 2024 (Oiartzun: Oiartzungo udala) 54: 91-98. ISSN SS-531-1977..
- ↑ web/eu/herria/artxiboa/Bilduma/Bilduma%2030_2021/BILDUMA_30.pdf
- ↑ https://static.errenteria.eus/web/eu/herria/artxiboa/Oarso/Oarso2016/Articulos/Zabaleta%20%28asamblea%29.pdf
- ↑ (Ingelesez) «2022: Iturburu Udal Haur Eskolako historia by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2022-10-24 (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ (Ingelesez) «2012 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2016-08-05 (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
- ↑ http://www.gazteoiartzun.net/wp-content/uploads/2012/09/Gazteinfo_Ikastaro_Plazaeskaera.pdf
- ↑ GAZTE IZANAK Rexu-Gemma 2024-09-03. 2024-09-03 (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).