Postposizio
Postposizioa deklinabideko atzizki batzuen funtzio bertsua betetzen duen hitz askea da.
Postposizio askeak eta atzizki-postposizioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste hizkuntza batzuetan, gaztelaniaz edo frantsesez esaterako, preposizioak dituzten bezala, euskaraz postposizioak daude. Postposizioak, atzizki diren aldetik, izen-sintagmari itsasten zaizkionean, zenbait hots-aldaketa gertatzen dira. Hain zuzen, hots-batze horiek direla medio, euskal gramatiketan deklinabideaz hitz egiten da. Hala, zenbait postposizio eta kasu-marka hartzen dira, eta paradigma egokietan aurkezten.
Zenbait postposiziok beste postposizio haien zeregin bera betetzen dute, baina ez dira deklinabide-paradigmetan sartzen. Gainera, maiz, postposizio direlako horiek jadanik deklinabide-tauletan jaso diren postposizio-sintagmak eta izen-sintagmak hartzen dituzte osagarritzat, hots: postposizio-sintagma edo izen-sintagma horiei itsasten zaizkie.
Zein da postposizio horien eta deklinabidean sarrarazi diren postposizio-sintagmetan agertzen direnen arteko diferentzia? Bat, funtsean: oraingo postposizio horiek forma askeak dira, hitz solteak. Normalean, gainera, jatorriz izenak edo bestelako gramatika-kategoriako elementuak dira, gramatika-erlazioak adierazteko erabiltzen direnak. Hortaz, bi postposizio-klase bereizi behar dira:
- atzizki-postposizioak alde batetik, eta
- postposizio askeak, bestetik. Bereizketa formal hutsa da, beraz.
Postposizioak eta ohiko izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arreta pixka batekin begiratuz gero, berehala ikusten da postposizio aske gehienak, berez, izenak direla, edo aditzondoak: buru, antz, alde, arte, bitarte, uste, iritzi etab. izenak dira, dudarik gabe. Hala ere, postposizioen sailean sartzen dira, tresna gramatikal gisa lan egiten baitute. Dena den, ohiko izenen eta postposizio direnen artean bada diferentzia funtsezko bat: izen arruntek adjektiboak onartzen dituzte edo mugatzaile gisa erakusleak onartzen dituzte. Postposizio-lanetan ari direnek, ordea, zailtasunak dituzte horretarako:
- Hiztegiaren aldetik, oso ongi dago / ??Hiztegiaren alde honetatik, oso ongi dago.
- Zure antzean dabil hori ere / ??Zure antz handian dabil hori ere.
Bestalde, gauza jakina da izen-sintagma batean izenlagun bat dagoenean izen-sintagma hori mugatua izan ohi dela:
- Autoz etorri da.
baina
- Aitaren autoaz etorri da / Aitaren autoan etorri da.
Horrenbestez, nola esplika postposizio direlako horiek sarritan –batez ere instrumentalean (-z atzizkiarekin) doazenean– mugagabeak izan beharra? Postposizio direlako, hain zuzen. Postposizio direla onartuz gero, oso ongi eman daiteke kontu horrexen berri: ustez, iritziz, alde, truke, etab. nolabaiteko adberbioak izango dira, dauden-daudenean (mugagabean, alegia) postposizio-lanetan ari direnak. Horrenbestez, sintagma osoak postposizio-sintagmatzat har daitezke.
Postposizioen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondorengo zerrendan, lehen zutabean postposizioak ematen dira.
Bigarrenean, postposizioaren ezkerreko atalak zer nolako kasu-marka edo postposizioa izan behar duen adierazten da. Hirugarrenean, adibide batzuk ematen dira:
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.