Parisko Bake Biltzarra (1919)
Parisko Bake Biltzarra | |
---|---|
Mota | bake konferentzia |
Honen parte da | Lehen Mundu Gerra |
Denbora-tarte | 1919ko urtarrilaren 18a - 1920ko urtarrilaren 21a |
Data | 1919 |
Kokaleku | Paris |
Herrialdea | Frantzia |
Kausa | Lehen Mundu Gerra |
Honen ondorioa | Versaillesko Ituna Saint-Germaingo Ituna Neuilly-sur-Seineko ituna Trianongo Ituna Sèvresko Ituna |
Parisko Bake Biltzarra Lehen Mundu Gerrako herrialde garaileek eratutako biltzarra izan zen, garaitutakoekin bake-hitzarmenak ados zitzaten. Bilerak 1919ko urtarrilaren 18an hasi ziren, eta, geldiuneak geldiune, 1920ko urtarrilaren 21 arte iraun zuten. Hogeita bederatzi herrialdetako diplomatikoak bildu ziren, bakoitzak bere eskaerak zituela, baina erabaki nagusiak "Lau Handiek" hartu zituzten: AEBetako Woodrow Wilson, Erresuma Batuko David Lloyd George, Frantziako Georges Clemenceau eta Italiako Vittorio Orlando. Alemaniako eta Errusiako ordezkaririk ez zen gonbidatu parte hartzera.
Negoziazioek Europako hiru inperioen amaiera ekarri zuten: Alemaniarrarena, Austria-Hungariarrarena eta Otomandarrarena. Alemania, gainera, gerraren erruduntzat hartu zen, eta, horren ondorioz, kostu guztiak ordaintzera kondenatu zuten. Halaber, Europan estatu berriak agertzea ahalbidetu zen: Txekoslovakia eta Jugoslavia sortu ziren, eta Polonia birsortu. Woodrow Wilsonen ekimenez, Nazioen Liga eratu zen, munduko nazioen arteko gatazkak modu baketsuan konpon zitezen.
Bake-hitzarmenak herrialdez herrialde sinatu ziren:
- Versaillesko Ituna Alemaniarekin (1919ko ekainaren 28a)
- Saint-Germain-en-Layeko Ituna Austriarekin (1919ko irailaren 19a)
- Neuillyko Ituna Bulgariarekin (1919ko azaroaren 27a)
- Trianongo Ituna Hungariarekin (1920ko ekainaren 2a)
- Sèvresko Ituna Turkiarekin (1920ko abuztuaren 10a)