Edukira joan

Panpina Ustela

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Panpina Ustela
MotaLiteratura
Fitxa teknikoa
Hizkuntzaeuskara
Banaketa
Ekoizpen osoa3
Banatze-eremuaEuskal Herria
Historia
SortzaileaBernardo Atxaga, Koldo Izagirre
ZutabegileakRamon Saizarbitoria, Xabier Olarra, Joxan Elosegi, Joxean Muñoz

Panpina Ustela literatura aldizkari bat izan zen, Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek 1975eko urtarrilean argitaratua. Estatuaren eta Eliza Katolikoaren aurkako irainak zituelakoan, garaiko agintariek bahitu egin zuten argitalpena. Aldizkariak bi jarraipen izan zituen hurrengo urtean, 1976an, Zorion Ustela eta Mermelada Ustela izenez.

Aldizkariaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi idazle gazte, espetxean topo

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkaria idatzi eta argitaratzeko deliberamendua Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek elkar ezagutu zutenean sortu zen, Donostian.[1]

Garai hartako giro guztiz politizatu eta bortitza irudikatzen du bi idazleen arteko harremanen hasierak. Izan ere, Beñat Sarasola idazle eta ikerlariak dioenez, Koldo Izagirrek kartzelan ezagutu zuen Bernardo Atxagaren anaia bat, eta haren bitartez andoaindar idazlea.[2]

Espetxetik atera orduko, bi idazleak berehala jarri ziren ados, ikuspegi berri batez aldizkari bat sortzeko. Frankismoaren azken urteetan, literatura aldizkari berritzaile eta apurtzaile bat egitea izan zen bion asmoa.

Atxagak adiskide zuen Joxe Ramon Zubimendi usurbildarraren bitartez, Daniel Palacios, Usurbilgo Reprografía Anaitasuna izeneko inprimategiko arduraduna izan zuten laguntzaile handiena, aldizkaria kaleratu ahal izateko.[2]

Haustura bat, ordura artekoarekin

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankismoaren menpeko giro etsian, literatura aldizkariak isilduta zeudela esan liteke, 1970ko hamarkadaren hasieran. Euzko-gogoa, Jokin Zaitegik 1950ean Guatemalan sortutakoa, desagertua zen, 1959az geroztik. Jon Mirandek eta Txomin Peillenek Parisen Igela aldizkaria 1962-1963 bitarte argitaratu zuten. Karmel aldizkari erlijiosoaren Olerti gehigarria, Santi Onaindiaren ardurapean argitaratzen zena, 1969an eten zuten. Esan daiteke, beraz, 1970eko hamarkadan euskal literaturaren esparruan aldizkaririk batere ez zegoela.[3]

Euskal literaturak eta kulturak, oro har, garai ilun bat bizi zuten unean sortu zuten, Donostian, Bernardo Atxaga eta Koldo Izagirre idazleek Panpina Ustela. Artean, hau da, aldizkaria kaleratu zutenean 1975eko urtarrilean, gazteak ziren biak: Atxagak 23 urte zituen eta Izagirrek, 21.

Aurreko literaturaren hertsitasunarekin hautsi nahi izan zuten, izenburuak berak iradokitzen duen eran, orduko poesia soziala, Gabriel Aresti buru zuena, panpina ustel bat bailitzan.[3]

Urte batzuk geroago, Koldo Izagirrek honela azaldu zituen aldizkaria kaleratzeko arrazoiak:

« Panpina Ustela jainkoa akabatzeko konplot txikia izan zen. Jainkoa, kasu hartan, Aresti zen (...) Postarestismoarekin edo poesia sozialarekin hautsi nahi izan zen, giro literarioki motz harekin. Ez zen erreakzio inkonszientea izan. Gauzak ondo pentsatu eta gero kaleratu zen manifestu hura.[4] »

—Koldo Izagirre

Arestiren bidetik etorri zen euskal poesia soziala atzen utzi nahi izan zuten, beraz, baina Arestiren itzala arbuiatu gabe.[3]

Zentsuraren debekua eta salaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Panpina Ustela aldizkariak oso zabalkunde urri eta mugatua eduki zuen, frankismoaren aldez aurreko zentsura indarrean baitzegoen artean.[oh 1] Nahitaezkoa zen, beraz, aldizkaria kaleratu aurretik testuak eta gainerako edukiak aurkeztea, zentsuraren baimena jasotzeko. Panpina Ustelak. ordea, ez zuen argitaratzeko baimenik jaso, eta aurkeztutako ale guztiak bahitu egin zituzten.[5]

Bi salaketa jarri zizkieten: alde batetik, Eliza Katolikoa iraintzea; bestetik, Estatuaren aurkako legez kanpoko propaganda egitea. Gogoan izan behar da aldizkaria kaleratu zenean frankismoa indarrean zegoela, eta diktadorea bizirik oraindik. Agintarien salaketaren ondorioz, bi idazleei isun bat jarri zieten, 1977ko Espainiako Amnistiaren Legeak baliogabetu zuena.[1]

Zentsurarekin arazoak sor zitezkeela susmaturik, dirudienez, inprimatutako ale kopuruaren erdia aitortu zuten egileek, eta horrela banatu ahal izan zituzten ale batzuk, lagunen eta ezagunen artean, diru galera handi bat eduki arren.[6]

Panpina Ustelaren edukia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkari formatua erabili bazuten ere (28 cm x 18,5 cm, 36. orrialde), azaleko nahiz barruko marrazkiek —Jose Alberdi pasaitarrarenak— eta argazkiek —Jose Manuel Susperregi hondarribiarrarenak—[5] itxura ilun eta underground bat ematen diote aldizkariari.

Azal osteko lehen orrialdean, aurkibide gisara, Bernardo Atxagaren eta Koldo Izagirreren hil mezuak ageri dira, bietako bakoitzak idatzitako artikuluak testamenduan utziko balituzte bezala.[oh 2] Egileek atzean utzi nahi zuten aroaren amaiera irudikatzen du aurkibide harrigarri honek.[5]

Aldizkariaren amaieran, berriz, idazle biek sinatutako agiri edo manifestu bat jasotzen da, «Ez dezagula konposturarik gal, halare» izenburuaz. Funtsean, literaturari autonomia bat aitortzea eskatzen zuten, garai hartako argitaletxe eta aldizkariei aurre eginez, eta euskara batuan, lehenengoz.[7] Baita ere, literatura lehiaketen aurka egiten zuten, garai hartan sortzaile gazteek nabarmentzeko zeukaten ia sistema bakarra baitzen:

« Literatura bait da herriaren boza: gizarte-aldaketan lagungarri denez, beste Euskal Herri baten lorketa lagundu behar du euskaldunon literaturak. Laguntza hau exkaxa ta ahula izanen da noski, literaturak, zerbait aldatzekotz sentsibilitatea aldatzen bait du, ta ez besterik (...) Literatura ez da, ez, deporte bat. Ez du klasifikaziorik onartzen.[8] »

—Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre


Aldizkaria osatzen duten hamalau poema, narrazio eta artikuluak bi idazle sortzaileek idatzi eta sinatuak dira.

Neurri bateraino, esan daiteke aldizkariaren ale honetan Atxagak eta Izagirrek argitaratu zituzten testuak aitzindari izan zirela, hau da, bi idazleen ondorengo lanetan, aldez edo moldez, agertuko diren gaiak jasotzen dituztela.[9]

Aldizkariaren jarraipena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zorion Ustela, 1976

Zorion Ustela

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Panpina Ustela aldizkariaren kaleratzeak eduki zituen lege arazoek eragindako zabalkunde urriari irtenbide bat eman nahirik, bigarren alde bat argitaratu zuten 1976an, Zorion Ustela izenburuaz.

Ale honen edizioaren arduradun izan ziren Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxagak egileen artean jarraitzen badu ere. Gogoan izan behar da bigarren ale hau argitaratu zenerako Atxaga Bilbora joana zela.[10] Beste kolaboratzaile bat, gutxienez, eransten zaie, Xabier Olarra idazle eta itzultzailea. Aldizkariaren azala eta maketa Juanba Berasategirena da (27,5 cm x 18,5 cm, 32 orrialde).[oh 3]

Saizarbitoriaren eragina aldizkariaren lehen testu izenburu gabean bertan antzeman daiteke, aldizkari independenteei buruzko lerro irrigarrietan.[11]

Bigarren ale honetan poema eta narrazio gutxiago daude, eta gehiago dira iritzi artikuluak, kritikak edo saiakerak. Deigarria da bigarren ale honetako artikulu bi baino ez daudela sinatuak, hain zuzen ere kolaboratzaileenak, Bernardo Atxagarena[12][oh 4] eta Xabier Olarrarena (X.O. laburduraz).[13]

Literatura aldizkariak, euskararen egoera zokoratua, sexua edo euskal literaturaren norabide nagusi edo ofizialak izan ziren aldizkariaren kritiken jomuga, berriro ere euskara batu eta kultu bat errebindikaturik, zalantza gabeko esaldi honetan: «ez gaude prest (...) analfabetoek konpreni dezaketen euskara bat erabiltzeko».[14]

Nabarmentzekoak dira Koldo Izagirrek idatzitako bi testu, nahiz ez duten, esan bezala, egilearen sinadurarik:

  • Alde batetik, «Egin digutenagatik...» hasten den poema izenburu gabea. Hilabete batzuk geroago, Izagirreren poema liburu batean argitaratu zen, moldaera txiki batzuk eginda.[15][oh 5]
  • Bestetik, «Bai, edozer gauza da posible granadan» testu laburra, Gabriel Aresti poetaren omenez eta miresmenez idatzitakoa. Arestiren poemagintza errebindikatzeaz gain, hark irekitako bideak endekatzen ari zirenen aurka mintzatzen da ozenki, esanez «Oraindik ez baitzara herriaren poeta, jaiki zaitez, madarika itzazu zeure hautsaz bataiatzen diren enterradoreak».[16][17]

Mermelada Ustela

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mermelada Ustela, 1976.

Bigarren alearen urte berean, 1976an alegia, kaleratu zuten hirugarren eta azken alea, Mermelada Ustela izenburuaz.

Azken ale honen edizioaren arduradun, berriro ere, Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria idazleak izan ziren; alde horretatik begiratuta, bigarren alearen jarraipentzat har daiteke.[17] Egileen artean, bigarren alean izandakoez gain, Joxan Elosegi eta Joxean Muñoz ageri dira.

Edukiei dagokienez, bigarren alearen bidetik joan zen aldizkariren azken ale hau: ikuspegi eta doinu kritikoa da nagusi, betiere umorearen eta irriaren bitartez. Aldaketa bat badago, ordea: testu guztiak sormenezkoak edo fikziozkoak dira, ez dago azterketa sakonik.[18]

Aldizkariaren azken ale honek Atxagaren eta Saizarbitoriaren arteko etena edo haustura irudikatzen duela esan daiteke, literatura aldizkari batek eduki beharreko jokabidearen inguruan. Urte batzuk geroago, Ramon Saizarbitoriaren eraginari leporatuko zion Bernardo Atxagak, Panpina Ustelaren hastapeneko ikuspegiarekiko aldaketa hori:

« Saizarbitoria hurbildu zitzaigunean, gauzak aldatu egin ziren han. Ikuspegi ezberdinak zeuden, ideologia ezberdinak. Niri arrotza egiten zitzaidan Saizarbitoriak eta Ustelaren hirugarren alea sinatu zuten beste batzuek iraganarekin zeukaten harreman mota hura. (...) aurreko biak baino politikoagoa izan zen, «mezu» handiagokoa, eta ni ez nintzen oso eroso sentitzen.[19] »

—Bernardo Atxaga

Nolanahi ere, azken ale honetan argitaratu zuen Bernardo Atxagak «Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka» poema ezaguna, gerora Mikel Laboak kantuz eman zuena, Sei izenburuko diskoan.[20][21] Baita ere, Atxagarena da «lauaXeta gogoan, eta begien omenez...» hasten den poema, urte bi geroago, 1978an, Etiopia liburuan argitaratuko zuena.[22]

Aldizkariak artikulu editorial moduko bat jasotzen du, Ustela izenaz izenpetua baita, «Ustela bilingue egiteko eskaera asko jaso dugu azken hilabeteotan» esaldiaz hasten dena.[23] Euskaraz edo gaztelaniaz idaztearen auzia aztertzen du, hautu argi bat eginez:

« Guk, erdal eskoletan hezitako kalekumeok errazago egiten dugu erdaraz euskaraz baino, zertarako ukatu, baina zorionez ala zoritxarrez, eta gure boluntateak zer ikusirik ez duela, euskarazko testoetan besterik ezin identifika gaitezke. »

—Ustela


Aitorpen horrek agerian uzten du hautu hori, dena dela, ez dela ideologikoa, politikoa edo hizkuntzazkoa soilik, baizik, batez ere, literarioa.[24]

Fikziozkoa ez den beste testu batean —«Guri praileetatik gustatzen ez zitzaiguna...» hasten dena—[25] berriro ere agertzen dira hastapeneko Panpina Ustelan azaldutako gai batzuk, Jakin aldizkariaren aurkako kritika baten barruan; besteak beste, literatura lehiaketen kontrako jarrera argia.[26]

Irakurle baten gutun bat ere argitaratu zuten aldizkarian, sinadura eta guzti: J. Ig. Garmendia ezezagun batek Parisetik bidalitakoa.[27] Orobat, Zorion Ustela aurreko aleak eragindako miresmena azaltzen du gutunak.[28]

Nabarmendu beharrekoetan, baita ere, aldizkariaren hirugarren ale honetan argitaratu zen Gabriel Arestik —ordurako hila zen Aresti,1975eko ekainean— 1971n gaztelaniaz idatzitako poema bat (gaztelaniazko jatorrizkoa, «Elegia por un niño castrado»; euskaraturik, «Landatzen ditut belaunak lurraren gainean»), Ramon Saizarbitoriak izandako jokabideari buruzko kritika zorrotz bat eginez. Lur argitaletxean Jakes Oihenarteren Kaniko eta Beltxitina pastoralaren edizio bat argitaratu zuen Arestik, baina liburua kaleratu aurretik, argitaletxeko arduradunek —tartean, Saizarbitoriak— erabaki zuten liburuaren hegal bat moztea, bertan Arestik esaten omen baitzuen «euskal proletariorik ez da existitzen». Ustelaren azken alean azken alean poema euskaraturik agertzea umore ukitu bat bezala interpretatu daiteke.[29]

Panpina Ustela izenburuarekin abiatutako aldizkariaren ibilbidea aipatutako hiru aleekin amaitu bazen ere, Ustela izenburua berreskuratu zuen Koldo Izagirrek, Joxe Mari Olaizolarekin batera Ustela Saila argitaletxea sortu zuenean, 1977ko martxoan.[5]

Argitaletxeak emaitza oparoa eduki zuen, 1983ko abendura bitartean 14 idazle gazte edo berriren 19 liburu argitaratu baitzituen.[3]

  1. Aldez aurreko zentsura sistema ezartzen zuen ministerioa, Informazio eta Turismo Ministerioa, alegia, 1977ko uztailaren 4an desagertu zen, Adolfo Suarez aginduan zela.
  2. Eskela horien forma eta edukia izan ziren, hain zuzen ere, aldez aurreko zentsura ez pasatzeko eta egileen aurkako salaketa jartzeko arrazoi nagusia. Ikus Sarasola (2015), 30. or.
  3. Juanba Berasategi izan zen ilustratzaile ta maketagile Saizarbitoriak eta Izagirrek urte batzuk geroago, 1980tik 1983ra bitarte, argitaratuko zuten Oh! Ezkadi aldizkariaren ale gehienetan.
  4. Atxagaren testu hau, hilabete batzuk geroago, 1976an bertan, Ziutateaz liburuan argitaratu zen, «Monsieur Salat da mintzo» izenburuaz. Ikus Sarasola (2015), 47. or.
  5. Zehazki, Oinaze zaharrera liburuan argitaratu zuen poema hau Izagirrek, «Hildakoen oroimenez...» hasierarekin. Ikus Koldo Izagirre (2015) Oinaze zaharrera. Donostia, Ustela saila.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Ikus «Koldo Izagirre mikrofonoaren kontra» in Susa. 2. zk. Donostia, 1980ko apirila. 9-10. orr.
  2. a b Sarasola (2015), 29. or
  3. a b c d Elkoroberezibar (2004).
  4. Ikus Joan Mari Torrealdai (1997) , «Literaturaren aldeko garrasi bat» in Euskal kultura, gaur. Donostia, Jakin. 343. or.
  5. a b c d Elkoroberezibar (2022).
  6. Sarasola (2015), 31. or.
  7. Ikus Hasier Etxeberria (2002) Bost Idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan. Irun, Alberdania. {{ISBN|978-8495589419}}. 26. or.
  8. «Ibinagabeitia Proiektua / Panpina Ustela (1975-urtarrila)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  9. Sarasola (2015), 33-34. or.
  10. Sarasola (2015), 39. or.
  11. «Ibinagabeitia Proiektua / Zorion Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-13).
  12. «Ibinagabeitia Proiektua / Zorion Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-13).
  13. «Ibinagabeitia Proiektua / Zorion Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-13).
  14. «Ibinagabeitia Proiektua / Zorion Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  15. «Ibinagabeitia Proiektua / Zorion Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-17).
  16. «Ibinagabeitia Proiektua / Zorion Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-17).
  17. a b Ikus Sarasola (2015), 48. or.
  18. Sarasola (2015), 49. or.
  19. Ikus Hasier Etxeberria (2002) Bost Idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan. Irun, Alberdania. ISBN 978-8495589419. 27-28. or.
  20. «Ibinagabeitia Proiektua / Mermelada Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  21. Lizardi (Mikel Laboa). (Noiz kontsultatua: 2022-07-09).
  22. Sarasola (2015), 55. or.
  23. «Ibinagabeitia Proiektua / Mermelada Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-17).
  24. Sarasola (2015), 50. or.
  25. «Ibinagabeitia Proiektua / Mermelada Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-17).
  26. Sarasola (2015), 52. or.
  27. «Ibinagabeitia Proiektua / Mermelada Ustela (1976)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-17).
  28. Sarasola (2015), 56-57.or.
  29. Sarasola (2015), 20-22. or.r

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]