Max Ernst
Max Ernst artista alemaniarra izan zen (Brühl, Renania, 1891ko apirilaren 2a - Paris, 1976ko apirilaren 1a). Irrazionaltasunaren, ametsen eta subkontzientearen pintoretzat hartu izan da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonnen filosofia-ikasketak egin zituen, eta 1917az geroztik margotzen hasi zen. Lehen Mundu Gerran soldadu izan zen, eta 1919an Koloniako artisten dada taldea sortu zuen, Jean Arp pintore frantsesarekin batera. Azken joerei jarraituz, teknika neorrealistak sortu zituen: collagea (jatorri desberdineko elementuak elkartu eta osotasun bat sortzean datzan konposizioa) eta frottagea (gainazal lakar eta zimurren gainean igurtziz lorturiko irudiak erabilita). Gisa horretako lanen artean aipatzekoak dira: Muna (1927), Hiri amaigabea (1937), San Antonioren tentaldia (1946). 1930ean aktore-lanetan aritu zen Luis Buñuelen L’age d’or filmean. Pinturaz haraindi idatzi zuen 1948an. Bigarren Mundu Gerran, alemanak Frantzian sartu zirenean, Ernst espetxeratu egin zuten, eta kartzelan dekalkomania deituriko teknika landu zuen.
1941-1949 urteetan Estatu Batuetan bizi izan zen eta eskulturari ekin zion, Capricorn (1948, Kaprikornioa). Peggy Guggenheim Ernsten emaztea izan zen, eta Ameriketan bizi zela, Dorothea Tanning iparramerikar margolariarekin ezkondu zen. Europan berriro (1949), aurreko molde surrealistek ez zuten halako eraginik izan bere margolanean. Max Ernst XX. mendeko artista handienetakoa izan zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.