Edukira joan

Marteko geologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marte (2001)

Marteko geologia edo Areologia (grezierako Ἂρης Arēs eta -λογία -logia) Marte planetaren osaera, egitura, ezaugarri fisikoak eta historia aztertzen ditu.

Denbora eskala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marteko denbora geologiko eskala hiru aro handitan banatzen da, azaleko talka krater kopuruaren arabera definituak; azalik antzinakoenek krater gehiago dituzte. Aro hauek denbora garai hauetakoak diren Marteko tokien izena jasotzen dute. Aro horien datazio zehatza ez da ezagutzen Martek jasandako ozar-izar tasa azaltzen saiatzen diren eredu ezberdinen existentziaren ondorioz, eta beraz datak gutxi gora-beherakoak baino ez dira. Antzinakoenetik berriraino honako hauek dira:

  • Noeikoa (edo Noetar Aroa), Noachis Terragatik hala deitua: Marte sortu zenetik duela 3800 milioi eta 3500 milioi urte bitarteraino hartzen duena. Noetar aroko azalerek talka krater ugari dituzte. Uste denez Tharsisen konkortzea aro honetan sortu zen, aro honen amaieran ur likidozko uholde zabalekin.
  • Hesperikoa (edo Hesperiar Aroa), Hesperia Planumgatik hala deitua: duela 3.500 milioi urtetik duela 1.800 milioi urteraino hartzen du. Aro hau laba ordoki zabalen eraketagatik bereizten da.
  • Amazonikoa (edo Amazoniar Aroa), Amazonis Planitiagatik hala deitua: duela 1.800 milioi urtetik egundaino hartzen du. Amazoniar eskualdeek talka krater gutxi dituzte, hala ere oso bariatuak direnak. Olympus Mons aro honetan sortu zen, Marteko beste toki batzuetan beste laba kolada garrantzitsu batzuekin batera.

Denbora eskala alternatiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mars Express espazio zundan jarritako Argi Ikusgarri eta Infragorrizko Mapatze Mineralogikoarentzako Espektrometroarekin (OMEGA) berriki eginiko behaketetan oinarrituta, OMEGA espektrometroaren ikertzaile nagusiak denbora eskala alternatibo bat proposatu du, planetako mineralogia eta geologiaren arteko korrelazioa kontutan hartzen duena. Denbora eskala honek planetare historia hiru arotan banatzen du, Filosiar, Teiziar eta Sideriziar izenekoak.

  • Filosiar Aroa, filosilikatoengatik hala deitua, buztinean aberatsak diren mineralak, garai honetako bereizgarri direnak. Planeta sortu zenetik duela 4.000 milioi urte arte hartzen du. Filosilikatoak era ahal daitezen giro urtsu alkalino bat existitu behar zen. Uste denez aro honetako metaketak dira planetaren iraganean bizitzaren existentziari buruzko ebidentziak bilatzeko hautagairik hoberenak. Lurrean, bere aro baliokidea Eoi Hadearra izango litzateke.
  • Teiziar Aroa, garai horretan sortu ziren sulfato erako mineralei erreferentzia egiteko grezierazko hitzagatik hala deitua. Duela 3.500 milioi urte arte hedatu zen, eta bulkanismo biziko garai bat izan zen. Labaz gain, gas batzuk, sufre dioxidoa horien artean, askatuak izan ziren. Urarekin elkartzean sulfatoak eratu zituzten eta giroa azido bihurtu zuten. Lurreko bere baliokidea Eoi Arkaikoa eta Aro Paleoarkaikoaren hasiera izango lirateke.
  • Sideriziar Aroa, burdin ferrikoari erreferentzia egiteko grezierazko hitzagatik hala deitua. Duela 3.500 milioi urtetik egundaino hartzen du. Bulkanismoaren amaierarekin eta ur likidoaren faltarekin, prozesu geologikorik nabarmenena atmosferako peroxidoaren ondorioz burdinan aberatsak ziren harkaitzen oxidazioa izan da, planetari bere kolore ezaguna ematen dion burdin oxidoa eratuz. Lurreko bere garai baliokidea Aro Arkaikoaren zatirik gehiena, Eoi Proterozoikoa eta egundaino izango lirateke.
Marteko atmosfera

Atmosfera nahiko xumea du Martek, 0,7-0,9 kPa-ko presioaz, oso txikia Lurreko 101,3 kPa-ekin konparatuta. garaieran oraindik txikiagoa da: Olinpo mendian presioa 0,1 kPa-raino jaisten da. Funtsean karbono dioxidoz eratua dago (% 95,3), baita nitrogenoz (% 2,7) eta argonez (% 1,6) ere, eta beste sustantzien aztarnak ere ditu (% 0,15 oxigenoa, % 0,07 karbono monoxidoa eta % 0,03 ur lurruna, besteak beste). Lurrak bezala ozono-geruza bat dauka, 40 km-ko altueran kokatua, baina hark baino 1000 aldiz ozono gutxiago duenez, ezin ditu izpi ultramoreak oztopatu.

Haize eta hautsezko ekaitz izugarriak jasaten ditu, planeta osoa estali dezaketenak hilabeteetan zehar. Haize horrek dunak sortzen ditu gainazalean. Esekiduran dauden hautsezko partikulak direla eta, atmosferak kolore arrosatsua hartzen du.

2004ko martxoan Mars Express espazio-ontziak metanoa aurkitu zuen Marteko atmosferan. Metanoak ezin du 400 bat urte baino gehiago iraun atmosferan, beraz nonbaitetik sortua izan behar da; sorrera hori bolkanikoa edo biologikoa izan daiteke. Metanoa zatika agertzen da, era uniformean banatu baino lehenago deskonposatzen delako, beraz etengabe atmosferara askatzen dela uste da. Lurrean biologikoki sortutako metanoa etanoarekin batera agertzen da, eta sumendietatik sortutakoa sufre dioxidoaz. Marten metanoarekin dauden beste gasak bilatuko dira metanoaren jatorria jakiteko.

Marteren mapa topografikoa. Tharsis mendiak (Olympus Mons barne), Valles Marineris eta Hellas Planitia nabarmen ageri dira.

Ipar eta hego hemisferioen artean ezberdintasun nabarmenak daude: hegoaldea kraterrez estalia dago, iparraldeko lurra askoz lauagoa eta berriagoa delarik. Harriak batez ere basaltoz osatuak daude, burdin oxido eduki handiaz, kolore gorri bereizgarria ematen diona. Gainazal gehiena hautsez estalia dago. Elementu geografiko nabarmenak ditu Martek; izan ere, eguzki-sistemako mendi garaiena eta arroila luze eta sakonenak ditu. Besteen artean, Hellas Planitia deritzan sakonunea ere aipatzekoa da. Hau aspaldi gertatutako meteorito talkaren eragina da, 2000 km-ko diametro eta 6 km-ko sakonerako kraterra utzi zuena.

Marteko mendikate nagusia Tharsis deitzen da. 2000 km-ko diametroa duen eta ingurua baino 10 km altuagoa den eremu honetan lau sumendi altxatzen dira: Arsia Mons, Pavonis Mons, Ascraeus Mons eta eguzki-sistemako mendirik altuena, Olympus Mons, 25 km-ko garaierakoa. Milioika urtetan zehar isuritako labaren eraginez, 500 km inguruko oinarria dauka, Poloniaren azaleraren parekoa, eta inguratzen duten paretek 6 km-ko altuera dute. Berez Olympus Mons inguratzen duen lurra 2 km-ko sakonune batean dagoenez, sumendi hau bere oinarritik 27 km altxatzen da. Galdarak 85 km-ko luzera du eta 60 km-ko zabalera, 6 kraterrez osatua dago 6 km-ko garaieraraino iristen diren paretekin.

Arroilak eta kanalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marte kanalez josia dago, antzina ura eraman zutela uste direnak. Gaur egun, baldintza atmosferikoak direla eta, ura ezin da egoera likidoan aurkitu. Ustezko uraren korronteek Marteko elementu askotan erosio nabarmena eragin zuten. Beste erako kanalak arroilak dira, jatorri tektonikoa dutenak. Daudenen hainbat haitzarteen artean, handiena Valles Marineris da, eguzki-sistemako arroilarik handiena ere. Ekuatorean kokatua eta Tharsisen ekialdean hasita, 4500 km-tan zehar hedatzen da 150 eta 700 km arteko zabalerarekin. 11 km-ko sakonera dauka, lurreko arroilarik handienak, Colorado arroilak, baino 7 aldiz gehiago. Planetaren zirkunferentziaren laurdena betetzen du.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]