Euskal Herriko margolaritza
Euskal Herriko margolaritzak ez du jarraitasunik izan XIX. mendearen erdia arte, nahiz eta XV. mendetik aurrera margolari bikainak izan diren. Horietako askok Euskal Herritik kanpora lan egin zuten.
XVI. mendeko margolari ospetsuenak Frantzisko Mendieta bilbotarra eta Mexikoko eskolaren sortzaile izan zen Baltasar Etxabe zumaiarra dira.
XVII. mendean, Ignacio Iriarte azkoitiarrak, Sevillan finkatuta, Murilloren margo-lan askoren hondoko paisaiak margotu zituen.
XIX. mendean, erromantizismoaren eraginpean, ohiturei eta historiako gaiei buruzko margo-lanak egin ziren batez ere. Euskal Herriko margolari gehienek Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskolan egiten zituzten ikasketak, hango arauei jarraituz margotzen zuten, eta Arte Ederretako sariketetan parte hartzen zuten, beren koadroak ezagutzera emateko, eta, bide batez, Espainiako zein Euskal Herriko aberatsei saldu ahal izateko. XIX. mendearen erdialdean euskal pinturaren historian garrantzi handia izan zuen margolari bat izan zen, euskal giroko ikuspegiak margotu zituena: Antonio Maria Lekuona tolosarra (1831-1907), Euskal Herriko margolaritzaren aitzindaritzat hartzen dena. Garai hartako beste bi margolari bikainek ez zioten ordea haren bide berari jarraitu; Juan Barroetak Madrilen ikasi eta Madrilgo giroko koadro asko egin zituen, eta Eduardo Zamacoisek Madrilen egin ikasketak eta Parisen osatu zituen, eta hango giroan murgildu zen. Dirudienez, harrezkero, euskal margolari asko Parisa joan zen, eta hala, mende bukaeran Frantzian sortu zen inpresionismoaz kutsatu ziren.
Euskal Herriko inpresionismoa Adolfo Guiard Larrauri (1860-1916) bilbotarrarekin hasi eta sortzez asturiarra zen Darío de Regoyosekin (1857-1913) sendotu zen. Fauvismoak ere izan zuen euskal herritar jarraitzailerik, Francisco Iturrino eta Juan Etxebarria adibidez. Bestalde, euskal herritar margolari batzuek Espainiako 98ko belaunaldiko higikunde intelektualarekin bat egin zuten; horien artean, aipagarriak dira Ignacio Zuloaga (1870-1945) eta Manuel Losada (1865-1949), gehienbat Gaztelako paisaiak, izadi hilak eta erretratuak egin zituztenak, eta, haiekin batera, Benito Barrueta eta Gustavo Maeztu.
XX. mendearen hasieran euskal abertzaletasuna burgesia txikian errotzeak eta sozialismoa langilerian hedatzeak eragin handia izan zuten euskal gizartean. Gertaera horrek, oro har, bi joerako margolaritzari bide eman zien, bata euskal esentziaren bila, giza arazoez kezkatua bestea. Lehen joerako margolarien artean Valentin Zubiaurre eta Ramon Zubiaurre anaiak, Elias Salaberria, Ramiro Arrue eta José Arrue anaiak daude. Bigarren joera edo errealismo sozialeko margolarien artean Aurelio Arteta (1879-1940) eta Julian Tellaetxe (1884-1960) gailendu ziren. Joera horretako margo-lanetan Euskal Herriko langilearen bizimodua, lantegietako eta meategietako lan arazoak islatu ziren besteak beste. Aipagarriak dira orobat, nahiz eta joera horietatik at egon, Bernardino Bienabe Artia, Ricardo Baroja, Larroque, Martiarena eta beste batzuk.
1936ko gerrak margolari askoren jarduna eta adierazpen askatasuna eten zituen. Euskal Artisten Elkartea desegin zen, Arte eta Langintzako Eskolak itxi ziren eta erakusketak kontrol zorrotz baten pean egiten ziren. Hala ere, 1941etik aurrera euskal artistek elkarteak eta pintore taldeak sortu zituzten beren lanbidea babesteko eta artea sustatzeko. Dena dela, urte horietan, erabilitako gaiei eta joerei dagokienez, berrikuntza gutxi izan ziren, Jose María Uzelay (1903-1979) bermeotarraren surrealismoa izan ezik. 1949an, Jorge Oteiza Euskal Herrira itzuli ondoren, hasi zen euskal artearen pizkundea, hura, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida eta Agustin Ibarrolarekin lehenbizi, eta handik hamar urtera, margolaritza informalista ekarri zuten Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga, Mari Paz Jimenez, Carmelo Ortiz de Elgea, Juan Luis Goenaga eta beste margolari batzuekin. Urte horietan artea herrira zabaltzeko eta euskal estetika bat sortzeko ahaleginak egin ziren; halaber, artea borrokarako tresna gisa erabili zen, Francoren erregimenaren aurka. Horrenbestean, 1960an Euskal Eskola osatu zuten GAUR, EMEN, ORAIN eta DANOK taldeak sortu ziren Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Joerei dagokienez, informalismoa eta abstrakzioa nagusitu ziren, nahiz eta batzuek, Ibarrolak adibidez, errealismo soziala lantzen jarraitu zuten.
XX. mendearen bukaeran margolaritzak bizi-bizirik zirauen, eta izenen bat aipatzekotan, ezin ahantzi G. Txillida (1926), C. Sanz (1943), Rosa Valverde (1953), Mari Puri Herrero (1942), Begoña Ameztoi (1946) eta Andrés Nagel margolari-eskultorea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.